Egilea: Jone Miren Hernandez Argitaletxea: UPV/EHU Orrialde kopurua: 143 ISSN: 1575-7005 Ezaugarriak: Ikerketa hau 2001-2002 ikasturtean burututako lanaren ondorioa da. Ikerketaren sustatzaile eta eragile Bilbao Bizkaia Kutxa (BBK) izan zen. Ikerketaren lehenengo zatian azken urteotan hizkuntza, gazteak eta eskolaren arteko loturen inguruan garatutako zenbait ikerketen, argitalpenen eta hausnarketen azterketa egiten da. Egile ezberdinak testuinguru ezberdinetan planteatutako teoria edota lan ildo ezberdinak aurki daitezke ikerlan honen helburuen oinarrietan. Egile ezberdin horien ekarpenak funtsezkoak izan dira eredu teorikoa osatu ahal izateko. Eredu hori oso lagungarria izan da bestalde, bai landa lan etnografikoa zuzentzerakoan, bai ikastetxean jasotako informazioa aztertzeko garaian. Analisi horrek osatzen du, hain zuzen ere, ikerlanaren bigarren zatia. Aipatu ereduak ondoko ezaugarri nagusiak ditu: gazteak (ikasleak) hausnarketaren erdigunean kokatu eta, ikerketaren objektu bihurtzen dira. Bestalde, eredu honetan, hizkuntza gizartean txertatua dagoen elementu izateaz gain, bereziki gazte kultura ezberdinetan parte hartzen duen eragile gisa ulertzen da. Azkenik, eskola, tentsio bikoitza garatzen den esparru bezala agertzen da, bertan gazte eta helduen arteko tirabirak, nahiz gazte tipologia ezberdinen arteko harremanak garatzen baitira. Ildo horretatik, ikastetxean bertan sortzen diren hizkuntza dinamikak, zein bestelakoak, oinarrizko aztergai bilakatzen dira gaztetxoen identitatea osatzeko prozesuak aztertzerako garaian. Prozesu horietan hizkuntzak duen garrantzia ikertu nahi izan da eta horretan sakondu du batez ere landa lanak. Lan horretan egileak hiru hilabete pasa zituen Bilboko bigarren hezkuntzako ikastetxe batean, komunitate horretan parte hartzen, bertako dinamika behatzen, ikasleak edota irakasleak elkarrizketatzen... Eskarmentu horren fruitua da argitalpen hau eta bertan azaltzen diren planteamenduak. Azkenik,amaitu aurretik, ikerketa honetan protagonista nagusi direnen aipamena egin nahi da. Alde batetik, bertan parte hartu duten ikasleak eta irakasleak ekarri nahi dira gogora. Bestetik, ez dira ahaztu nahi Ben Rampton ikerlari eta irakaslearen (King´s College, London University. UK) aholkuak eta gomendioak. Beraien laguntza eta borondate onik gabe lan hau ez zen aurrera aterako.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.