325 Zenbakia 2005-12-02 / 2005-12-09
E Eusko Ikaskuntza. VII. Kongresuko kartela. Biarritz, 1948. uskarak 1948tik bere Nazioarteko Eguna du, hain zuzen urte hartan Lapurdiko Baionan burututako Eusko Ikaskuntzaren VII Kongresuan honako erabaki hau hartu baitzen: “Une journée de la Langue Basque dans le monde entier sera celebrée une fois par an, le 3 décembre, jour de la fête de Saint-François Xavier, sous les auspices d’ Eskualzaleen Biltzarra et d´Eusko Ikaskuntzen Lagunartea”.
Lege erregimen desberdinek arautzen dute euskara, frantziar eta espainiar estatuetan, eta horren ondorioz euskaldunen eskubideak diferenteak dira euren hizkuntza erabiltzeko orduan. Erabilerako frantziar estatuak ahalbidetzen ez duen eskubide ezetik Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak duen ofizialtasun teorikorainoko espektroak ez du bermatzen, inondik ere, ustez Europako Hizkuntzarik Zaharrena denaren erabilpen askea. Oraingo legeria linguistiko ezegokia eragozpen nagusia da euskararen garapenen eta biziraupenerako.
Euskararen Nazioarteko 2005eko Eguna dela eta, berak sortutako egunean ospakizun berezia egin nahi izan du Eusko Ikaskuntzak. Eta ospakizunerako Internet aukeratu du biderik egokientzat, nazioartekotasuna unibertso birtualeko txoko guztietara helarazteko aukera eskaintzen baitu sareak. Eta Interneteko Euskosare lanabesa erabili nahi izan du, euskarari buruzko mezua aldarrikatzeko. Egitarau xume batekin, mundu osoari aurkezten dio Eusko Ikaskuntzak euskaldunen hizkuntzaren errealitatea. Eta, besteak beste, “Aitorpen” xume bat egin nahi izan du, euskara euskaldunontzat zer den eta Europako Hizkuntzarik Zaharrenarekiko begirune eta arretak nola lagun diezaioketen azaltzeko asmoz.
Euskara euskaldunak elkar komunikatzeko mintzaira da eta, aldi berean, euskaldunok munduari euskal errealitatearen berri eman ahal izateko oinarrizko hizkuntza. Eta, beste edozein herrirekin gertatzen den bezala, gure nortasunaren zutaberik azpimarragarriena dugu hizkuntza. Kultura mosaiko desberdinetako Europan tinta bereziaz idatzia azaltzen da euskal kultura, milaka urtetako historiaren jabe den herriaren lekukotasun bizi gisa, eta horren erdian – aparteko argiaz - euskara ageri da.
Historian zehar gorabehera asko bizi behar izan ditu euskarak eta XXI mendean duen erronka oso garrantzitsua da. Belaunaldi bakar batean euskara gai izan da, prestigio gutxiko hizkuntza izatetik goi mailako ikerketaren zirkuluetara iristeko, Unibertsitateko klaustroetan errealitatea bihurtu ondoren. Urrats handiak eman ditu Europako Hizkuntzarik Zaharrenak azken urteotan eta espazio kultuak irabazi ditu, hizkuntza modernoa bilakatuz.
Baina euskara hizkuntza hauskorra da, hiztun gutxikoa. Azken estatistiken arabera, 750.000 lagunek erabiltzen dute eta, horren ondorioz, euskarak presio handia jasaten du bere inguruan, batez ere espainiera eta frantsesaren aldetik, horiekin lehiatu behar baita eguneroko bizitzan. Gaur eguneko gizarteko koordenadetan aritu behar du euskarak, Europako Hizkuntzarik Zaharrenak bizirik iraungo badu. Eta horretarako bere oinarria indartu behar du, sendotu, gainean eraikin iraunkorra jaso ahal izateko.
Nola atera garaile, lehiakorra delako baztergarria ere gertatzen den esparru linguistikoan? Europako Hizkuntzarik Zaharrenak bere ahalbideen kontzientzia eduki behar du. Txiki eta ahalke izatearen egiaztapenetik ihardun behar du, bere mugak ezagututa. Horretaz jabetuta, euskaldunoi diseinu aproposa egitea dagokigu, gure hizkuntza egunez egun espazio sozialak irabazten joan dadin. Baina euskara bizirik eta indartsu edukitzeko euskaldunen eskubidea irmo defendatu behar dute erakunde publikoek, babes politiko praktikorik gabe ez baita aurrera egiterik. Horregatik, legeria egokitu egin behar da, eragozpen eta murrizketa guztien gainetik. Eta, noski, garbi utzita euskararen alde egiteak ez duela inolaz ere adierazten beste hizkuntzen aurka jotzea.
Euskaldunok, halaber, nazioarteko laguntzaren beharrean gaude, bakarrik arituz gero nekez iraunaraziko baitu bizirik gure hizkuntzak. Eta nazioarteko gizarteak ezin dio euskal herriari sostengua ukatu, Europako Hizkuntzarik Zaharrena izateaz gain, munduko kultura ondareko zati garrantzitsu bat baita euskara. Horregatik, Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna-ri zentzu konkretu bat eman nahi dio Internet sarean: euskaldunen hizkuntzari atxikimendua erakartzea, kultura unibertsalaren aberastasunean sinesten duten guztien aldetikoa.
Euskaldunok gure hizkuntzan sinetsi behar dugu; mamitu, landu, goratu eta gozatu behar dugu bere erabilerarekin, bizitza arrunteko txoko guztietara helaraziz. Bizirik behar dugu euskaldunok gure hizkuntza, Euskararen Nazioarteko Egunak zentzu izango badu. Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna sortu zuenean komunikatzeko eta informatzeko baliabideak askoz murritzagoak ziren. Egun, Internetek eskaintzen duen plataforma zabalaz baliatuta, euskara modu unibertsalean aldarrikatu nahi izan da. 1949ko Abenduaren 3an ospakizuneko lehen edizioa burutu zenean, Buenos Aireseko Laurak Bat elkartean artista gazte batek bere obra piktorikoa aurkeztu zuen: Nestor Basterretxea zen gazte hura. Berrogeita hamasei urte beranduago, Nestorek Euskararen Nazioarteko Eguneko logoa diseinatu du, aurrerantzean Eusko Ikaskuntzak ospakizunerako dei bezala erabiliko duena.