305 Zenbakia 2005-06-17 / 2005-06-24

Gaiak

Lauaxetaren poesiaren bideak

KORTAZAR, Jon

Euskal Literaturako Katedraduna



Lauaxetaren poesiaren bideak ikusteko nahiko izango dugu bere lehen poema liburua zabaltzea, hartara hurbiltzea. Bide barrijak (1931) zabalduz gero topo egiten dugu bertso sail argigarri batekin:

“Zer dodan eztakit, baña gexo nago:

gorputza aul daukot, gogua ariago.

Arratsari nago... itxas urdiñari,

Lanari el-ezin, soilik ametsari”.

Estepan Urkiaga Basaraz. «Lauaxeta». Liburuko lehen bertsoak dira eta autopoetika bat dugu, ondoren hobeto aztertuko duguna. Hasteko, bada hitz berezi bat azaldu beharko genukeena: “gaixo”. Garbi dagoenez, ez da osasunik gabe egotea, itzulpenak askoz ere hobeki lotzen du esanahia malenkoniarekin, hain zuzen ere poeta modernistak zuen bizitza jarrera jakin batekin, munduak, materiak, lanak ez dute bere gogoa betetzen, eta beste zerbait nahi du, maite du poetak: ametsa. Gorputza/gogoa, lana/ametsa: hona hemen kontrajarpen nagusiak gure modernitatean. Analogia maite duten poetengan behintzat.

Zer da gaixotasun hori? Zer da lanari heldu ezin, eta ametsari heldu behar hori? Modernismoak eta Modernitateak bultzatu zuten arima-joera nagusia: melankolia. Poeta ez da egoki sentitzen mundu honetan (“lanari heldu ezin”), ez du giro hor; bai, ordea, ametsean; ametsari heldu nahirik dabil. Mundu honetatik aparte, mundu honetatik desterruan eta beste mundu baten ametsean bizi da. Hori da melankolia...

Horregatik jotzen du idealetara, ideia berrien bidez mundua aldatu nahi da, eta “¡Itxasora!” bezalako poema baikor batek argi uzten du zein den Lauaxetak agertzen duen entusiasmoa garai historikoaren aurrean:

“Odiseu barri gara, lamiñik ezta baña,

emen sortuba ezta Aprodite liraña.

Geure abenda antzo pioneer gaste gara”.

Baina idealak beti mendian daude, izadian, hiritik urrun, lanetik urrun. Eta gai azalduko duten poema garbi daude: “Artxanda ganian”, baina batez ere, “Mendijetara”, Lizardi gogora ekartzen duen poema:

“Urrun giz-otsetatik, menditara nua,

leyak ba loitzen dabe garbi dan gogua”.

Poeta biongan agertuko da gora joan nahi izugarri bat, gorantz, argia bizi den tokirantz, idealerantz, eta, kristaua izanez gero, Jainkoarenganantz... Ideala beti goian dago, horregatik mendia sinbolo nagusi bihurtzen da. Eskerretik eskuinera. Manu Robles Aranguiz, Estepan Urkiaga Basaraz «Lauaxeta», Juan Careaga, José Antonio de Aguirre. Ekitaldia Euskalduna frontoian, 1932. urtean.

Juan Ramón Jiménez-ek idatzi zuen moduan,

“Los sentimientos son casi siempre una cuestión atmosférica. Un grado más o menos de temperatura, un viento más o menos sutil, una luz más o menos de oro determina un estado del alma”.

Sentimenduak izadiarekin bildurik agertzen dira. Horregatik da hain garrantzitsua mendia: han argia argiagoa delako, han haizearen izaera beste era batekoa. Izadiak sentimendua sortzen du, eta gehien sortzen duena melankolia da, beste mundu baten itxaropena eta desioa...

Analogiaren poesian kokatuko du bere lana Esteban Urkiaga, Lauaxetak (1905-1937). Horrek esan nahi du Modernitatearen poesian mugitzen den poetaren lana irakurtzera goazela. Ez zuen askorik idatzi: Liburu bi argitaratu zituen Lauaxetak: Bide barrijak (1931), Arrats beran (1935). Egia da beste poema batzuk argitaratu zituela aldizkarietan barreiaturik, eta, epikak tentaturik, genero horretako poema bat idatzi zuen mungiarrak, eta bukatu arren ere ez zuen ezagutzera eman eta galdutzat dugu. Kontua da lan urri horren bidez saiatu zela euskal poesia Europan egiten zen poesia molde baten mailara igotzen.

Modernitatearen lehen iraultza poetikoa Diderot-ek poetei ilunak izateko gomendioa egiten dienean hasten da. XVIII. mende arte elizak gizakiaren barne joerak hesi baten barnean edukitzeko joera izan zuen. Baina XIX. mendearen hasieran ideologia askatzen hasten da. Rousseauk garbi adierazi zuen mundu biren artean mugitzen dela gizakia: alde batetik, kanpo mundua du, erlojuaren menpe duena, Lauaxetaren “lana”, eta, bestetik, barne-mundua irudimenaren tokia dena, Lauaxetak “soilik ametsari” hitzekin adieraziko duena. Beraz, mundua eta nitasuna bananduta agertzen dira haren ideietan. Bihotza alde batetik, eta begia bestetik, Lizardik esango zukeen moduan.

