KOSMOpolita
Québec dut maite, Euskal Herria bezala
HARLUXET, Xabier RODRÍGUEZ, Urko VERRET, Jocelyne
Beñat Artayet sortzez, hizkuntzaz eta bihotzez, euskalduna da. Etorkin anitzen antzera, sorterrira itzultzeko asmoz etorri zen Ameriketara. Alabaina, neska xarmant bat bidean atzemanez gero… aldatzen dira asmoak! Horixe gertatu zaio Artayet jaunari: Quebectar neska batekin ezkondu, lau seme izan, eta erabat gizarteratu da hemen. Haien etxean hartu gaituzte eta solasaldi goxo horretan, Euskal Herria eta Québec uztartu ditugu… Apaizgai, harakingai, etorkingai…
Beñat 1938an sortu zen, Lapurdin, Hazparneko Minotz auzoan. Familia handi baten bosgarrena da Beñat: hiru anaia eta lau arreba ditu. Gurasoak, Dominique Artayet eta Catherine Larre, maizterrak ziren, Chedarria etxaldean. Etxean, euskaraz baino ez zuten egiten. Sei urte zituela ikasi zuen frantsesa. Eskolan, katixima izan ezik, frantsesez ematen baitzituzten ikasgai guztiak.
Hamabi urterekin, Hazparneko Saint-Joseph kolegioan apaizgai ikasketak hasi zituen. Apaizek, diziplina atxikiarazi ez ezik, euskal politikaren berri ere eman zioten.
1952an, hamalau urte zituela, "Certificat d’Études Primaires" eskola-ziurtagiria erdietsi zuen. Baina hantxe amaitu ziren ikasketak: etxeko bi anaia nagusiek bere “bokazionetik” atera zuten… Beñatek etxaldera itzuli behar izan zuen, dirua ekartzen laguntzeko. Izan ere, familia ez zen aberatsa. Garai hartako familia xumeetan, hamalau urte betetzearekin bat, mutilak morroi joaten ziren eta neskak, neskame hiriko familia batean. Urko, Beñat eta Félicie.
Hazparneko harakindegian hasi zen lanean. Harakin bainoago, hiltegiko langile; eta ikasle bainoago, esklabo zela erran digu. Lantegirainoko hiru kilometroak oinez egiten zituen, goizean eta arratsaldean. Berak ez zuen soldatarik jasotzen. Ordainetan, "Allocation familiale" delako diru-laguntza ematen zitzaien gurasoei. Hurrengo lan esperientzia, Landak departamenduko Akize (Saint-Paul-lès-Dax) hirian izan zuen. “Erbestea” lehendabiziko aldiz ezagutu zuen! Han ere, egoera ez zen batere samurra, baina nagusiaren semea bere alde jartzen zenez, hobekixe. Goizeko sei eta erdietatik arratsaldeko zortzi edo bederatziak arte, zazpi egunez, lanean; igande arratsaldea libre izaten zuen eta zinera joateko sosak ematen zizkion nagusiak. Hiru urtez aritu zen harakindegietan. "Garai hartan, nagusiak eta laborariak, funtsean jende ona bazen ere, edanez gero larderiatsu bihurtzen ziren. Eta anitzetan edaten zutenez..." 1955ean, udako sasoia Landetako Hossegor eta Capbreton herrietan egin zuen eta estreinakoz, soldata bat eta lan baldintza onargarriak jaso zituen. Baina esperientzia hura alde batera utzirik, "bizitzeko manera gaiztoa" zen. Ordurako, lan kaskarrez gogaiturik zen.
Garai hartantxe, Chedarriaren jabea zen apezpikuak salgai jarri zuen etxea, Artayetarrei erosteko lehen aukera emanik. Baina aita-amek ez zuten hartarako adina dirurik. Gainera, soldadutza egiteko deialdia hurbil zegoen eta hark hogeita zortzi hilabetez Algerian borrokatzeko gogorik ez! Ameriketara joatea une hartan bururatu zitzaion: hala, soldadutza saihestu ez ezik, dirua irabazi ere eginen zuen eta gurasoek etxea erosten ahal izanen zuten. Bazegoen Iriart izeneko gizon bat, gazteak Ameriketara bidaltzen zituena, artzain ala basomutil. Hilero hogeiren bat hartzen zituen. Bulegoa Donibane Garazin zuen eta baita Hazparneko merkatuan ere. Bidaiak eta izapideek bi mila dolar balio zuten. Dirua maileguz ematen zion hautaturiko mutilari. Lanean hasitakoan, Amerikako nagusiak soldatak igortzen zizkion Iriarti, beraz mutilak ez zuen deus kobratzen zor hura kitatu arte. Beñat bitartekari harengana joan zen, baina gizonak ez zuen onartu, lanbiderik gabeko jendea soilik bidaltzen zuela erranez.
