381 Zenbakia 2007-02-09 / 2007-02-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Emakumetik anderera (feminismoaz)

Baionako BERNAT ETXEPARE Lizeoa



Ondoko elkarrizketa Iparraldean feminismoa bizi izandako hainbat eta hainbat emakumeri egin ahal zaio. Bernat Etxepareko lagunek transkribatu dute honakoa.

Nor zaitugu?

Nor naizen? Emazte, feminista, sindikalista.... eta beste gauza asko... jende guztia bezala...Duela aspaldi sortu naiz eta esperantza handiko garai bat eta egoera bat ezagutzeko aukera izan dut.

Gaur egun ere beste mundu bat posible dela sinesten badut eta horretarako zerbaitxo bat egiten saiatzen banaiz ere, aipatzen dudan garaian jendartea, harreman guztiak eta ororen buru mundu osoa eraldatuko zituen iraultzaren bezperan ginela uste genuen. Ororen buru ez da horrela gertatu eta ? alderantziz ? gauza askotan atzera joan gara.

Guk badakigu feminista ere bazarela.

Feminista izanik ere, gaur egun ez dut gehiago emazte talde batean zuzenki parte hartzen. Hala ere, duela hiru urte sortu zen ?Bortizkeri sexisten kontrako kolektiboaren lana segitzen dut eta antolatzen dituen mobilizazio guztietan parte hartzen. Kolektibo hau, Baionako festetan izan zen bortxaketa baten ondorioz sortu zen ? 16 urte neska bat bortxatua izan zen orduan eta salaketa jarri zuen (jakin behar da hamarnaka emazte, adin guztietakoak bortxatuak direla, urtero, Baionako festetan...). Geroztik kolektibo horrek salaketa lan bat egiten du eta emazte bat eraila den aldi oro elkarretaratzeak antolatzen ditu. Frantses estatuan, hilabete guztiz hamar emazte hiltzen dira, senarrak eta bizilagunak erailak; egoera bera da Europa osoan eta Euskal Herrian.

Emazte talde batean parte hartu nuen 70. hamarkadan. Orduan talde feminista asko ziren hemen, Europa osoan bezala. Ipar Euskal Herrian, hiru talde ezberdin ziren. Nik emazte abertzaleen taldean parte hartzen nuen. Zergatik ? Emazteok jasaten ditugun diskriminazio eta zapalkuntza berezien aurka borrokatzeko, borroka berezi bat behar zela pentsatzen genuelako eta horretarako, aparte, emazteen artean behar genuela bildu, mintzatu, gogoetatu eta ekintzak burutu... Garai horretako mugimendu feminista biziki azkarra zen eta eragin handikoa izan zen jendarte osoan, legedi mailan alde batetik, baita eta bereziki jendarte maila guztietan: harremanetan, bizi pribatuan, karrikan, mintzatzeko moldean... zoritxarrez ondoko hamarkadan mugimendua behera joan zen (Hego Euskal Herrian ezik) eta usu emazte gazteagoek ia parekotasuna, berdintasuna, irabazia zela hasi ziren pentsatzen. Feministen manifestazio bat.

Hor iraganaz ari zara.

Gaur egun, egoera aldatu da noski eta gauza batzuk irabazi ditugu... bainan beste asko ez edo galdu dira: gaur egun feminista izatea guztiz gainditua dela diote askok. Alta, funtsean, arazo guztiek diraute: lehen aipatzen nituen emazteen aurkako bortizkeriak adibidez, lanean emazteek jasaten duten egoera: pobrezia eta prekaritatea handiak dira emazteengan, hilabete sari apalagoak dituzte nahiz eta ikasketak egin dituzten eta usu formakuntza maila ona duten; erantzukizun postuetan, izan lan munduan edo politikagintzan, biziki gutxi dira emazteak eta abar luze bat... Bizi pribatuan aldaketa gutxi izan da : etxeko lanak (garbiketa, sukaldaritza, erosketak) emazteen gain dira lehen bezala; gizonak haurretaz arduratzen dira aldiz, lehen baino gehiago... lana bada beraz.

Gure jendartean horrela da, eta besteetan?

Beste herrietan emazteen egoera garapen mailarekin lotua da neurri handi batean : Iparreko herri gehienetan aintzinamenduak izan badira (antisorgailuak, abortamendua legeztatua... eta berdintasun teorikoa arlo guztietan), Hegoko herri askotan egoera biziki larria da : emazteen alfabetizazio tasa eta hezkuntza maila apala (gizonena baino apalagoa), nesken eta emazteen erahilketak (Indian, Txinan... arrazoi ezberdinengatik), ohorezko krimak, exekuzioa.... hamaika aurpegi ditu emazteek jasaten duten zapalkuntzak...