337 Zenbakia 2006-03-03 / 2006-03-10

KOSMOpolita

João Azpilcueta-Navarro (1522-1557), lehenengo euskalduna Brasilen

ORMAZABAL, Estebe



“Aicué curi uiocó, parana-assú sui, peruiana quirimbaua piri pessui”

(Ibai handienetik azalduko da, zuen etsairik handien eta boteretsuena)

Mezu honekin, Pominarik, Tupanaren mezulari handiak, lur guzti hauek 1.500 urte aurretik menderatzen zituzten herriak ohartarazten saiatu zen.

Baré Braz de Oliveira França, Baré herritarra, Amazonia, Brasil, zurien helduerari buruz. Sarrera

Orain bostehun urte baino gehiago hasi ziren Europa eta Amerikako herrien arteko harremanek tinta litroak isuri eta liburu tonak sortu dituzte: alde batetik europarrek ekarri zuten zibilizazioa, teknologia, kultura eta erlijioa goraipatuaz. Bestetik indioen suntsitze, kultura deusezte, heriotza eta galera arbuiatuaz.

Tartean, misiolari temati, frantziskotar, dominikar, kaputxino eta noski jesulagunak, militar basati, erbesteratu, iheslari, desertore, esklabo, administrazio langile, merkatari, politiko, poeta, musikari, arotz, hargin, puta, mediku, irakasle, Tupinamba, Tupiniquin, Tupi, Aimoré, Pataxo, Tapuia, Caraiba, Xamã, santu eta deabru, haur, gizon eta emakume.

Kultura “mestizo” berri honen sorreraren hastapenetan aurkitzen dugu Azpilcueta – Navarro jesulagun euskalduna: XVI. mendeko Nafarroatik Tropikoetara. Bi kultura desberdinen artean itzultzaile. Jesulagunak, misioak eta eskutitzak

Jesusen Lagundiaren kanporatze arte, Brasil eta Pará – Maranhãoko, aita eta anaia inaziotarrek, Amerikako Portugaldar kolonietako eguneroko bizitzaren xehetasunak biltzen zituzten informazio, kronika, eskutitz eta txostenak bidaltzeari ekin zioten beren misio lana betetzeko zuten indar berdinarekin. Eskutitz hauek Erroma, Lisboa, Evora, Rio de Janeiro eta Madrileko hainbat agiritegietan banatua aurkitzen dira.

Ondare hau Brasilgo jesulagunen historiaren eta Brasil beraren memoriaren errekuperatze prozesu baten oinarri bilakatu ziren batez ere XIX. mendearen ondoren Aita Serafin Leiteren berreskuratze lanaren ondoren.

Lagundiaren Erroma, Portugal eta Espainiako agiritegietan galduta ziren eskutitzak berreskuratu, data, egile eta hartzaileak egiaztatu, transkribatu eta ondoren jesulagunen Brasilgo presentziaren lehenengo urteetako eskutitzak argitaratu zituen.

Eskutitz hauen argitaratzeak, ikertzaile eta historiatzaileen eskuetan balio izugarriko material bat jarri zuen, batez ere Brasilgo kolonizazioaren lehenengo urte, kristautze prozesu eta misioen historiaz. Eskutitz hauei esker jarrai dezakegu Azpilcuetaren ibilbidea bere herotzerarte.

1549.na heldu ziren Brasilera jesulagunak eta Jesusen Lagundiaren Brasilgo Probintzia sortu zuten, eraikitzen ari zen Salvador da Bahia hirian, Portugaldar Amerikan Inaziotarren egoitza nagusia izango zena. Jesulagunen helburu nagusia Brasilera heltzean ume, gazte eta helduen heziketa eta katekesia zen.

Heldu eta berrogeita hamar urte ondoren kostalde guztian zabalduak ziren, iparraldetik hegoalderaino, gaur egungo Santa Catarina eta Ceará estatuen tartean, barnealdera hainbat inkursioetan ere parte hartuaz berrehun eta hamar urtez egon ziren Brasilen. 1760. urtean Pombalko Marquesak Lagundia debekatu zuenenean, 670 jesulagun zeuden Brasil osora zabaldurik herrixka indigena, misio indigena, eskola eta komentuetan.

