
Gaiak
Portuetako plan bereziak: Bermeo, Hondarribia, Getaria eta Mutriku
EJ-KO GARRAIO ETA HERRI LAN SAILEKO PORTUEN ZUZENDARITZA
GARMENDIA IARTZA, Koro
Portuetako Plan Bereziak, portuetako jarduera antolatzeko bidea ematen duten hirigintza tresnak dira, eta, burutu beharreko ekintzak ez ezik, portu eremuan luzatu beharreko emakidak ere barnebiltzen dituzte. Bai portu nagusiek, bai eta egitasmo garrantzitsuak dauzkaten portuek ere, gisa honetako Plan arautzaileak izaten dituzte, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago garatuta (prestatze bidean, izapidetzen, edo onartuak). Lau porturi buruzko informazioa eskatu digutenez, horietako bakoitzaren inguruan luzatu diren proposamenen berri emango dizuegu jarraian: BERMEO
Bermeoko Plan Bereziaren aldaketak, portuaren hegoaldea birmoldatzea proposatzen du, Erroxape, Xixili eta Matxikorta portuak alegia, bertako merkataritza eta arrantza jarduerek trafiko handia sortzen dute-eta. Aurreikuspenaren arabera, errepide independiente bat izango dute aurrerantzean. Olgetako nautikarekin lotutako jarduerak, berriz, Portu Zaharraren inguruan bilduko dira. Esan beharra dago bai portuaren zati hau, eta baita Frantxua eta izotz fabrikako kaia ere, Arkitektura eta Ingeniaritzako Ideien Lehiaketa bateko objektu izan ziren, eta hain zuzen ere honen harian sortu eta garatu dira egitasmoak. Uneotan, Portu Zaharra birmoldatzeko lanak ari dira garatzen (kaiaren zabalpen eta erregularizazioa, oholtzak, urbanizazioa, etab.) Puerto de Bermeo. HONDARRIBIA
Hondarribiko Plan Berezia, bertako portuko 4 zati nagusietan ari da garatzen:
· Beteranoen nasa: inguru hau garbitu egingo da, eta behar adinako sakonera izango duen gune bat sortuko da, itsasontzi txikiei zerbitzua emango dieten oholtzak ipintzeko.
· Marina: tarte honetan egin beharreko lanei esker, luzatu egingo da itsas bazterreko pasealekua, eta harmonizazio handiagoa lortuko da portuaren eta hiriaren artean.
· Hondartza: kirol portua eta hondartzaren aldameneko pasealekua eraiki ondoren, kirol portua osatzeko lur eremua ordentzeari ekingo zaio (teknika eta merkataritza arloak).
· Aterpe portua: dagoeneko burutu dira Planak arrantza jarduerako azpiegitura eta instalazioak hobetzeko aurreikusten zituen jarduerak; hala nola, portuaren hegoaldea eta Xaiak. Higuer, Hondarribia. GETARIA
Getariako portua oso kontsolidatuta dago azpiegituren aldetik, azken urteotan inbertsio garrantzitsuak egin baitira bertan. Plan Bereziak, beraz, azpiegitura horretan gauzatu beharreko jarduerak eta trafikoa antolatzeko beharrari erantzuten dio gehienbat.
Plan Bereziak jarduerak kontzentratzearen alde egiten du: Mendebaldeko sarreran, ekoizpen eta arrantzarako zerbitzuak bilduko lirateke, eta, Ekialdeko sarreran, berriz, kirol nautika eta hondartzarekin lotutako zerbitzuak. Modu honetan, jarduera guztiak ondo bereizita geldituko lirateke portuan.
Plan Bereziaren egungo zirriborroak aurreikusten dituen jarduera berrien artean, aipatzekoak dira Iparraldeko dikeko 2. lerrokaduran kai itsatsi bat egiteko dagoen asmoa, eta Kofradia berriaren alboan sareak biltzeko biltegi bat eraikitzekoa. Getaria. MUTRIKU
Mutrikuko portuak arazo endemiko bat du, itsasoratzeko orduan segurtasunik ez ematearena, eta, horrez gain, babes txikia eskaintzen die porturatu eta aingurak bota nahi dituzten itsasontziei. Inguruabar hauek baldintzatu ere egin dute portuaren iraunkortasuna. Dike babesle handi bat eraikiz gero, arazo hori neurri handi batean murriztu egingo litzateke, eremu babestu zabal bat sortuko bailitzateke, Plan Bereziak ordenatu duenez.
Plan Bereziak garatutako proposamenaren arabera, gaur egungo nasa kirol nasa modura egokituko da, eta, asmo horrekin, beharrezko diren oholtza eta zerbitzuak eraikiko zaizkio inguruan.
Ekoizpen eta arrantza jarduerak dikearen kanpoaldeko nasara lekualdatuko lirateke, zuzenean berriki eraikitako errepidearekin lotuta egon daitezen.
Nasa bien artean, bestalde, itsasontziak konpontzeko gune bat sortzea aurreikusten du Plan Bereziak, travelift, arrapala eta ontzitegia izango dituena. Mutriku.