253 Zenbakia 2004-05-07 / 2004-05-14

Gaiak

Informazio eta komunikazio teknologien gizarte-inplikazioak

PLAZA JAIO, Gotzon

Informazio eta komunikazio teknologien gizarte-inplikazioak Gotzon Plaza Jaio 1.- SARRERA

XX. mendea, izatekotan, “teknologiaren mendea” izan dela esango genuke, mende osoan zehar eta batez ere Munduko Bigarren Gerratean hasirik, hau da oso epe laburrean (gutxi gora behera 50 urtetako epean), garapen teknologikoak ez bakarrik neurriz baizik eta kalitatezko garapen geometrikoa izan duela ikusi ahal izan dugulako. Ikerkuntza teknologikoak eta beronen hedapen azkarrak, zeinak aldi berean eztabaidatzeko, ikertzeko eta teknologia gehiago sortzeko tokiak prestatzen dituen, inoiz giza historian zehar izan duen inplikazio sozial batetara eramaten gaitu.

Teknologizazio hau, zeinak giza bizitzako arlo guztietarako tresna berriak sortzea errazten digu, bai bakean bai gerran, ikerkuntzan edota garapen industrialean, medikuntzan edo hezkuntzan, lan tankera berriak sortzean edo jadanik daudenen garapenean, agian ezinezkoa izango litzateke aldi berean beharrezkoak diren lanak errazten eta prozesu teknologiko guztietan parte hartzen duten tresnak izan ez balira: ordenagailuak, informatika eta komunikazio teknologiak.

Ordenagailuak, informatika eta komunikazio teknologiak XX. mende honetan garapen soziala sustengatzen duten zutabeak direla esan genezake, ez zutabe bakarrak baina bai beharrezkoak. Eta tresna berri hauek ez dute bakarrik garapen teknologikoa lagundu eta bultzatu, baizik eta mende honetako azken urte hauetan informazioa eta beroni atxikita doakion komunikazio teknologia “sozial” arlora pasatu dute, bere burua “gizarte aurrerakoitzat” duenaren edozein gizarteengan eguneroko bizitzan erabilgarriak diren elementuak bihurtuz.

Gure bizitza sozialaren arlo guztietan ordenagailuekin loturik bizi gara, informatika (edo hobeki esanez, informazioa eta komunikazio teknologia) bera ere teknikari oso espezializatuen eskuetatik ehundaka edo milaka lagunek osotzen duten esparrura pasatu delarik eta pertsona guzti horiek ez dira ez lehen urteetako bezero pasiboak izango, baizik eta gaur egun produktuak garatu, ikertu, iritziak eman eta gero eta paper biziagoa dute garapenerako forma eta bide berriak jorratzean eta aldi berean garapen teknologikoan ere.

Beraz, teknologia sozialaren mendean bizi gara. Baina sozializazio mugatua, herri eta erakunde batzuetara mugaturik, zehaztasunak behar dituen “orokortasuna”. Teknologia soziala bai, baina aldi berean zalantzak ere mahai gainean jartzen dituen teknologia. 2.- INFORMAZIOAREN GIZARTEA – IKT GIZARTEA (Informazioa eta Komunikazio Teknologiadun Gizartea)

Igaro den mendaurreko hirurogeigarren hamarkadan “informazioaren gizartea”, “jakintzaren gizartea” eta horrelako kontzeptuak sortu zirela esan genezake. Agian momentu hartako xumetasunaz edo urte haietako baikortasuna zela medio, teknologia informatikoaren hasierako momentuak bizitzen baitziren, kontzeptu bi hauek atera ziren eta ondorioz, hurbileko etorkizunak gizarte aurrerakoietarantz eramango gintuen, zeinetan bizitza eroso eta intelektualagoa izango baitzen eta zeinetan bide zabalak irekiko ziren informazioa era orokorrean eskuratzeko. Gizarte hauetan, lan ekintzen atal handi bat informazioa eskuratzearen posibilitatearekin loturik egongo zen, mundu guztiak berau lortzeko bideak jarriz eta ildo honetatik zerbitzuak eskainiz.

Nabaria da aurreko urteetan gizarte globalari buruz iragarritakoarekin hala zer nolako kontraesanak ba daudela: teorikoki behintzat betidanik goraipatu izan da gizarte globala edo orokorra, informazioak dituen abantailak orokorki lortzeko posibilitatearekin, informazioa lortzeko aukera berdintsuekin. Hau da, mundu berdintsua imajinatzen zen, zeinetan informazioa eta komunikazio teknologia sozializaturik egongo zen eta honela informazioaren hedapena ere sozializaturik agertuko baitzen, ondorioz inoiz lortutako justizia soziala lortuko genuelakoan.