Ebanjelizatze estrategia honetan dudarik gabe emaitza handiak izan zituzten erabiltzen zuten estrategiaren ondorio bezala: alde batetik hezkuntza orokorraren bidez kristau ikasbidea irakatsiaz haurrekin zuten arrakasta handia. Indigena haurrak hezi ondoren beren gurasoekin sortzen zen hausturak ondorio nabarmenak sortu zituen “akulturatze” prozesuan. Bestalde, indigenen hizkuntza eta moduetan irakaspenak egiteko beharraz laster ohartu ziren eta horretarako kostaldean erabiltzen zen Tupi hizkuntzaren lehenengo gramatikak idatzi zituzten hizkuntzaren ikasketa errazteko. Tupi hizkuntza eta portugesaren nahasketa horretatik, “Lingua Geral” (hizkuntza orokorra) sortu zen, mendeetan Brasilen gehien erabili izan zen hizkuntza. Bestalde, indigenen kulturan erabiltzen ziren abesti, antzerki, dantza eta abarretara moldatu ziren kristau ikasbidea errazago zabaltzeko.

Beren beharretarako beti zituzten inaziotarrek profesional onak beren artean, arkitekto, hargin, ingeniari, errementari, arotz e.a eta baita ere idazle, musikari, pintore eta eskultore handiak. Joaten ziren edozein tokietan inaziotarrak beti ematen zituzten bere ikasketak, katekesia, irakurketa, idazketa edo gramatika, etxeak deitzen zioten egoitzetan, izan ere eskola deitzen zieten beren aktibitate ekonomikoa zuten egoitzei eta eskola hauetatik dependitzen zuten beste hainbat egoitza txikiagoek. João de Azpilcueta-Navarro, sorrera eta lehenengo urteak (1522-1547)

João edo Juan, Azpilikueta, Aspilcueta, Azpilcueta, Azpilicueta edo Aspylcueta, Nafarroako erreinuko Azpilikueta familia noblekoa zen. Hortik kanpo ezer gutxi dakigu bere bizitzako lehen hogeita zortzi urteetaz.

Bere izenaren grafiak era desberdinak azaltzen ditu eta Brasilera heldu zenean, “Navarro” jarri zioten ezizena, hau da “Nafarra”, bere jatorriari ohore eginaz eta portugaldarrentzat oso zaila egiten zelako bere abizena ahozkatzea. Hemendik aurrera João de Azpilcueta - Navarro bezala azalduko da idatzi honetan, nahiz eta euskalduna izan, bere bizitza, eta dudarik gabe bihotza, Brasileri eta bertako semeei eskaini zionez, bertako idazkera erabiltzea zilegi iruditu zaidalako.

João de Azpilcueta - Navarro, Xabierko Frantziskoren ahaidea zen (Xabierko Frantziskoren anai zaharrago batek izen berbera zuen, Juan de Azpilicueta, Azpilicueta Kapitaina (1497 -1556) bezala ezagunagoa, Sotés – ko jauna izan zena).

Autore batzuen arabera Loiolako Inazio eta Xabierko Frantziskoren ahaide zen, bien lengusua. Ala ere, hau ezinezkoa da, izan ere Loiolatarra eta Xabiertarra, ahaide ez izateaz gain, bere familiak etsaiak izan ziren, batzuk Agramondarrak eta Beamondarrak besteak.

Bere jatorriaz dudarik ez dagoena, Xabierko Azpilcueta familia tartekoa zela, Xabierko Frantziskoren ama, Maria Azpilikueta Aznares, Baztango Azpilikueta sendi tarteko bat zen.

1521-1523. urte inguruan jaio zen Nafarroan, Iriberri edo Burlatan, bertakoak baitziren senitartekoak. Aita Juanes edo Juan de Azpilcueta eta ama Maria Sebastiana de Iriberri edo Maria Sebastiana de Javier ziren (CARDOSO, 1958).

Martin de Azpilikueta edo Azpilcueta, “Doctor Navarrus” famatuaren iloba zen eta lehen ikasketak Nafarroan egin ondoren osabaren bidez Coimbrako Unibertsitatera joan zen.

Coimbran eman zituen urteetan, 1540. ingurutik Brasilera 1549.an joan bitartean, osabaren etxean bizi izan zen eta bere aita izango balitz bezala hartzen zuen.

