238 Zenbakia 2004-01-16 / 2004-01-23

Gaiak

Arkitektura industriala eta garapen arkitektonikoa: Martin Ugalde Kultur Parketik Ficobara

FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier

Menu GAIAK Inicio > EM 238 > Gaiak -->

2004/01/16-23 Arkitektura industriala eta garapen arkitektonikoa: Martin Ugalde Kultur Parketik Ficobara Jose Javier Fernandez Altuna

Traducción al español

Azken aste hauetan gure komunikabideetan azalean harremanik gabeko bi berri amankomunezko ezaugarri zeharkakoak baina interesgarriak izan dituzte. Alde batetik, Irunen Ficoba (Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazoka) inauguratu dute; eraikin honen bitartez Irungo udalak Ficoba Baiona-Donostia eurohirirako eta Nafarroa iparralderako erreferentzi gunea bihurtu nahi du, eta horretarako, eraikin funtzional baten alde apustua egiteaz gainera, kalitatezko arkitektura altxatu du. Bestetik, Martin Ugalde Kultur Parkearekin harremanetan dauden azken pertsonen atxiloketak —Euskaldunon Egunkariarekin hasitako amesgaiztoa tamalez oraindik amaitu ez dela adierazten duena— Andoainen kokatzen den beste eraikin berezi eta garrantzitsuari Euskal Herriko arkitekturaren historiarentzat protagonismoa eman dio. Baina bi eraikin hauen artean kasualitatea eta denborak markatutako baino harreman gehiago badaudela ere argi dago; biak eraikin bereziak dira, bikainak, bai berezkoa duten kalitatearengatik nabarmentzen direnak, baina baita biek garatutako tipologia edo arkitektura mota ere bitxia delako arkitekturaren sailkapenean: arkitektura industriala. Arkitektura industriala eta arkitektura garaikidearen arteko harremanak

Arkitektura industriala arkitektura jakintzaren arlo bat da eta arlo honetan industriari zuzendutako eraikinak sartzen dira. Orokorrean, eraikin hauen helburu nagusia aktibitate industrialen bat biltzea da, eta ondorioz, arkitektura industrialean funtzionaltasuna irizpide nagusia izan behar du. Horrela gauzak, eraikin mota hauetan formak edota estiloek ez dute nabarmentzeko aukera handirik, eta normalean, irizpide ekonomikoak izaten dira —bai kostua bai erabilgarritasunarekiko— aktibitatea eta eraikina baldintzatzen dituztenak. Laborde lantegia. Andoain. (Argazkia: Federico Schneidhofer)

Baina azkenean industriarako egiten diren eraikin hauek formak dituzte, eta ondorioz, estiloa ere izan dezakete; azken finean, arkitekturaren arlo honetan ere gizakiak estetikaren aldeko ohikoa duen joera nabarmentzen da. Horregatik, arkitektura industrialaren kasu gehienetan estiloa baztertu bada ere, salbuespenak egon dira eta daude, eta erakin mota hauek bere baitan estilo arkitektonikoak jaso dituzte. Hala ere gehienetan, tamalez, eragin estetikoa modaz edo lekuz kanpoko estiloak berreskuratzeko balio izan badu ere, beste batzuetan eraikin mota hauetan garaiko arkitektura garaikidearekiko apustu ausartak egin dira, Euskal Herriko arkitekturaren historian hain beharrezkoak ditugun aurrera pausoak emanez. Laborde lantegiko jangela eraikina. Andoain. (Argazkia: Federico Schneidhofer)

