377 Zenbakia 2007-01-12 / 2007-01-19
Soziolinguistika Klusterra elkarte gaztea badugu ere, ezin esan, bidea egiten hasi berria denik. Badu, sortze bidean hainbat erakunde eta norbanakoren aldetik jasotako oinordekotza aberatsa. Izan ere, Proiektu honen inguruko lehen urratsak, bere garaian, Quebec-etik bueltan, Erramun Baxok doktoreak —orduan UPV-EHUko irakasle eta Euskal Kultur Erakundeko Lehendakari zenak— proposatu eta garapenik izan ez zuen ideia baten inguruko hausnarketatik abiatzen dira: gure herrian CIRBen (Centre International de Recherche sur le Bilinguisme, gaur egun CIRAL) antzerako gune bat sortzearen egokitasuna. Hausnarketa hau 2000. urtean berrindartzen da Bat Soziolinguistika Aldizkariko Erredakzio Batzordearen ekimenez.
Aldizkariaren Erredakzio Batzordearen ekimen hau bi lan ildotan gorpuztu zen bere garaian:
Batetik, Soziolinguistika Institutuaren ideia sustatzeko eta garatzeko erakunde dinamizatzaile gisa elkarte bat eratzea: “SEI Elkartea”. Elkartea, hizkuntza normalizazio teknikariek, unibertsitateko irakasleek eta Bat Soziolinguistika Aldizkariaren harpidedunek osatu zuten, nagusiki.
Bestetik, gizarte arloko eta arlo akademiko, instituzional, zein pribatuko zenbait erakunderekin harremanetan jartzea, plazaraturiko ideiaren inguruko adostasun eta akordio mailaren lehen ikuspegi bat izateko.
Horrela, 2000. urteaz geroztik Soziolinguistika Institutua sortzeko ahaleginean bat egin dugu hainbat eragilek. Ahalegin honen ondorioz, 2004 martxoan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzietako Fakultateak, Udako Euskal Unibertsitateak (Soziolinguistika Saila), Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, ELHUYAR Aholkularitzak, EMUN Kooperatibak, Eusko Ikaskuntzak, UPV-EHUko Jendarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailak, UPV-EHUko Soziologia II Sailak eta SEI Elkarteak Soziolinguistika Klusterra elkartea eratu zuten. Zertarako ordea, halako elkarte bat? Zer ekarpen egin diezaioke halako zer edozerk euskararen normalkuntzari?
Xabier Lete.
Foto: Justy García Koch Hala dio Xabier Leteren abesti ezagun batek: “...gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea...”. Soziolinguistika Klusterra sortu zenean, misio gisa antzeko lelo bat jarri zion bere buruari: “...euskararen berreskurapenerako eta normalizaziorako soziolinguistika ezagutza garatzea”. Alegia, “ezagutuz aldatzea” da guk lortu asmo duguna. Hizkuntza normalkuntzan badira, urte luzeetan jardunean dabiltzan hainbat eta hainbat erakunde. Baina, horiek guztiek erantzuten ez zuten hutsune bat ikusi genuen Soziolinguistika Klusterra sortzea erabaki genuenok. Hizkuntza normalkuntza prozesuek, jendarte mailako prozesu gisa, nola funtzionatzen duten, zerk eragiten dioten alde batera (hizkuntza normalkuntzara) edo bestera (hizkuntzen heriotzara), zeren arabera hitz egiten duen jendeak hizkuntza bat edo beste... Hori guztia aztertu, ikertu eta horren inguruko jakintzan sakondu beharra jo genuen Soziolinguistika Klusterra sortzeko arrazoi nagusitzat. Finean, aipatutako guztiak aztergai dituen soziolinguistika arloko ezagutzan sakontzea, ondoren, euskararen egoera aldatzeko. Ondoren, lortutako ezagutza, euskararen normalkuntza prozesuaren mesedetan erabiltzeko, hain zuzen.
Bi gauza argi izanik, beraz. Batetik, 2000ko azaroan eginiko Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen Sinposium-ean Miquel Strubellek adierazi bezala “hemen gaudenon %95ak ez dugu ikerketa hutsa egin nahi, ez dugu errealitatea ezagutu nahi, errealitatea eraldatu egin nahi dugu”. Horregatik, eman izan diogu hasieratik hainbesteko garrantzia soziolinguistika aplikatuari, edo hobe esanda, soziolinguistika aplikatzeari. Bestetik, argi izan dugu ere, euskararen normalkuntza prozesua, beste ezein hizkuntzena bezala, prozesu oso konplikatua eta korapilatsua dela eta gure herriak hainbesteko ahalegina eta hainbesteko ekina eskaini izan duen bide honetan, ezagutzan sakontzea eta gure ekinak eta ahaleginak ahalik eta hoberen probestea ezinbestekoa zela.
