299 Zenbakia 2005-05-06 / 2005-05-13
Beizamako “Amenabar Goikoa” baserrian bisitatu dugu. Bertan bizi da azken hiru urteotan, alaba, suhia eta bilobekin. Aita eta ama berdinetako hamazazpi anaia-arrebaren familia bateko kide hau donostiarra da jaiotzez, ordiziarra bihotzez eta euskal hiritarra, egon behar izan duen toki guztietan. Nahiz eta batzuetan ezkutuko nortasunarekin ere egokitu izan zaion bizitzea. Mikel Garmendia Olaziregi da, Intxarkundia batailoiko gudaria eta 1937an komisario politikorako proposatu izan zena, kargua hartzera heldu ez bazen ere, aurretik frankistek atzeman baitzuen Torrelavegako bidean eta Santoñako traizioa delakoaren ondorioz heriotzara zigortu zuten.
Berarengatiko nire interesa duela sei bat hilabete sortu zen, Interneten dagoen nire liburu bat irakurri zuela adierazi zidatenean. Eta, gainera, publikapen horretako biografiatuaren gaineko informazio gehiago eman ziezadakeela esan zitzaidan. Halaxe gertatu zen, nire osaba Jose Mari Azkarraga “Lur-Gorri”ren presokidea izan baitzen Mikel Dueson eta Larrinagan, 1937ko abuztu eta abenduaren bitartean. Mikel eta Azkarraga kartzeletan elkarrekin gutxitan kointziditu baziren ere, Mikelek ongi ezagutzen zuen hura aspalditik. Mikelek, Ordiziako batzokiko kontserjearen semea, euskal aldizkari eta egunkariak saltzen zituen herri hartan eta Beasainen – “Eusko Langile”, “Amayur”, “Euzkadi”...- eta sarritan irakurtzen zituen haietan “Lur-Gorri”-k idatzitako artikuluak. Mikel Garmendia Olaziregi.
“Lur-Gorri” Larrinagako behealdeko ziega esparruan jarri zuten bitartean, Garmendia, beste askorekin batera, goiko solairuko areto zabal batera sartu zuten. Eta patioan bakarrik ikus zezaketen elkar. Ongi gogoratzen ditu Mikelek 1937ko abenduko egun eta gau beltzak. Oraindik ere “garrote vil”-eko parafernalia kartzelariek nola prestatzen zuten, atzo izan balitz bezala oroitzen du. Beldurra hezurretaraino sartuta, “Miguel Garmendia, con todo el petate” agindu fatidikoa noiz helduko ote egon ohi zen, batzuetan tentsioaren zamak gaindituta loak harrapatzen bazuen ere. “Lur-Gorri” abenduaren 16an atera zuten “petate osoarekin” eta Derioko ormaren kontra fusilatu zuten. Mikel Garmendiak zorte hobea izan zuen eta, beste lagun batzuekin, Burgoseko presondegira eraman zuten 1938ko uztailean.
Larrinagako laztura atzean utzita, Burgosen ziega batean jarri zuten, Joseba Rezola, Juan Ajuriagerra, Iñaki Unzueta, Luki Artetxe eta Javier Artazarekin batera. Ajuriagerrak algebra irakatsi zion Mikeli, eta oraindik bere etxean gordetzen ditu kuaderno haiek, Rufini metodoarekin soluzionatutako bigarren graduko ekuazioekin beteta. Burgosen harreman onak izan zituen “Lur-Gorri”-ren anaia Emilianorekin ere. 1939ko urtarrilaren lehen egunean – Nemesio Otaño josulagunaren bitartekotzaz- heriotza zigorra kendu zitzaien euskal presoei, ofizialiakoak salbu. Horiei – Mikel, tartean- 1939ko irailaren 24an heldu zitzaien indultua, Mesedetako Ama Birjinaren egunean, hain zuzen.