Handik gutxira, beste bide batetik etorri zitzaion abagunea. Anaia zaharraren emaztearen lehengusuak, Jean-Baptiste Durrutyk, lau urte zeramatzan Québecen. Rimouski hiriko "École d'agriculture" delako laborari-eskolan egiten zuen lan. Euskal Herrian bisitan, Beñaten anaiarekin afaltzen ari zela, lehengusuak Caron erretoreak, ikastetxeko zuzendariak, mutil bat behar zuela aipatu zuen. Rimouskiko erretoreak ba omen zuen euskaldunen langile-ospearen berri.
Hala, Estatu Batuetara joan beharrean, Québecera etorri zen. Aita-amei erran zien bost urterako joanen zela, baina bi urteren buruan, ez zuen itzuli nahi... Quebecen…
1956ko neguan partitu zen. Parisera joan zen, arrebarengana, eta handik Le Havrera. Otsailaren 3a zen. Euskaldun bakarra zen itsasontzian eta gaixorik izan zen bidaia osoan zehar, eguraldia ez zuen lagun izan eta. Otsailaren 12an, Kanada ekialdeko Halifax portura heldu eta handik, trenez joan zen Rimouskira. Oinez abiatu zen lantokira. Goizeko 6etan heldu zen, hormaturik ere heldu: hogeita hamabost gradu zero azpitik egiten zuen! Baliza ttipia eskuan zuela eta soinean, halako hotzari buru egiteko batere egokia ez zen berokia, arrebak utzia, Pariseko hotzari eusteko doi-doia... Bere herria izanen zen lur hura ez zitzaion hain abegikor ageri, egun hartan, hamazazpi urteko euskal mutilari. Laborari-eskola hartan, ehun bat behi jetzi behar zituen. Gogoan du nagusiak eta biok, hasieran, ez ziotela elkar ulertzen: nahiz eta biek frantsesez egin, mintzaera arras ezberdina zen eta hori aski ez zela, besteak totelka! Sei hilabete igaro zituen Rimouskin. Eskolako tresna bat apurtu izana leporatu eta soldataren puska bat kendu ziotenean, bertan behera utzi zuen lan hura. Montreali buruz abiatu zen, autostop eginez.
Montrealen, harakintzan saiatu zen lana aurkitzen. Abuztuan, Abattoir de l'Est delako hiltegira joan zen, baina haragia urez garbitzen zuten eta gauzak egiteko molde hura zikinkeria iduritu zitzaion. Harakin gisa, nekez kausituko zukeen lanik, Quebecen ez baitzuten ordurako frantziar erara mozteko ohiturarik. Mutilak ez zuen etsi eta aterabidea bilatu zuen: Dominion Textiles ehungintza-enpresa erraldoian hasi zen lanean, garbitzaile. Baina ez zuen enpresa hartan lan soila atzeman: Félicie izeneko neska xarmant bat ere ezagutu zuen... Beñati atsegin zaio kontatzea bera Rimouskira heldu eta Félicie, sortzez Rimouski ingurukoa, Montrealera joan zela, egun bertsuetan. Baina zenbait hilabeteren buruan, harrapatu zuen, ala Beñatek irribarretsu erraten duen bezala, harrapatua izan zen...
Lanetik hiru kilometrora bizi zen, Côte Saint-Paul auzoko ganbera batean. Horretarako, hamabost dolar ordaintzen zuen; soldata, aldiz, hogeita hamazazpi dolarrekoa zen, berrogeita bost lan-orduren truke. Anitzetan, oinez joaten zen lanera, autobusaren prezioa aurrezte aldera. Urte haietan, etorkin anitz heltzen ziren Montrealera. Gainera, barruko immigrazioa ere handia zen: herri txikietakoak hiri handira zetozen, lan bila. Quebectar anitzek lana lapurtzen zietela pentsatzen zuten. "Deportatuak baiginan tratatzen gintuzten." Halere, maite zituen Quebec eta Quebectarrak, eta bertan bizitzeko erraztasunak.