Honela, ekitea garrantzizkoa den arren, ez da gutxiago zer-nola ekin jakitea. Eta gure herrian ekiteko grina aspalditik errotua badugu ere, hausnartu, gogoeta egin eta ekite horren zer-nolakoa zehazten lagunduko zigun soziolinguistika ezagutzan sakontzeko ahalegin gutxiegi egin izan dela iruditzen zitzaigun. Horregatik, gure misioan ondorengoa diogu: “esparru zientifikoaren eta aplikatuaren arteko zubiak eraikitzea, eta arloko eragileekin hausnarketarako zein lankidetzarako bilgune-sareak osatzea”.
Hau guztia egiterakoan ordea, edo hau guztia egin ahal izateko, gure ustez ezinbesteko da zenbait printzipio, edo guk deitu ohi diegunez, zenbait balio, lan oinarri gisa hartzea. Ondorengoak dira Soziolinguistika Klusterrak ezarriak dituenak:
1. Euskararen hizkuntza komunitatea bere osotasunean aintzat harturik jardutea.
2. Lehialkartasuna: interes partikularretatik abiatuz proiektu kolektiboak garatzea.
3. Bazkideen jarduera errespetatzea eta indartzea.
4. Oro har, konkurrentzia saihestea eta osagarritasunak bilatzea.
5. Irudi zein komunikazio maila altua eta landua izatea.
6. Ekimen aplikatua arreta bereziz lantzea.
7. Kideek etekinak jasoko dituzte, eta neurgarriak izango dira.
8. Klusterrak erantzukizun sozialez jokatuko du, gizarte mailan bere emaitzak zabalduz.
Beraz, eta gure misioak adierazten duen jendarte ardura bat izateaz gain (euskararen normalkuntza) bada, gure bazkideen arteko zubiak eraikitzeari lotutako hainbat irizpide: lehialkartasuna, kideek etekinak jasotzea, konkurrentzia saihestea... Luis Luciano Bonaparteren mapa linguistikoaren araberako espazioaren banaketa euskalkien arabera
Izan ere, hasieratik soziolinguistikaren esparruan dabiltzan erakunde eta norbanakoak gure alboan biltzea izan baikenuen helburu. Ez biltze hutsagatik edota inguruan edukitzeagatik. Baizik eta sinistuta geundelako erakunde hauen urteetako esperientzia eta jakituria baliagarria suertatuko zela. Lehendik esan bezala, argi genuelako, gaur egungo gizarte geroz eta aldakorragoan, parez pare genituen erronkei aurre egiteko esparru zientifiko eta aplikatuaren arteko zubiak eraikitzea beharrezkoa zela. Ez hori bakarrik, baita, euskalduntze bidean soziolinguistika arloa modu batera edo bestera lantzen duten erakunde eta elkarte desberdinen arteko bilgune sareak eratzea ere. Horregatik, gure aldetik ere, hasieratik saiatu izan gara esparru desberdinetako erakundeen parte hartzea bideratzen. Honela, gure bazkideen artean ditugu, unibertsitateko sailak, udaletxeak, Formazio eta Ikerketa erakundeak, Aholkularitza enpresak eta Elkarte Profesionalak. Eta horregatik, hain zuzen, erabaki genuen Kluster izaera ematea gure elkarteari.
Klusterra finean agrupazio bat da, esparru jakin batean elkarren artean nolabaiteko lotura, harremana edo interes partekatua duten entitate, enpresa eta instituzioen arteko agrupazioa. Klusterrak, kideen arteko lehia onartuz lankidetza berriak bilatzen ditu, arloko dinamika areagotzeko eta banaka erantzun ezin zaien proiektuei erantzuteko. Kideen osagarritasunak eta interes komunak, zatien batuketa baino handiagoa den balio bat sortzen du; Klusterrek sinergiak sortzen dituzte. Hori bakarrik, eta hori guztia, da beraz Soziolinguistika Klusterra. Baina, jarduna hasi berria duen elkarte honek ezin du atzera begira geratu. Datozen urteak erabakigarriak izango dira euskararen normalkuntza prozesuari begira. Aldaketak eragin eta azkartzen ari diren faktore ugari ditugu: globalizazioa, Europar Batasunaren eraikuntza, etorkinen mugimendu hazkorra, estatuen berdefinizio prozesuak, teknologia berrien garapena, Euskal Herriaren egoera soziopolitikoa,... Honek guztiak, dudarik ez, euskararen normalkuntza prozesuan eragin nabarmena izango du. Gure erronka da beraz, prozesu hauek hizkuntzarengan izango duten eragina aztertu eta ahalik zehatzen ezagutzea. Azkenean, euskararen normalkuntzari ahalik eta kalte gutxien, edota hareago, mesede egin diezaioten eragin ahal izateko. Beraz, ezinbestekoa dugu, soziolinguistika arloari behar duen garrantzia eta behar duen garapena ematea. Horretan bakoitzak dagokion esparrutik eta ahaleginetik, baina, denok dugu zer egina: unibertsitateak, administrazioak, aholkularitza enpresak... hamarkada askotako lana eta ahalegina dago jokoan.