329 Zenbakia 2006-01-06 / 2006-01-13

Gaiak

Europar Batasunaren hizkuntza-irizpideen kontraesanak (I-III)

EZENARRO, Itsaso

Sarrera: Hizkuntzaren garrantzi politikoaz bi hitz

Europa deitzen diogun errealitate kultural eta politikoaren hizkuntz eta kultur aniztasuna aspaldikoa da: Erdi Aroan dagoeneko hizkuntza ugari hitz egiten ziren eremu horretan, eta, halaber, hizkuntza bakoitzak aldaera asko zituen. Aniztasun horren ondoan, ordea, bazen hizkuntza komun bat ere, hizkuntza-funtzio jasoak betetzen zituena: latina, hain zuzen.

Inprenta, XV. mendea. Aro Modernoan, besteak beste inprentak eta erreforma protestanteak lagunduta, hizkuntza bulgarrak literatur eta kultur hizkuntza bihurtu ziren. Horretarako, hiztegia eta gramatika finkatu behar izan zen, bestela esanda, hizkuntza kodifikatu.

Latinari leku hartu eta Europan nagusi izango ziren hizkuntzen finkatze-prozesu horretan, faktore politikoek esku hartu zuten nagusiki, batez ere estatu nazionalen sorrerak. Frantzia da prozesu horren paradigma: estatua sortu aurretik hizkuntza ugari hitz egiten ziren eremu hartan, baina Frantziako estatuaren sorrerak frantsesa eremu guztira zabaltzea ekarri zuen, batasun politikoa lortzeko batasun linguistikoa beharrezko baldintza zela uste zen eta. Halatsu gertatu zen gainerako estatuetan ere.

XIX. mendeko Alemaniako pentsamendu erromantikoak sendotu baino ez zuen egingo ikuspegi hori, nazionalismo linguistikoaren doktrinarekin: Herder eta Fichte pentsalari alemaniarrek defendatzen dute hizkuntza bera hitz egiten duten pertsonek kultura propioa duen komunitate historiko bat osatzen dutela, eta komunitate horretaz kontzientzia hartzen dutenean, politikoki komunitate gisa antolatzeko eskubidea aldarrikatzen dutela, hots, estatu izateko eskubidea.

Nazionalismo linguistiko horrek, zalantzarik gabe, eragin handia izan du azken bi mendeotako Europako politikan, eta ondorio garrantzitsuak ekarri ditu: batetik, estatu-nazioentzat monolinguismoa justifikatzeko doktrina bihurtu zen, eta, bestetik, hizkuntza bera hitz egiten zuten baina historikoki estaturik izan ez zuten herrialdeen aldarrikapenen oinarri bihurtu zen. Halaber, etnia eta hizkuntza ugari biltzen zituzten inperioak (adibidez, inperio austrohungariarra) hizkuntza propioa duten unitate nazionaletan banatu ziren.

Hizkuntzak, beraz, inplikazio politiko garrantzitsuak ditu, eta, hain zuzen, horregatik da hain auzi korapilatsua; horregatik aldarrikatzen dute estatuek hizkuntza-gaietan erabateko eskumena, estatuz gaindiko erakundeen eragina hutsaren hurrengora murriztuz.

Paradoxikoki, estatu-nazioetan hizkuntza nazionalaren alde egiten zen bitartean, industrializazioak eta aurrerapen teknikoak areagotu egin zuen elkarrekiko mendekotasuna eta komunikatzeko beharra; beraz, baita beste hizkuntzak jakiteko beharra ere. Zer esanik ez, globalizazioarekin, areagotu egin dira estatuen mugez haraindiko harremanak. Horren guztiaren ondorioz, alde batetik, hizkuntza komunak erabiltzeko beharra handitzen ari da; bestetik, ordea, hizkuntz aniztasunari eusteko asmo sendoa dago.

Aurrez aurre ditugu globalizazioa eta glokalizazioa, tokiko kultura eta hizkuntza indartzea eta berpiztea eragin duen fenomenoa. Izan ere, ez da ahaztu behar kultura eta hizkuntza erregionalak, neurri handi batean, komunikabide modernoek eta globalizazioak bultzatzen duten kultura unibertsalisten edo masen kulturaren alternatiba direla. Desintegratzen ari den gizartean hizkuntzak integrazio-faktoreen ordezko gisa jokatzen duela. Globalizazioa eta glokalizazioa. Bi joera horien arteko tirabirak ezin hobeto antzematen dira Europar Batasuneko erakundeetan; eta, hain zuzen, erakunde horien hizkuntza-irizpideak aztertzea da lan honen helburua.