379 Zenbakia 2007-01-26 / 2007-02-02

Gaiak

Gipuzkoako gazteluak

ARRIETA VALVERDE, Antton



Lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago, gaztelu hitzaren esanahia mugatu egiten dela liburuan, soilik historia eta arkitekturaren ikuspuntuak oinarri hartzen dituen definizioa erabiltzen baita. Horrela lan honetan, gaztelua dorre eta hormen konbinazioz eratutako Erdi Aroko barruti gisa ulertzen da, helburu militarrekin eraikitakoa. Jakina da, euskarazko gaztelua hitzaren esanahia, inguruko hizkuntzen hitz baliokideekin gertatzen den bezala, askoz zabalagoa dela. Beraz, eraikin mota eta garaia zehaztu eta gero, hurrengo orrialdeetan Gipuzkoan izan diren gazteluen egungo ezagutza laburbildu nahi izan da eta, horrekin batera, ezagutzen diren eraikinak zerrendatu. Bigarren atal batean, bestalde, lurralde horretan gaztelu gehiago aurkitzeko aukerak bildu eta aztertu dira.

Gipuzkoan egon diren gazteluez eta lurraldearen sorreran nahiz antolaketan izan duten eraginaz gutxi dakigula aitortu ondoren, sarrera luze batean, orain arte ezaguna dena jasotzen da: gazteluen aipamenak historian zehar, 1200. urteko gertaeren kronikatik abiatuta, euren egiturak, egindako azterketak eta indusketak, aztarnak, balizko hasierak eta bukaerak, arkitektura, ondoko bideak... Eraikinen inguruko datuak ere aztertu dira, balizko egitekoen bila. Hala ere, ziurtasun osoz behintzat, gehienetan ezin izan zaio erantzun galdera nagusiari: zergatik eraiki eta eduki zituzten gotorlekuak?

Ataungo gaztelua Aralar mendizerrako larre sarbide baten gainean zegoen. Argazkian, Arrateta arroila eta gazteluaren kokalekua, azken haitza, iparraldetik begiraturik.

(Argazkia: Antton Arrieta) Sarreraren ondoren, liburuaren egilearentzat gaztelutzat jo daitezkeen Gipuzkoako 12 eraikinen aipua egiten da, banan-banan, lanaren lehenengo atala osatuz: Mendikute (Albiztur), Arrasate, Ataun, Iriaun edo Elosua, Donostia, Aitzorrotz (Eskoriatza), Hondarribia, Beloaga (Oiartzun), San Adrian (Partzuergo Nagusia), Gazteluberri (Partzuergo Txikia), Kaikoa (Pasaia) eta Ausa (Zaldibia). Batzuetan dakiguna laburtu behar izan da; beste batzuetan, berriz, ia dakigun guztia jaso da. Esan beharra dago, atal hori osatzeko egungo aztarnak eta kokapena adierazi direla.

Azpimarratzekoa da, eraikin batzuetan ez dugula Erdi Aroko izena ere ezagutzen eta agerian dauden aztarna urriek soilik edo egungo izenak baieztatzen digute zegokien helburu militarra (Gazteluberri, Mendikute...). Bestalde, beste muturrean, Ataun eta Ausa gazteluak Nafarroako Erresuman geratu zirenez, oparoa da haiei buruzko informazioa, gutxienez XIV. mendean suntsitu bitarteko azken hamarkadakoak.

Liburuaren ekarpen nagusia bigarren atalean dator, bertan biltzen baitira balizko gaztelu asko eta asko, Gipuzkoako 72 udal eta partzuergoetan barreiatuta. Horretarako, toponimian, geografiaren ezaugarrietan, historialarien usteetan eta agiri zaharretan oinarritu da. Agirietan bildutako aipamenak ere bildu dira, jakina: XIII. mendeko bat, XIV. mendeko bost, XV. mendeko beste bost, XVI. mendeko hamar eta XVII. mendeko bost. Eta 180 bat dira jaso diren liburuetako aipu eta toponimo esanguratsuak.

Argiago ikusi ahal izateko, egileak geografikoki sailkatu ditu gazteluak, haien balizko lerrokadurak edo bestelako elkarketak aztertu gabe. Hala ere, horren bila joan gabe, begi bistakoak dira egindako multzoen eta artzaintzaren eremuen arteko loturak. Hauek dira egindako multzoak: Zaraia-Elgea-Urkilla-Aizkorri mendikateak, Uli mendia eta Gaztelu herria, Adarramendi-Mandoegi, Kostaldeko mendiak, Ernio mendikatea eta, azkenik, emankorra izan daitekeen Urola eta Deba arroen arteko mendilerroa. Multzo horietan, badira dagoeneko dokumentatuta dauden gazteluak: Elosua edo Iriaun gaztelua, Urola ibaiaren gainean; Mendikute, Ernio mendikatean; Gazteluberri, San Adrian eta Aitzorrotz gotorlekuak hegoaldeko mendikateetan; Donostiakoa, Pasaiako kaikoa eta Hondarribiakoa, itsasertzean... Argazkiaren erdian Arantzazuko Gazteluaitz eta ingurukoak Sindika etxearen gertutik begiraturik.

(Argazkia: Antton Arrieta)

Ondoren, bigarren atala osatzeko, kasko edo Erdi Aroko tumuluak aztertu ditu egileak, Europako mendebaldean —Ipar Euskal Herria barne— gaztelu txiki askoren kokaleku edo oinarriak izateko egin baitziren. Horietako asko leinu-buruek eraiki zituzten.

