359 Zenbakia 2006-09-01 / 2006-09-08

Artisautza

Marisa Egaña. Matxe papera: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

PROZESUA

Matxe paperezko panpinatxo bat egiteko, adibidez, honako pauso hauek ematen ditu:

1.- Egunkarietako papera zati txikietan mozten du.

2.- Puska horiek urez betetako ontzi batean sartzen ditu.

3.- Eskuekin, ore hori xehetzen du.

4.- Irabiagailu baten laguntzarekin, birrindu egiten du orea.

5.- Orea xukatu, eta plastikozko ontzietan jasotzen du, behar duenerako.

6.- Piezak egitera doanean, behar duen ore kopurua atera, eta arotzen kola zuriarekin nahasten du.

7.- Zein elementu egin behar duen kontuan hartuta, dagokion ontzia hartzen du (puxika, botilatxoa edo lata), eta paper eta kolaz osatutako oreaz estaltzen du.

8.- Lehortzen uzten du, bizpahiru egunez udan eta astebetez neguan; zenbaitetan berogailuan ondoan ipinita, azkarrago lehortzeko.

9.- Alanbreaz baliatuz, elementu osagarriak egiten ditu: oinak, isatsak -katuarena, adibidez-, eta abar.

10.- Alanbrez eginiko elementuak ore eta kolaz estaltzen ditu.

11.- Astebete edo bitan lehortzen uzten ditu.

12.- Lixatu egiten du.

13.- Pintura zuri akrilikoko geruza bat ematen dio.

14.- Bigarren geruza bat ematen dio, pintura akrilikoz baita ere.

Normalean, pieza bat baino gehiago egiten ditu aldiberean: txikiaz izanez gero, 15 edo 20, eta handiak badira 4 edo 5, edo bakar bat, neurriaren arabera.

Piezen oinarrian bere izena eta telefonoa ipintzen du.

Lanabesak

Oso material gutxi behar izaten ditu bere lanak egiteko: guraizeak, pintzelak, arkatzak, cutter bat, papera birrintzeko irabiagailu arrunt bat, eta eskuzko leuntzeko makina elektrikoa.

Material suntsikorrak Egunkarietako papera, kola zuria, ura, pintura akrilikoak eta birziklatzeko materiala: jogurten poteak, irabiatuen poteak, puxikak, freskagarrien latak, plastikozko botilak, eta besoak eta abar egiteko alanbrea.