Ahaztu ez baitugu egin behar, orokorrean Euskal Herrian, eta bereziki Gipuzkoan eta bere hiriburuaren inguruetan, ez dela arkitektura garaikideko estiloen aldeko apustu gehiegirik egon. Gure ingurua, alde horretatik, nahiko kontserbadorea eta atzerakoia izan da, eta askotan politika eta estetika nahastu eta ohikoa den gustuaren aldeko apustua egin dugu. Hala ere, salbuespenak egon dira eta azken mendean eredu edota testigantza bihurtu diren adibideak baditugu ere. Horien artean, nabarmendu beharrezkoak dira Donostiako Klub Nautikoa (1928-1929; Jose Maria Aizpurua eta Joaquin Montero arkitektoen lana ospetsuena), Zarautzko Vista Alegre Dorrea (1958; Luis Peña Ganchegui maisuaren lehen lana garrantzizkoa), Hondarribiako Ikastola (1974-1978; Miguel Garay eta Jose Ignacio Linazasoro arkitekto gipuzkoarren eraikin ezagunena) eta Kursaal Auditorioa Donostian (1990-1998; Rafael Moneoren azken lana bikainena). Adibide gehiago badaude, baina hauetako adibide bakoitza Gipuzkoaz gainera Euskal Herria osoan bere garaian aurrekaria izan da, beste eraikin eta arkitektoei bideak zabalduz. Hala ere, bilakaera honetan, gure arkitekturaren barne, arkitektura industrialak izan duen garrantzia berezia da; orokorrean, lehen aipatu dugun bezala, eraikin mota hauek estilo berezi baterantz joerarik ez badute izan ere, Euskal Herrian kasu gutxi batzuetan bai bete dutela aurrekariaren funtzioa. Martin Ugalde Kultur Parkea eta Ficoba eraikinak

Orain Andoainen Martin Ugalde Kultur Parkea deitzen duguna, lehen Laborde lantegia izan zen. Bertan, garai batean ohikoa zen baserriaren eragina eta itxura baztertu eta funtzionaltasuna helburu nagusia bezala galdu gabe, eraikin multzo honek 1928an arrazionalismoa mugimendu estetikoa jarraituz, garairako eraikin harrigarria burutu zuen. Eraikinak fatxadan bertan bere barneko ezaugarriak erakusteaz gain —garbitasuna marretan, sinpletasuna formetan eta argitasuna konposizioan— eraikin arrazionalista batek mantendu behar dituen printzipioak aldarrikatzen ditu: estaldura zapala, itxidura egitura funtziorik gabe, tamaina handiko leiho arinak, izkinetan etzandako leihoak eta, batez ere, eraikinaren altxaeran zentzu horizontala nabarmentzeko joera —apaindurik gabeko eraikina izanik— forma eta funtzioa bat eginez. Martín Ugalde Kultur Parkea. Andoain. (Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna)

Hogeita hamargarren hamarkadan Laborde lantegiko eraikinak Klub Nautikoarekin batera Euskal Herriko inguruetan salbuespena izan zen; urte haietan bai Euskal Herrian bai Espainian, ohiko estiloa eta erabiliena arkitekturan akademikoa zen eta eraikin gehienak honelako ereduak jarraituz altxatzen ziren. Ondorioz, Laborde lantegiko eraikinak —aurrena 1928an pabiloia, bulegoa eta etxebizitza, gero 1939an jangelako eraikina, dudarik gabe, estilo honetan Euskal Herrian eginiko eraikuntzarik xelebre eta bikainetakoa— arkitektura industrialaren arloan garrantzizkoak izateaz gainera, gure inguruetako arkitektura garaikidea atalerako sekulako aurrera pausoa izan zen.

