275 Zenbakia 2004-11-05 / 2004-11-12

Gaiak

Enplegurako erakundeen arteko plana

URIARTE, Koldobike



Pasa den urtean Eudelek, Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Enplegurako Erakundeen arteko Plana sinatu zuten, 2003-2006 urteen bitartean gauzatzeko. Plan horretan honako gai hauek garatzen dira: a) Lan merkatuaren diagnosia eta aurreko enplegu planaren ebaluazioa (2000-2003koa)

Lan merkatua hobeto dago zenbakiei begira (langabezi tasa izugarri jaitsi da -% 8.3 izan dugu 2002an-, aktibotasun tasa igo egin da -%54% izan dugu 2002an-…). Kualitatiboari dagokionez, ordea, langabezi arazoa kronifikatu egin da, eta langabe multzo batzuek aukera gutxi dute laneratzeko. Are gehiago, gero eta gutxiago izango dute irtenbiderik ez badugu aurkitzen. Sailkapena egitea erraza ez bada ere, hiru motatako talde desberdindu ditzakegu:

· Emakumeak. Langabezi tasa gizonek baino 7 puntu altuago dute eta aktibotasun tasa 23 puntu baxuago.

· Pertsona gazteenak. Langabezi eta aktibotasun tasa txarrak dituzte, eta, gainera, %35ek urte bete bat baino gehiago daramate lan bila.

· Langabezian epe luzerako dauden pertsonak, batez ere, hezkuntza maila baxua dutenak, pertsona helduak (45 urte baino gehiago), ezgaitasunak dituztenak, etorkinak … Argazkia: http://www.ulaval.ca/Al/images/photo08.jpeg

Talde bakoitzarentzat aztertzen dira zeintzuk diren laneratzeko oztopo nagusiak, aurre egiteko eta laneratzeko maila hobetzeko. Oro har, oztopo horiek pertsonaren barnean eta inguruan daude, hala nola,

· Pertsonari begira, oztopo horiek zer ikusia dute lan eskarmentu, lanerako prestakuntza, lanbiderako orientazio eta lan ohitura faltarekin.

· Inguruaren aldetik, nagusiak dira: kontratatzeko aurreiritziak, genero estereotipoak, arrazakeria…

Aurreko Enplegu Planaren ebaluazioari dagokionez (2000-2003koa), planifikatutako langabezi tasa lortu dela azaltzen da baina ez aktibotasun tasa, hobetu bada ere. Enplegu politikan aitzindaritza falta dagoenez, proposatzen du Eusko Jaurlaritzak hartu beharko duela, Foru Aldundien eta udalen laguntzaz. b) Epe horretarako (2003tik-2006ra) lortu nahi ditugun helburuak.

Kontuan hartuta egindako diagnosia eta aurreko Enplegu Planaren ebaluazioa, hiru urteetarako helburuak proposatzen dituzte eta oinarriak jartzen dituzte betearazteko. Funtsean, hauek dira Enplegu Planaren oinarriak:

· Eusko Jaurlaritzak berak hartuko du Euskadin Enplegu politikaren aitzindaritza, beste administrazioen laguntzaz, jakina.

· Enplegu Politikek lotura izango dute langabearekin, eta berarekin osatuko dituzte laneratzeko planak. Horren ondorioz, langabearen beharrei egokituko zaizkie laneratzeko baliabide orokorrak.

· Langabearen beharrekin lotuta bateratuko dira laneratzeko ekintza eta zerbitzu guztiak: lanbide orientazioa, lanerako prestakuntza, enplegu eta prestakuntza programak, enpresak sortarazteko laguntzak…

· Neurriak hartuko dira langabezia prebenitzeko, eta horretarako, lana galdu baino lehen landuko dugu langileekin, prestakuntzaren edo orientazioaren bidez.

· Lanbide orientazioa enplegu politikaren ardatza izango da, motorra eta hasiera. Orientazio zerbitzuak laneratzeko prozesu osoan zehar laguntza emango dio, eta langabeari eta laneratzeko baliabide guztiak bere eskuan jarriko dizkio, beharren arabera.

· Gizon eta emakumeen artean desoreka handia dugu. Horren kontra jotzeko, lan aukerak ondo banatzeko, lana eta familia kontziliatzeko, lan baldintzak berdintzeko…

· Enplegu zerbitzuek kontuan hartuko dituzte tokian tokiko ezaugarriak, bai lan merkatuaren aukerak, bai langabeen beharrak, baita tokian tokiko baliabideak ere. Argazkia: http://www.cogami.es/cogamivirtual/34/Novas/Fotos/sil.jpg

Oinarri guzti horiek kontuan hartuta, Planak honako helburu hauek proposatzen ditu:

2006rako lortu nahi da:

· % 63ko enplegu tasa, hau da, 26.000 lanpostu sortu nahi ditugu

· % 50eko emakumezko enplegu tasa, alegia, sortu nahi ditugu emakumeentzako 17.000 lanpostu

