322 Zenbakia 2005-11-11 / 2005-11-18

Gaiak

Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren aurkezpena

EJ-KO GARRAIO ETA HERRI LAN SAILEKO PORTUEN ZUZENDARITZA

GARMENDIA IARTZA, Koro



Euskadiko Kirol Portua, S.A. 2000ko ekainaren 6ko Dekretuaren bidez eratu zen, eta bere helburua Euskal Autonomia Erkidegoko kirol portuak planifikatu, sustatu, garatu eta ustiatzea da.

Euskadiko Kirol Portua, S.A., 2001. urtean hasi zen kirol portuak kudeatzen, hain zuzen ere Hondarribiko Kirol Portua (652 itsasontzi) lagatu zitzaionean. Kudeaketa zuzenaren sistema aukeratu zuen horretarako; hau da, zuzenean Euskadiko Kirol Portua enpresak ustiatzen eta kudeatzen du portua, eta zerbitzuetako batzuk kanpoko enpresei azpikontratatzen dizkie. Modu honetan, gure herrialdean gora egiten ari den jarduera hau garatu ahal izateko beharrezkoak diren esperientzia eta jakinduria biltzen joan da Baltzua.

Euskadiko Kirol Portua, S.A.k, beste bi kirol portu ustiatzen eta kudeatzen ditu zuzenean gaur egun: Donostiakoa (380 itsasontzi) eta Getariakoa (290 itsasontzi). Hemendik gutxira, bestalde, 2006ko uda baino lehen, Orioko kirol portua ere ustiatuko du (350 itsasontzi inguru).

Aurreikuspenen arabera, Euskadiko Kirol Portua, S.A. epe laburrean hasiko da Portu eta Itsas Gaien Zuzendaritzaren esku dauden dartsenak zuzenean kudeatu eta ustiatzen. Horrela, Baltzuak bere helburu fundazionaletako bat bete ahal izateko beharrezko dituen baliabideak eskuratuko lituzke; hau da, “Euskal Autonomia Erkidegoko kirol portuak garatu eta ustiatzeko”.

Beste helburu fundazional bat, “sustapenari” dagokiona alegia, Euskaquitaine Elkartearen bidez bideratzen du, zeinak Akitaniako 6 portu biltzen baitituen bere baitan (Hendaia, Donibane Lohitzune, Miarritze, Capbreton, Arcachon eta Port Medoc), eta Euskadiko beste 6 portu: Getxo, Zumaia, Getaria, Orio, Donostia eta Hondarribiakoak. Elkarte honek Hendaia, La Rochelle eta Parisko Erakusketak antolatzen laguntzen du.

Plangintza lanak Portu eta Itsas Gaien Zuzendaritzarekin batera prestatzen dira, berea baita portuak eraikitzeko ardura, baina Euskadiko Kirol Portuaren aholkularitza jasotzen du beti, jarduera honetako profesionala izateaz gainera, etorkizunean azpiegitura horien kudeatzailea izango baita. Horrez gain, Euskadiko Kirol Portua, S.A.ren beste helburuetako bat, Euskadi olgetako jarduera nautikoaren jomuga gisa ezagutaraztea da. Hainbat modu daude ezagutzera emateko: erakusketen bidez, Akitanian dauzkagun baltzu kideen bitartez -beren erabiltzaileei gure portuen berri ematen baitiete-, Akitaniatik kanpoko portuekin (La Rochellekoarekin adibidez) trukerako hitzarmenak sinatuz -langileak, esperientziak, kudeaketa eta abar trukatzeko-, etab. Honen guztiaren ondorioz, ehunka bisitariren ikustaldiak jasotzen ditugu ekainetik abuztura bitartean Hondarribia, Donostia eta Getariako portuetan, jatorri ezberdineko jendea hurbiltzen baitzagu: Espainiatik, Frantziatik, Erresuma Batutik, Belgikatik, Holandatik, Alemaniatik, etab.