342 Zenbakia 2006-04-07 / 2006-04-14
Frantzisko Xabier. Xabierko gazteluan jaioa. Bere gurasoak Juan de Jaso eta Maria Azpilcueta zituen. Azken mendeotako eliza katolikoko misiolari handiena da, misio guztien patroia. Parisen eliz ikasketak egiten ari zela, Loiolako Inazio ezagutu zuen, eta harekin eta beste bost lagunekin, Jesusen Lagundia sortu zuten, 1534an. Bere bizitzako azken hamaika urteak misioetan eman zituen, Indian, Asiako hego-ekialdean eta Japonian. Txinara joan nahi izan zuen, konturatu baitzen japoniarrek Txinan bilatzen zutela jakintzaren sorburua; hartarako ahaleginetan ari zela, sukar batez hil zen, 1552ko abenduaren 3an. Esan izan da 1.000.000 lagun kristautu zituela, baina gaur egun 30.000 besterik ez zirela uste da. Hizkuntza arazo larriak izan zituen beti; haren ustez misiolariek ebanjelio lurretako hizkuntzak eta ohiturak beretu behar zituzten, ea beti ere saiatu zen lekuan lekuko elizgizonak prestatzen. Askoren iritziaren kontra, bataiatu ondoren ez zuen jendea baztertua uzten; aitzitik, lan handia egin zuen bataiatuak hezten. Indian kristautu zituen eremuek gaur egun ere kristau diraute, baina Moluketan eta Japonian XVII. mendean izan ziren eraso eta esespen gogorrek suntsitu zituzten hark sorturiko misioak. Hil aurretik ere santutzat hartua izen zen, eta elizak 1622an hartu zuen halakotzat ofizialki. Gutunak dira utzitako idatzi gehienak, bere erlijio anaiei, nagusiei eta agindupekoei zuzendutakoak.