241 Zenbakia 2004-02-06 / 2004-02-13

Artisautza

Los Torío. Uhalgileak: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA YARZA, Koro

TORÍO-TARRAK

Uhalgileak

2004 / 02-06 / 02-20 En español

Egilea: Antxon Aguirre Sorondo Sarrera Artisaua Produktuak Prozesua Prezioak Bibliografia

PROZESUA

Gure UHALGILEAK eskuz egiten du lan guztia. Bi elementu motordun besterik ez ditu erabiltzen: josteko makina (bi dauzka) eta zulagailu elektrikoa. Gainerako tresna guztiak eskuz erabiltzekoak dira; hala nola (oharra: batzuei "-t(z)eko makina" deitzen zaien arren, ez nahastu: eskuz erabiltzen dira): “Mozteko makina”. Nahi besteko zabalerako larruzko zerrendak mozteko. Ilargierdiak: hainbat neurri eta formatakoak. Zirkulu erdiak mozteko marrazak dira; horregatik du horrelako izena. Harpikoa. Zirkulu laurdenak mozteko erabiltzen den marraza. Erreglatzailea. Piezaren ertzaren paraleloan ildaskak egiteko tresna. Konpasa. Metalikoa da. Erregelak. Hainbat erabiltzen ditu: zintazkoa, plastikozkoa, metalezkoa.

Aliketak. Iltzeak ateratzeko. Eztenak. Kirtendunak, josteko. Puntzoiak. Zulo txikiak egiteko. Ertzak kentzekoa. Larruaren ertzak kentzeko marraza. Kurrika zulatzaileak. Presio bidez zuloak egiteko. Zizel zulatzaileak. Mailu baten laguntzarekin, zuloak egiteko. Guraizeak. Larrua mozteko. Erruletak. Larruan puntuak markatzeko. Mailuak. Horzduna eta hegalduna. Kurrikak. Hainbat gauzatarako. Ebakitzaileak. Kurrika ebakitzaileak. “Errematxatzeko makina” edo eskuzko errematxagailua. Josteko taula. Artisauak, objektua heltzeko, bere hanken tartean ipintzen dituen zurezko kurrikak, eskuak libre izan ditzan.

Larruaz gain erabiltzen dituen elementu suntsigarriak, berriz, honako hauek ditugu: kola, josteko hariak (hainbat kolore, lodiera eta kalitatekoak; gehienetan, kotoizkoak), elementu metalikoak (belarriak, itxiturak, etab.), arkatzak, markagailuak, tintak, argizariak, etab. Hariak.

Haria pasatu ahal izateko, Miguel Ángelek argizari berezi bat erosten du. Frorenciok, halere, gogorarazi digu herrian eurek egiten zutela argizaria, tenperatura berotan %70ean bikea eta %30ean argizaria nahastuz.

Ez dezagun irratia aipatzeke utzi. Hain da atsegina lanean emandako orduak arintzeko! Erremintak.

Larruari dagokionez, oinarrizkoena kromoan ondutakoa da, edota larru sintetikoa (skay). Behien lepoko larrua erabiltzen du gehienbat, kolore eta lodiera ugaritakoa (1,5tik 3 mm-ra bitartekoa). Igualadako enpresa bati erosten dio.

Prozesua ezberdina izaten da pieza bakoitzeko, baina, oro har, hauek dira Miguel Ángelek jarraitzen dituen pausoak: 1.- TXANTILOIAK PRESTATU.

Larrua mozten. Zehazki zein produktu egingo duen erabaki ostean (poltsa bat, maleta bat...), objektu hori osatuko duen pieza bakoitzaren txantiloia prestatzen du. Txantiloi hauek normalean kartoi lodian egiten dituenez, behar adina aldiz erabili ahal izaten ditu, beste produktu batzuk egiteko. 2.- LARRUA MARKATU.

Aipatu berri ditugun txantiloiak moztu beharreko larruaren gainean kokatzen ditu, ahalik eta larru gutxien erabili behar izateko moduan. Ondoren, larrua margotu edo markatu egiten du. 3.- LARRUA MOZTU.

Markatutako zatiak ilargierdi edo harpikoekin mozten ditu, eta, beharrezkoa izanez gero, ertzak mozteko "matacantos" tresnarekin. 4.- TINDATU.

Larru zatien ertzak tindatzen. Moztutako larru zatien ertzak tindatu egiten ditu, eta, ondoren, distira ateratzen die. 5.- MONTATU.

Objektua osatuko duten piezak elkartzeko, pauso hauek ematen ditu: 5.1.- PEGATU

Pieza batzuk elkarri itsatsi beharrik balego, josten hasi baino lehen egingo du hori. Horretarako, larruarentzako bereziak izaten diren kola azkarrak erabiltzen ditu. 5.2.- JOSI

Piezak josten ditu. 6.- TINDATU ETA UKITUAK EMAN.

Piezak josten. Objektua azkenekoz tindatzen du, eta akats txikiak konpontzen ditu (soberan dagoen kola lixatzea, adibidez). Ondoren, distira ematen dio objektuari. 7.- GEHIGARRIAK IPINI (ITXITURAK, KIRTENAK, ETAB.).

Itxiturak, belarriak, kremailerak, kirtenak eta beharrezko diren gainerako gehigarriak ipintzen ditu. 8.- ARGIZARIA EMAN. Objektuari, prest dagoenean, argizaria ematen dio.

Artisautza Harpidetza/Suscripción

Quiénes somos

Política de Privacidad

Avisos Legales

© Eusko Ikaskuntza

Galeria Inicio > Artisautza -->