1542.ko Abenduaren 22.an, hogei urte inguru zituelarik Jesusen lagundian sartu zen Coimbran bertan.

Betidanik izan zen erliojozko oso sutsua Brasildik Coimbrako lagunei bidaltzen zizkien eskutitzetan ikusten den bezala:

“Nire maiteok, zein desberdina den birtuteetaz hitz egiten eta edukitzea, martirioaz egin eta burutzea! Inguru horretan horren argia iruditzen zitzaidan idazkera, hemen iluna bilakatzen zait ... Nire arima gardena eta garbia izango balitz, Anaia maiteok, malkoak izango nituzke kontsolamendu, eta gozoak Jesukristoren aldeko lanak. Baina nire gorputz hau sensualitatea da, ona txarra dirudi, gozoa garratza. Osatu ditzala beraz Jesus bedeinkatuak nire ahultasunak, bere ontasun eta errukiagatik, eta eman natzala bere Lagundiaren grazia, eta bertutea izakiei, Kreatzaile eta Erredentzio bezala ezagutu eta zerbitzatu dezaten, bere odola obeditua eta bere fedea goraipatua izan dadin, guztion aintzarako. Amen.” (LEITE, 1940)

Azpilcuetak ordura arte ezagututako mundua hankaz gora jarri zen Brasilera heltzean: horren ziurrak ziren ikasketak, bere moralitate kristau zorrotza, erdi aroko europar kultura iluna, erlijioari eskainitako bizitza oso bat, “Kristoren soldadua” prestaturik etzegoen egoera baten aurrean aurkitu zen. Honela, “ona txarra dirudi”: mirespen eta lilura handienetik, ukatze eta arbuio handienera pasatzen da, poz eta maitasun handienetik, deabru eta basati bilakatzen dira bertakoak. Indioen errespetu eta miresmena irabazten duen arabera, indioen kristautzea aurrera doan eran, Azpililcuetaren “indiotzea” gertatzen da, bi kulturen trukean sortzen den kultura berriak zalantzaz beteko du.

1549. urtearen hasieran Brasilera joateko aukeratua izan zenean apaiz botoak eginak zituen. Berak eskatu zuen Brasilera joango zen lehengo jesulagunen taldean parte hartzea, eta bere debozioari esker bere nagusiek ontzat hartu zuten. (CARDOSO, 1958)

Azpilcuetaren helburua, agian jesulagun guztiena, indio jentilak ebanjelizatzea zen, horretarako esklabutza edo beste edozein bide ona zelarik. Martiritzaren bidez santutasunera heldu, jentilen aurka borrokatu, fedegabeen idolatrien aurka benetako fedea ezarri eta honela Kristoren hitza mundu guztira zabaldu. Tropikoetan aurkitu zuen errealitatea beste bat izan zen ordea. Brasilerako bidean (1549)

1548.an Baiako donatarioaren heriotzaren ondoren, ordura arte Portugaleko erregeak erabilitako Herentziazko Kapitaintzen sistemak etorkizunik etzuela ikusiaz, eta batez ere, Brasilengan potentzia europarrek azaltzen zuten interes geroz eta handiagoari aurre egiteko, Brasil osorako Gobernu Orokor bat ezartzea erabaki zuen Portugaleko Dom João III.ak.

Loiolako Inazioren hitzetan “Jesusen lagundiaren aita eta babeslea” zen D. João III. ak bere luso – kristautze proiektu kolonialean beti erabili izan zituen jesulagunak, eta bai Afrika edo Indietarako kolonietan beti esku batetik azaltzen ziren portugaldarrak eta inaziotarrak. Brasilgo kasua ez zen desberdina izan eta Brasilgo hiriburua eraiki eta kolonizatze lanak serioski hasi zirenean, han zeuden lehenengo sei jesulagunak indioen kristautze lanak hasi eta kolonoen semeen hezkuntzarako egitura eraikitzeko: Aita Nobrega buru zela, aita João Azpilcueta – Navarro, aita Leonardo Nunes, aita Antonio Pires, Leonardo Nunes eta Diogo Jacome anaiek osatzen zuten misioa.

Atlantikoa zeharkatzeko bidaldia ezin hobe izan zen eta berrogeita hamasei egun beranduago, 1549.ko Martxoaren hogeita bederatzian Bahian porturatu zuten.

