306 Zenbakia 2005-06-24 / 2005-07-01

Gaiak

Harrizulatzaileak: herri kirol bat berreskuratzen

SANTAMARIA, Jabier

Meatzaldeko Harrizulatzaileak elkartearen kidea



Azken urte hauetan, gero eta gehiago ari gara ikusten herri kirol bat, berria askorentzat: harrizulatzaileak. Berria ote, baina? Oker dabil horrela pentsatzen duena, herri kirol hau harrizulatzaileek edo barrenolariek egin baitzuten eta mende bat baino gehiagoko antzinatasuna baitu. Kirol praktika hau orain dela gutxi arte desagertuta zegoen, baina azken urte hauetan, eta hainbat pertsonaren ahaleginez, berreskuratu egin da, zorionez.

Saia gaitezen artikulu honetan atzera egiten historian, eta berreskurapen prozesu honi buruz hainbat datu plazaratzen, beti ere harrizulatzaileen herri kirol honen gainean gehiago jakiteko. Urtuellako proba zaharra. Udaletxearen plaza (1917) Jokoaren jatorria

Euskal Herrian, beste edozein herri kirolek bezala, lanean du jatorria. Erronka eta apustua direla medio, plazara eraman zen eta kirol bihurtu. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, lanbide hau nahiko ohikoa zen harrobi eta meatzeen ustiapenean. Leku horietan haitzari zulo sakonak egin behar izaten zitzaizkion, bolbora edo dinamita kartutxoak sartu eta eztanda eginaraziz, interesatzen zen harri edo mineral mota ateratzeko. Bizkaiko Meatzaldean (Urtuella, Gallarta, Galdames, Trapagaran, Muskiz,...) burdin mea zen helburu. Euskal Herriko beste leku batzuetan, berriz, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaia artean (Markina, Deba, Itziar, Eibar, Mendaro, Elgoibar,...), eraikuntzan erabiltzen zen kareharria lortzea zuten helburu.

Harrizulatzaileek altzairuzko barrena luzeak erabiltzen zituzten lanean, eta egin behar ziren zuloek askotan bi metro baino gehiagoko sakonera izaten zuten. Oso ogibide gogorra zen, egun osoan ibili behar baitziren gora eta behera hamar kilo baino gehiagoko barrena batekin. Agian, horregatik, eta euren egitekoa ezinbestekoa zelako, oso langile preziatuak ziren. Euren lana espezialista batena zen eta meatzeetan goi mailako langiletzat hartzen zituzten; alegia, beste edozein beharginek baino soldata hobea zeukaten.

Kirol legez, harrizulatzaileen probak oso ohikoak ziren gure herrietako plazetan. Lehen komentatu ditugun eskualdeetan: Meatzaldean, batetik, eta Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, bestetik, herriko jaietan ekitaldi garrantzitsutzat jotzen ziren harria zulatzeko ekimen ikusgarri hauek. Horrez gain, sona handiko herri kirol jaialdiak egiten ziren herrietan ere, Tolosan eta Azpeitian esaterako. Garai haietan lehiak banan-banan izaten ziren, eta beraz, harrizulatzaileak laguntzaile batzuekin batera lehiatzen ziren: “Baietz nik zulo sakonagoa egin!” edo “baietz nik barreno gehiago bi minutuan” gisako erronkak botaz. Erronka batetik bestera, zuloen sakontasunetik probaren iraupenera aldatzen zen. Tolosako proba zaharra. Justizia plaza (1920).

Proba hauen erreferentzia bibliografiko asko daude erregistratuta. 1910eko “El Pueblo Vasco” egunkariak, adibidez, Moncalvillo harrizulatzailea goraipatzen du artikulu batean. Artikulu honetan ikusgai duzue argazki batean Urtuellan 1917an egindako txapelketa bat. Vicente Blasco Ibañez idazleak “El intruso” liburua idatzi zuen 1904an eta han harrizulatzaile proba baten deskribapen literarioa egiten du, azpimarratzea merezi duena. Lehiaren kontakizuna Azpeitian kokatuta dago, eta hango harrizulatzaile baten eta Gallarta aldeko beste baten artekoa kontatzen du.