Baina informazioa lortzeko eta baita guk ere informazioa zabaltzeko izango genukeen aukera berdintsua azken finean istorio hutsa eta mitoa delakoaren jakinean gaude. Ipar eta Hegoaldeko herrien ezberdintasun ekonomikoa kontutan harturik, ezberdintasun berbera arlo teknologikoan eta informazioaren arloan ere errepikatzen da, aldi berean, bai iturri eta bai ezberdintasun hori honen ondorioa izanik. Teknologia aldetik garatutako herriak edota herri aberatsak, hau da Lehen Munduko herrialdeak, teknologia eta informazioaren sortzaileak dira eta baita ere prozeduraren kontrolatzaileak. Herri pobreek, teknologia gabekoek, Lehen Munduko herrialdeekin duten zuloa nola gehiagotzen den ikusten dute eta beraien burua IKT gizarteekin lotzeko ez direla gai ere nabaritzen dute eta horrela Gizartearen atal batek baino ez dauka kontrolaren jabetza.

Honela “Informazioaren Gizartea – IKT Gizartea” elkartze hau beste honela ere aipa genezake: “Informazioaren Gizartea – IKT Gizartea – Lehen Mundua”.

Informazioaren teknologi berriak Lehen Munduak Hirugarren Munduari jarri dion zapalkuntzaren beste fase bat bezala ere aurkez genezake:

- lehen fase batetan, herrialde kolonizatzaileak garatzen hasi ziren iraultza industriala martxan jartzeko beharrezkoak zituzten oinarrizko produktuak lortzeko, beste herriak edo koloniak okupatu behar izan zituzten.

- bigarren fasea, entrepresa multinazionalen fasea da, hau da, entrepresa hauek garatu eta hedatu egiten dira koloniak izandako herrietatik eta beste herri batzuetatik, gizarte industrializatuaren produktuak saltzeko asmoz.

- gaur egungo hirugarren fase honetan, teknologia eta sortutako informazioaren kontrola ia bere osotasunean gutxi batzuen eskuetan egon badago.

Nahiz eta herrialde aberatsek mundu teknologikoari dagokionez beste herriengan duten nagusitasuna, baliteke beraien burua gizarte aurrerakoitzat duten gizarteetako barnealdeko talde sozialen artean ere desberdintasunak ikustea. Ero-korrika bat ikus dezakegu, bai gizakioi dagokiguna, bai erakunde eta gizarteei dagokiena ere, eta zertarako? Teknologiaren trena nola edo hala harrapatzeko eta posible izanik, bai lehen bagoietan ere. Informazioaren teknologia, bere kontrola eta bere maneiatzeak dakarren iraultza hurbileko etorkizuna dela sumatzen da eta inork gutxik nahi du esparru horretatik at gelditzea, zeren ikerketa eta garapenaren abiadurak gaurko diferentziak abiadura berberan handiagotu eta zabaldu egingo dituelakoan gaude guztiok. Eta honela izanik, zer nolako informazioaren sozializazioa dugun (baita ere gizarte aurrerakoien barnean) zalantzan ere jartzeko moduan egongo gara: boterea eta informazioa, informazioa eta errealitatearen arteko aldea edo informazioa eta iritziaren tartekoa, informazioa lortzeko askatasuna eta bere kontrola beste alde batetik, e.a. 3.- INFORMAZIO GIZARTE BERRIA

“Informazioa boterea da” zentzu orokorrean. Gaurko gizartean informazioa eta atxikita doakion teknologia toki nagusi batean aurki gintzake, bai arlo ekonomikoan, bai sozialean edota politikoan ere. Industrializatutako gizarteak baztertuz, produkzio ahalmena nagusitzat hartzen zen gizartea gaindituz, informazioa eta komunikazio teknologiaz loturik dagoen gizarte berri baterantz abiatzen ari gara: informazioaren sormena, hedapena eta prozesu honen kontrola gizarte berri honen ardatz nagusienetarikoa delarik. Baina “informazioa” bera bakarrik ez da nahikoa, “jakintza” da helburua eta horretarako informazioari beste gehigarri bat jarri behar diogu: informazio horren analisia, azterketa, antolaketa edo azken batean, lana. Orduan, “informazioa + lana = jakintza” hauxe berau izango litzateke gizarte berriaren ekuazioa.

