286 Zenbakia 2005-01-28 / 2005-02-04
Kosmopolitaren irakurleak badaki jada Québec-en Euskaldunak elkarteak (www.euskaldunakquebec.com) duela ia hiru urte euskara ikastaldiak antolatzen dituela Montréal hirian. Elkarteak, irailetik maiatza bitartean ostiralero antolatzen dituen klaseez gain, orain dela bi urtez geroztik udaberriro ekitaldi erraldoi bat antolatzeari ekin dio. Hara nola Euskal Astea 2003 eta 2004 (http://www.euskaldunakquebec.com/euskalastea_eus.htm) ekitaldiek lortu duten Euskara eta Euskal Herria molde diferente batean aurkeztea publiko zabal bati. Ekitaldi horien karietara oholak, bideoak edota bertso, kantu eta dantza saioak aurkeztuak ziren. Ber maneran, hitzaldi ugari eginak ziren Euskara zein Hizkuntz Politika edota Euskal Diasporari buruz. Miren Ibarluzea, Mireia Orbegozo, Kepa Blazquez, Ziortza Basaguren.
Artikulu honetan ospatu Euskal Asteen bi ondorio goraipatuak izanen dira: Lehena, 2004ko Euskal Astearen helburu berri baten lorpena da : Euskal Astearen antolakuntza elkarteko beste jardueretan eredu gisa erabiltzea. Adibide moduan, Montréalen abenduaren 5ean ospatu zen Eguberriko bazkaria aipa daiteke.
Bigarrena, Laurier Turgeon Université Laval-eko historia eta etnologia irakasleak egin digun gomita da. Bi urtez Euskal Asteetan parte hartu du hizlari gisa. Aldi oro loriatua zenez, Québec-eko Laval Unibertsitatean oholen erakusteko parada eskaini dio Euskaldunak Elkarteari. Azpimarratzekoa da egunero 1000 pertsonatik goiti pasatzen den gune berezi batean antolatua izanen dela erakusketa. Beroketak Montréalen…
Miren Ibarluzea bertsolaria. Euskaldunak elkarteak, Euskal Asteetako giro eta parte hartzea eredu bezala hartuz, urtean zehar egiten dituen ekitaldietan berritasun batzu sartu ditu. Adibidez, abenduaren 5ean Eguberriko bazkarian programazio kultural aberats bat gehitu du.
Ondorioz, aspaldiko partez 100etik goiti kide eta laguntzaile hurbildu ziren elkartearen Eguberriko bazkarira. Dantza eta bertso saioek, hitzaldiek eta kantuek ia 4 orduz animatu zuten elkarteko historian sartuko den bazkari hori.
Zer plazerra hainbeste jende giro ezin hobean Euskal Kulturan murgildurik igande arratsalde bikain baten pasatzen ikustea !
Bazkari horretan bizi izan ziren momento goxoak irakurlearekin partekatzeko, hona hemen argazki zonbait bai eta ere Miren Ibarluzea bertsolariak eskaini zizkigun bertso batzu :
Eguardion Montreal eta
eguardion mundua
Euskal Etxean jarri ditugu
bihotza eta burua
etxean bezain ondo egotea
da gaur denon helburua
berdina baita Euskal Herriko
eta hemengo zerua
Pertsona bere naturalean
hegazti migraria da
Euskal etxean hori argi dago
zeozer argirik bada
txoriak libre izan gura du
ibili hona ta hara
baina herrira begira egiten
du beti azken hegada
Metaforetan ez nadin galdu
alboan utzirik danak
ene guzti hau prestatu nahian
hartu dituzuen lanak!
Gaur bazkaria izango dugu
hala dio gure planak
on egin dagizuela janak
ta kalterik ez edanak.
Miren Ibarluzea … eta Lehen Saioa Québec-en !
Itsasoak herriak bereizi eta batu egiten ditu. Baziren behin, denboraren zurrunbiloan nahastuta, sorterria utzi eta itsasoaren bestaldera jo zuten hiru gazte: baleontzi batean heldutako arpoilari gaztea, gudatik ihesi urruneko lurretan babesa aurkitu zuena, eta bizitza hobeago baten bila aitaren etxea utzi eta Ameriketara abiatu zena… Bazen behin, eta bada oraindik ere, baleontzi hartan Québec-era heldu zen gazte haren aztarnen bila temati dabilen gizona. Bazen behin, eta badira oraindik ere, jaioterria atzean utzi zuten gazte haien seme-alabak. Bada, eta luzaro izan dadila, Québec eta Euskal Herriaren arteko lotura.