Eraikin honen egilea Manuel Laborde izan zen —eta dakigunez Luis Tolosa delineatzailearen laguntzaz— eta orain zaharberriturik Berria egunkariaren egoitza eta Martin Ugalde Kultur Parkea osatzen duten beste enpresak ere babesten ditu, erakutsiz, urteak pasa badira ere ez dituela bere forma, estetika eta, batez ere, funtzionaltasunaren gaurkotasuna galdu. Miramongo Parke Teknologikoa. Donostia. (Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna)

Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte diseinatutako Ficoba osatzen duten eraikinak denboran, espazioan eta arkitekturaren historiaren bilakaeran beste leku bat betetzen badute ere, Laborde lantegiko ezaugarriekiko amankomunezko elementu batzuk ere mantentzen dira. Azken finean Irunen, Andoainen bezala —hirurogeita hamar bat urte pasa badira ere—, eraikinaren forma funtzionaltasuna eta estetikarekin haserre egon behar ez direnik erakusten digu. Astigarraga eta Leon Lasarteren eraikinak testuinguru desberdin batean kokatzen badira ere —orain ez da bigarren sektore ekonomikoa garatzen dena, hirugarrena baizik—, Andoaingo Laborde lantegian bezala, hemen Irungo Ficoban, azaleko formen itxura funtzioak markatzen badu ere, arkitektoek formen estiloan estetika bat adierazi nahi izan dutela argi eta garbi nabarmentzen da, eta emaitza guztiz positiboa izan dela ere bai. Ficoba osatzen duten eraikinak, zentzu guztietan —marrak, formak, konposizioa, materialak, kolorea— bikainak dira eta, tamalez, ez bakarrik arkitektura industrialaren barne, baizik egungo Euskal Herriko arkitektura orokorraren barruan ere. Alde horretatik, urteak pasa badira ere, berriro arkitektura industrialak erakutsi digu eraikinak bikainak egiteaz gainera, diziplinarako eredua izan daitekela. Arkitektura industrialaren balorazioa

Artikulu honetan isolaturik bi adibide besterik ez baditugu aipatu ere, arkitektura industrialaren barne beste hainbat kasu interesgarriak aurkitu ditzakegu. Hogeita hamargarren hamarkadatik aurrera, Andoainen bertan Ziako lantegia nabarmendu dezakegu, Billabonan SACEM, Eibarren Portalea edota Irunen egun desagerturik dauden Elgorriaga eta La Palmera lantegiak, guztiak arkitektura industrialaren urrezkoa aro batez hitz egiten digutenek. Zoritxarrez hauetako asko ez zaizkigu heldu desagertu egin baitira, eta eraikin hauek botaz oroitzapen historikoa eta artistikoa desagertzeaz gainera, oroitzapen sentimentala ere desagertzen arazten ari gara; ez dugu ahaztu behar, industriaren garapenak sekulako garrantzia izan duela ez bakarrik Euskal Herriko garapen ekonomikoan baita hiri, herri, gizarte eta gizaki aunitzen oroitzapenetan ere; eraikin hauetako askok langileen bizimodua eta lan baldintzekin lotu baditugu ere —gehienetan baldintza gogorrak— orain, denbora pasa denean eta, batez ere, egitura ekonomiko berri batean, eta ondorioz, gizarte antolamendu desberdinean, sartu garenean, pasatako guztia ez dugu ahaztu behar, oroitzapenak ez baitira bakarrik historikoak izaten sentimentalak ere. Ficoba. Irun. (Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna) Egun, Ficobaz gainera kalitatezko arkitektura industriala badago ere gure inguruan —Joaquin Montero arkitektoak, adibidez, Donostiako Miramon Parke Teknologikoan egin duen lana, Euskal Herriko arkitekturaren diziplinan azken bi hamarkadan egindako lanik hobenetakoa— baina ez dugu hogeita hamar eta berrogeita hamargarren hamarkadakoa ahaztu behar, giza oroitzapenaren parte izateaz gainera, funtzio berriak betetzeko prest baitaude eraikin hauetako gehienak, eta batzuk derrigorrez desagertu beharko badira ere —Irunen TIR almazenekin gertatu den bezala, Ficobako erakustazoka altxatzeko— beste adibide askotan —nahiz eta gero eta urriagoak izan— arkitektura industriala gure imajinazioa eta sormenaren laguntzaren zain dago, Martin Ugalde Kultur Parkeak erakutsi digun bezala. Art?culos relacionados