Brasilera heltzean solemnitate osoz lurreratu ziren: kanoiek jotzen, soldaduak desfilean eta aurrealdean João Azpilcueta egurrezko gurutze bat zeramala. Pentsa daitekeen bezala, ongietorria izugarria izan zen, batez ere azken berrogei urteetan alde batera utziak izan ziren kolonoek, Portugaletik bat-batean horrelako jendetza zetorrela ikustean.

Bahian lehenengo urteak: indioekin lehenengo kontaktuak, beraien hizkuntza ikasten eta katekizatze lanen hastapenak (1549-1551)

Brasilera heldu eta lehenengo hiru urteak Salvador da Bahian eman zituen aita Azpilcuetak. Egia esan, Salvador da Bahia hiriaren eraikuntzan eman zituzten lehengo urte hauek. Brasilgo lehenengo hiriburua Bahia de Todos os Santos – en (Santu Guztien Badia) barnealdean eraiki zuten.

Lehengo urte hauetan Azpilcuetak gogotik lan egin zuen Salvador bertan eraiki zen eskolan eta batez ere inguruko indioen herrixketan.

Kristautze estrategiaren barnea, tupi hizkuntza ikastea behar bat zen indioei beren hizkuntzan kristau ikasketak pasatzeko eta batez ere haurren kristautze lanetarako.

Hemendik dakigu Brasilera heldu zen lehenengo euskalduna dugula João de Azpilcueta: jesulagunen buru zen aita Nobregak heldu eta hilabete gutxitara Portugalera bidalitako lehen eskutitzean (1549. urteko Apirilean) kontatzen du harridura handiaz, Azpilcuetak, beraiek Navarro deitzen zutena bere izena ahoskatzeko zuten zailtasunarengatik, beste guztiek baino erraztasun handiagoa azaltzen zuela bertako indioekin komunikatzeko, bere ustetan, euskarak eta abanheenga edo tupi hizkuntzak zuten antzarengatik, eta euskara izanik Aspilcuetaren hizkuntza ama honek erraztasun handia ematen omen zion:

Aurrerago, Martim Azpilcueta doktoreari idazten dio bere ilobataz hau azalduaz:

“ (...) esandako Aita hori (Azpilcueta – Navarro), zein beti dabil herrizketan eta bertan lo eta jaten du gauetan errezatzeko, ordu honetan egoten bait dira elkarrekin herrixkan eta atseden hartuak: eta badaki beraien hizkuntza (Jentilena), zer, badirudi, hantz handia duela bizkaitarrarekin (euskara), eta honela beraiekin ulertzen da, eta guztiori daramakigu abantaila, zer badirudi, Gure Jaunak grazia berezia egin diola Nafarroako nazioari, fedegabeengana jotzeko Frantzisko Maisuak (Xabierko Frantzes) Portugaleko Erregearen beste indietan egiten duen bezala Aita honek Brasilen egiten duelarik: non horrenbesteko jaieraz egiten du korrika lur batetik bestera, badirudiela mendiak karitatearen berotasunaz besarkatzen dituela” (NOBREGA, 1988).

Azpilcueta nekaezina zen, batez ere kontutan hartzen badugu garai haietan ez biderik ez eta inongo laguntzarik gabe ibiltzen zela oihanean zehar. Esfortzu honen fruitu, laister lortu zuen indigenen konfidantza, askorentzat bere caraiba edo pajé-en (“azti” edo jakintsu) irudi eta balio berdina hartzen zuelarik, beren botere berdinekin. “Sertão” malkartsura bidaia: bi urte ohianean zehar eta han ikusitakoak (1554-1555)

“Sertão” zehazki definitu nahi ezkero “bizigune eta lur landuetatik urrun dagoen lur eremu malkartsu” bezala itzuli beharko litzateke. Brasildarren historia eta brasildar kulturan ordea, beste konotazio batzuk hartzen joan da, Brasilgo barnekaldeko lur eremu ezezagun, kostaldetik urrun dagoena, bizilagunik gabekoa ... kolonizazioa kostaldean hasi zelarik, barnekaldeko lurrak (sertão) indio, pizti, ohian, gaitz eta ezezagunaren eremu ziren alde batetik eta bestetik, aberastasun erraza, urrea, harri bitxiak, esklabuak, eta kristautzeko arimenak.

