309 Zenbakia 2005-07-15 / 2005-07-22
Polizia premiazkoa da atxilotzeko eta entregatzeko europar agindua betetzeko. Bere esku dago atxiloketa eta entrega egitea. Aitzitik, erabakia epaien esku dago. Hots, estatu kide bateko epaiak onartzen den europar agindua bidaltzen die beste kideei; eta EBko estatu kide guztietako poliziek pertsona aurkitzeko neurriak martxan jartzen dituzte.
Dena den, Poliziaren eta europar aginduaren arteko harremana bi ikuspegi ezberdinetatik aztertzen da, nahiz eta bien arteko lotura argia izan. Alde batetik, EUROPOL aztertuko dugu. Hain zuzen, EUROPOLen europar aginduak eragina duen ala ez. Bestalde, poliziaren ohiko lanerako zein arazo edo hutsune sortu dituen.
EUROPOLek bere ibilbidea hasi baino ez du egin. Gauza asko egiteke daude. Esaterako, instrumentuak oraindik ez dituzte berretsi. Era berean, estatu kide guztiek informazio guztia ez diote EUROPOLi bidaltzen. Hortaz, EUROPOL herrenka dabil. Argazkia: Kevin Connors (kconnors@kconnors.com)
Hori dela eta, estatu kideek EUROPOLekin duten harremana aldatu behar dute. Modu berean, EUROPOL moldatu egin behar da, eta garai berrietara egokitu. Horretarako, honako neurriak onartzea komenigarria izango litzateke.
Batetik, EUROPOLek egiten dituen txostenak etorkizunera begiratzen duten txostenak izan beharko lirateke; ez, aldiz, egun egiten diren bezalakoak. Hau da, iragana aztertzen duten txostenak egiten dira. Modu honetan, Kontseiluak, iraganean oinarritutako txostenek esaten dutenari jarraiki, ezin ditu geroari buruzko estrategiak onartu.
Bestetik, EUROPOLek eta EUROJUSTek elkarrekin egin behar dute lan. Bi erakunde europar hauek, nahiz eta bakoitzak bere lanetaz arduratu, eginkizun askotan lana elkarrekin egin dezakete. Beraz, borondatea eta prozedura erabakitzea besterik ez da falta. Tresnak, baliabideak, legedia eta gainontzekoak adostuta daude. Baina horretarako, esandakoarekin batera ezinbestekoa da estatu kideak ere ados jartzea.
Horrez gain, ikerketarako lortutako talde lanak garatu egin behar dira. Izatea ez da nahikoa, martxan jarri behar dira eta lan egin behar dute.
Modu berean, informazioa hobetu beharra dago. Datuak egokitu behar dira eta hauen kalitatean sakondu. Hala, posible litzateke ikerketa teknikak hobetzea.
Baina, hau guztia lortzeko ezin da ahaztu funtzionarioek heziketa berezia behar dutela. Egun, ez da nahikoa nork bere herrian nola ikertu jakitea. Halaber, EBn zein teknika erabiltzen diren eta zein legedi markoan kokatzen diren jakitea ezinbestekoa da. Esan gabe doa, hizkuntza ezberdinak jakitea guztiz komenigarria dela polizien arteko elkar lanerako.
Beraz, Poliziaren heziketa planak areagotu eta sakondu egin beharko dira. Horretaz gain, Polizien arteko ikas-trukea zabaldu behar da. Hori dela eta, Polizia heziketari buruzko politikak egokitu behar dira; eta agian, politika berri hauen artean leku berezia izan beharko lukete Polizien arteko elkarlana eta delituen prebentzioa. Ez dezagun ahaztu aniztasunak aberasten gaituela, eta eskarmentuak eta ikuspuntu ezberdinek argia ematen dutela.