Hala ere, 1930 urte inguruan, Gerra Zibila baino lehenago, harrizulatzaileen txapelketak desagertu egin ziren. Mailu hidraulikoak eta beste makina batzuk agertu ahala harrobietan eta meatzetan zuloak eskuz egitearen beharra desagertu zen. Horren ondorioz, harrizulatzaileen lana ere desagertu egin zen, eta badirudi izen bereko kirolariei ere gauza bera gertatu zitzaiela. Berreskuratzea

Desagertu ostean, urte asko igaro ziren harik-eta herri honen ondare kultural eta historiko hau berreskuratu arte. Guk saiakera batzuen berri jaso izan dugu. Esaterako, 1978ko maiatzean, Mendaron, Trinidadeko erromerian, eta urte berean, irailean, Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan. Bi erakustaldi horietan gizon heldu batzuek - gaztetan lanbide honetan arituak- azalpenak eman zituzten lana eta kirola uztartzen zituen harrizulatzaileen jardueraren inguruan.

Hogei urte beranduago, 1998ko urriaren 3an, Urtuellako Euskal Jaietan, herriko Autrigoiak Euskara Elkarteak harrizulatzaile txapelketa bat antolatu zuen, gure ondasun historiko hau berreskuratzeko eta euskara suspertzeko asmoz. Gure eskualdeko bi ondasun hauek, euskara eta harrizulatzaileak, berreskuratu eta euren normalizazioaren bidean aurrerapausoak egitea nahi zuten. Euskarak bere urratsak emanak zituen bide honetan. Garaia zen harrizulatzaileek ere, euskararen eskutik, herriaren bizitzan zegokien protagonismoa berreskura zezaten. Urtuellako Euskal Jaiak 1998-10-3. Lehen proba 80 urte ostean. Partehartzaileak.

Egun esanguratsu hartan hiru talde lehiatu ziren. Harrizulatzaile gehienak urtuellarrak izan ziren, baina tartean Trapagarango eta Abantoko jendea ere izan zen. Zein taldek 30 minutuan 10 zentimetro sakoneko zulo gehien egiten zituen, harexek irabazi zuen. Garai berri hauetan harrizulatzaile txapeldunak Iñaki Arana, Jorge Mateo eta Jabier Santamaria izan ziren, 4 zulo edo 40 zentimetroko markarekin.

Markina-Xemeinen eta Mendaron gertatu zen bezala, Urtuellako herrian ere benetan pozgarria izan zen harrizulatzaileen proba bat berriz ikusi ahal izatea. Urtuella bezalako herri batentzat, ofizialki 1901ean sortua, oso garrantzitsua izan zen kirol hau berreskuratzea, berau ondare kultural-historikoa eta adinez herria bera baino zaharragoa. Gaur egun, nahiz eta meatzeak ustiapena ez mantendu, bere burdina eta harrizulatzaileak herriaren ikur bihurtu dira eta elementu honek kanpora begira identifikatzen gaitu. Harrizulatzaileek zerikusi handia izan zuten herriaren sorkuntzan, eta gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere, protagonistak izaten jarraitzen dute. Lehiaketa modernoak

Zegokion lekua emanez harrizulatzaileen kirolari, eta arestian aipatu legez, Urtuellako lehen proba hark bultzatua, 1999an proba ofizialak eta txapelketak hasi ziren.

Gaur egungo txapelketek 30 minutu irauten dute eta zuloak 10 zm. du sakonera. Denbora horretan zulo gehien egiten dituen taldeak irabazten du. Amaitu gabe geratzen bada azken zuloa, haren zentimetroak ere zenbatzen dira.

