349 Zenbakia 2006-05-26 / 2006-06-02

Artisautza

Menina Tailerra. Txontxongiloak eta festetarako apainketak: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

HISTORIA

Txotxongiloa antzerkietako irudirik xume eta primitiboena dugu. Txinatar, egiptoar zein greko klasikoek panpina artikulatuak erabiltzen zituzten haurrei tarte atseginak eskaintzeko. Erdi Aroan, saltinbanki taldeak Europan barna ibiltzen ziren, malabarismo eta prestidigitazio jokoak egiten, eta giñolen bidez zaldunen istorioak irudikatzen, gazte zein helduen gozamenerako.

Asian oraindik ere ospe handia daukate txotxongiloen emankizunek, eta saio hauetarako egiten dituzten pieza batzuk benetako artelanak dira.

Hainbat motako piezak existitzen dira: Panpinak

Material ezberdinetan egindako irudi lauak dira: larruan, kartoiean, egurrean, metalean, etab. Alanbre edo haga batzuen bidez eusten dira, eta beren atzean argi bat ipintzen da. Horrela, hauen itzala paper, oihal edo plastikozko pantaila batean islatzen da. Oso ezagunak dira Asian. Giñolak

Eskuetan sartzen diren eskularru moduko panpinak dira. Hatzen bidez mugitzen dira beren burua eta besoak. Hagen bidez mugitzen diren giñolak

Zaku itxura daukate. Beren eskuak haga batzuen bidez mugitzen dira. Txotxongiloak

Harien bidez mugitzen dira panpina hauek. Eragilea txotxongiloa baino gorago egoten da, hariak maneiatzen.

Gaztelaniaz txotxongiloak izendatzeko erabiltzen den “marioneta” hitza, frantsesezko “marionette” hitzetik dator, eta honako hau Marion edo Maria izenetik. Izan ere, elizetan panpina hauekin pastoralak antzezteko ohitura zegon Erdi Aroan, eta herritarrek Marionettes edo "Maria txikiak" deitzen zieten panpina hauei, Jesusen amaren izenera joz.

Gaur egun, funtzio hezitzailea betetzen dute elementu hauek. Haurrek, panpina hauek ikustean, erraz eta eroso ezagutzen dute beren ingurua. Gazteek, berriz, plastika, literatura eta adierazmen dramatikoa lantzen dute istorio hauek lantzean. Ezin atal hau itxi, Tolosan ospatzen den Txotxongiloen Nazioarteko Lehiaketa edo TITIRIJAI aipatu gabe, zeinak 2006an bere 24. edizioa ospatuko baituen.