Euskonews Gaztea
Gaiak: Euskal Prentsa Iparraldean
IRUNGARAY, Laida FALXA, Elorri
Ipar Euskal Herrian euskarak leku gutti badu ere, bertako prentsa aztertuz ohar gaitezke gure hizkuntza aspaldian erabilia izan dela aldizkari ezberdinetan. XIX. mende bukaeran, bekoz beko ziren bi aldizkariak Le réveil basque eta Euskalduna agertu zirenetik, euskara atxiki da gure herrietako berrien aipatzeko. Euskal prentsaren aztertzeko Iparraldean, ikusiko ditugu oihartzun gehien duten euskarazko aldizkariak. Herria
Lehenago aipatutako Euskalduna aldizkariaren ordezkatzeko, Herria astekaria sortu zen 1944an. Euskaltzale multzo batek zuen lan hori eraman, horien artean ziren Léon Léon, Manex Hiriart-Urruti, Zaldubi, Oxobi, Piarres Lafitte. Hasieran ezagututako diru arazoak gainditurik, hamar urteren buruan Herriak zazpi mila harpidedun zituen. Bere baitan parte hartzen zuten idazle finek zuten bere arrakasta egin.
Gaur egun Baionan argitaratua da, bi mila harpidedun ditu Iparraldean, ehun eta laurogei Hegoaldean eta hirurehun bat hedatuak bost kontinenteetan zehar. Gehienik Iparraldeko gertakariak dira aipatuak baita Hegoaldeko garrantzitsuenak ere, hirurogei bat kronikalarik bildurik. Xirika
Bestalde, Xirika gazte astekaria euskara hutsez agertzen da ere. Talde batek zuen sortu gazteentzat tresna komunikatibo independente bat egiteko nahiarekin. Xirikak informazioa zabaldu nahi du gazte hizkera bat erabiliz, lehengo hitz batzuk berritz hartuz eta gaurko batzuk sortuz. Horrez gain, euskarazko irakurketa bultzatu nahi du, gaur egun ehun mila gaztek euskara baitaki, baina erabilera murritza delako. Berria
Iparraldeko aldizkari horiez gain, Berria kazeta ere anitz irakurria da. Egunkari honen historia bereziak euskal prentsa azkarki hunki du, oinarrizko eskubide batzuen zangopilatzearen ondorioz sortu baitzen. Izan ere, Euskaldunon Egunkaria kazetak 1990tik egunero Euskal Herriko berriak hedatu ondoan, 2003ko Otsailaren 20an Del Olmo epaileak eta Espainiako gobernuak bere itxiera agindu zuten ETA-rekin lotura leporatuz. Horren ondorioz, langile eta kazetari anitz atxilotuak izan ziren eta 150 pertsona langabezian aurkitu zen.
Eraso horren salatzeko, herri osoan mugimenduak antolatu ziren eta euskal enpresa batzuen laguntzari esker talde berri bat sortu zen lanean jarraitzeko. 2003ko Ekainaren 21an «Berria» egunkariaren lehen alea atera zen.
Gaur egun 20 eta 25 mila ale artean saltzen dira egunero, eta astero bi gehigarri proposatzen ditu, asteazkenetan Matraka gazteentzat eta larunbatetan Mantagorri haurrentzat.
Hiru aldizkari horiek dira beraz Iparraldean nagusitzen direnak, aldizkari elebidunak ere hor direlarik, hala nola, Enbata, Ekaitza edo Laborari.