Ildo beretik, Poliziari estatu barnean arazoak sortu zaizkio. Esate baterako, batetik , atxiloketaren epeak – zein da legezkoa: 24 ordu, 72 ordu edo bost eguneko epea inkomunikazio kasuetan- eztabaidak piztu ditu. Bestetik, “habeas corpus” izenekoa ez da aipatzen legedian. Atxilotzeko europar aginduan ez da ezer esan. Hortaz, pentsatu behar da legedi komuna kasu horretarako bete beharrezkoa dela. Egia esan, arazoa judiziala izan arren, azkenean arazo polizia amaitzen du izaten. Hots, Poliziak atxilotu duen pertsona epe jakin baten barru ( Judiziamendu Kriminaleko Legeak onartzen duen epea, hain zuzen) epaien aurrera eraman behar du. Europar Aginduaren arabera, Instrukzio Epaitegi Zentralera eraman behar du. Baina “habeas corpus” legearen arabera lekuko epaia da “habeas corpusa” aztertzeko eta erabakitzeko eskumena duena. Bikote honen aurrean Polizia dago eta epea gainditzen badu legez kanpoko atxiloketa bati aurre egin beharko du.1
Bestalde, entrega egiten denean zilegia da delituarekin zer ikusia duten objektuak eta instrumentuak estatu eskaleari bidaltzea. Baina, zaintza katea nola babestu ez da arautu. Horrek arazoak sor ditzake. Batetik, estatu guztiek ez dituztelako era berean onartzen eta arautzen horrelako frogak. Bestetik, objektu horiek judiziamendu prozesurako duten balioa ez da berdina. Halaber, zaintze katearen apurtzeak ez du erantzukizun bera estatu guztietan. Estatu batzuetan delitu zigorra da eta beste estatu batzuetan, aldiz, isuna besterik ez dakar.
Ertzaintzari dagokionez, bereziki, ez dio eskumen berririk eskaini. Lana, aldiz, areagotu da; eta horrekin batera egoera berrietara egokitu beharra. Badirudi, poliziaren elkarrenganako lana indartu duela baliabide berri hauekin. Dena den, oro har atxilotzeko eta entregatzeko Europar Aginduak ez du eragin handirik izan.2 ONDORIAK
Europar eremu judizialaren eraikuntzan izugarrizko bitartekoa izan da Europar Agindua. Dena den, atxilotzeko eta entregatzeko europar aginduaren betekizunaren inguruan hainbat arazo sortu dira.
Alde batetik, estradizioaren porrotak Erabaki Markoa bultzatu du. Baina, Erabaki honen transposizioa ika-mikak piztu ditu. Hain zuzen ere, estatu kide bakoitzak Erabaki Markoa barneratu du nahi izan duen moduan. Horrek desberdintasun ugari sortu ditu europar aginduan. Hori dela eta, europar agindua ez da modu berean aukeratu estatu guztietan. Argazkia: Gracey (http://ca.geocities.com/rontoyman@rogers.com/_sgt/f10000.htm)
Barneratze prozesu ezberdin honen atzean estatuen subiranotasuna agertzen da. Hau da, EBko estatu kide bakoitzak Erabaki Markoa barneratu baino lehen bere legediaren eta nortasunaren babesaren aldeko azterketa egiten du. Hots, Europatik datorrena indarrean jarri baino lehen ezinbestekoa da norberaren legediaren kontra ez azaltzea. Gauzak horrela, oso nabaria izan da subiranotasunaren menpeko azterketa Erabaki Markoaren transposizio prozesuan.
Horrez gain, transposizioak egitura asimetrikoa sortu du; eta hainbat kasutan europar aginduaren irizpideak galdu egin dira. Esaterako, estatu kide batek Justizi Ministerioa izendatu du epai egikaritze autoritate bezala. Larriena da elkarrikotasunean ezin dela hau guztia konpondu.
Beste alde batetik, Zigor epaileen arteko elkarlanean atxilotzeko eta entregatzeko europar agindua da elkarrenganako errekonozimenduaren printzipioaren lehen ezaugarria3. Baina, esan beharra dago araudia ezartzea ez dela modu berean egin. Egoera honi aurre egiteko esparru desberdinetan lan egin behar da. Adibidez, delituen armonizazioaren bidean lan egin beharko da. Era berean, saiatu beharko da berehala epaien aurrean entregatzeko sistema edo baliabide berriak bilatzen. Horrekin batera, delituen jazarpenerako epaiek dituzten eskumenen banaketa hobetu eta egokitu behar da.
Nahiz eta atxilotzeko eta entregatzeko europar aginduak bertan behera utzi leporatze bikoitzaren printzipioa- behintzat, 32 delituko multzo baterako-, egia esan, interpretazio arazo ugari izan dira. Delituen jokaera tipikoari buruz hainbat eztabaida sortu dira, alegia. Jakina, estatu kideek ez dituzte delituak armonizatu. Hori dela eta, delitua zer den, edo hobeto esanda zer jokaera diren delitu ez dute era berean onartzen estatuek. Horregatik, atxilotuak entregatzeko unean delituen interpretazio desberdinak agerian jarri ditu; eta horrekin batera, legezko entregatzeko aukerak.