Harrizulatzaileak hirunaka, binaka edo banaka aritzen dira. Azken kasu honetan probak 20 minutu irauten du. Talde bakoitzarekin botilero bat egoten da. Honek funtzio bikoitza du. Alde batetik, ura botatzen du zuloetara, eurotan geratzen diren harri koskorrak ateratzeko eta ahal den heinean barrena asko ez berotzeko; beste batetik, harrizulatzaileen txandak antolatzen ditu. Botileroak pentsatzen duenean zuloa eginda dagoela, epaileari deitzen dio neur dezan. Honek zuloa ontzat ematen badu, ziurtatzen badu 10 zentimetro sakonera duela, taldeari zenbatzen zaio.

1999an formatu hori jarraitu zen Harrizulatzaileen I. Ligan. Lehen ekitaldi horretan Arboledako taldea atera zen garaile, batez-beste 6 zulo eta 4 zentimetroko marka eginda. Berarekin batera Gallarta, Urtuella eta Abantoko taldeak aritu ziren lehian.

Urte hartatik hasita, urtero egin da liga eta, pixkanaka-pixkanaka, proban talde ezberdinek hartu dute parte: Sortua Taldea Parte hartze ligan 1998 Urtuella 7 1999 Abanto 2 1999 Arboleda 6 1999 Gallarta 7 2000 Galdames 5 2000 Kotorrio 1 2002 Trapagaran 4 2004 Aldai-alde 2 2004 Txorierri 2 2005 Sanfuentes 1 2005 Errekatxo 1 2005 Sondika 1

Orain arte izandako ligen datuak, berriz, hauexek dira: Liga Txapelduna Batezbesteko marka Egindako probak 1999 Arboleda 64 zm 3 2000 Gallarta 76 zm 5 2001 Arboleda 115 zm 5 2002 Arboleda 110 zm 6 2003 Trapagaran 93 zm 8 2004 Trapagaran 115 zm 11

Aipaturiko liga honetaz gain, ezerezetik bidea osatuta, egun badira harrizulatzaile liga ofizial gehiago. Bata kopa moduko bat da, kanporaketak irabazi behar baitira finalera heltzeko. Kasu honetan probek formatu berdina dute: 30 minutu eta 10 zentimetroko zuloak. Bestea banakakoa da, harrizulatzaileak bakarka lehiatzen dira euren artean. Bere gogortasunagatik azken txapelketa mota hau azpimarratuko genuke. Banakako proba horiek antzinako txapelketekin antz handiagoa dute, eta sufrimendu handikoak dira. Kasu honetan 20 minutu irauten du probak eta zuloak 10 zentimetrokoak dira. Hurrengo taula honetan txapelketa hauetan izandako emaitzak batu ditugu:

Urtea Banakako txapelketa Kopak 2000 ---------- --- Larrañeta 93 zm 2001 Fertxi Garcia (Trapagaran) 37 zm Arboleda 116 zm 2002 Mikel Zeanuri (Trapagaran) 39 zm Trapagaran 113 zm 2003 Fertxi Garcia (Trapagaran) 44 zm Trapagaran 116 zm 2004 Iñigo Aurrekoetxea (Txorierri) 44 zm Galdames 114 zm

Txapelketekin batera, osagarri moduan eta herri kirola ezagutarazteko, erakustaldiak egiten dira. 1998tik gaur egun arte 100 erakustaldi baino gehiago egin dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Askotan jendea harrituta geratzen da benetan gogorra eta ikusgarria den kirol hau ezagututa. Hainbat eta hainbat pertsona asko pozten dira, konturatuta kirol hau – etxeko zaharrek bakarrik ezagututa – berreskuratu dela. Luzeegia izango litzateke egin diren erakustaldien berri ematea. Adibide gisa hemen zerrendatzen dira zeintzuk erakustaldi egin diren lehen aldiz Bizkaiko Meatzaldetik kanpo: 1999: Ondarroa 2000: Aulesti, Getxo, Markina-Xemein, Güeñes, Sestao eta Bilbo 2001: Arrigorriaga, Mutriku, Portugalete, Balmaseda eta Tolosa 2002: Sondika, Erandio,Ugao eta Santurtzi 2003: Garai, Arrankudiaga, Zalla, Sopuerta eta Leioa 2004: Iruñea, Uharte-Arakil, Mungia, Aramaio, Barakaldo, Derio, Trutzios, Forua, Etxebarria, Gatika, Zeberio, Errespalditza, Arrasate eta Nabarniz Harrizulatzaileen probak, ikuskizuna ziurtatuta

