287 Zenbakia 2005-02-04 / 2005-02-11

KOSMOpolita

“Montevideoko osaba”. Hermenegildo Aramendi, Uruguayko euskal abertzaletasunaren aitzindaria. 1837-1916

ARANO ARAMENDI, Jon



Bere marko eta guzti, kristala hautseztaturik, Hermenegildo Aramendiren omenezko plaka bat ikusiak ginen Itsasondoko udaletxeko trastetegian orain dela 15 bat urte. Montevideotik bidalia izan behar zuen XX. mendeko bigarren hamarkadan, gure asaba hau hil eta gero. Geroztikoan eta frankismoan ere iraun zuen, nonbait. Badirudi azken urteotan galdu dela-edo...

Eta hara non aurkitzen dugun, duela urte eta erdi pasatxo, “Euskonews & Media” Eusko Ikaskuntzaren aldizkari digitalaren 203. zenbakian haren arrastoa. Alberto Irigoyen Artetxe izena duen eta beste zenbait lan eginak dituen historialari amerikarrak sinaturik zetorren berria, zahar berria. “Euskonews” aldizkariaren ale atzeratuetan aurki daiteke.

Geroztik, berriz, Ordiziako Xanti Mendizabalek Evaristo Bozas Urrutiak zuzentzen zuen “El Pais Vasco” egunkariaren 1927-V-29ko ale bat eskuratu digu. Bertan Gorosagastiko krimena ospetsuaz, itsasondoarren errugabetasunaz eta Itsasondoz dihardu, eta herriko seme kuttuna izaniko Hermenegildo goraipatu eta eredugarritzat jotzen du idazleak.

Gure antzinako senitartekoren bat izango zelakoan geratu ginen orain dela 15 urte eta geroztik horretan gaude, nahiz eta aztarrenik ez dugun atera. Aipatu artikuluak itzultzera / moldatzera eta ohar batzuk egitera mugatu gara. Gure osaba Juanitok Aramenditarron zuhaitz genealogikoa osatua du XVII. mendera arte, eta hark esan digunez gure aitonaren aitonaren anaia izan behar zuen Hermenegildo. Gizon izan zen mutila Erakusten daukuzu

Eskualdun odola

Gaztean bezen sendo,

Zurekilan dela. Nok han erranen dayeti

Zuzen den bezela,

Uruguayko Kantabroen

Aita zu zarela.

(Montevideoko “Euskal Erria”-ren presidente zen Nikolas Inziartek Aramendiri eskainitako bertsoetako ahapaldiak.)

Hermenegildo Aramendi. Gipuzkoako Itsasondon jaioa 1837ko azaroaren 26an, Hermenegildo Aramendik gizon izaten hasi behar izan zuen ume garaian: bizargin ikasle 12 urte eskas zituela Ordiziako zirujauarenean, Donostiara abiatzen da gero, 16 urterekin. Bi urte geroago barbero gisa lanean aurkituko dugu Araban, Zalduendon. Kolera morbo izurritea zabaldu zen sorterrian eta, bere medikuntza jakituria urriekin, hain gaixotasun krudelak jotakoak zaintzera itzultzen da.

1858ko otsailean Gaztelara doa “Norteko Ferrokarrilen” enplegatu bezala eta handik, urte bereko abenduan, bere behin betiko destinua izango zen Uruguayrako bidea hartzen du.

Ehun eta hiru eguneko bidaia luzea egin “Mariscal Exelmena” itsasontzian eta Montevideora iristen da. Bertan, behin berriro, bizargin lanak hartzen ditu. Ia kokatuta, “Hospital de la Caridad” delakoan kirurgia ikasketak hasten ditu eta handik bi urteetara, 1860ko martxoaren 2an, Flebotomo titulua lortzen du.

Bere diploma jasota, Mercedes hirian kokatzen da, pelukero, bizargin eta “sasi-zirujau” eginkizunak betez. Han, Rivas Rodriguez doktorearen zuzendaritzapean, anatomia, fisiologia eta patologia ikasketak jarraitzen ditu.