Jakina, halako batean, soldadu joateko deia jaso zuen. Frantziako kontsuletxera joan zen, afera konpontzera. Kontsulak Frantziako lurra berriro ikusten ahal izanen ez zuela eta Frantziar herritartasuna galduko zuelako mehatxua egin zionean, zera ihardetsi zion Beñatek, tinko: "Ene lurra Euskal Herria da eta ni euskalduna niz!" Dena den, geroago, familia buru bilakatu zelarik, ez zuen eragozpen gehiagorik izan.
1957an, lanbidez aldatu zen: soldadura-ikastaro trinko bat egin ondoren, galdaragile bilakatu zen. Berehala kausitu zuen lana, erretreta jaso arte berea izanen zen arloan. Ez zen leku batean lasai-lasai bizitzen jarri, ez. Bidaiatu, inoiz baino gehiago egin zuen, obraz obra. Hasieran, Quebecen, Saint-Laurent ibaiaren ipar kostaldean. Lehendabiziko kontratua 1958an, Bersimis zentral hidroelektrikoan izan zuen. Halako obra erraldoietan, hiruzpalau mila gizon lanean ari eta hantxe bertan bizi ziren, laurogei langileendako kanpamentuetan banaturik. Ehun bat emakumek ere han egiten zuten lan, sukaldean. Ez zen makala lan hura: astean zazpi egunez eta egunean hamabi orduz goiti. $3.80 orduko irabazten zuen eta aise bostehun dolar astero: ez zegoen non xahutu sosak, ez eta horretarako astirik ere! Emaztegaia Montrealen geratua zen, gurasoen etxean, han egiten baitzuen lan. Beñatek harat igortzen zion ordainsaria, ezkontzari begira aurreztu nahian.
Hurrengo urtean, ezkondu ziren eta Félicie Beñatengana joan zen. Zentraletik gertuen dagoen Labrieville herrian bizitzen jarri ziren, hurrengo obretan haien etxea izanen zen karabanan. Han jaio zitzaien lehen semea, Alain.
Montrealera itzuli eta zernahi lan izan zuen Beñatek: zubi handien eta etxe-orratzen eraikuntzan, Saint-Laurent ibaiaren kanalizazioan... 1960ko maiatzean, Euskal Herrira hiru hilabeterako itzuli zen lehendabiziko aldiz, emaztea eta semea lagun zituela. Kanadan gaindi…
1960an, Kanada erdialdeko Manitoba probintziako Churchill hirian egin zuen lan, lau hilabetez. Hura izan zen Kanadan gaindi eginen zituen obra anitzetako lehena. Gero, Ontariora joan zen. Attor Rapids-eko zentral hidroelektrikoan, ikuskatzaile zen eta ingelesez ez zekienez, sei hilabetez buru-belarri aritu zen ikasten. Gauean lankideekin atera beharrean logelan geratzen zen, ingelesez irakurtzen eta irratia entzuten. 1967 arte, Kanadako mutur batetik bestera ibili zen: mendebaldeko Saskatchewan, ekialdeko Nouveau-Brunswick, iparraldeko Labrador eta ipar muturreko Nunavit lurraldeetan egin zuen lan…
Emaztea urte luzez jarraiki zitzaion, obraz obra eta semeak munduratuz: lehena Québeceko obran (Alain, 1959), bigarrena Ontarion (Michel, 1961), hirugarrena Saskatchewanen (Daniel, 1962). Féliciek ez zion lotsarik bidaiatzeari eta obra handietako bakartasunari. Halere, 1963an, haurrak bere herrian eskolatu nahi zituela iritzirik, Montrealera itzuli ziren. Hasieran, apartamentu batean bizi ziren; gero, etxea eraiki zuten. 1967an jaio zitzaien laugarren semea, François.