Ikasketek eta mundu zabala ezagutzeko grinak ekarri ditu hiru euskal ikasle Québec-eko Laval Unibertsitatera. Bertan, lehendik ere euskal gaietan ondo jantzitako ikerlari, irakasle eta euskaltzaleak topatu dituzte. Denen arteko elkarlanak hara zer sortu duen: Québec hiriko lehen Euskal Jardunaldiak.
Jardunaldi hauek bi egunez luzatuko dira, 2005eko urtarrilaren 26 eta 27an, Laval Unibertsitateko Letra Fakulteatea hartzen duen Charles De Konick pabiloian. Bi egun hauetan zehar, euskara eta euskal kulturaren alor ezberdinei buruzko erakusketak izango dira, euskal musikaren oihartzunak inguratuta. Québec eta Red Bayn aurkitutako aztarnei buruz ikerketan diharduten Elise Dubuc eta Laurier Turgeonek hitzaldia emango dute, eta eremu urriko hizkuntzei buruzko hitzaldi zein mahai-inguruak izango dira. Euskal Herriko geografiaren berezitasunez eta gaurregungo egoera sozio-politikoaren gorabeherez diharduten filmak ere ikusgai izango dira. Ostegunean, jardunaldiei amaiera emateko Québec eta Montréaleko euskaltzale guztiak giro beroan batuko dituen afari bat ospatuko da, bertsolari eta dantzarien saioek alaituta. Mireia, Kepa eta Ziortza.
Ekitaldi honen atal ezberdinetan parte hartu edo lagunduko duten pertsona eta erakundeen artean daude aipatu Laurier Turgeon, Laval Unibertsitateko Etnografia Saileko irakaslea, edota André Desmartis, Manuel Irazoqui eta Yvan Bastrash euskaltzaleak. Euskaldunak elkarteako Montréaldar adarrak, gisa honetako ekitaldiak arrakasta handiz antolatu dituenaren esperientzia eskeini dio Québec-eko taldeari. Trois-Pistoles eta ile aux Basques-eko euskal arrantzaleen aztarnen begirale diren Parc de l’Aventure Basque en Amérique eta Société Provancher erakundeak bertan izango dira bere lanaren berri emanez. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Kultura Sailak ere aportazio baliagarriak egin ditu. Laval Unibertsitatean Itzulpengintza ikasle diren Miren Ibarluzea, Nerea Juaristi eta Itziar Otegik ahaleginak egingo dituzte ekitaldi hauen arrakastaren alde.
Izan bitez hitz hauek Québec-eko Laval Unibertsitateko Lehen Euskal Jardunaldietan parte hartu nahi duen ororentzat gonbidapen! Hau dana hasiera bat denez… segi aitzina !
Laval Unibertsitateko Jardunaldiek 2005 urteko euskal ekitaldiei hasiera emanen diete Québec-en. Jarraipen bezala, Montréalen hitzordua finkatzen dugu jada apirilean eta maiatzean.
Ea ba, munduan zehar diren beste Euskal Etxe eta elkarteen artean, Euskal Herriaren laguntzarekin, lortzen dugun gure herriaren aurkezteko formula gero eta hobeagoak lantzea eta erabiltzea.
Teknologia berriak erabiliz (internet, bideokonferentziak...) euskal etxeen arteko harremanak indartzen ahalko dira. Ber moduan, elkarlana bultzatuz, bakoitzaren lana denentzat erabilgarri izaiten ahalko da !
Segi dezagun beraz, zortzigarren probintzia gisa, munduko eskualde bakoitzetik Euskal Herria erakusten duten leihoak eraikitzen eta irekita atxikitzen !
Euskaldunak-en web orrian (www.euskaldunakquebec.com) ikusiko duzuen bezala leihoak bi munduren arteko komunikazioa egiten dute : Euskal Herria eta Québec-en artekoa. Ez dugu dudarik beraz, Euskal Herriak ere irabaziko duela mundua hobeki ezagutzeko beste molde bat ! Québec hiriko kideen parte hartzea azpimarratzekoa da : Miren Ibarluzea, Nerea Juaristi, Itziar Otegi