316 Zenbakia 2005-09-30 / 2005-10-07

Gaiak

Jose Mari Uranga zendu da

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Irailaren 21ean Jose Mari Uranga hil zen Arrasaten, bere herri kuttuneko eliz dorreko kanpaiek eguerdiko hamabiak jo eta segituan. Arrasatek inoizko bere semerik prestuenetakoa galdu zuen ordu horretan. Eta batzuek, berriz, lagun handi eta zintzoa. Lerro hauek idaztera jarri naizenean – Jose Mariren heriotzaren berri izan eta ordu bakan batzuetara- sentimendu ilunak betetzen nau eta, aldi berean, heriotzak sufrimendutik askatu dueneko egiaztapen lasaigarriak. Izan ere, Jose Mariren azken urteak sufrimenduz beteak izan dira, gorputzekoaz gain Arrasateko giro herrikoira hurbiltzeko ezgaitasunak sakon markatu zuelarik bere izpiritua.

Oso harreman estua izan nuen Jose Marirekin, nire zortzi urteetatik eta urte luzez auzoko izan bainuen, etxe bereko ezker eskuin bizi ginelarik. Eta gero lankide ere izan ginen, Unión Cerrajeran, bera jubilatu arte. Horretaz aparte, gutxi bailitzan, zaletasun batek lotu gintuen: historia. “Nire haurtzaroko Arrasate” nire liburua berari eskaini nionean, adiskidantzako sentimendu batek gidatu ninduen hori egitera. Horregatik minak gainezkatzen nau une hauetan, adiskideak utzitako hutsak jota.

Bere liburuaren azala. Jose Mari “cerrajero” peto horietakoa zen, bere belaunaldiko arrasatear gehienen antzera. Urteko azken egunean jaio zen, 1915ean, eta Francisco Urrutiaren maisuarekin ibili ondoren artean ume zela – hamalau urterekin- ekin zion Union Cerrajerako lanari. Eta bertan egin zuen karrera osoa, berrogeita hamar urte eta lau hilabete beranduago ongi merezitako jubilazioa hartu arte. Lantegiko Lafitte ingenieroarekin marrazkigintza ikasi zuen eta bere kabuz geografia, gramatika eta matematika. Artean Arrasaten eskola profesionalik ez zegoelako Bergarako Erret Mintegian – dominikoekin- atera zuen maisutzako titulua. Gai horretaz esan genezake, denboran aurrerantzeko jauzia eginda, Jose Marik beste Jose Mari bati – Arizmendiarrietari, hain zuzen- erakutsi ziola iragan mendeko berrogeietako hamarkadan Pedro Viteriren testamentua, zeinean adierazten zen arrasatear filantropoak bere diruz eraikitako eskolak inoiz ixten baziren horien jabetza herrira pasatzen zela. Hori dela eta, Arizmendiarrietak gero Eskola Profesionala eta, beranduago, Mondragon Unibertsitatea izango zen proiektu aurrerakoiari ekin ahal izan zion eskola zaharretan.

Hamabost urterekin “jaimista” egin zen eta 1936ko gerra sortu zenean zenbait presondegi ezagutu zituen Urangak, eta frankistak Bilbora sartzen direnean herrira itzultzen da. Biriketatik gaixo zegoela eta, ez zuen frontera joan behar izan. Herrian Luistarren Kongregazioaren buru izendatu zuten eta handik gutxira Club Deportivo Mondragón sortu berriko lehendakari. Gerra ondoko Arrasateko giro lazgarria arintzen saiatu zen Jose Mari urte haietan.

