Efemerideak
Efemeridea. Agustin Zubikarai Bedialauneta 1914 urteko azaroaren 3an jaio zen Ondarroan
Agustin Zubikarai. Agustin Zubikarai Bedialauneta 1914ko azaroaren 3an jaio zen, Ondarroan. Hantxe egin zituen lehen ikasketak, euskaraz, eta Saturrarango ikastetxetik igaro ostean, filosofia ikasi zuen Gasteizen. Gaztetatik izan zituen osasun arazoak; arazo horiek medio, Gasteizen zela, sarritan itzuli behar izaten zuen etxera, Ondarroara. Herrikide izandako Txomin Agirreren lanek eragin nabaria izan zuten beragan idazteko zaletasuna pizteko orduan.
Zaletasun horretan ederki asko trebatu zen 36ko gerra piztu aurretik, Euzko Gudari, Argia eta Euzkadi agerkarietan, zeinetan bere lehen literatur lanak argitaratu zituen, eta ondoren. Izan ere, gerra hasi bezain fite, Lauaxetak Euzkadi egunkariko zuzendariaren laguntzaile aukeratu zuen eta 1937an Eguna euskarazko kazetan aritu zen erredaktore buru.
Ihesa, konzentrazio esparruak, lan behartuak, kartzela eta erbestea sufritu eta gero, 1941ean itzuli zen sorterrira. Euskal kazetaritzak ez zuen une gozoa bizi, eta jan beharrak, Mutrikuko kontserba lantegi batean lan egitera derrigortu zuen. 40 urte eman zituen han, baina inoiz ez zion idazteari utzi. 60 liburutik gora idatzi zituen, eta sari eta omenaldi andana jaso zuen bere bizi osoan. Hona bere obra ezagunetako batzuk: “Iru alaba” (1963), “Seaska inguruan” (1966), “Bizi garratza. Mendu zaharra” (1970), “Laiñoak Mundaka’n” (1980), “Itsastarrak” (1985) edota “Lugo-ko ipuiñak” (1986). 2004 urteko uztailan zendu zen, 89 urte zituela.