Bestalde, ez ditu bazterrean utzi nahi izan hiribilduetan eraikitako gotorlekuak. Izan ere, harresiak zaintzeko, erregeen laguntzarekin batzuetan dorretzarrak egiten ziren hiriko defentsa indartzeko. Leinu-buruen egoitza edo sortetxeek ere merezi dute arreta, agian baten bat gaztelutzat jo baitaiteke.

Gaztelu (edo Gaztelumendi, Gazteluaga, Kastillokua...) izeneko baserriak eta etxeak ere bildu eta aztertu dira lan honetan, gotorlekuak bilatzeko interesgarriak direlakoan, eraikina bera edo ondoko muinoren bat.

“Beste batzuk” izenburupean, hainbat aipamen jaso ondoren, agirietakoak eta historialarien usteak batez ere, berriro ere toki-izenak aztertzen dira. Aurrerago, beste azpiatal batean, gazteluak adierazteko ustez erabili izan diren hitzak zerrendatu dira, lanaren hasieran finkatutako gazteluaren esanahi estutik urruti samar geratzen badira ere: alkazar; fortaleza; iruin, iriaun, uria...; kastellon, kastejon, kastillon; kastillu, katiliturri, katilutxulo, katiluzar...; moru, muru, murru; mota, mote, motte...; talaia, talai...; torre, dorre...

Ez zaio ahaztu, halaber, udal heraldika aztertzea egileari. Izan ere, armarrietan ugariak izaten dira gaztelu edo dorreak, zein den zein askotan bereizterik ez badago ere. Historialariek betidanik lotu nahi izan dute herri baten armarriko ikur hori gertuko gazteluren batekin. Horrela: Errenteria / Beloaga eta Arrasateko armarria eta herriko gazteluaren artean lotura dagoela uste dute. Gurutze Deunaren baseliza gazteluaren erdi-erdian eraikita, ekialdeko haitz batetik ikusita. Inguruko harresi eta, eraikinaren eskuinaldean, ur-biltegiaren aztarnak somatzen dira.

(Argazkia: Antton Arrieta)

Bigarren atala bukatzeko, gaztelu berriak aurkitzeko baztertu beharko liratekeen eraikin eta toponimoak, berrogeiren bat, aipatzen dira. Gehienetan izenaren jatorria aurkitu delako edo dagoeneko ezagunak direlako. Baztertzeko modukoak diren izen eta toki gehiago aipa daitezke baina toponimo eta eraikin bereziak soilik zerrendatu ditu. Hala ere, horien artean dagoen Behobiako gazteluak edo Gazteluzarrek aipamen berezia behar du. Eraikin hori gazteluen zerrendatik at geratu da Erdi Arotik kanpo eraiki zutelako.

Lanean zehar aipatzen diren balizko kokagune batzuk garai batean gazteluak izatea ere oso litekeena da. Hala, Eibarko Apalategiko aipamena interesgarria da oso, 1538an egina: “...non Elgetako haitza deitzen duten harkaitza baitago; harkaitz gaztelu bat zegoen hor [“castillo rroquero” jatorrizko gaztelerako idatzian], aipaturiko eraikinaren ondoan”. Oñatiko Artia inguruko aipuak ere interesgarriak dira: “Arrigojenagako haitzen eta Artiako gazteluko haitzaren artean”, 1557. urtean, eta “Arrigojenagarekin muga egiten dute Arribako muinotik Artiako gaztelura zihoan bideak”, 1585eko beste agiri batean. Nahiz eta ez den frogatu, bestalde, askok ziurtzat jotzen dute beste gaztelu bat, egun Dorleta izenez ezagutzen den Gazteluko Andra Maria santutegia, Leintz-Gatzagan. Beharbada, aipatutako kasuetan eta beste batzuetan, lanaren egilearen zuhurtziak soilik eragozten du frogatutako gaztelu gisa onartzea.

Ezarritako gazteluaren definizioa hain zorrotza izango ez balitz (arkitekturaren aldetik “dorre eta hormen konbinazioa”) ziurrenik beste gaztelu bat ere zerrendatzeko aukera ezin hobea izango genuke Zeraingo udalerrian, Txoritegi kaskokoa hain zuzen. Alde batetik, indusketen emaitzak dauzkagu: XIV edo XV. mendeko egurrezko eraikin baten zantzuak eta jasandako erreketa bat. Beste batetik, tokiari bi toponimo interesgarri lotzen dizkio egileak: Gaztelumendi eta Gaztelumendiondoa zelaia. Urgull mendiko goialdea, Erdi Aroko gazteluaren kokalekua, airetik begiraturik, hego-ekialdetik.

(Argazkia: Antton Arrieta)

Hori guztiagatik, liburuaren hasierako izenburua Gipuzkoako gazteluen errolda izan behar zuen. Izan ere, une zehatz batean egina, aurrera jotzeko oinarriak finkatzea zen bere asmoa. Etorkizunerako utzi dira (lurraldeko gaztelu gehiago zerrendatu eta frogatutakoak hobeto ezagutzen direnerako) gazteluen sorrera eta haien eginkizunen teoriak eta hipotesiak aztertzea eta Erdi Aroko Gipuzkoaren egituraketan izan zitzaketen balizko eragina ikertzea. Beraz, egungo ezagutza maila ikusita, idatzitakoa helmuga baino bidea edo abiapuntua da, erronka bat, urte batzuk barru berridatzi beharko dena. Egilearen arabera, Bizkaiak lan berdintsua eskatzen du eta, beharbada, baita Arabak ere. Nafarroan eta Iparraldean ere zerbait egitea mereziko luke, baina lurralde horietan agiritegi eta kroniketan informazio gehiago dagoenez, lanaren egituraketa eta helburuak apur bat aldatu beharko lirateke.