Harrizulatzaile proba bat ikusten dugunean jaso dezakegu lehenengo inpresioa probak oso ikusgarriak direla eta zenbat eta talde gehiago aritu, orduan eta ikusgarriagoa direla da. Harrizulatzaileak ikustea taldeen barrenak etengabe joka harriaren kontra, harrizulatzaileak hasperenka, noizbehinka oihu txikiren batek ihes egiten duela eta kolpearen ondorioz irteten diren ur zipriztinak eta harri solte txikiak hara-honaka,... horiek guztiak zeharo erakargarriak suertatzen dira.

Harrizulatzaileek esfortzu eskerga egiten dute, eta eurentzat oso lagungarri izaten da ikusleen animuak jasotzea intentsitateari eusteko. Hori ziurtatzeko, eta probari emozio gehiago emateko, normalean apustu txiki batzuk egiten dira. Hiru galdera asmatu behar izaten dira: nork irabaziko duen proba, zenbat zulo osorik egingo dituen talde irabazleak eta, azken galdera, osatu gabeko azken zuloak zenbat zentimetro izango dituen. Galdera horiek asmatzen dituenak, edo pasa barik gehien hurbiltzen denak, batzen den diru guztia eramaten du sari. Apustuak beti egon dira lotuta herri kirolarekin, eta harrizulatzaileekin ere horrela gertatzen da, bai lehen eta baita orain. Hala ere, jokatzen den dirua ez da asko, apustu bakoitzak euro bat balio baitu eta, beraz, proba batean gehien batu den diru kopurua ez da oso altua izaten. Tranpagarango proba (2002).

Ez da gauza erraza harria zulatzea, are gutxiago hogeita hamar minutuan. Hasiera batean badirudi indarra besterik ez dela behar, baina ez da hori bakarrik, erresistentzia fisikoa eta teknika egokia ere ezinbestekoak dira.

Zuloak egiteko teknika behar da, eta hau lortzen da proba aurretiko entrenamenduetan. Kolpe bakoitzeko buelta txiki bat eman behar zaio barrenari. Horrela lortuko dugu zuloa borobila egitea, bestela ezin izango genuke sakontasunik lortu, barrena zuloan geratuko bailitzake ez atzera ez aurrera.

Barrena ahalik eta altuen altxatu behar da eta, zenbat eta distantzia gehiago egon barrena eta harriaren artean, orduan eta abiadura handiagoko kolpea ematen da. Beso luzeak izateak altuera hartzen laguntzen du. Batzuek oin puntetan ere jartzen dira edota jauzi txiki bat egiten dute. Bizkarra okertu gabe eutsi, barrena zuzen jaitsi eta horratx kolpea. Justu une hauxe da garrantzitsuena. Barrenak harria jotzen duenean, gogor eutsi behar zaio kolpeari. Harriari ahalik eta min gehien egin behar zaio, izan ere, azken momentu hori, biolentzia handikoa, ondo kontrolatzen badugu, etekin handia aterako diogu gure esfortzuari, eta kolpe gutxiagorekin zuloa arinago egingo dugu. Eta ez ahaztu, kolpea eta indarra mantendu behar direla probak irauten duen minutu guztietan.

Esfortzua dosifikatu behar da, erritmo azkarra eta intentsitatea proba osoan zehar mantentzeko. Horren erantzukizuna botileroak du. Berak antolatzen du taldea. Probaren hasieran harrizulatzaile bati gehiago eskatzen dio, bere txanda luzatuz eta besteak baino kolpe gehiago emanaraziz. Proba aurrera joan ahala, beste bati luzatuko dio txanda, baina beti ere amaieran fresko arituko den harrizulatzaile bat erreserbatuta. Askotan proba hasi aurretik taldeak adostuko du nola egin antolaketa hori. Erronka berriak

Urtuellako harrizulatzaileak Arboledako proban (1999). Gaur egun harrizulatzaileen kirola berreskuratuta dagoela esan dezakegun arren, beste kontu asko ere falta dira hobetzeko edo indartzeko.