Higienea garai hartan hain abandonatua zegoela ikusita, hiri horretan hasiko zen, bere maisuarekin batera, baztangaren aurkako inokulazioan; dohain, baina “poliziaren laguntzarekin”; horrela izan zen hiri hori Hego Amerikako lehena txertaketa orokorra jartzen, gaixotasun horri aurre egiteko hain metodo modernoa erabili zuena. Iparragirreren lagun-min

1868 inguruan, Errepublika eta batipat Mercedes eraso zuen beste kolera izurrite baten aurka borrokatzen da. Ezbehar hori zela eta (ganaduzalea eta Las Higueras izeneko nekazal etxaldearen jabe zela dagoeneko), mediku eta erizain bilakatu ziren bera eta bere emaztea eta bere etxea ospitale bihurtzen du eta han hartzen ditu 77 gaixo, zeinetatik 66 onik ateratzen dituen. Halako arrakasta bikainak bere alde txarra izan zuen, ordea: bere emaztea eta seme Hermenegildo ere kutsatu egin ziren eta azken hau hil gaixotasunaren ondoren.

Izurriteak iraun zuen bitartean, beren etxea ospitale bilakatzean, Aramendi sendiaren lagun mina zen Joxe Mari Iparragirre koblakari urretxuar handi eta “inkonprenituaren” etxean bizi izan ziren. Horrenbesteko ahaleginak eta heroismoak, on eginaren pagua palua izan zuen, aidanez: bere bizitza arriskuan jarriz, salbatu zituen zenbaitek, beraiexek, behiak eta ardiak lapurtu zizkioten!

Geroago, Corraliton (Soriano) mediku erruralaren lanak bete zituen, eta handik astean bitan Mercedesera joaten zen 14 legoatan txertaketak dohain egitera. Hiriburuko Txertaketa Administrazioan enplegatu hurrena eta 1898an hartu zuen erretiroa. Orduan onartu eta ordaindu zitzaizkion 20 urtetan dohain eginiko lanak. Aberri mina izan arren emigrazioaren alde

1880an Montevideoko Laurak Bat Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide zen. 1876ko abenduan sortu zen elkarte hori munduko lehen Euskal Etxea zen. Instituzio honetan Idazkari Orokorraren kargua izango zuen 1880ko irailaren 1etik aurrera.

Bere kargu berriaz gain, Elkarteko periodikoaren kolaboratzaile izan zen urteetan. Abertzaletasunaz eta urruti zegoen aberriaren minaz beteriko artikuluetan, bere sentimendu euskaltzalearen testigantza fidelena utzi zuen.

1880ko urriaren bukaera aldera, Euskal Erria eta libertate publikoak izeneko artikulua idatzi zuen. “En él trasunta dolor y desesperanza por la situación política de su patria sometida, una vez más, al embate centralista de la política matritense:”, dio Alberto Irigoyenek. Eta segidan pasarte bat dakar: “...en aquellas montañas es donde se ha desencadenado con mayor furia el huracán gubernista; los moradores pacíficos de aquel noble solar, son hoy víctimas predilectas de los hombres sin conciencia, de todos los saltimbanquis políticos, de arriba y de abajo, que desean medrar con la esclavitud de un pueblo, y como ven en peligro la ejecución de su gran problema, dividir para reinar a ese pueblo tan honrado, es que hoy le persiguen de la manera mas criminal e inicua, arrebatándole por medio de las bayonetas sus sagrados y seculares derechos, su autonomía y su libertad, y hasta el sudor de sus hijos; y no conformes con eso, quieren privarle hasta de su lengua madre”.

(Gure oharra: Ezer berririk ez, beraz; Espainiako eta Euskal Herriko eguzki azpian.)

Laurak Bat elkartetik sortutako “Caja Vasco Navarra de Reempatrio” delakoaren defendatzaile sutsua izan zen Hermenegildo. Instituzio hau helburu batekin sortu zen: amerikar lurretatik sorterrira itzularaztea gaixo eta txiro ziren emigranteak, emigrazio agenteek agindu zieten onurak aurkitu ez zituztenak, alegia.

Emigrazioaren defendatzaile sutsua izan zen era berean, eta penintsulatik ahotsak altxatu zirenean “giza haragi trafiko moral-gabe eta bidegabea”-ren aurka, Aramendik zera idatzi zuen: emigrazioagatik kexatzen ziren haiexek beraiek zirela emigrazio horren errudun, zeren eta “... mientras los pueblos giman bajo la férula de gobiernos inhumanos, que en vez de aliviar al pueblo sus grandes contribuciones y pesadas cargas, le oprimen con nuevas exacciones y vejámenes, mientras que los que tienen la misión de velar por sus leyes y libertades, pisoteen aquellas que desconozcan a estos, no se puede esperar que ese pueblo siga sumiso y resignado, aguantando la pesadísima e insostenible carga que le han puesto sobre sus ya débiles hombros...”.