Batez ere ezaugarri nabaria dago modernista edo sinbolista direnen artea: denek jarraitzen dute analogiaren ideia: errealitatea bitan bananduta dago, platoniko berriek esango zuketen moduan, eta alde batean kokatzen da egunerokotasuna, lehorra eta iharra, eta beste aldean edertasuna eta eternitatea. Mundu horiek hizkuntza poetikoaren metaforaren bidez elkartzen dira, hori baita azken batean metafora, izen baten bidez beste zerbait izendatzea. Gure eguneroko hizkuntzaren bidez, edertasunaren eta eternitatearen errealitatea adierazi nahi zuten poetok. Lauaxeta irakurriz ikusiko dugu nola haren hitzek beste zerbait (edertasuna, beste mundua, zadorra, misterioa) adierazteko gogoa erakusten duen. Izadiaz ari bada, denboraren joanaz hitz egiteko izango da. Sinboloek, metaforek ezkutuan dagoen misterio bat ezagutzera eramango gaituzte, eta bide horretatik Lauaxetak Arrats beran (1935) liburuari jartzen dion hitzaurrea irakurtzea besterik ez dago:

“Ludi [Lur] onen bestaldez loratzen diran landaraen usañak goxalde bakotxak darkidaz. Auxe da neure sakona!”.

Usain hori da berak adierazi nahi duena: misterioa (“zadorra” berak esaten duen moduan, edo “sakona” hemen esaten den moduan) azaltzea bere poesiaren gune bihurtu du. Zer da misterioa baina? Azken batean heriotza zer den ulertzea, heriotzaren ondoren zer dagoen azaltzea. Heriotza, denboraren etengabeko joana, irautearen eta hil beharraren misterioa. Modernitatearen ideia nagusi bat Jainkoaren heriotza izango da. Ez da hori euskal letretan zuzen-zuzenean sinetsiko (ez behintzat Mirandek poesia idatzi arte). Baina heriotza den misterioaren aurrean joera desberdinak gertatzen dira. Estepan Urkiaga Basaraz-en sinadura.

Heriotzaren gaia maiz aipatzen du Lauaxetak. Har dezagun, adibidez, “Gazte gexua”. Basora, izadira bere pentsakizuna esatera doan pertsonaia gazteak, heriotzaren, edo bestela nahi bada, denboraren jarioaren gaiari buruz zabaltzen du bere pentsakizuna:

“Samiñez nator zeugana, maite zaitudan basua:

orbelen jauste mindubak diraust erijotz arua [...]

Bekoki onek dagerren maitasunezko lilura

Ezin illundu dagike erijotzaren laztanak.

¡Ariñik duaz obira zerubak maite dauzanak”.

Topikoz eta hizkuntza erromantikoz osatzen da, sinbolismoaren joeraz baino gehiago hemengo hizkuntza eta poeman, garbi azaltzen du Lauaxetak heriotzaren gaia bere poesiaren gunean aurkitzen dela. Nahikoa dugu hainbat poemaren izenburuak irakurtzea: “Arotzak”, “Ludi ameskorra”, “Goguaren eresija”, “Betikorra”, “Bere illobijan”, “Artxanda ganian”, eta heriotzaren aurkakoa den “Ezilkortasuna” edo “¡Itxasora!”. Egia da, hala ere, desberdinak direla tonuak Bide barrijak liburuan eta Arrats Beran. Lehena erromantikoagoa da, beste sinbolistagoa, modernistagoa; lehenean esan egiten da, bigarrenean argumentuen eta kontakizunen bidez, iradoki. Baina beti heriotzak sortzen dion larriduraz ari da, esna nahi duela adierazten.

Nola lortu baina bizitzan atsedena, nola ulertu “zadorra”, heriotzaren gakoa? Modu asko daude. Poetaren zentzua aldatu egiten da liburuz liburu. Lehenean Jaikoaren presentzia garbia da, eta Jainkoak azaltzen du zadorra “Jaunagan atsedena” deituriko poeman:

“Bijotzari: -Badakik Urtzi jauna non dan?-

-Ixatez ludi barna, maitez gixon baitan.-

Sakona argitu yatan..., oro ulerkorra;

Igar neban gixonen barruko zadorra”

Baina agnostikoa denari, edo Jainko kristauarengan sinesten ez duenari, poema egiten dio Lauaxetak: “Sinestebakuarena”, eta jolastu egiten du eternitatea maitasunean eta gaztaroa gozatuz aurkitzen dela adieraziz. Irtenbide eta erantzun desberdina da Lauaxetak ematen duena. Baina jarrera bera da. Beste mundua den hori, edertasuna, egia eta ona den hori metaforaren bidez, hangoaz hemengo hitzekin adieraziz, egiten da analogia.

Hizkuntza poetikoaren iradokizuna da Lauaxetak bilatzen duena, eta iradokizun hori Lauaxetak garbi azaldu zuen, bere poesiaren helburu nagusitzat iradokizuna aipatzen zuelarik:

“Izkiño [Letrillas] oneik ulertu gura dauzanak bein

baño geyago irakurri begiz.Oraingo tankeran egiñak

dira, itzetan diñuena baño zerbait geyago azaldu

nayez. Irakurliaren gogoetan berein gogai sortarazteko

(sugerir) jayo dira”. Sortarazi eta iradoki gauza bat eta bera ez badira ere, garbi dago zein den Lauaxetaren poetikaren helburu nagusia: batetik, “itzetan diñuena baño zerbait geyago azaldu”, beraz, metaforen eta sinboloen bidez beste zerbait adieraztea, eta iradokizuna bilatzea.