383 Zenbakia 2007-02-23 / 2007-03-02

Artisautza

Agustín Chartón. Erlojugilea: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

PROZESUAK

Prozesu guztia, bai erlojua konpontzea bai garbitzea, erlojua aztertuz hasten da, konpondu beharreko arazoa zein den jakiteko.

Bezeroari aurrekontua ematen zaio eta horren onespena jasoz gero lanari ekiten dio.

Bigarren fasean konponketa egiteko beharrezko piezak desmuntatu egiten dira eta erlojuari garbiketa orokorra egiteko aprobetxatzen da.

Hirugarren urratsean kaltetutako piezak konpondu edo aldatu egiten dira. Horren ondoren, erloju osoa muntatu egiten da eta behar duen lubrifikatzailea ematen zaio, azkenik, doitu eta prest dago berriz erabiltzeko.

Lanerako erabiltzen dituen tresna nagusiak honako hauek dira: Erloju-konpontzailearen mahaia, bi beso-euskarrirekin eta argi oneko lanpararekin, horrelako lanak egiteko ezinbestekoa baita. Zentrifugatzeko makina garbitzailea. Denbora kontrolatzeko makina, aurreratzeak eta atzeratzeak egiaztatzeko (“Elma test”). Bihurkin-sorta, hainbat ahotakoa eta tamainatakoa. Hainbat ahotako eta tamainatako matxarda-sorta. Erloju-konpontzailearen bi lupa: bat 2 handitzerekin eta bestea 3 handitzerekin. Tornuzila. Otxabu-sorta. Ebakitzailea, ezinbestekoa erlojuen tapak irekitzeko. Giltza ingeles berezia, haridun tapa duten erlojuak irekitzeko. Hainbat tamainatako kurrikak. Hainbat ahotako aliketak. Erloju-konpontzailearen mailua. Eskuila. Tas-a. Hainbat atal dituen oliontzia eta makineriara olio tantak botatzekoa olioztatzailea. Piñoientzako koipe berezia duen ontzitxoa. Multimetroak. Neurketa elektrikoak egiteko anperemetroa, voltimetroa eta wattmetroa dituen apartu elektrikoa. Lanean erlojuaren euskarri gisa erabiltzeko egurrezko eraztun-sorta. Bog eta rodico erako zotzak (pasta bigunekoak): lehenak, “arraspatzeko” eta bigarrenak, zikina edo beste edozein hondar itsaspenaren bidez ateratzeko. Hautsetik babesteko kanpaia, erlojua manipulatu behar ez denean gordetzeko, hauts pitinik sartu ez dadin. Gomazko kokospea, erlojuari putz egiteko, ahoarekin putz eginez gero listu apur bat bota daiteke eta. Bentzinera, piezak garbitzeko disolbatzailea edukitzeko. Saskitxoak, piezak bentzineran sartzeko. Hainbat atal dituen kaxatxoak, erlojua desmuntatzean pieza guztiak klasifikaturik izateko.