329 Zenbakia 2006-01-06 / 2006-01-13

Efemerideak

Efemeridea. “Xenpelar”, Juan Frantzisko Petrirena Berrondo, 1835eko urtarrilaren 12an jaio zen Errenterian

“Xenpelar”. Gipuzkoar bertsolaria (Errenteria, 1835 - Errenteria, 1869). Errenteriako Senperelarre baserrian jaio zen, Oiartzungo mugan. Gaztetan morroi ibili zen Oiartzunen. Ezkondu eta Errenteriako kalean bizi izan zen, ehun fabrika handi batean lan egiten zuela. Baztangaz hil zen 34 urte zituela. Olloki, Larraburu, Ardotx, Patxi Bakallo, Panderitarrak izan zituen bertso lagun. Bat-bateko bertso apur batzuk gordetzen badira ere, Iparragirrerekin eta Musarrorekin izandako bertso eztabaidak, esaterako, bertso jarriak dira Xenpelarren bertso sail ezagunenak. Hogeita hamar bat bertso paper gorde dira gaur egun arte. Sail horietarik gogoangarrienak: Pasaiako plazatik dator notiziya, Frantsesaren ideak, Andre txarren bentajak, Betroiarenak, Ezkondu eta ezkongai, Azken juiziokoak, Iya guriak egin du. Xenpelar jotzen da XIX. mendeko bertsolaritzaren gailurtzat. 1931n Macazaga inprimeriak Xenpelarren bertsuak izeneko liburuxka argitaratu zuen. Jautarkolek, 1958an, Xenpelar bertsolaria bizitza ta bertsoak izenekoa plazaratu zuen; eta, azkenik, Antonio Zavalak Xenpelar bertsolaria (1969) liburua, haren bertso guztiekin, kaleratu zuen.