Eta hala, 1972 arte, ibiltari bakarra Beñat izan zen. Estatu Batuetan…
Zenbait saihesbideren ondoren, azkenik, nerabe zelarik amesturiko lekura iritsi zen: Estatu Batuetara… 1967tik 1972 arte, leku anitzetan aritu zen: Maine, New Hampshire, Vermont, Massachussets, New York, New Jersey, Ohio, Michigan eta Iowa estatuetan. 1972an, denbora luzerako lana egokitu zitzaion New Yorkeko Oswego zentral nuklearrean. Familia harengana joan zen eta hurrengo hamasei urteetan, elkarturik bizi izan ziren. Izan ere, semeek ingeniaritza ikasketak han egin zituzten, bai eta hara ezkondu ere, Estatubatuar neskekin.
Erretreta gazterik hartzeko asmoa zuen, berrogeita hamar urte betetzean. Alta, berrogeita zortzi urte zituela, lan istripua izan zuen. Sei urtez borrokatu behar izan zuen aseguru-etxeekin, abokatuak tartean, enpresak bere erantzukizuna aitor zezan. Jocelyne, Beñat eta Félicie. … eta Quebecen berriro
Etxera itzuli ziren, Montreal alboko Saint-Hubert hirira. 1995ean, Raymond, Beñaten anaia txikia bisitan zelarik, etxe parean igaro zen euskaldun batek euskarazko solasaldia aditu zien: nork eta anaiarekin Hazparneko eskolan ibilia zen Jean Goyhenetchek! Mundua, izan, txikia da: auzokideak ziren Euskal Herrian eta, berrogei urteren buruan, Quebecen ere, nahiz eta hemen elkar inoiz topatu gabe! Ustekabeko elkartze horrek egitasmo eder baten hasiera ekarri zuen. Hain zuzen, biak, Beñat eta Jean, PABA (Ameriketako euskal abenturaren parkea) eta Euskaldunak elkartearen sortzaileetakoak izan ziren, 1996an. Gogotsu aritu, eta ari da elkartean, "Féliciek ongi lagundurik", Beñatek azpimarratu digun bezala.
Baina benetako oporrak ez ziren oraindik heldu! 1997tik 2001 arte, lanera itzuli behar izan zuen berriro, Estatu Batuetara, pentsio osoa jaso ahal izateko. Gaur, ongi merezia du erretreta! Urtero, Quebeceko neguari ihesi, hil hotzenak Floridan igarotzen dituzte eta udazkenaren goxoa, Euskal Herrian, Lapurdiko Ahetze herrian gozatzen dute. Feliciték biziki maite du senarraren herria. Beñaten familiak onartu du. Amak eta arrebak irakatsi diote euskal sukaldaritza eta euskal bizkotxa ere egiten du! Bi bidaiaren artean, Saint-Huberteko beren etxean edo Quebeceko Euskal Etxean izaten dira…
Nola atxiki duzu euskara?
Euskaraz pentsatzen dut. Hauxe da, agian, euskararen atxikitzeko molde hoberena.
Hasieratik atxiki dut lotura hango familiarekin, telefonoz eta eskutitzen bidez, betiere euskaraz: etxean ez genuen euskara baizik entzun, eskolara joan artio. Gure aitak nekez egiten zuen frantsesez. Eta noski, Euskal Herrian naizenetan, euskaraz. Lehendabiziko bidaia 1960an egin nuen; familiak emaztea eta seme nagusia ezagutu zituen. 1967an, Montrealeko Nazioarteko Erakusketaren kariaz, Maddalen ene arreba jin zen Quebecerat. Hurrengo urtean, gu joan ginen Euskal Herrirat, lau semeekin. 1973an, arreba eta haren senarra Estatu Batuetarat joan ziren eta soldatzaile sartzen lagundu nuen koinatua.
Quebectar familiarekin, alabaina, ez dut euskara erabiltzen. Ene semeek ez dute euskaraz egiten. Bainan nongoak diren galdetuz gero, zalantza izpirik izan gabe, euskaldunak direla ihardetsiko dizute. Haur ttipiek ere bai.
