299 Zenbakia 2005-05-06 / 2005-05-13
"50 urte Québec-en… eta beti euskaldun!" izenburuko bi artikulutan (http://www.euskonews.com/0254zbk/kosmo25401eu.html; http://www.euskonews.com/0255zbk/kosmo25502eu.html) hiru Euskal Quebectar aurkeztu genizkizuen. Oraingo honetan, duela hogeita hamabost urte Quebecera etorri zen euskalduna dugu Jean Goyhenetche, Quebectar familia bat sortu duena eta Euskaldunak (http://www.euskonews.com/0207zbk/kosmo20701eu.html) elkarteko lehendakaria; izan ere, Quebeceko Euskal Etxe berriaren lehendakaria... Familia ugaria
Lapurdiko Hazparne hirian, 1944an sortua, "anai-arrebetan bigarrena, kokinena eta ttipienetakoa" dela aitortu digu. Aita Aldudeko familia handi batekoa zen. Jeanen aitatxik han zuen etxaldea, eta lurrak Bortuen bi aldeetara hedatzen ziren: Alduden (Nafarroa Beherean) eta Kintoan (Nafarroa Garaian). Euskaldunen familiak eta kulturak ez zituzten, nonbait, mugarriak aintzat hartzen… Ama Bizkaiko kostaldeko herri batean jaioa zen, Iparraldera joan zen familia arrantzale batekoa. Jeanek ez du amaren familiaren historia zehazki ezagutzen, gauza horiek ez baitziren sekulan aipatzen etxean. Irakaslea zen eta hogeita hemezortzi urte baino ez zituela hil zitzaien, hamaika haur munduratu ondoren. Jean Goyhenetche eta Jocelyne Verret.
Beraz, Lapurtarra dugu Jean, sortzez, baina baita Nafarra eta Bizkaitarra ere, jatorriz…
Gurasoak maizterrak ziren, Hazparneko Eliana jauregian. 1952an, aitak familia Nafarroa Beherera eraman zuen, baina ez urruti: Lapurdiko muga alboan, Aiherra herrian, Sabaltza etxea erosi zuen. Behi, ardi, txerri, oilo eta ahateak, denetarik bazegoen, ardiak nagusi zirelarik. Gaur egun, anaia gazteenak ustiatzen du. Halere, aita ez zitzaien Euskal Herriko ohiturei jarraiki, lur puskak banatu baitzituen seme-alaben artean, baina etxaldearen geroa arriskatu gabe. Horietako bostek, Jean barne, etxea eraikitzeko baliatu dute. Herrian, Goyhenetche auzoa erraten diote inguru horri.
Mahai inguruan, hamabortzez goiti ziren gehienetan: gurasoak, aitatxi-amatxi, osaba eta izeba batzuk, bederatzi anai-arrebak (hamaikatik, bi ume-umerik hil ziren)… Hainbertze senideak izanik, ez da harritzekoa anitz Ameriketara joan izana. Izan ere, Jeanen anaia handia hara joan zenerako, baziren aitaren zazpi anai-arreba Kalifornian. Gaur, berrogeita bortz lehengusu ditu han barna… Etxean eta herrian, euskaraz
Gaztaroan, inguru euskaldunean bizi zen. Aitak ez zuen frantsesez egin nahi; bertze irtenbiderik ez zuenean baino ez zen erdaraz mintzatzen. Bizitza guzian, alegia, duela urte guti artio, haurrei eta haur ttipiei euskaraz mintzatzen zitzaien, beti.
Herrian ere, garai hartan, denak euskaraz. Guziendako, Jean ez zen Jean, Manez baizik. Manezek eskolan ikasi zuen frantsesa. Gaztelaniaz ere bazekien, maizterrak zirelarik, etxeko nagusiekin espainolez mintzo ziren eta.
Hazparneko kolegioan egin zituen ikasketak. Eskola-ziurtagiria ez zuen lehendabizikoan erdietsi. Amak berriro aurkez zedin nahi zuen, baina zera erran zion aitak: "soroetan lan egiteko, behien eta ardien jezteko, ez du horren beharrik!" Hala, hamalau urte zituela utzi zuen eskola. Sei hilabete geroago, Hazparneko azokatik heldu, eta Lekuine (Hazparne ondoan) herriko arotza lagun zuela, aitak erran zion: "Hara, seme, eskolara itzuliko haiz, lanbide-gaitasun agiria lortzeko; laborantza-makinen konpontzen ikasiko duk. Lanean hilabetea, eskolan astebetea, guti goiti-beheiti. Aprendiz izanen haiz: sina ezak hemen."