Lehena, zalantza barik, harrizulatzaileen jarduera leku gehiagotara zabaldu beharra. Egun ia talde guztiak Bizkaian daude (Gipuzkoan aurten hasiko da talde bat) eta egiten diren proba gehienak herrialde honetan izaten dira. Talde berriak agertzea seinale ona izango litzateke, eta are gehiago orain arte harrizulatzaileak aritu ez diren lekuetan izango balitz. Azken honek kirolaren hedapena ekarriko luke.

Bigarren erronka, kirola ofizialki normalizatzea eta arautzea izango da. Ardura hau batez ere, lurralde bakoitzeko Herri Kirol Federazioaren esku dago, eta batez ere Bizkaikoaren esku. Hauei dagokie, erakunde publikoak bezala, berreskuratutako herri kirol honen probak arautzea eta erregistratzea. Ardura hau epaile federatuek egin beharko lukete, beste herri kirol guztietan egiten den bezala, eta erreleboa hartu orain arte sakrifizio handiz laguntzaile anonimoek eta boluntarioek egindako lanari. Ez da hau Federazioek egin beharko luketen lan bakarra, horretaz gain jarduera sustatu eta hedatu egin beharko lukete. Orain arte Federazioek, erakustaldi batzuetan parte hartzeko gonbitea emateaz gain, ez dute beste apartekorik egin harrizulatzaileen herri kirola bultzatzeko.

Kirol honen etorkizuna bermatzeko eta gaur arte egindako bideari eusteko, hirugarren helburua izango litzateke harrizulatzaile berriak lortzea jende gaztearen artean. Kirol baten sendotasuna ez dago soilik dauden fitxen kopuruaren baitan, kontuan hartu behar da, halaber, aritzen diren kirolarien batezbesteko adina. Gure kasuan, gaurko egunez, aritzen diren harrizulatzaileak kirolari helduak dira, eta, agian, jende gazte gehiago erakartzea falta zaigu.

Artikulu honetan ikusi dugun bezala, bide luzea egin da galduta zegoen harrizulatzaileen herri kirola berreskuratzeko. Lorpen honetan zerikusia duten pertsonen zerrenda oso luzea da. Agian, harrizulatzaileak izan dira guzti honetan protagonistak, eta era berean gehien sufritu dutenak helburu hau lortzeko. Hala ere, edozein jardueratan bezala, badira anonimatuan egundoko lana egin duten beste hainbat eta hainbat pertsona, besteak beste: botileroak, epaileak, antolatzaileak, laguntzaileak, jarraitzaileak,... hauen guztien ekarpena premiazkoa izan da. Gure babesle eta gure erakunde lokalak ere ezin ditugu ahaztu, batez ere Abanto, Trapagarango eta Urtuellako Udalak. Euren laguntza barik ezinezkoa izango bailitzateke gaur artikulu honetan deskribatu dugun errealitatea egia izatea. Guztioi, bihotz bihotzez, eskerrik asko! Bibliografia:

“Juegos y deportes vascos”. Rafael Aguirre Franco. Enciclopedia general ilustrada del País Vasco. Edit. Auñamendi

“El intruso”. Vicente Blasco Ibañéz. Ediciones de Librería San Antonio. Barakaldo, 1999.

“Valle de Trapaga. Apuntes de su historia hasta 1900”. Larrañeta Alpino Club, 1993

“Concejo de Ortuella. Crónicas de su evolución hasta 1937”. Luis Manuel Maqueda Mata, Juan Ignacio Rodriguéz Camarero, Jose Rodriguéz Andrés eta Maire Rodriguéz Quintana. Ed. Ayuntamiento de Ortuella y Departamento de Transportes de la Diputación Foral de Bizkaia. Bilbao, 1995 “El Pueblo Vasco” egunkaria. 1910. Euskara zuzentzaile: Iratxe Aranburu, Mitxel Kaltxakorta eta Estepan Plazaola.