Eta eransten zuen: “...No somos panegiristas de la emigración ni menos opositores absolutos, así como nos agrada que nuestros hermanos se trasladen a estos países cuando son llamados por miembros de su familia, nos desconsuela al ver que sin más seguridad que las palabras melosas de indignos especuladores, abandonen el rincón que, aunque pobre, mil veces más risueño y feliz...”.

(Gure beste ohar bat: bestelakoa bada ere oraingoa, gaurkotasuna duten gaiak ez al dira emigrazioarenak?)

Elkarte hau desagertzean, Montevideoko Euskal Erria euskal etxean berraurkitzen dugu (1912), non abertzale eta nazionalista ohoragarri gisara errespetatua eta maitatua izan zen.

Instituzio berri honek, bere Zuzendaritza Batzordeaz gain, beste bi lekutako azpibatzordeak zituen, Cerroko auzoan bata eta bestea La Unión-ekoan, eta azken honetatik esku hartu zuen zuzenean Aramendik, bere erresidentzia Montevideoko auzo honetatik Mariscalan zuen bere baserriarekin alternatuz. Sabinozale amorratua

Hermenegildo Aramendiri eskainitako merezimendu handiko Euskaroaren Hileta koroa. Evaristo Bozas Urrutiak idatzi eta 1912ko azaroan Buenos Airesko La Baskonia periodikoan argitaratutako apunte biografikoan (1916ko azaroan ere berrinprimatu zuen Montevideoko Euskal Erriak), honela deskribatzen zuen egile horrek Aramendi: “Vengo a hablar de un basko de una pieza, de un `guizón´ hecho y derecho que ha heredado de nuestra raza su compleja naturaleza física y moral: es alto, fue fornido, aguileña es su nariz, prominente su ceja, ancha la frente, membrudo el cuerpo, un ejemplar típico de la `Raza Roja´ de que nos ha hablado Basaldua. Sobre todo ello, una naturaleza moral profundamente euskara: gran imaginativo, gran emotivo, gran luchador. ... con hombres como ese, fácil sería levantar nuestra Euskaria sobre los altares de la más grande libertad de pensar, uniendo nuestra raza para la raza misma hasta concretar en viviente realidad aquel grandioso pensamiento: "Nosotros para Euskadi, y Euskadi para el mundo". Eman da zabal zazu, munduban frutuba.

Baina den-denak ere ez zeuden bere izaera tinkoa txalotzekotan: Arnaldo Parrabere, urte luzeetan Euskal Erriako idazkaria eta aldizkari instituzionalaren erredaktorea izanak, atsekabez gogoratzen zuen bere "Reminiscencias, Amarguras y Despedida" erdarazko foiletoan (Montevideo, 1954) aldizkariaren zuzendari izendatu zutenean Aramendi Jaunak “gazteegitzat gintuela Euskal Erria bezalako periodiko bat zuzentzeko. Bere ustez, ez genuen nahiko gaitasun artikuluak ulertzeko eta aukeratzeko”. Egia dena da, ordea, Aramendiren borondatea gailendu zela bere aurkari gaztearen aldean eta instituzioko zuzendaritzak zuzendari berri bat izendatu zuen bere prentsa organorako.

Eta hain zuzen, argitalpen honetan eta bere aurrekarietan, “Laurak Bat” eta “El Euskaro”-n, berak idatzitako euskarazko nola gaztelerazko hainbat artikulutan preziatu liteke bere jatorrizko ideal foruzaleak nola umotu ziren, abertzaletasunera garatuz, jada benetan sabiniano izatera; horrek gizarte berri haren izaera markatzera eramango zuela uste da.

Horren froga izan liteke artikulu labur bat , “¡21 de julio de 1876!” izenburukoa, 1913ko uztailean argitaratuko zena, Foruen deuseztapenaren urteurren berri baten karietara. Aramendik Sabino Aranaren lelo bereziarekin ixten zuen idatzi hura: “...hacemos votos porque nuestros hermanos vascongados... se congreguen bajo la sombra del inmortal roble de Guernica y rodeando nuestra sagrada enseña, proclamen como único partido Jaungoikoa eta lege Zarrak”.

Hermenegildo Aramendi Montevideon hil zen 1916ko azaroaren 13an. Bere hilondokoan egin zitzaizkion omenaldietarako Ohorezko Batzorde bat osatu zen, zeinaren Ohorezko Presidente Arturo Kanpion izan zen. Egin zitzaizkion omenaldi zenbaitetan Hileta Koroa bat editatu zen eta oroimenezko plaka ipini zitzaion bere hilobian, bien ala biak harpidetzaz finantzatu zirelarik.