Baina dena ez da arazoa izan. Baliabide berri honek alde onak ere izan ditu. Izan ere, autoritate judizialen arteko bidaltze zuzena oso egokia izan da. Prozedura horren bitartez entregatzeko epea nabari murriztu da. Hori guztia lortzeko ezinbestekoa izan da eskumeneko organoak argi izatea bere lana zertan datzan jakitea eta aldi berean, bitarteko aproposak bilatzea.
Esandakoaren adibideak itzulpenetan eta atzerriko epaiaren identifikazioan aurki ditzakegu. Hots, itzulpen arazoei nola aurre egin konpondu dute modu zuzenean. Esan gabe doa, epaien identifikazioak nabarmen arindu duela prozesua.
Ildo beretik, esan behar da europar aginduak indarrean jarri duen prozedura onuragarria izan dela. Erabakia zuzena izan da: Prozedura judizialean bakarrik oinarritu da europar agindua. Hau da, aginduak ez du beste kutsurik izan. Hala, estradizioak zuen susmo politikoa baztertu du; eta horrekin batera,malgutasuna eta segurtasun juridikoaren gabezia lekuz kanpo utzi ditu.4
Hala eta guztiz ere, europar aginduen legeak hainbat aukera utzi ditu oraindik borondatearen menpe; hobeto esanda, estatuen menpe eta subiranotasunaren aginduetara.
Arestian aipatutakoaren beste ezaugarria honako hau da: hizkuntza bera ez erabiltzeak hainbat arazo sortu ditu eta oraindik sortzen ari da. Batez ere, epearen inguruan ari garenean egoera larria da. Arazo honi aurre egiteko denak ados jartzea baino ez dago. Baina, horretarako, borondateaz gain, subiranotasuna bertan behera utzi behar dute estatuek; eta dirudienez, hori beste kontu bat da.
Bestalde, Europar Agindua legedi nazionaletara hurbildu behar da. Zerrenda osatzen dituzten 32 delitu multzoak estatu guztietan esanahi bera izan behar dute. Europar Zigor Eremua eraiki nahi izanez gero, ezinbestekoa da zigor legearen armonizazioa. Are gehiago, EBko eremu osorako zein jokaera diren delitu eta zeintzuk lege hausteak adostu behar da.
Agian, hori lortzeko, AEBra begiratu beharko da. Izan ere, AEBko estatu bakoitzak bere zigor legeak eta bere delituak ditu, baina horretaz gain, delitu eta lege federalak ere badaude; eta badirudi sistemak balio duela. Hori dela eta, ez litzateke gaizki egongo gai honen inguruan hausnarketa txiki bat egitea. Zilegia litzateke EBko eremu osorako delitu batzuk definitzea eta Zigor Lege bat adostea. Hau da, Europar Zigor Lege eta Prozesu bat abian jartzea.
Bestalde, justizia gaien inguruko elkarrenganako lanetan, batez ere gizon-emakumeen trafikoen kontra eta legez kanpoko inmigrazio gaietan hutsuneak daude. Hori dela eta, beharrezkoa izango litzateke baliabide berriak bilatzea. Izan ere, atxilotzeko eta entregatzeko europar agindua soilik EBn dago indarrean. Hau da, EBtik at ez du balio berezirik. Baina legez kanpoko inmigrazioa eta gizon-emakume trafikoa EBtik kanpoko estatuekin badu zer ikusia. Hain zuzen, delitu hauek egiten dituzten organizazio kriminalak latinoamerikar estatuetan, Afrikan eta Asian daude. Horregatik, delitu hauen kontrako borroka oso zaila da.
Hortaz, oso interesgarria izango litzateke bitarteko berriak bilatzea, batez ere lehen instantzian. Hala, instantzia honetan posible izango litzateke biktimen kanporatze prozedura gelditzea; biktima hauek zigor prozeduraren parte direnean.
Honekin batera, tokialdaketarako eta babeserako prozedura onartzea beharrezkoa da zigor prozeduraren barnean. Are gehiago, aurretik onartutako frogak beste estatuetako epaileak antzemateko prest egon behar dira. Argazkia: Kevin Connors (kconnors@kconnors.com)
Horrez gain, hausnarketa berezia merezi du atxilotuen behin-behineko presoaldia. Hau da, izatez behin-behineko presoaldia kautelazko neurria baino ez da. Baina, errealitatean atxilotzeko epea bete bezain pronto zuzenean erabakitzen da behin-behineko presoaldia. Badirudi, kautelazko neurria betetzeko neurria izatera pasatu dela. Horrek Europar Aginduaren prozedura eta irizpidea aldatzen ditu.
