Bidebarrieta Kulturgunea Bilbaon: Hiriaren imaginario berria sortzeko kulturgintza Bidebarrieta Kulturgunea Bilbaon: Hiriaren imaginario berria sortzeko kulturgintza * Joseba Agirreazkuenaga 1996ko apirilean Bilboko Udaleko kultura batzordeak programa zehatza, 23 puntutan banatua aho batez onartu zuen, Bidebarrietako biblioteka eta beraz Bilboko udalean indarrean dagoen biblioteka sarea berrindartzeko eta berriztatzeko. Garaia da beraz, ia hiru urte igaro ondoren, ebaluaketa egiteko eta argitaratzeko. Kultur ekintzak eta programak ebaluaketa objetibo eta zehatzera makurtu beharra dugu, emankortasuna eta bizitasuna neurtzeko bide bakarra baitugu. 38 urtez Bilboko Biblioteka eta artxibo sarea pertsona beraren gidaritzapean egon ondoren azken aldian, 1993an ondamendian utzi zuen eta ikerlariok ezin izan dugu Bilbori buruzko ikerketak bultzatu. Eusko Ikaskuntzako Historia saileko lehenengotariko bileran egoera eztabaidatu eta salatu zen honezkero. 1996ko abiapuntua, beraz, ezin txarragoa zen, beldurgarria ere bai, Bilbaoko komunikabide guztien ahotan gaia zegoelako eta horrez gainera ikerketa batzordea arazoa aztertzen udalean. Aurkeztu nuen programak helburu garbi bi zituen: Biblioteka sarea eraberritzea, zuzendaritza eta teknikari talde berria sartuz. Eta bestetik, Bidebarrietan kultugunea sortzea, hiri berriak kulturgintza berria eragiteko guneak behar zituelako. Maria Angeles Egaña bibliotekariaren zuzendaritzapean, Bilboko sarea erabat berritu da: Bilbon barrena, 12 biblioteka zabaldurik daude gehi Bidebarrietakoa, azken hau sare guztiaren zentroa bihurturik. Gainezka daude bibliotekak eta erabat berritu da kudeaketa. Bilbori buruzko dokumentazio zentroa sortu da Bidebarrietan eta esan dezakegu Bilbori buruzko informazioa, zehatz mehatz aurkitu daitekela sarean eta besterik ezean Arantza Harberas bibliotekariak erabateko laguntza emateko prest dago. Gauzak honela, esango genuke Bilbo moduko hiriak oraindik orain era zaharreko biblioteka sarea duela, XXI mendekoerronkak bestelako gaurreeguneko biblioteka eskatzen duelako. Horregatik, duela urte batetik hona, proiektu zehatza umatzen joan da, premia premiazkoa dugulako: Eredua, besteak beste, Pariseko Georges Pompidou zentroan dagoen Gaurreguneko biblioteka edo hurbilago Bordelen duguna. Zergatik biblioteka berria?, eraikin zaharren erabilpena gainezka dagoelako eta bestalde liburuetan ezik formato eta sorporte berrietan paperean baino gehiago argitaratzen hasi delako. Aro digitalak komunikazio sareak aldatu egin ditu eta soporteak ere bai. Horrez gain, Bidebarrietan, kulturgintzaren dinamika indarrean ezarri da. Etorkizun hurbileko gizartea, informazioan eta ezagutzan oinarriturik egongo da. Beraz administrazio publikoak azpiegitura eragileak eta finkoak sortu behar dituzte delako helburuen ildoan. Bidebarrieta Kulturgunea, alde batetik produkziogunea da eta bestetik zabalkunde egiteko tresna edo bitartekoa. Bidebarrietako eraikina Bilbon dagoen ederrenetarikoa, modernista estilokoa eta XIX mende bukaeran eraikia. Ikerketa arloan Bilboko artxibo biografikoaren programa abiadan dugu. Bestalde, erakusketak antolatzen ditugu : Batzuk gu geuk produkzituak. Beste batzuk kanpotik ekarriak. Bilbotar idazle eta autoreak abiapuntutzat harturik ihaz Miguel de Unamunori buruzkoa egin genuen, eta aurten Donostiko KMrekin batera Gabriel Arestirena prestatzen ari gara. Baina lehenago, "200 urtez Bilboko Udalak(1799 1999)" izenekoa, ikerketa luzearen ondoren, erakutsiko dugu. Katalogo zabalaren argitalpena, gerora begira, beharrezkoa bihurtu da. Horrez gainera, bizirik dauden Bilbotar idazleak omentzen hasi gara, biobibliografia argitaratuz. Helduenak, ahazturik egoten dira eta katea sortzeko topagune bihurtzen dugu gure egoitza: orain arte 5 omendu ditugu, X.Gereño, E.Amezaga, F.Krutwig, R.Pinilla, Virginia Martinez del Castillo. Hurrengoa, J.Miguel de Azaola izango da, martxoaren 16an. Beste ekintza nagusia, ikerkuntzari lotua Bilbori buruzko Symposiumnak dira, iragana eta gaurregungogaiak ikertu eta hedatzeko. Ez da egon horrelako girorik Bilbon baina Eusko Ikaskuntzarekin batera, honezkero hiru Symposium egin dira, emaitzak argitaratu eta laugarrena eraturik dago, martxorako. Hemendik argitalpen berria sortu da Bidebarrieta. Bilboko giza eta gizarte zientzien urtekaria . Bilbori buruzko ikerketak argitaratzen dira eta zientzi arloko aldizkarien itxura hartu du. Zabalkunde arloan, alde batetik hitzaldiak eratzen ditugu eta bestalde kutsu literariozko ekintzak: Adibidez, errezital poetikoak, musikarekin batera, antzerki irakurketak eta abar. Bidebarrietan, argitalpenak egiten ditugu, liburu formatoak, monografia zehatzak, aldizkoak (urtekaria eta newsletterra), aipaturiko katalogoak, txostenak. Eta guzti hau, sare telematikoan sartuz doa. Etorkizunean, formato elektronikoko argitalpenak emendatzeko asmoa dugu. Gure helbidea, Bilboko Udaleko orriaren barruan aurkitzen da : Beraz, kultur industria berriaren hastapenak ezarrita daude, orain, jarraipena, hauxe baita zailena, sendotasuna eta sorkuntza burutzea baino ez zaigu falta Bidebarrietan komunitate taldea sortu dela esango genuke, erreferentzizkoa Bilboko mapan eta Bidebarrieta newsletterra dugu biblioteka eta kulturgintzaren islarik onena. Bidebarrietako areto nagusi liluragarrian hainbat ekitaldi egiten dira eta azken aldian, girotze honi esker, formato txikiko biltzarreak, ihardunaldiak eta abar burutzeko toki ezin egokiagoa bihurtu da Bilbaon. Etorkizunari begira, biblioteka moeta berria lortu ezkero, Bidebarrietako Kultugunea ere aldatu egin daiteke, aro berri bateko eskakizunetara egokituz, beti ere,Bilboko kultur eta literatur tradizioa abiapuntutzat harturik, hori izan daitekelako euskal kultura eta munduko kulturari ekarpen zehatza bezain oparoa. Joseba Agirreazkuenaga, Bidebarrieta Kulturguneko zuzendaria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.