Kirol ardurak alde batera utzi eta udal kudeaketari ekin zion 1958an, zinegotzi gisa, entitateen herenetik hautatuta eta bederatzi urtez aritu zen Udaletxean, jo eta su. Jose Mariren iharduna udal arloan eredugarria izan zen. Zinegotzi izendatu zuten hilean bertan hitz hauek izan zituen Conde de Monterron jaunarentzat, horrek hirigintzako zenbait arlotan bere iritzia inposatu nahi zuela: “Como consecuencia, lo que el señor Conde considera “incomprensión” de la Villa hacia su persona y gestión se funda en la indiferencia pública hacia conceptos e ideas caducas ya en la actualidad, agravados por unos hechos en todo momento impopulares y mucho más en personas que se consideran “padres de la comunidad” y “pontífices de la magnanimidad”.

Zortzi urte beranduago berriro aurpegiratzen zion Konteari, udal eskubideen defentsan: “Que los Condes de Monterrón incumplen desde hace varios años el compromiso testamentario o de cesión de bienes impuesto por el cedente D. Vicente Marcelino López de Berrosteguieta a los antepasados y sucesores de dichos Condes, al transmitirles la casería de San Cristóbal y que consiste en la entrega anual de diez fanegas de trigo al Asilo o santo Hospital” Kontuan izan zer urte ziren haiek!

Hori bakarrik ez; zinegotzi izateko hautatu zuten urtean bertan, hirigintzako zenbait alderdi ilun zirela eta, orduko alkateari berari egin zion aurre eta beste hiru kiderekin batera horrela zioen Urangak idazki batean “por la falta de seriedad y de firmeza con que reiteradamente ha dado muestras el Sr. Alcalde en el ejercicio de su cargo, con evidente desprestigio para la Corporación y daño a los intereses del Municipio... decidimos apartarnos de las tareas inherentes a nuestros cargos”. Eta zer esan 1953an Francori bidali zion gutunaz, San Juan auzoko etxe berriei eraikitzaileak jarri nahi zizkien tokiz kanpoko prezioak zirela eta? “El Sr. Contratista, con aprobación de la Obra Sindical del Hogar, ha presentado al Instituto Nacional de la Vivienda un presupuesto final de obras que ha asombrado a todo el pueblo por su excesiva cuantía”. Idazkia beste batzuekin batera izenpetu zuen, baina bere izena lehena zihoan zerrendan. Urangak bere jarrera “politika ez da botere” ideia nagusian oinarritzen zuen, ongizaterako behar den bidetik ontzia zuzen eta zintzotasunez eraman behar dela azpimarratzen zuelarik.

Eta hitz horietan laburbil daiteke Urangaren ibilbide osoa, ez bakarrik politikagintzan baizik arlo guztietan. Zintzotasun osoz jokatu zuen beti ikerketa mailan ere, gutxitan antzeman dudan konbentzimenduak lagun. Jose Mari Uranga (2005-02-02).

Irakurtzeko txikitatik izan zuen zaletasunak eraman zuen ikerketa lanetara. Gerra aurretik artxibo bikaina zuen eginda – batez ere garai hartan kirol arloan burutzen ari zen materialarekin eta bere kabuz herri mailan lortutako hainbat datu historikorekin. Zoritxarrez, dena galdu zuen, Nafarroa Etorbideko etxea erre zitzaionean. Horrek ez zuen desanimatu eta lanari berrekin zion, gogo gehiagorekin, eta poliki-poliki bere artxiboa hazten joan zen. Irakurle trebea zela esan dut eta bere bibliotekan gai guztietako liburuak aurki daitezke. Berak gehien atsegin zuen pentsalaria Jaime Balmes zen eta, zioen ironia apur batekin, haren “El criterio”-ko kapitulu batzuk buruz esateko gai zen, nahiz eta gaur egun balmesista izatea oso jarrera aurrerakoitzat ez zela hartuko bazekien.