Urre, zilar eta harri bitxi meategiak, batez ere esmeralda eta ametistenak obsesio bat ziren Brasilgo kolonizatzaileen artean, eta hau handitzen joan zen Brasilk Gobernu Orokor (Governo Geral ) estatusera igo zenean.

Aberasteko modu azkar bezala Metropolitar gobernu eta kolonoentzat oso erakargarria zen.

1550. urtetik aurrera Porto Seguro Kapitaniako biztanleek barnekaldean Serra Verde, Serra Negra edo Serra das Esmeraldas, mendilerro zoragarri eta dizdiratsu baten berri izan zuten. Zurrumurru hauek barnekaldean bizi ziren indioek zabaldu zuten: Vupabuçu (Ur Beltzetako urmaela) urmaelaren ertzetan esmeralda eta zafiroak aurkitu omen zitezkeen.

Aberastasun hauen atzetik etorriko ziren zuriek barnekaldearen kolonizatze eta garatze ekonomikoarekin batera indiarren asimilatzea erreztuko zelarik katekizatzearen erreztearekin batera. Bestalde, Peru edo Mexikoko esperientzien harabera, barnekaldeko lurretan ordurarte topatutako kultura indigena aurreratugoak aurkitzeko esperantza zuten: “Jainkoak nahi dezala benetako altxor eta bitxiak arimak izan daitezela” (NOBREGA, 1988).

1553.an D. João III. Erregeak Tomé de Souza Gobernari Orokorrari São Francisco ibaiaren barnekaldea explora zezala agindu zion. Europatik, espainolek Tordesillaseko marraren beste aldean urrea eta esmeraldak aurkitu zituztelaren berriak zetoztela jakinik, Francisco Bruzza/ Bruza/ Brueza de Espinosa/ Espinhosa edo Spinosa gaztelarrari bandeiraren antolaketa agindu zion.

Tomé de Sousak Gobernari Orokorrak Aita baten laguntza eskatu zion aita Manuel da Nobregari, honek berriz, Portugaleko erregeari jakin arazi zion aita João Azpilcueta Navarro izan zela aukeratua (NOBREGA, 1988).

1553.ko Urrian edo Azaroan irten ziren urte eta erdi eta hirurehun eta berrogeita hamar legoa (bi mila hirurehun eta hamar kilometro) iraungo zuen barnekalderako lehen espedizoa. Porto Segurotik irten eta Jequitinonha ibaiaren haranean gora Serra do Mar mendilerrora heldu ziren. Hau gainditu eta São Francisco ibaira heldu ondoren atzera egin zuten Verde ibairen barrena eta azkenean Pardo ibaia jeitsi zuten itsasoraino.

Bidaia luzea eta nekez beterikoa izan zen. Bi mila eta hirurehun kilometroetan indiarren erasoak, eguraldi txarra, hotza, ohianeko piztiak eta biderik eza jasan behar izan zuten urte eta erdi ondoren São Francisco ibaiaren haranera heldu ziren arte. Brasilgo historian São Francisco ibaiaren eta barnekaldera egin zen lehenengo esploraketa antolatua izan zen. Bidaiaren berri, jasandako zailtasunak, naturaren deskripzioak eta indioekin izan zituzten topaketak aita Azpilcueta berak Coimbrara 1555. urteko Ekainaren 24.an bidalitako eskutiz batean agertzen dira. Bidaiaren gogortasunak aita Azpilcuetaren osasuna ahuldu zuen, bidaia amaitu eta bi urtera hil zelarik.

Porto Segurotik irten eta Jequitinonha ibaiaren haranean zehar ekin zioten. Aintzinako dokumentuetan, Jequitinonharen eskualde hau, Minas do Serro do Frioren (Hotzaren Mendilerroaren Mehatzak) zati bat zen, Jequitinonha eta Doce haranen erdi-ekialdean; lur eremu zabal bat zen, eta Puris edo Aymoré tribuko indioen okupatzen zuten. Beraien hizkuntzan “ibiti-rui” edo “ivitu-rui” deitzen zioten, hau da “haize hotzek jotako eremu harritsu malkarra”.

