280 Zenbakia 2004-12-10 / 2004-12-17

Gaiak

Emeterio Arrese (1869 - 1954)

ITURRALDE, Joxemari



H Emeterio Arrese. il baino pare bat urte lehenago, lagun batzuen bultzadaren ondorioz, Emeterio Arresek bere olerkien nolabaiteko antologia osatu behar izan zuen eta hala kaleratu zen, “Olerki Berrizte” izenaz. Liburu horretan biltzen da, beraz, Arreseren “summa poetica”. Berrogeita bat poema dira guztira, lehendabizikoa kritiko eta adituek hainbeste famatu duten “Ama!” ezagun horrekin hasten delarik. 1903an Habanan idatzitakoa da, Arresek 34 urte zituela, hantxe zegoenean jakin baitzuen Tolosan hil zitzaiola amatxo maitea. Gizon sentibera, poema hunkigarria da benetan eta oso adierazgarria ikusteko nolakoa izan zen bere bizitzaren eta pentsamenduaren bilakaera. Izan ere, poema honen lehen bertsioan (“Nere bidean”, 1913) ez dago Jainkoaren aipamenik eta azken bertsioan, ordea, bai: “Ama da leirik onenak beti / ernarazten dizkiguna, / Jainko´ren urren ama guk ordu / zalletan aipa deguna...”. Emeterio Arrese mutilzahar hil zen 85 urte zituela, eta beti izan zuen ama bere bizitzaren ardatz. Tolosako Eskolapioetan ikasi zuen eta bertan apaizekin izandako esperientzia penagarriak zirela kausa oso gizon anti-elizkoia izan zen beti... azken ordura arte. Azken unean Salbatore Mitxelena apaiz eta idazleak, jakina denez, bideratu baitzuen Arrese elizarako biderantz.

Bere poesia oso tradizionala da, post-erromantizismoan bete-beterik sar daitekeena, nahiko lotuta, alde batetik, bertsolaritzaren ohiko kanonera eta, bestetik, mota horretako poesigintzan erabili izandako gaietara: naturarekiko debozioa, denboraren ihes egitea, gauzen eta bizitzaren egonkortasun edo oreka, sorterriaren maitatzea urruntasunetik...

Lizardi eta Orixe Zaldibarren. Badago nolabait esatea poesia egiteko modu horren lekukoa Emeterio Arresek Lizardiri pasa egin ziola eta honek, atal batzuetan bai behintzat, gainditu egin zuela post-erromantizismo hori. Jakina da elkarri errespetu eta miresmen handia ziotela Arresek eta Lizardik, adiskideak izateaz gain, eta bere azken urteetan Emeterio Arresek estimu handian zeukala Lizardiren obra, nolabait hau poesia mailan bera baino pauso bat aurrerago joan zela konturatu izan bailitzan.

Nik, dena dela, Emeterio Arreserengan bizitzarekiko izan zuen jarrera, ironia puntu hori eta, bereziki, erabili zuen umorea da gehien maite dudana. Eta adibide askoren artean bat aukeratzekotan “Olerki berrizte” liburu horretan azaltzen diren azken hiru poemak irakurtzea besterik ez dago, eta dauden ordenan gainera: “Gainbera” (“Larogei urte gaur bete ditut, / zartzez alderoka nabil, / nai ta nai arren iñolaz ere / pausorik zuzendu ezin...”), non ikus dezakegun nola ari diren ahitzen adineko pertsona baten azken indarrak. Baina segidan, eta liburuari amaiera emanez, bi poema umorezko datoz aurrekoan esandakoa ahaztu eta gainditu nahi bailuen, “Patxi Begibakarra eta Joxe Konkor” eta “Kattalin”. Hori da nik gehien maite dudan Emeterio Arrese.

Askotan hitz egin dut nik Tolosan Emeterio Arrese bere garaian ezagutu zuen jendearekin eta artikulu hau amaitu baino lehen horietako batzuek esandakoaren zatitxo bat sikiera ekarri nahi nuke orain hona. Horrela, Antonio Maria Labaien idazleak kontatzen zidan berak oso ondo ezagutu zuela Emeterio Arrese. Emeterio, umore handiko gizona omen zen, batere ez elizkoia, gaztetan behintzat, eta sagardozale amorratua. Asko joaten omen zen sagardotegietara eta han azaltzen omen zuen bere bertsozaletasuna. Pilota kontuekin eta negozioekin askotan joan omen zen Ameriketara (aita Villasantek idatzi zuen 44 aldiz zeharkatu zuela Atlantikoa; aita Onaindiak, 48 aldiz. Nik, ordea, askoz gutxiagotan joan zela Ameriketara uste dut). Salbatore Mitxelena. Familia onekoa izanik, hantxe gastatu omen zituen diru guztiak. San Luis de Missouri-ra joan frontoiak zirela eta zentimorik gabe atera omen zen handik, “San Luis de Mixeri-tik”. Emeterio Arrese jatorra omen zen, pertsona baikorra, euskaraz bezain ongi gazteleraz ere hitz egiten zuena. Oso ondo jantzita ibiltzea gustatzen omen zitzaion eta betidanik elizaren eta apaizen kontrakoa izanik Tolosako lagun bat izan zela medio (Periko Elosegi) aldatu eta sinestun egin omen zen. Behin topo egin Elosegirekin eta honek Aste Santuko sermoietara zihoala esan omen zion, San Francisco elizan, eta Arresek lagundu egin zion. Han etorri zen bere aldaketa, aitormena egin, eta abar... Azkenean Salbatore Mitxelena trenez etortzen omen zen Tolosaraino Emeterio Arreseri laguntza espirituala eskaintzera.