Historia da gehien tiratzen zuena eta horretan espezializatu zen Arrasateri dagokion bere langintzan. Liburu bat argitaratu zuen 1970ean, “Mondragón. Trayectoria y anecdotario” izenekoa. Dozenaka artikulu idatzi zituen egunkari eta aldizkaritan. Askoz gehiago argitaratuko zituzkeen, ziur aski, baina bere buruari frenoa jartzen zion maiz. Eragile izatea atseginago zuela adierazi nahi izan baligu bezala, ez zen inoiz nekatzen gu askoren galdera eta eskarien aurrean. Auskalo zenbat jende igaro zen bere etxetik daturen baten bila! Oraindik ere, niri dagokidanez, Aita Mennira egin nion azken aurreko bisitan, hilaren 9an, “Aunia” aldizkaria eraman nion eta bertan Anbotori buruz irakur zitekeen artikulu baten gainean hitz egin genuen, datu bat gaizki zegoela uste bainuen. Bigarren eta azken bisitan, berriz, hil baino hiru egun lehenago, Unión Cerrajerako egunetatik laguna zuen Jesus Trincadori buruz mintzatu nintzaion, bezperan hitz egin bainuen telefonoren bidez Montevideon bizi den 97 urteko arrasatearrarekin. Eta Jose Mariren heriotzaren ostean, Arrasateko historiaren iturri emaritsuetatik bizirik geratzen zaidan azkena Trincado bera da. Gaur bertan Urangaren desagerpenaren berri eman diot, tristuraz.

Sarri esan dudan moduan, Jose Marik ez zuen egiazko datutzat inoiz eman aldez aurretik frogatu gabea. Horrexek eman zion garrantzia bere lanari, leienda eta tabernako ipuinak egiatzat hain samur hartzen diren garaietan. Ikustekoa zen zein nolako amorruarekin erantzuten zuen, adibidez, Zaldibarko lur orubea arrasatearrek oñatiarrei doke partida batean irabazi zietela entzuten zuenean! Erdi Aroko historia zein mende honetakoa gustu berdinarekin lantzen zituen eta beti iturburuetatik edan zuen, hau da dokumentuetatik, kopiakeria hutsean edota asmakuntza merkean geratu gabe.

Jose Mari Acción Católica-ko presidentea izan zen zenbait urtetan, eta txalogarri ihardun zuen orduan ere. Mezu idatziaren garrantziaz konbentzitua, “Mondragón” aldizkaritxoa argitaratu zuen 1963 eta 1964ko San Juanetan, eta edukien artean, besteak beste, anonimopean, Jose Maria Arizmendiarrietaren pentsamendu eta iritzi batzuk irakur daitezke. Lehen adierazi dudan moduan, bi Jose Mari-en izpirituak ongi uztartzen ziren. Urangaren erlijiotasunak ez zion eragozten, bestalde, gizarte zibilerako zentzunik zuzenarekin jokatzea. Horrela bakarrik ulertzen da 1968an idatzi zuena: “Después de tantos años de serle fiel descubro mi discrepancia con los que quieren para el Centro unos tutelajes que no van ni con la personalidad ni el espíritu de la Sociedad, formada al servicio de la iglesia y sus socios católicos laicos. He llegado al convencimiento de que aquella plena entrega a la jerarquía eclesiástica, renunciando a su histórica personalidad fue el gran error, el disparate histórico de nuestro Centro”.

Bere jaioterria barne-barnean zeramala esatea ez dut esateagatik egiten; horra hor, adibidez, Jose Marik Arrasateko euskara dela eta burututako azterketa linguistikoa. Badakit ez zuela aditu baten jantzi teorikoa, baina zekien guztia paperean jartzeko trebetasuna zuelako eskema ederrak osatu zituen, adibidez, arrasatear aditzari buruz. Tokiko hizkeraren egitura tipikoa finkatu nahi izan zuen, eguneroko praktikan oinarritua. Kexu ageri zitzaidan, gure euskarari kristalezko ontzitik zuzendutako sasi ikerketen bitartez askotan eman zaion tratamendu kaxkarraz. Hauexek dira presaka idatzi ditudan oroitzapenak. Jose Mari Uranga joan zaigu baina ezagutu genuen askoren baitan bizirik dago. Beti arte, Jose Mari!