Azpilcuetak hasieran deskribatzen duen eremuaren antzekoa. Lehen hitzetan nabari zaio alde batetik naturarekiko ardura eta miresmena, eta bestetik bidaian jasan behar izan zituzten nekeak, batez ere neke fisikoak, eta hau, garaiko bizitza gogor eta nekera ohituta dagoen gizon batetik etorrita, bidaiaren zailtasunaren ideia bat ematen digu:

“Hiru hilabetez lurralde oso heze eta hotzen zehar ibili ginen bertako zuhaizti ugariegatik eta zuhaitzengatik, lodi eta garaiak, beti berdeak dauden hostoekin.

Euria egiten zuen sarri; eta gau askotan bustirik lo egiten genuen, batez ere biztanlerik gabeko guneetan eta horrela guztiak, zeinen lagunartean neu nago, gaixotasunez iha hilbeharrean aurkitu ziren, batzuk herrixketan, besteak jenderik bizi ez den eremuetan, zutik odolustea baino beste botikarik gabe, ohinez jarraitzeko beharra bultzatuaz; eta ura eta hirina besterik ez elikatzeko (...)” (LEITE,1940)

Zailtasun guzti hauei gehitzeko indiar “etsaien” erasoak zeuden. Bidaian zehar hainbat triburekin topo egin zuten. Herrixka hauetakoren batera heltzean lehenengo gauza bertakoekin komunikatzen saiatzea zen. Horretarako Azpilcueta, Espinosa edo beraiekin zijoazten indiarretakoren batek egiten zuen lehen kontaktua. Kontaktu hauen ondorioak ezberdinak izan ziren: batzuetan ongi etorriak izaten ziren eta beste batzuetan berriz erasotuak.

(...) gure Jaunak lagundu zigun bere miserikordiarekin, Indiar etsaien arriskuegatik, batzuetan gu hiltzea erabakitzen bai zuten; batez ere beren aztiak aztikeriak egiten ari ziren herrixka handi batean, zeineri, alde batetik bestera ibiltzen direlako, ongi etorri handiak egiten dizkie Indioek, etortzeko erabili behar dituzten bideak konponduaz eta jan eta edateko festa handiak eginaz.

Herrixka honetan, beraz, beste herrixketako jende asko zegoen aztien festara etorriak bait ziren: gu heldu bezain azkar izugarrizko iskanbila sortu zen; baina gurekin zetorren Indio nagusietako bat, oso gizon ona, hasi zen beraiekin hizketan, bere erara eginaz, eta honela lasaitu ziren. Ala ere gau hura besterik ez genuen bertan pasatu, niretzat oso triste eta luzea izan zena, bertan ikusi nituen gauzekin izutua gelditu bait nintzen) (LEITE,1940)

Une honetan, eta eskutitzaren arabera, alde batetik Cathiguzu indiarren lurretan zeude, lagunak. Ibaiaren beste aldean Taoyak, azkeneko hauen etsaiak eta beste alde guztieetan Tapuza beldulgarriak. Egoera honetan, ohianean zehar jarraitu ordez txalupak eraiki eta Monayl izeneko ibaian behera jarraitzea erabaki zuten. Txalupak eraikitzea etzen lan erraza izan harotzik ez bait zuten tartean eta horretarako indioen laguntza jaso zuten.

Ez da azaltzen zenbat denbora igaro zuten guzti hau egiten baina Azpilcuetak etzuen deborarik galdu bere misioan: gurutze bat egin eta herrixkaren sarreran jarri ondoren ermita bat eraiki eta bertan misio lanari ekin zion. Bidai lagunen baimenaz, inguruko indiarren herrixketara joaten hasi zen misio lanetan.

Bidaian aurrera, badirudi indiar guztiak etzirela orren “basatiak”: hemendik aurrera lurraren edertasunaz, emankortasunaz, indioen hainbat ohituretaz (ehiza, arrantza, antolaketa soziala) komentarioak egiten ditu, badirudi kontaktuak erreztu egin zirela edo azkenean arimen konkistaren borrokan atseden bat hartu zuela Azpilcuetak:

“Hogeita hamar leguatan (hirurogeita hamar bat kilometro) ibaia inguratzen duten lurrak lau eta ederrak dira: badirudi aldatu edo ereindako guztia ongi haziko dela, zergatik indiarrek erabiltzen dituzten elikagaien eta fruitu desberdinen ugaritasun handia dago; arrainek ez dute bukaerarik, bai ibai honetan eta beste txikiago edo urmaeletan. (...) Oso txiroak dia (indiarrak) ez dute gauza berezkorik, ez eta norberarenik eta denak elkarrekin jaten dute egunero arrantza edo ehiztatzen dutena. (...) Giroa epela da, urte lehor batzuk kanpo. Ehiz asko dago, bai animali eta bai hegaztiena: “anta” (Tapirus terrestris, tapir) izeneneko animalia batzuk badira, mandoak baino pixka bat txikiagoak, eta beraien antza dute, idiaren hankak izango ez balitu. Basurde asko daude baita ere eta bizkar gainean kapa bat duten beste animalia batzuk ere badaude, zaldi armatuaren erara (Priodontes giganteus, harmadillo gazteleraz); badira azeri, erbi eta untxiak, gure lurrean bezala. Tximino kasta asko daude, beraien artean gizonek bezalako bizarra duten arre koloreko batzuk; badira oreinak, basakatuak, jaguarrak (Panthera onça), tigreak eta suge ugari, zeinen artean badira batzuk buztanean kaskabilo antzeko bat dutenak, eta doinua ateratzen du, eta pertsonaren bat aurkitzen dutenean astindu eta doinua ateratzen dute berarekin, eta ez bada alderatzen, hozka egin eta gutxi dira hozka eginda ez direnak hiltzen. Badira hegazti batzuek eperrak bezalakoak direnak; beste batzuk faisanen antzekoak, aniztasun handikoak: indioen eskuetan bi ostroka ere ikusi nituen (egia esan, ema edo nãnduak, Rhea americana).” (LEITE,1940)

Lurraren emankortasuna, abere eta hegaztien ugaritasunak harritzen ditu. Inoiz ahaztu gabe zertarako dauden han: lur haiek kristauez betetzeko, bertakoak edo kanpotik ekarritakoak:

“Lur hauen benetako fruitua Kristauez jendeztatutakoan izango da. Jaungoiko Gure Jaunak bere errukian atera ditzala miserable hauek dauden higuingarritasunetik, eta beste guztiori eman gaitzala bere grazia, beti bere nahia egin dezagun.” Bizitzako azkeneko uneak eta Salvador da Bahian heriotza (1557)

1555.ko ekainaren 24.ean idatzi zuen Porto Seguron São Francisco ibaian zehar egin zuen bidaiari buruzko eskutitza eta 1556. urte hasieran dagoeneko Salvado da Bahian aurkitzen zen.

Brasilera heldu zenetik egindako esfortzuek eta, batez ere, São Francisco ibaira eginiko bidaiak, bere prezioa kobratu zioten eta hogeita hamazazpi urte zituelarik hil zorian zegoen.

Bere heriotzak tristeziaz beterik utzi zuen Salvador da Bahia. Fama handiko gizona zen eta askok santu bezala gurtzen zuten:

“Honela goiz batean, bere asmo honetatik oharkabe geundela gu guztiok, bere aitor – entzulea deitu arazi zuen, eta bere aitormenaren ondoren denbora luzez bakarrik egon eta gero, etxean elkarrekin zeuden Aita eta Anaia eta Haur guztiak deitu zituen eta beste bizitzarako bidean zegoela esan zigun eta bere akats eta hutsegiteak barkatzeko eskatzen zigun eta Jaunari gomendatzeko, hitz hauek horrenbeste larritasun eta sentimenduaz esanaz guztiongan malkoak sortu bait zituen.

Gurutze bat ekartzeko agindu zuen zeini horrenbeste maitasun eta izpiritu debozioz otoi bat egin zion nabarmen zela zenbat nahi zuen ikusi bere burua aske eta berataz gozatzera joan.Guri esan zigun: bizitza honetatik aldentzen naiz nire Anaiok, eta ez daramat nire bihotzean zeharkatua Jentil asko ez konbertitu izana baizik; ala ere hemen geratzen zarete hau zuzenduko duzuten zuek, eta Portugaldik etorriko diren anaiak.

