381 Zenbakia 2007-02-09 / 2007-02-16

Euskobooks

Aipamena. Jose Iriarte Zufiaurre “ttotto” bertsolaria: Eta bere garaiko Altsasu

Egilea: Hainbat Argitaratzailea: Kima Euskara Taldea ISBN: 84-96536-57-2 Ezaugarriak: 5 atalez osatua dago. Lehenengoak efemeride sail baten bidez Jose Iriarte Zufiaurre bizi izan zen garaiko Altsasun pixka bat hobe ezagutu eta pertsonaia bere garai historikoan kokatzen laguntzen du. Atal hori, gainera, aldi hartako Altsasuko 35 bat argazki zaharrez ilustratuta dago. Atal honetan koordinatzaileak Patxi Goikoetxea Askorbe eta Amaia Oiarbide Goikoetxearen laguntza izan du. Bigarren atala 1.864 eta 1.929 bitartean Altsasuko euskarak eta bertako euskal komunitateak bizi izan zuen garapenaren berri ematen du. Horretarako garai hartako historia soziolinguistiko moduko bat egin dugu. Edozeinendako ikerketa sakonagoa egiteko oinarria ematen duena. Hirugarren atalak Jose Iriarte Zufiaurreren berri ematen du. Liburuaren koordinatzaileak prentsaurrekoan azaldu duenez bertsolariari buruzko datuak bilatzea oso zaila izan da. Horretan ahalegindu dira Alfredo bera, Patxi Bengoetxea Askorbe, Amaia Oiarbide Goikoetxea eta Jose Luis Artuch-ek, Argentinako Tres Arroyos hiriko euskal etxeko kideak. Bildutako datu horietan oinarrituta Joxe Iriarte Zufiaurreren berri ematen duen fizkziozko kontakizuna prestatu du Alfredo Alvaro Igoak. Kima Euskara Taldeak euskalkiarekiko duen kezka kontuan izanda, euskalkian eman da kapituluaren zati handiena. Jose Mari Arakama Imaz izan da arautu gabe dagoen euskalkia transkripzio fonetikotik gertu dagoen moduan eman duena, fideltasuna gordez. Laugarren atalean Jose Iriarte Zufiaurreren bertsoen iruzkina egin du Josema Leitza Razkinek, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Altsasuko bertsolariaren 20 bertsoko bertso papera besterik ez zaigu iritsi eta haien azterketa egiten du atal horretan arbizuarrak. Azken atalean Rafael Blanco Arbek bertsolariak bere lan horretan darabilen euskara aztertzen du. Liburuak bi gehigarri ditu. Batetik, Jose Iriarte Zufiaurreri buruzko informazioa biltzerakoan sortutako datuekin atondutako zuhaitz genealogikoa. Eta, bestetik, XX. mende hasieran hainbat ikertzailek bildutako kantuen bilduma. Hori gauzatzeko Enrike Zelaiaren laguntza estimagarria izan dugu.