Halaxe joan zen mekanikari-mutil. Hiru urte iraun zuen esperientzia horren ondoren, agiria eskuratu zuen. Janaria ematen zioten eta soldata xume bat. Egun luzeak ziren. Garai hartan, arotza jaun ttipia zen: herrian, denek behar zuten, dutxulua zela, traktorearen pieza bat zela, nor eta arotza deitu behar. Amaitutakoan, etxeko lanak zain zituen…
Gure gazteak ez zuen neskekin ateratzeko nahi adina dirurik. Amak, noizik behin, laguntzen zuen. Orduan, aurrekontua borobiltzeko, zenbaitetan sartu-irtenak egiten zituen, mugaz bestaldera, Ipar eta Hegoaldeko euskaldunen aspaldiko aztura komertzialari jarraikiz… Arotza eta laboraria
Gero, ama larriki gaixotu zelarik eta anaia handia soldadutza egitera joanik, etxera itzuli behar izan zuen. Baserrian aritu zen, 1963ko azaroan soldadutzarako deia jaso artio. Bordelen eta Parisen egin zuen; ez zuten kanpora bidali, ama gaixorik zegoelako. Bi hilabete geroago, 1964ko urtarrilean, ama hil zitzaien. Aita bakarrik geratu zen zazpi seme-alabekin. Soldadutzatik itzulitakoan, etxaldean geratu zen anaia gazteena lan egiteko adina bete artio.
Lana Lapurdiko Milafranga herrian ediren zuen, arozgoan. Laborantza-makinak saltzen eta konpontzen zituzten. Lansaria jasotzen zuen, eta hotel batean gela eta otorduak. Urte haietan, laborantza modernizatzen ari zen eta makinak eraman behar izaten zituzten etxaldeetara. Fierki zebilen gure Manez gaztea, traktore gainean, edo furgoneta gidatzen, Euskal Herriko bazter guziak ezagutzen. Zeruko lorian! Baina lana primaderatik larrazkenera baino ez zegoen. Neguan, laborantza arloan, deus ere ez. Orduan, iparrari buruz abiatzen zen, euskaldun anitzen antzera. Paris ondoan, azukre-beterrabak lantzen ziren; azukrearen industrian aritzen zen. Lan neketsua zen, astegun eta igandean, hamabi orduz. Baina lanari lotsarik ez zion gazteak diru polita sakelaratzen ahal zuen. Neguko sasoia lauzpabortz urtez egin zuen. Ametsa
Bitartean, Ameriketara etortzeko izapideak egiten hasia zen. Kaliforniakoak herrira etortzen zirenetan, ahotik lerdea zeriela egoten ziren herrikoak. Gazte batendako, hura aberastasuna! "Amerikar ametsa"… Artzain joateko paperak jaso zituen, baina abiatu baino zenbait egun lehenago, Frantziar gobernuak Estatu Batuarrak kanporatu zituen, gerlako zorra kito zelako. Mendekuan, Estatu Batuek Frantziako inportazioa eta immigrazioa blokeatu zituzten. Auzia luze gabe konpondu bazuten ere, anartean Manezek ez zuen bisarik lortu. Kaliforniako osaben aholkuei jarraikiz, bisa esku artean izan artio, ez zion deus ordaindu nahi izan bidaiak antolatzen zituenari. Honek, hegazkin txartel bat saltzeko parada galduko zuela ikusirik, Montrealera joatea proposatu zion. "Non zegoen ere ez nekien! Frantsesez mintzatzen zirela entzuna nuen, bainan deus gehiagorik…" Ameriketarat
Hogeita lau urte zituelarik zeharkatu zuen Atlantikoa. 1969ko apirilaren 18a zen. Euskal Herriko zeruan eguzkia, baina hemen, primaderaren zantzurik ez: elurra ari zuen! Aireportuan, balizaren aztarnarik ere ez. Izan ere, arrebaren etxean agertuko zen… sei hilabete geroago. Sakelan ehun dolar inguru, bertzerik ez zuen. Hura aski ez zela, truke-bulegoko neskak hamar dolar gutiago eman zion. Manez haserretzen hasi zen, baina armairu-itxurako gizon puska bat hurreratu zitzaionean, fite ulertu zuen berea ez zuela berreskuratuko. Halere, ez zen motz geratu eta hanka egin baino lehen, errepikatu zion kexa. Ipar Amerikako frantses bitxi horri, gainera, ez zion fitsik konprenitzen. Doi-doi aditu zion aduanazainari "Ongi etorri Kanadara!" Untsa hasten zen, bada!