Bukatzeko, esan beharra dago oraindik asko dagoela egiteke. Asko dira lan egiteko esparruak:
- Benetan beharrezkoa da transposizio egokia egitea; batez ere Estatu batzuen artean. Hau da, atxilotzeko eta entregatzeko aginduaren oinarriak ezin dira ukatu. Hortaz, transposizioaren bitartez ezin da legea aldatu, ezta bakoitzaren interesen alde erabili ere.
- EBko estatu kideek lan tekniko judiziala garatzearen konpromisoa hartu behar dute . Prozedurak arindu egin behar dira bai epeari eta baita egitura dagokionari begira. Modu berean, hiritarren eskubideak nolanahi ere erraztu behar dira.
- SIS erabiltzeko erraztasun guztiak eman behar dira. Hala, benetako informazioa erabiliko da denbora errealean eta modu arinean .Baina aldi berean, SIS ere egokitu behar da eta horretarako legehauste zerrenda eta prozedura bakarraren alde lan egin beharko da.
- Alde batetik, armonizazioa lortu behar da bai delituetarako baita zigorretarako ere; eta beste alde batetik, legedi europarra lortzeko baliabide guztiak martxan jarri behar dira.
- Bestalde, kalitate prozesua onartu beharko zen Justizi arloan. Horrekin batera, ezinbestekoa litzateke epaien eta fiskalen heziketa hobetzea eta Sare Judiziala indartzea.( Agian, Epaien ERASMUS delakoa abian jarri beharko zen)
- EUROPOLen eta EUROJUSTen elkarrenganako lana areagotu beharko da; eta ez bakarrik erakunde horien artean, EBko estatu kideetako eragile juridiko guztiek elkarrekin lan egin behar dute. BIBLIOGRAFIA
- SANZ HERMIDA, Ágata Mª.: “El futuro espacio europeo de justicia penal”, Revista Poder Judicial nº 74 de 2003.
- CASTILLEJO MANZANARES, Raquel: “Instrumentos en la lucha contra la Delincuencia. La Orden de Detención Europea y los Procedimietos de Entrega entre Estados Miembros” , Editorial COLEX, 2002.
- GÓMEZ-JARA DÍEZ, C.: “Orden de Detención europea y Constitución Europea: reflexiones sobre el principio de reconocimiento mutuo”, Diario LA LEY, núm. 6069, de 26 de julio de 2004.
- DEL POZO PÉREZ, Marta: “La Orden de Detención y Entrega: Un avance en el Principio de Reconocimiento Mutuo de resoluciones juidicales entre los estados de la Unión Europea”, Diario LA LEY núm. 6164, de 10 de enero de 2005.
- COMUNIDADES EUROPEAS, Bruselas: “Informe de la Comisión basado en el artículo 34 de la Decisión Marco del Consejo, de 13 de junio de 2002, relativo a la Orden de Detención y Entrega Europea y a los procedimientos de entrega entre los Estados Miembros, COM (2005 63 Final), de 23 de febrero de 2005.
- CASTILLEJO MANZANARES, Raquel: “El Procedimiento español para la emisión y ejecución de una Orden de Detención y Entrega”, Actualidad Jurídica Aranzadi nº 587, de 24 de julio de 2003.
- FONSECA MORILLO, F.J.: “La orden de detención y entrega europea”, Revista Española de Derecho Comunitario Europeo, núm 14, enero/abril 2003.
- Dirección del Gabinete del Viceconsejero de Seguridad del Gobierno Vasco: “Orden de Detención y Entrega. Euroorden”, 1 Zbk Ikaste Liburua - Cuaderno de Estudio nº1.
- JIMENO BULNES,M.: “La Orden de Detención y Entrega: aspectos procesales”, Diario LA LEY, núm 5979, de 19 de marzo de 2004. - ALONSO PÉREZ, Francisco: “Expulsión Administrativa de Extranjeros. Innovaciones introducidas por las Leyes Orgánicas 11/2003 de 29 de septiembre y 14/2003 de 20 de noviembre”, Diario LA LEY, núm 6053, de 2 de julio de 2004.