Hemendik aurrera zorabioak orren indartsu etortzen hasi zitzaizkion egia iruditu zitzaigula egun berean esaten zuena: ez erabiltzeko giza sendagairik eginda bait zegoen. Inguratu ziren orduan azkar herrixketan zeuden Aita eta Anaiak, eta nahiz eta sentitzen zuten pena kanpotik ezkutatu, orren lagun on eta Jaunaren mahastirako langilea galtzen zutela gogoratzean, ezin zituzten malkoak eutsi.)” (LEITE, 1940)

Azpilcueta – Navarroren heriotza 1557.ko Apirilaren 15 eta 30 tartean gertatu zen Salvador da Bahian.

Hogeita hamazazpi urte inguru zituela hil zen João de Azpilcueta, jaioterritik urrun, bere bizitzako urterik hoberenak ebanjelizatze lanei eskeini eta gero. Brasilgo indigena eta kolonizatzaileen arteko ulermenaren lehenengo pausoak izan ziren, eta baita ere beren hondamendiarena. GEHIAGO JAKITEKO Artikulu hau JAKINET kurtsoaren amaierako ikerketa lanaren laburpen bat da. 1. Archivum Historicum Societatis Iesu, Periodicum Semestre, Aleak 11, 22, 25, 26 eta 27. 2. ATAHULU: “Caraiba” são os brancos. Narrativa do Chefe Atahulu, Aldeia Ipatse, AltoXingu/ Mato Grosso, Brasil 1982, www.socioambiental.org (sarrera 2005/ Uztaila). 3. CAMPOS SOARES, Lenin: “O jesuita: um tradutor de dois mundos”, Mneme – Revista Virtual de Humanidades, nº 10, v. 5, abr./ jun. 2005. 4. Cartas Jesuiticas 1. Cartas do Brasil. Manuel das Nobrega, Ed. Itatiaia, Belo Horizonte, Brasil, 1988. 5. Cartas Jesuiticas 2. Cartas Avulsas. Azpilcueta Navarro e outros. Ed. Itatiaia, Belo Horizonte, Brasil 1988. 6. COSTA BRITO, Ênio José da: “A identidade indígena. Estratégias políticas e culturais (século XVI e século XVII)”, sarrera 2005/ Iraila. 7. DAVIDOFF, Carlos: Bandeirantismo: verso e reverso,Ed. Brasiliense, São Paulo, Brasil, 1982. 8. DOS SANTOS, Carlos Affonso: “Navarro, o primeiro apostolo de minas”, [s.n.] Belo Horizonte, Brasil, 1947 9. Historia dos Collegios do Brasil in Annaes da Bibliotheca Nacional do Rio de Janeiro, Rio de Janeiro, Brasil, 1897. 10. KRENAK, Ailton: “O eterno retorno do encontro”, Novaes, Adauto (org.), A Outra Margem do Ocidente, Minc-Funarte/Companhia Das Letras, Brasil 1999, www.socioambiental.org. 11. LEITE, Serafim: Historia da companhia de Jesus no Brasil, Instituto Nacional do Livro, Liburuki I, II, III, V eta VIII, rio de Janeiro, Brasil, 1949. 12. LEITE, Serafim: Novas Cartas Jesuiticas (de Nobrega a Vieira), Companhia Editora Nacional, São Paulo, Brasil, 1940. 13. NOBREGA, Padre Manuel de: “Cartas do Brasil e mais escritos” ed. de Serafim Leite, Coimbra, Portugal, 1988. 14. OLIVEIRA DE FRANÇA, Braz de: “Nós não éramos índios”, www.socioambiental.org. 15. POMPA, Cristina: Religião como tradução. Missionários, Tupi e Tapuia no Brasil colonial, EDUSC/ ANPOCS, Bauru, SP, Brasil, 2003. 16. TORRES LONDOÑO, Fernando: “Escrevendo Cartas. Jesuítas, Escrita e Missão no Século XVI”, Revista Brasileira de Historia, v. 22, nº 43, pp. 11 – 32, São Paulo, Brasil, 2002. 17. TRINDADE LOPES, Maria: “Uruhe´i e Maripyaipok”, Vida Feliz, Rio Andira, Amazonas, Brasil, 1996, www.socioambiental.org (serrera 2005/ Uztaila). 18. Instituto Brasileiro de Geografia e Estatística (sarrera 2005/09/10) 19. ZARUR, Fernando: “Historia do rio São Francisco”, (sarrera 2002/10/02).