Efemerideak
Efemeridea. Pedro de Agerre Azpilkueta, Axular, Saran zendu zen 1644ko apirilaren 8an
Pedro de Agerre Azpilkueta, Axular. Euskal idazlea, euskarak izan dituen estilista oparoenetakoa eta Gero, euskal literaturako obra nagusienetakoaren egilea (Urdazubi, 1556 – Sara, 1644). Pedro Agerre (Dagerre) Azpilkueta Nafarroako Urdazubi herrian sortu zen 1556. urtean, izena eman zion Axular baserrian (Atsular irakurri behar da berez). Urdazubi herria Lapurdiko mugan dago eta lapurtarra da mintzairaz egun ere. Apaiza, Iru?ean ikasi zuen lehenengo eta, Leridatik igaro ondoren, Frantzia aldeko Tabesen (Bigorra) egin zen apaiz 1596an. Hartarako guztizko ziurtasunik ez bada ere, Salamancan ikasi zuen Axularrek. Berak idatzitakoek eta Sarako herriaren gogoan gordetakoek hori ematen dute aditzera. Zernahi ere den, Axular, goi mailako prestakuntza zuen elizgizona zen, Gero obran ageri dituen aipamen ugariek, kristau eta ez kristauek, erakusten duten bezala. 1600. urtean Axular Sarako erretore bihurtu zen, Bertrand de Echaux Baionako apezpiku baigorriarrak lagunduta. Predikari handi bezain jakintsua, bertan idatzi zuen Axularrek Gero liburua eta bertan gorpuztu zen herri gogoak gorde duen Axularren irudi erdi mitikoa: Axular, kristau jakituriaren eredu, Salamancan eta deabruaren eskolan ikasi ondoren deabrua garaitu zuen apaiza da.