Quebeceko Euskaldunak elkartean badut euskaraz mintzatzeko aukera, kide euskaldunekin. Gainera, elkarteak eskaintzen duen euskarazko ikastaroan parte hartu izan dut eta horri esker, ene ama hizkuntzan irakurtzen eta idazten ikasi dut. Arrunt garrantzitsua izan da enetako, eskolan ez baitziguten horrelakorik irakatsi. Gure gau eskola honetan, Euskal Herriko Unibertsitateetako ikasleak ditugu irakasle eta hizkuntza ez ezik, gaur egungo euskal kultura ere zabaltzen dute gurean. Haiei esker, euskarazko aldizkariak irakurtzen ahal ditut. Herria astekaria jasotzen dut Montrealen, hori bai, hilabeteko gibelatzearekin. Estimu handitan dut aldizkari hau, Iparraldeko nahiz Hegoaldeko berriak biltzen baititu. Irratiekin ere harremanik badut: France Bleue frantziar katean hartu nuen parte, telefonoz, Euskal astea ospatu zutenean.
Duela 49 urte Euskal Herriko berriak nola lortzen zenituen?
Euskal Herrian nituen lagunen eta kusien gutunak jasotzen nituen.
Eta orain?
Ipar zein Hegoaldeko lagun eta kusiekiko harremanak atxiki ditut. Komunikabideak baliatzen ditut: Herria astekaria, Sud-Ouest frantziar egunkariko edizio digitala… Quebecerat heltzen diren euskaldunak eta hemen antolaturiko kultur biretako partaideak albiste iturri ona izaten dira: anitzetan hartu ditugu gure etxean.
Zer da bidaien balioa Euskal Herriarekiko harremanak atxikitzeko?
Enetako garrantzitsuak dira, hartu-eman zuzenak direlako. Haratago noa: lotura horiek baliatu behar ditugu, kultur harremanen areagotzeko eta artista gehiago honat ekartzeko. Euskal produktuak ere ekartzea nahi nuke; adibidez, euskal gasna eskatu nion ene auzoko supermerkatuko gerenteari, bai eta erdietsi ere. Ene ustez, badago merkaturik hemen euskal txerriki eta bertzelako produktuendako.
Aldaketarik antzeman diozu sorterriari, 49 urtez atzerrian bizi ondoren?
Ekonomikoki, arras ezberdina zen egoera, ni partitu nintzenean. Gaur, aldiz, parekoa da bizi-maila, hemen eta han.
Bainan pentsamoldea, bereziki barnealdean, ez da sobera aldatu, ene aburuz. Frantziar herritartasunari lotuegiak dira, oraindik, euskal nortasunaren galtzeko lanjerra aintzat hartu gabe. Hego Euskal Herrian gertatu den bilakaera ez da gauzatu Iparraldean.
Ez da edozein gaiez mintzatzen ahal, lagun minekin ez bada. Familian, adibidez, Ameriketako esperientzia ez da aipatzen ohi. Hemengo aferak kontatzen hasi orduko: "Ba, gure Ameikano hua dena espantu!"
Alderaketa Québecen eta Euskal Herriaren artean…
Katolikoak izanik, baloreak ditugu komunean. Aurreko belaunaldietakoak arrunt fededunak ziren. Familia handiak zituzten eta bakoitzean, apez bat behar zuten ala serora bat; biak bazituzten, hainbat hobe! Quebecen, berdin.
Euskaldun bati, nahiz eta atzerrian sortu eta bizi izan, "nongoa zara?" galdetuz gero, euskalduna dela erantzunen du. Quebectarrek berdintsu egiten dute: Quebectarrak direla ihardetsiko dute, Kanadarrak erran beharrean. Haien sorlekua aitortzen dute, lotsarik gabe. Izan ere, biok ala biok fier gara guhauren nortasunaz.
Badago alderik, nik biziki preziatzen dudan bizitza pribatuan. Québecen, auzokideek ez dute muturra sartzen bertzeren aferetan. Euskal Herrian, aldiz, ez da horrela… Hemen bizi garen Euskal Herriko gehienok "Euskal-Quebectarrak" gara. Euskaldunok gogor egiten dugu lan, nahi dugunaren lortze aldera eta erraz gizarteratzen gara erbestean, arima zati bat herrian uzten badugu ere… Ni erabat bertakotu niz Quebecen, euskaldun izateari uko egin gabe. Québec dut maite, Euskal Herria bezala…