344 Zenbakia 2006-04-21 / 2006-04-28

Gaiak

Kontsumitzaileen eskubideak: aurrerapausoak, arriskuak eta konponbideak

JUARISTI, Patxi



Bide luzea egin du Estatu espainiarreko kontsumitzaileen eskubideen arloak: kontsumitzaileek inolako babes legalik ez zuten egoeratik, kontsumo segurua ziurtatu nahi duten neurri, arau eta protokoloen ugaritasunera pasatu gara. Gainera, bilakaera hau urte gutxitan egin da, hau da, XX. mendeko azken 30 urteetan; eta, esanak esan, hiru hamarkada ez da denbora gehiegi eman diren pauso guztiak eta kontsumitzaileek lortu duten babes maila kontuan hartzen badira.

Inflexio puntua XX. mendeko 70. hamarkadan dagoela iruditzen zait. Izan ere, garai honetan sortu zen kontsumo gizartea eta nolabaiteko kontsumitzaileen kontzientzia, baita kontsumitzaileen lehen mugimenduak ere.

Harrezkero, pauso eraginkor asko eman dira kontsumitzaileak babeste aldera, eta, beraz, XXI. Mendearen hasierako kontsumitzaile euskaldunen zein espainiarren egoera ez da 70ekoa bezalakoa. Gaur eguneko kontsumitzaileek babes juridiko egokia dutela esan daiteke. Besteak beste, zazpi eskubide hauek onartzen zaizkie kontsumitzaile eta erabiltzaileei:

1. Osasunerako eta segurtasunerako eskubidea 2. Gizarte eta ekonomia arloko interesak babesteko eskubidea 3. Informazioa jasotzeko eskubidea 4. Kontsumo arloko heziketarako eta prestakuntzarako eskubidea 5. Ordezkaritza, Kontsulta eta Partaidetzarako Eskubidea 6. Gutxiagotasun eta Babesgabetasun Egoeretan Babeserako Eskubidea 7. Babes juridikorako eta kalteen konponketarako eskubidea

Legeak eta arauak ugaritzeaz gain, merkatuaren gehiegikeriei aurre egiteko, erosleek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak sortu dituzte. Are gehiago, apurka-apurka era honetako elkarteak ugaritzen eta indartzen joan dira; hain zuzen ere, gero eta eraginkorragoak direlako, eta, ondorioz, kontsumitzaileek konfiantzaz ikusten dituztelako. Zentzu honetan, gogoangarria da espainiarren %62ak (2004) konfiantzaz ikusten dituztela. Kontuan hartzekoa ere bada 90. hamarkadaren hasieran konfiantza hau espainiarren %14an agertzen zela bakarrik. Hau da, hamarkada batean %77 igo da kontsumitzaileen elkarteak konfiantzaz ikusten dituzten espainiarren ehunekoa. Gainera, 2004ean INC-k egin zuen ikerketa baten arabera, Espainiako biztanleen %68ak esaten zuen kontsumitzaileen eskubideak babesten dituzten erakunde eta antolaketak ezagutzen dituztela.

Bai legediaren ikuspuntutik zein antolaketaren ikuspuntutik Estatuko kontsumitzaileek ez dute inoiz izan gaur egun duten bezalako babesik. Hala ere, uka ezina da eskubide hauek askotan urratzen direla. Kontsumo gizartean, gure psikologiarekin jolasteko eta gure kontsumo portaerak bideratzeko hainbat trikimailu asmatzen eta erabiltzen dira; arrakastaz erabili ere. Markak, publizitatea, merkealdiak, produktuen itxurak, denden eta espazioen antolaketak edo salneurriak oso ondo pentsatzen dira kontsumitzailea nahi duten bidetik eramateko. Baina horrekin, gure kontsumo grinak pizteaz gain, gure eskubideak ere urratzen dituzte, sarri askotan: gure osasunerako eta segurtasunerako arriskutsuak diren produktuak ekoizten dira, erosketaren fakturak ukatzen dizkigute, etiketa faltsuak jartzen zaizkie produktuei, legez kontrako publizitatea egiten da edota produktuen prezioak, pisuak edo neurriak ezkutatzen dira nahita. Ekoizle eta banaketa enpresa askori ezer gutxi axola zaie gure eskubideak zapaltzea salmentak handitzen badituzte. Aipatu ditugun zazpi eskubideak airean gelditzen dira sarri askotan.

Dena dela, argi adierazi nahi nuke kontsumitzaileok ere erru asko daukagula gure eskubideen urraketan. Alegia, gure eskubideak zapaltzearen errua ez da bakarrik ekoizle, banatzaile, erakunde eta marketing adituena. Izan ere, kontsumitzaileok ez gara behar bezala arduratzen dauzkagun eskubideak babesteaz. Gainera, kontsumitzaile gehienak gutxi informatzen dira eskubideen zapalketaren aurrean eman beharreko pausoei dagokionez.

INC-k 2004. urtean egin zuen ikerketa baten arabera, Espainiako lau kontsumitzailetik hiruk zioten kontsumitzaile gisa dauzkaten eskubideei buruzko informazio gutxi dutela. Bakarrik kontsumitzaileen %23ak zioen ondo informatua zegoela. Are gehiago, kontsumitzaileen %57ak ez zuen erreklamaziorik egiten arazo bat zuen bakoitzean, prozesu zaila zela pentsatzen zuelako, eta %47ak esaten zuen ez zekiela inoiz non egin behar ziren erreklamazioak. Alferrik da erakundeei kontsumitzaileen aldeko arauak, legeak eta neurriak eskatzea, gero horiek behar bezala erabiltzeko gai ez bagara.

Europar Batasunak 2002. urtean argitaratu zuen Europar Batasuneko kontsumitzaileen babesari buruzko liburu berdearen jarraipena txostenean adierazten zen bezala, 2002tik 2006ra, kontsumoaren arloan Batasunak hiru helburu nagusi ditu: kontsumitzaileen babes maila hobetzea, kontsumitzaileen eskubideak babesteko sortu diren legeak behar bezala aplikatzea eta Batasunaren politiketan kontsumitzaileen elkarteen partehartzea bermatzea.

Horrekin batera, eta Kontsumitzaileen Babesari Buruzko Liburu Berdean (2001) esaten zen bezala, kontsumitzaileen babeserako Batasunean dauden lege eta arauak bateratu behar dira. Besteak beste, elikagaiak lortzeko, prozesatzeko eta paketatzeko arau orokorrak sortu behar dira. Izan ere, lege desberdinak daude Batasuneko estatuen artean, eta, aniztasun horri jarraiki, oso zaila da kontsumitzaileak babesteko urrats eraginkorrak ematea. Nire ustez, helburu hauek guztiak lortzea ezinbestekoa da gizarte justuagoak eta demokratagoak lortu nahi badira. Kontuan izan behar da kontsumitzaileen eskubideak modernitatearen eta garapenaren oinarrietariko bat direla. Alegia, kontsumitzaileak babes gabe dauden tokietan, kontsumoaren inguruko iruzurrak ugaritu egiten dira eta giza eskubideak ez dira errespetatzen; aldiz, kontsumitzaileen eskubideak errespetatzen direnean, demokraziak indartzen dira eta bizi kalitatea hobetzen. Zentzu honetan, ezin da ahantzi Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. artikuluak dioena: “Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena...”. Artikulu hau liburu honetan oinarrituta dago: Juaristi, P. (2005): Kontsumitzaileen eskubideak. Aurrerapausoak, arriskuak eta konponbideak. Deustuko Unibertsitatea, Giza Eskubideen Insitutua, Bilbo.