Gure herrialde honetan nahiko ongi ezagunak diren aldaketak nabariak ditugu: zaharkituriko alde industrializatuak desagertzear daude, beraien ordez teknologia berriak aplikatuz industria modernoagoak martxan jarriz. Aldaketa honek berarekin lan aldaketak ere dakartza, enpresen antolamendu berria, lan baldintzen aldaketa eta eskaera teknologiko berriei aurre egiteko trebezia eta ikasketa berriak, produktu tradizionaletatik zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batzuetara pasatzea eta agian, gizarte honetako enpresak mundu “birtual” edo antzerako horretan kokatzen diren horietakoak izanik, eskainitako produktuak ez-erreal esparru honetakoak ere izango dira. “Puntu com” enpresa berriek ekonomia arloan izandako eragina guztiz ezaguna izan da azken urteotan (adituen ustetan azaldu ezina kasu gehienetan) eta hortik etorri dira jasotako bat-bateko gorakada eta beherakadak.

Igarotako urteetan izandako aurrerakuntza teknologikoek gure bizitzan izan zuten eraginekin bezala, azken garapenek ere badute (eta izango dute) bizitza arruntean zer esana: lan egiteko erak (telelanaz ari gara), lan tresneriari lotuta dauden ikasketa eta ezagupen berriak, jolastekoak (bideo-joko eta joko elektronikoak), komunikazioaren aldaketak (tamalez, korreo elektronikoaren eraginaz agian idatziriko gutunak azken momentuetan daude eta zer esanik ez txat funtzioak aipatzen baditugu edo eta bideo-konferentziak) edota irakaskuntzari begiratuz izan diren aldaketak kontutan hartzen baditugu. Baita ere informazioaren bilketa eta antolaketa ikusiz edo edozein erakunde bai publiko bai pribatuarekin izaten ditugun harremanok gero eta gehiago esparru teknologikoaz erlazionaturik izaten ditugu.

Gizartean dauden berrikuntza hauek badakarte atxikirik bai arazo etikoak baita legeriaren esparrukoak, orain arte halako zalantza edo arazorik izan ez badugu ere. IKT gizarteengan arazo berriak planteatzen zaizkigu honako hemengoak adibideak baino ez direla:

- Gure intimitatearen babesa: datu pertsonalen kontrola, nork erabil ditzake eta zertarako (ideologia kontrola, informazio interesak). Bai estatu bai erakunde askorentzat izugarrizko tentazioa suposatzen duen informazioa. Gainera, azken urteetako atentatuen ondorioz (Estatu Batuetan izandakoa prozesu honen hasieratzat har dezakegu), segurtasunaren aitzakiaz nola edo hala herrialde guztietan legeria bereziak prestatzen ari direla ikusten dugu eta lege hauek teknologia tresnatzat hartzen dute beharrezkotzat duten kontrola garatzeko.

- Informazioa lortzeko askatasuna eta honen kontrola. Betiko gatazka: informazioa jasotzeko eskubidea alde batetik eta bestalde edozein erakunderen mugak jartzeko joera. Adibide argia munduko herrialde batzuetan internautei halako web gune batzuetara sartzeko jartzen zaizkien oztopoak eta zentsurak.

- Informazioaren jabegoa. Bai informazioa eta baita jakintzaren jabegoa. Nori dagokio bakoitza ?

- Komunikazio bide berrien segurtasuna. Ba al daude seguruak gure komunikazioak ? Teknologia berriek askatasun edo menpekotasun gehiago, kontrol gehiago suposatuko dute ?

Eta aldaketa hauen aurrean zein da gizakion erantzuna eta portaera ? Aurreko urteotan “burmuin elektronikoak” eta “adimen artifiziala” aipatzen ziren: ordenagailua gizakion antzerakoa zen baina geure burua tramankulu horien gainetik zegoen, jakina. Eta oraingoan, “giza burmuina ordenagailu baten antzerakoa” omen dela aipatzen da. Ikuspuntua aldatu ere egin da umiltasunez eta giza multzo batzuengan halako susmo edo eta beldur zirrara bat ere nabaritzen da: “zaharregia naiz halako tresnekin lanean hasteko, arlo teknikoa ez da batere nire gustukoa, sistema hauek ez ditut ulertzen” eta antzerako iritziak jasotzen dira.