Ez zuen inor ezagutzen Montrealen. Hotel baten helbidea eman zioten, Saint-Denis kalean -gaur egun jarraitzen du leku berean-. Han igaro zuen Ameriketako lehendabiziko gaua. Biharamunean, Immigrazio Zerbitzuak soldatzaileak behar zituen enpresa batera bidali zuen. Elkarrizketa egin, dena untsa, harik eta langileburuak ea ingelesez bazekien galdetu zion artio. Manezek ezetz. Orduan, bertzeak ea italieraz bazekien: berriro ezetz. "Orduan, ez dago hiretako lanik hemen!"
Hurrengo egunean, Canadian Steel Fonderie enpresan agertu zen, berriro ere Immigrazioak bidalia. Elkarrizketa egin, eta onartu zuten. Baina lantegia ikustean, Manezek berak ezetz erran zien, ez zuela han lan eginen. Baionako galdategian, burdina urtzen aritua zen eta bazuen eskarmentua: hura infernua!
Hirugarren egunean, taxia hartu eta arrebak eman helbide batera joan zen. Manezen arrebak, ikasketak ordaindu ahal izateko, sasoi bat egina zuen Lapurdiko kostaldean, Donibane Lohizuneko hotel batean. Hango nagusiak bazuen iloba bat Montrealen, zeinak garajea ireki baitzuen; haren helbidea utzi zion paper puska batean. Horri esker, Manezek lana kausitu zuen eta han bi urtez aritu zen. Hagitz esperientzia ona izan zela erran digu, nahiz eta lansaria ez zen legez finkaturiko gutieneko soldatara ere heltzen. Harremanak atxiki ditu gaur artio herrikidearekin eta noiz behinka afaltzeko elkartzen dira.
Montrealen lanean arituagatik, Kaliforniako ametsa zebilkion oraindik kaskoan. Hemen sei hilabete zeramatzala, hara joan zen. Baina artzain kontratuak bortz urterako ziren eta Manezek luzeegi iritzi zion: "libro izan nahi nuen". Hala, garajean segitu zuen.
Halako batean, garajera hurbilduriko bezero batek ikusi zuen lanean eta gustukoa izan zuen, nonbait, Manezen lan egiteko moldea. Gizon hura Simard & Beaudry enpresa handikoa zen. Askoz ere soldata handiagoa eman zioten han eta lanean aritu zen, harik eta 1976an enpresa itxi zuten artio.
Bitartean, ikasketak egin behar izan zituen. Hona etorritakoan, ez zioten Euskal Herrian eginikoaren baliokiderik eman nahi izan. Lanbide-txartel ofiziala eskuratzeko, lehendabizi eskola-ziurtagiria lortu behar izan zuen eta gero espezialitateko ikasketak burutu. Zazpi urtez, egun-argitan lanean eta gauean, eskola bankuetan…
Gero, Bombardier enpresa erraldoian kausitu zuen lanpostua. Han aritu zen ia hogei urtez. Lantegia itxi zuten egunean, mila eta laurehun langile utzi zituzten kale gorrian: egoera lazgarria anitzendako. Berrogeita bederatzi urterekin, zaila izan zitekeen berriro lan bila hastea. Alabaina, Manez ez da erraz etsitzen duten horietakoa. Esperientzia handiko gizona izanik, eraikuntzan hasi zen. Quebecen eta Ontarion (Kanadako alboko probintzia) bidaiatzeko aukera eman zion lan hura interesgarria zen: arlo ezberdinetan ibili baitzen, makina industrialak konpontzen. Jean Goyhenetche bere familiarekin.
Duela guti erretreta hartu du; ez erabat, halere. Jarraitzen du kontratuak onartzen, emazteak ere pentsioa jaso artio. Aiherrako Goyhenetche auzora bizitzera joateko proiektua zuen, baina familiak hemen lotzen du. Emaztea Quebectarra da, hogeita hamar urte daramatzate ezkondurik. Semea, alaba eta bi haur ttipi hemen bizi dira. Hori bai, Euskal Herrira opor luzeak pasatzera joanen dira.
Nola atxiki duzu euskara?
Gure elkartekoekin eta, oro har, Quebeceko euskaldunekin euskaraz egiten dut. Etxean, alta, guti. Ene semea eta alaba hemen sortu dira, inguru frantsesdun batean hezi ditugu eta ez dira euskaraz mintzatzen. Bi haur ttipiekin, aldiz, euskara erabiltzen dut; oraindik ume-umeak dira, bainan "aitatxi" erraiten didate.