· % 54.5eko aktibotasun tasa

· % 44ko emakumezkoen aktibotasun tasa

· % 7ko langabezi tasa

· % 11ko emakumezko langabezi tasa

· 30.000 pertsonari lanbide orientazioa eman nahi diogu

· 90.000 pertsonari lanerako prestakuntza eman nahi diogu

· 10.000 pertsonek enpresetan praktikak egitea nahi dugu

· 800 pertsonek enplegu eta prestakuntza programetan parte hartzea nahi dugu

· 16.000 lan kontratu finantzatu nahi dugu

· 750 enpresa berri sortarazten lagundu nahi dugu c) Lanbide-Enplegurako euskal zerbitzu publikoa

Argazkia: http://comunidad-

escolar.pntic.mec.es/727/

fotos/4inf727.jpg Lanbide izena du enplegurako euskal zerbitzu publikoak, planak sortutakoak. Zerbitzu horrek langabeen laneratzeko aukerak handitu nahi ditu eta kalitatezko enplegua mantendu eta sortarazi nahi du. Lanbidek zerbitzua emango die honako bezero hauei:

· Lan bila dauden langabeei.

· Lan bila ez daudenei, pentsatzen dutelako ez dutela aurkituko edo ez dakitelako nola egin. Baita ekonomia informalean lan egiten dutenei ere.

· Langileei, lan baldintza txarrak badituzte, edo lana galtzeko arriskuan badaude.

Bezero horiei Lanbidek 6 motatako zerbitzuak emango dizkie:

· Informazioa. Bezeroei emango die, behin landuta, lan merkatuari eta enpleguari buruzko informazioa.

· Lanbide orientazioa. Zerbitzu honen bidez pertsonak lanbide helburua mugatuko du, eta honekin batera, lortzeko bidea.

· Lanerako prestakuntza. Bai gelan, bai enpresetan, bai ordenagailuaren bitartez, edozein motatako ikastaroak eskaintzen dizkie. Osagai guztiak erakutsiko ditugu lan egiteko : Industrian, zerbitzuetan, nekazaritzan, arrantzan, eraikuntzan... Bai eskuko teknologiak baita informazio eta komunikazio teknologia berriak ere ikasi ahalko dira: Soldadura, CNC torno edo fresa, robotika, ostalaritza, sukaldaritza, merkataritza, turismoa, garraioa, zurgintza, igeltsaritza, geriatria, informatika, elektronika, hotza eta klimatizazioa, iturgintza, inguru giroa…, besteak beste.

· Bitartekotza-ekintzak. Langabeak eta enpresak, lanpostuak eskaintzen dituztenak, harremanetan jartzen ditugu. Horren ondorioz, enpresek, alde batetik, langabe egokienak aukeratu ahal dituzte, lanpostuen arabera, eta, langabeek, beste aldetik, laneratzeko aukera gehiago eta egokiagoak dituzte, gaitasunari begira.

· Enpresak bultzatzeko zerbitzuak. Enpresak eratzera animatu nahi dugu. Horretarako prestakuntza ematen dugu enpresak sortzeko, eta enpresa antolatzeko prozesu guztiak errazten ditugu .

· Dirulaguntzak. Hauek zuzenean ematen dizkiegu enpresei, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak kontratatzen badituzte.

Zerbitzu horiek emateko, antolakuntza berezia aurreikusten du planak.

· Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza, eta honek planifikatzen du eta kontrolatzen du Lanbide.

· Egailan S.A., erakunde publikoa da, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren menpean dago, eta bulego bereziak ditu bezeroei enplegu zerbitzuak emateko -Lanbideren bulegoak-.

· Erakunde laguntzaileak, eta horiek laguntzen diote Eusko Jaurlaritzari zerbitzu guztiak aurrera eramaten.

Planak indar handia ematen die erakundeen arteko harremanei eta beharrezkoa den koordinazioari. Horretarako tokian tokiko administrazioaren betekizunak zeintzuk diren aztertzen da; modu berean, erakundeen arteko funtzioen banaketa adosten da. Are gehiago, planari jarraipena egiteko erakunde berezi bat aurreikusten da, Enplegurako Euskal Kontseilua, enpresariek, sindikatuek eta administrazioek osatua.

Bukatzeko, planak aipatzen du oso egokia dela Enplegu Legea bultzatzea bi arrazoigatik: bata, enplegu politikaren oinarriak eta printzipioak Euskadin mugatzeko; eta bestea, enpleguari buruzko konpetentziak transferitu direnean Enplegurako Euskal Zerbitzua- Lanbide garatzeko. Momentu honetan Eusko Jaurlaritza Enplegu legea prestatzen ari da datorren urtean Eusko Legebiltzarrean aurkezteko. Horren ondorioz, Enplegurako Euskal Zerbitzua-Lanbide abian jarriko da, erakunde autonomiadun moduan. Baina, Lanbide eratzeko, Estatuak enpleguari buruzko transferentziak adostu beharko ditu.