Mikel Alcala de Heneraseko presondegira eraman zuten eta 1943an libre geratu zen. Soldadutza burutu behar izan zuen espainiar armadan eta Afrikara destinatu zuten: Tetuan, Tanger, besteak beste. Norbaitek esan zion penintsulara itzul zitekeela, lan bortxatuak egitera egokituz gero. Eta horrela heldu zen Francoren erregimenak Valle de Los Caidos bataiatu zuen toki madarikatura. Lan baldintza ikaragarriak pairatu behar izan zituen. Baina goardako aingerua agertu zitzaion, “ordiziarrez jantzita”. Bilore enpresako Andres Arana Matxainek bisita egin zion eta “Alde egin nahi al dek hemendik?” galdetu zion. “Eta paperak?” erantzun zuen Mikelek...
Handik zenbait egunetara Arana jaunak “Paperak bazeuzkeat” abisatu zion. Eta horrela, Valle de los Caidos-etik atera ahal izan zen, Pablo Aguado Martín-en nortasun agiriekin. Horien arabera, palentziarra zen jaiotzez. Izen horretan ezkutatuta Mikel Bilore eta Bilboko Jabones Chimbo enpresek Malagako Fuentepiedran zuten lantegi batean hasi zen lanean. Bertan ere maitemindu zen, fabrikako langile eder batez. Eta ustekabean ohitu zen malagar herri eta garai hartako bizimodura: lanez kanpo, andregaiarekin paseatzen ez zuenean, kartaka aritzen zen, beste edozein palentziarrek egingo zuen bezala. Baina Mikelek bazekien bera euskaldun, donostiarra, eta Garmendia abizenekoa zela. Eta 1948an erabakia hartu zuen: tabernako partidetako lagun bati – polizia ohia bera- aitortu zion bere ezkutuko nortasuna. Lagun horrek, bere aldetik, tramiteak egin zizkion benetako nortasunera itzultzeko. Atzean geratzen ziren Diario Vasco eta la Voz de Españako deiak, Mikel Garmendia iheslaria lehen bait lehen Gipuzkoako Gobernu Militarrera aurkezteko adierazten zutenak. Mikel Garmendia, Gotzon Azkarraga eta bere seme Oiher.
Hurrengo urratsa Virtudes bere emaztegaiari bera nor zen azaltzea zuen. Eta horrela, neska gazteak egia ezagutu ondoren elkarrekin ateratzeko erabakitik atzera ez zuela egiten ikusita, 1948an bertan ezkondu ziren. Bikoteak eta jaio zitzaizkien bi alabak Andaluzian geratu ziren 1970era arte, urte hartan Mikeli Zaldibiko Bilore fabrikarako aukera eman zioten eta. Hogeita bi urte haietan zehar, Mikelek garbi asko ageri ahal izan zion emazteari nor zen bera. Azaldu zion, gerra aurretik CAF-eko langileei “Compre Euzkadi; periódico antiespañol” oihu egiten ziela eta zentimo bana eskuratzen zuela saldutako aleko. Gerrako izenordea “Belarra” izan zuela; Arabako Ubidea-Ollerias-Elosu fronteko Pago Txikiren bazterretan komando lanetan ibili zela ere esan zion, Intxarkundiakoen laguntzan, eta faxistei Falangearen banderinak kentzen zizkiela gaueko irtenaldietan; AGFA argazki kamara zaharrarekin etsaiaren posizioak erretratatzen zituela; eta gau batean - errepublikazaleek bera eta berarekin zihoana harrapatu zituztela- Jesus Larrañaga adiskide komunistarengatik ez bada, Albertiako magalean faxixta espioitzat hartu eta beharbada hantxe bertan hilko zutela aitortu zion. Eta Candido Sasetak pistola-ametralladora bat utzi ziola behin eta... gangsterrek ozta-ozta areto itxietan erabiliko zuten arma harekin hiru tiro bota ondoren enkaskillatu egin zitzaiola; eta gerrarako ez zeudela prestatuta... eta euskal armadarik ez zegoela... eta... lagun asko eta asko galdu zituela liskar hartan...