296 Zenbakia 2005-04-15 / 2005-04-22

Efemerideak

Efemeridea. Toribio Alzaga Anabitarte, euskal antzerkigilea, 1861 urteko apirilaren 16an jaio zen Donostian



Toribio Alzaga Anabitarte. Toribio Alzaga Anabitarte 1861eko apirilaren 16an sortu zen Donostian eta hiri berean itxi zituen begiak 1941. urteko udaberrian, 80 urte zituela.

Bigaren Gerra Karlista zela eta, Ziburura joan eta han ikasi zuen batxilerra. Mutil koxkorretan, Ziburun bertan, Iriyarena komerian esku hartu zuen Marzelino Soroaren agindupean, eta handik aurrera antzertiari lotu zitzaion behin-betiko. Lapurdiko herri horretan hasi zen idazten eta Aterako gera, bere lehen euskal obra, 1888an antzeztu zen. Marzelino Soroak urraturiko bideari jarraitu zion, antzerkiarekin zerikusia duten lanei etengabe ekinez. 1915ean Donostiako Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola delakoa zuzentzeko hautatu zuten. Bertako taldearekin antzeztu zituen obrak ez ziren Donostian bakarrik ematen, probintzia osora zabaltzen ziren, euskal giroa eta grina non-nahi sortuz. Bestalde, Alzagaren antzerkiak, behin eta berriro antzeztu dira Euskal Herri osoan. Hona hemen haietariko batzuk: Santo Tomase´ko feriya (1892); Axentxi ta Kontxezi (1914); Bernaiño´ren larriyak (1915); Oleskari Berriya (1916); Txiribiri (1916); Ramuntxo, Pierre Lotiren eleberriaren moldaketa, (1920); Andre Joxepa Tronpeta (1921); Eleizatxo´ko ardazlea, Arpuxa kalian, Bost urtian (1922); Etxietan, Zalaparta, Amantxi, Tan tarrantan, Zanpantzar (1923); Neskazar (1924); Burruntziya (1931), etab. Orobat opera libretoak ere idatzi zituen: Txanton Piperri (1899); Anboto (1906) eta Gli cornamenti (argitaragabea). Halaber, 1926an Shakespearen Macbeth itzuli zuen, Irritza izenburupean antzeztuz. Kritikoen iritziz, Toribio Alzagak goratu egin zuen euskal antzertia bere aurrekoek utzitako maila apaletik, halako gaitasun eta duintasunaren ekarriz.