Bera hil eta hiru hilabetetara eginiko zeremonian Bernardino Harizpuru eta Arozena presbitero salesiarrak zera zioen: “...Hablen por mí los millares y millares de conciudadanos nuestros que en él encontraron no solo bálsamo para sus dolencias y necesidades físicas, sino, lo que más es, lenitivo y consuelo para sus quebrantos y penas morales, llagas y heridas... Señores, Aramendi fue verdad, fue abnegación, fue consuelo, fue paz, fue ejemplo. Danos tu última lección de concordia, de actividad y sacrificio, y nosotros, al dejarte bajo esta fría losa, la grabaremos con caracteres de fuego en el corazón; la haremos cuajar en la más pura realidad y seremos cruzados de tu idea, de tu espíritu, de tus tradiciones, que son la idea, el espíritu y la tradición de la grande y dulce Euskaria”. Hermenegildo Aramendiaren ehorzketa. Itsasoz bestaldeko azken berriak

Pista segituz Alberto Irigoyenekin harremanetan jarri gara eta hark ahaleginak egin ditu azken urteotan Hermenegildo zenaren ondorengoen arrastoa aurkitzeko, baina ez du zorterik izan, harik eta gure emaila jaso arte. Berriro deitu du aurrez deitutako etxe batera eta Andres Aramendi delako batek esan berri dio: “Besterik ez dakigu, baina gure etxean beti esan izan da birraitona euskal himnoaren egilearen senitartekoa zela”. Eureka! Kontutan hartuz gero Hermenegildo Iparragirreren lagun mina zela, ez dirudi kasualitatea...

Irigoyen Montevideoko “Laurak Bat” (1876) eta “Euskal Erria” (1912) aldizkarien bilduma ari da digitalizatzen. Bietan idatzi zuen Aramendik eta 2006rako argitaratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, DVD formatoan. Xabier Irujo Amezagarekin, halaber, Uruguayko euskal abertzaletasunaz ari da liburu bat idazten Alberto eta urtea amaitzerako amaituko omen dute. Bertan, euskal nazionalismoa Sabinoren postulatuen aurretik Uruguayn sortua zela dioen teoria defendatzen du eta horri buruzko informazioa nahi lukeenak “El Centro Euskaro Español de Montevideo o la dialéctica del ser” iaz Eusko Jaurlaritzako argitalpenean aurkituko luke.

Hor gauza mamitsuak topatzen ahal dira, hala nola, 1880ko hamarkadako esaldiak, non gure birraitonaren lagunek zera zioten: Euskal Herria politikoki inbaditu eta zatikatu zutela indarra baino eskubide gehiago ez zituzten bi estatuk. 1880an alajaina! Ikus daitekeenez, eusko-uruguayarrak aitzindariak izaten jakin zuten. Datu osagarriak Hermenegildo Aramendi Montevideoko Euskal Erria Elkarte indartsuaren sortzaileetakoa izan zen, besteak beste, hurrengo hauekin batera: “El Pais Vasco” periodikoaren enpresako presidente izan zen Jose M. Lizarraga, Lorenzo Zabaleta, eta Jose Lizarraga (Leitzakoak hirurak); Deogracias Latorre bizkaitarra; Manuel Zendoia, donostiarra, notarioa Montevideon; Errenteriako Bautista Garaño; Tolosako Zeferino Sanchez Urkia, botikaria Montevideoko La Unión-en; Angel Magirena nafarra; Baionako Domingo Duvigneau; Errenteriako Franzisko Salaberria eta Evaristo Bozas Urrutia (elkarteko lehen idazkaria).

Aramendiren heriotzakoan, “Euskal Erria”-k omenaldi handia eskaini zioten, bertako euskaldunek ordaindutako hileta elizkizuna eta brontzezko plaka bat ezartzea bere hilobian. Gero, Elkarteak plakaren argazkia eta idatzi bat igorri zuen Itsasondoko Udaletxera. Omenaldi Batzordearen izenean Maria J. Martinezkoak eta Zeferino Sanchez Urkiak sinatu zuten. Elkarteak foileto bat argitaratu zuen, non Bozas Urrutiaren, Regino Galdos villabonatarraren, Buenos Airesko “La Baskonia”-ren zuzendari Jose R. Uriartekoaren eta besteren artikulu eta hitzaldiak biltzen zituena.