Orain dela urte batzuk alfabetagabetzaz hitz egiten zen. Gaur egun, IKT gizarteetan, alfabetagabetza funtzionalaz hitz egiten dugu eta kontzeptu horrekin zera adierazten dugu, irakurtzen eta baita idazten jakin bai baina lan postu modernoetarako bete behar dituzten trebeziak nekez osotzen duten pertsonei jartzen diegu izen hori. Eta kontzeptu honi beste honako hau ere lotu diezaiokegu “analfanumerismoa”, informazio teknologiari dagokion alfabetagabetza bezala har dezakeguna. Eta honen aurrean zer dagokigu ? Betiko erantzuna: hezkuntza. Baina berba majiko honekin batera ondo planteatu behar diren sistemak eta antolaketak ere jokoan sartu behar dira eta gainera taxuz sartu behar dira. Irakasleen artean oso sarritan entzundako esaldia da honako hau “gazteei informazio ugaria ematen diegu, gero eta gehiago, baina gero eta gutxiago ikasten dute”. Agian nabarmenkeria izango da, baina baita egia izan ere jakintza lortzeko beharrezkoa den analisi eta hausnarketa lanerako, ongiegi prestaturik ez gaudelako gure hezkuntza sisteman. Ez da ez nahikoa eskolako gelak ordenagailuz hornitzea beraiekin lan sistema berriak planteatzen baldin ez badira. Hezkuntza berrian informazio teknologiek eskaintzen dizkiguten abantailak hortxe bertan ditugu baina antolamendu berriaren atarian gaude: irakaslearen funtzioa gidariarenera bihurtu beharko litzateke, ikasleengan informazioa nola lortu, nola aztertu eta nola etekinak ateratzeko iritzi kritikoak piztuz. Eta ildo horretatik jarraituz, ikasleak informazioaren analisian aritu beharko lirateke datu eta informazioaren gorde-ontziak izan beharrean. Hezkuntzaz bukatzeko informazio teknologiek eskaintzen diguten beste ikuspuntu bat aipa dezagun: luzaroko hezkuntza edo bizitza osorako hezkuntza. Hemengo honetan, hezkuntza ez da epe batetako (gaztaroko) gauza baizik eta bizitza osoan mantentzen zaigun aukera eta helburu bat. “E-learning” izeneko munduak honetarako eskeintzen dizkigun tresnak eta abantailak aprobetxatzen ikasi behar dugu, oraindino dituen akatsak gaindituz eta alde hobekienak garatuz. 4.- ONDORIOAK

XX. mendean izandako teknologiaren aurrerapausoak direla eta “teknologiaren mendekotzat” izendatzera eramaten gaitu. IKT Gizarteetan sartzen ari gara baina hain goraipatua den informazioaren eta teknologiaren “sozializazio eta globalizazioa” ez da hitz joko batetik pasatzen. Herrialde aberats (informazioaz eta teknologiaz, hau da, IKT-ez) eta txiroen arteko desberdintasuna gero eta handiagoa da, agian etorkizunean salba ezina izango delakoan.

Honetaz gainera, teknologia berriarekiko menpekotasun handia nabaria da, gure gizaki mugak tresna teknologikoek garatzean duten geldi ezinezko erritmoarekin konparatzen baditugu. Aldi berean, komunikazio teknologiari begira dagoen gizartea nola garatzen dugun ikusten dugu “globalizazio” kontzeptu berri honekin. Eta globalizazio honek, enpresan, ekonomian, giza-harreman, lan, jestio eta baita aisialdirako forma berriak suposatzen duelarik.

Hezkuntza da (eta are gehiago izango da) informazioaren teknologiak duen eraginik handienetarikoa izango duen esparrua. Honekin batera, irakasle-ikaslearen erlazioak jakintzaren bilakerara burutuz antolatu beharko lirateke, Hezkuntza hau IKT gizarte berriaren zutabetzat har dezakegularik. IKT hauek oraindik informazioa sortzeko orduan, antolatzeko, aukeratzeko, aldatzeko, zabaltzeko, gordetzeko eta jasotzeko orduan liluratu egingo gaituela esanez amai dezakegu. Baina gero eta aurrerakoiagoa izan IKT gizartea, neke eta jakinduria gehiago behar du informazioa ulertzeko eta antolatzeko sasoian, eta etorkizunean hau izango da agian gizakioi dagokigun papera. Menu GAIAK Inicio > EM 253 > Gaiak -->

2004/05/07-14