Hango familiarekin eta lagunekin, telefonoz atxikitzen dut harremana. Erran gabe doa Euskal Herrira joaiten naizenean, gure hizkuntzan egiten dugula. Lehen, lauzpabortz urterik behin joaiten ginen. Azken bortz urteotan, urtero egin dugu bidaia, emazteak eta biok. Harremanak atxiki ditut eta hona jin nahi dutenek ene laguntza badute.
Horrez gain, irakurtzen dut. Euskal emigrazioaren historia biziki interesatzen zait.
Duela 35 urte Euskal Herriko berriak nola lortzen zenituen? Eta orain?
Hasieran, anai-arreben eskutitzen bidez. Frantsesez idazten genuen, ez baitziguten euskaraz izkiriatzen irakatsi eskola garaian. Eta telefonoz, Kaliforniakoekin; lehenbiziko urteetan, ez zegoen telefonorik aitaren etxean.
Orain, telefonoz, e-postaz eta Interneten bidez, badut hango berririk.
Zer da bidaien balioa Euskal Herriarekiko harremanak atxikitzeko?
Munduko edozein bazterretan izanik ere, euskaldunak Euskal Herrian du bihotza...
Aldaketa antzeman diozu sorterriari 35 urtez atzerrian bizi ondoren?
Mendialdea ez da aldatu, etxeak hobeki zainduak eta aberatsagoak badira ere. Hirietan sumatu dut alderik handiena: alimaleko lantegiak, obrak nonahi, autobideak, e.a. Bainan funtsean, aldaketa sakonik ez da gertatu. Euskaldunek, burua lehengo lepotik. Maleruski, euskarak beheiti egin du…
Alderaketak Québecen eta Euskal Herriaren artean…
Paisaia ezberdina da, bainan Quebec lur ederra da: basoak, natura… Hemen, badago lekurik!
Lehen, bazegoen alderik bizi-mailan. Gaur egun, antzekoa da, han eta hemen; alegia, kario bietan.
Aholkua Quebecera immigratu nahi dutenei.
Domaia da, 2005ean, betiko "amerikar ametsak" bizirik irautea. Hemen, hesiak urrezkoak ez direla erran nahi diet hona jin nahi duteneri. Ez dezatela uste gaur egun, hemen han baino hobeki egonen direnik.
Euskal Herria ttipia da, luze-zabalean; ez da guziendako lanik egoiten eta, beraz, Bordelerat, Toulouserat ala Pariserat joan behar dute anitzek. Hona jin nahi izanez gero, "urrezko ametsak" gibelean utzi behar dira. Lana badago, bainan hogoita hamabortz oreneko asteaz hobe ahanztea: ahaleginean aritzeko prest izan behar da. Langile gaituak behar dituzte hemen; lanbide-heziketa balioesten dute. Bestalde, kontuan hartu behar da ez dituztela hango tituluak aintzat hartzen eta izapide anitz igaro behar izaiten da baliokidetzaren lortzeko: paperen bat falta da, beti… Immigratzea ez da duela hogoita hamabortz urte baino errazagoa. Euskaldunak elkartea, lehendakariaren arabera…
Zortzi urteren buruan, zer nolako aldaketa izan du elkarteak?
Hona heltzean, immigrante gehienek politika aferak herrian utzi nahi zituzten eta nork bere bidea egin. Beraz, jendearen biltzea ez da beti erraza izan. 1996an jaio zen gure elkartea, PABA (Ameriketako euskal abenturaren parkea) ireki zuten urte berean. Hainbat lagunok parte hartu genuen bien sorreran. Pixkanaka jendea hurbil dadin erdietsi dugu, kultur ekintzak antolatuz. Gazteak - eta ez hain gazteak! - erakarri ditugu euskarazko ikastarora eta ospaturiko euskal asteetako ikuskizunetara. Ez dira, agian, guziak kide egin, bainan hor dabiltza, elkarte inguruan (www.euskaldunakquebec.com).
Lehentasunak, datozen hilabeteetan…
Emeki eta urratsak neurtuz, egitasmo berriak abian jarri behar ditugu, ahalmena eta baliabideak ditugun heinean. Lehentasuna, dudarik gabe, gazteen erakartzea izanen da, belaunaldien uztartzea, zubien eraikitzea...
Euskal Etxe bilakatu izanak eragina izanen du elkartearen garapenean? Berri ona izan da eta urrats garrantzitsua, zalantzarik gabe. Sare ofizialean sartzeak nolabaiteko erantzukizuna dakar eta hasieran, beldur pitin bat emaiten zigun. Bainan tresna ona da, aitzina egiteko egokia. Horrela hobeki ezagutuko gaituzte munduko euskaldunek, eta guk haiek. Horrek lagunduko gaitu gauzatu nahi ditugun proiektuetan. Geroak erranen du…