233 Zenbakia 2003-12-05 / 2003-12-12

Gaiak

AED:Hogei urte euskararen alde

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Menu GAIAK Inicio > EM 233 > Gaiak -->

2003/12/05-12 AED:Hogei urte euskararen alde Zuriñe Velez de Mendizabal

Traducción al español

Duela 20 urte Arrasaten bertan euskararen egoera hobetzeko asmoz, Arrasate Euskaldun Dezagun, AED, sortu zen. 1983ko azaroaren 29an AEDren Eraikuntza Batzarra egin zuten, eta hara gerturatutakoek adostu zuten, nahiz eta euskararen erabilera hainbat esparrutan aurretik zegoena baino hobea izan, zerbaiten hutsunea nabaritzen zela herri mailan. Arrasaten euskararen normalizazioa lortu nahi izanez gero gogor lan egin beharko zen, gizarteko esparru guztiak kontuan hartuz. Hiruzpalau hilabetetara, 300 pertsonek eman zuten izena, eta kuota bat ordainduta, egun erdiko liberatua jarri zuten. Beraz, euskaltzaleen aldetik AEDk oso harrera ona izan zuela esan liteke.

Elkartearen helburua, euskara gizarte harreman osorako tresna nagusia izatea zen. Elkarteak gaur egun dituen 871 bazkideren laguntzarekin eta elkartearen baitan sortutako lan-talde eta elkarte desberdinen ekimenekin, helburua betetzen aritu dira bi hamarkada hauetan.

Hizkuntza kulturaren zati garrantzitsua izanik, kultura arloan lan handia egin dute AEDko kideek: gaurkotasun gaiak jorratu dituzte hitzaldi eta mahainguruak antolatuz; bertso eskola eta ekitaldiak proposatu dituzte, herritarren artean harrera ona izan ohi dutenak; liburu eta diska azoka ... dira, besteak beste, elkarteak sustatutako hainbat ekimen.

Haurrak ere kontuan hartu ditu hasieratik AEDk. Haurrak dira etorkizuna, eta beraiekin euskara landuz gero, herri euskaldunagoa lortuko da. Haur eta gaztetxoak kultura eta hizkuntzaz euskaldun izateko giroa eskaintzen du elkarteak, aisialdirako ekintza ezberdin eta atseginak antolatuz. Ikastetxeekin bateratutako elkarlanean, euskara esparru guztietara gizarteratzea dute helburu euskaltzaleek.

Horrela, euskararen aldeko apustua egin eta eskolaz kanpo ere euskal hizkuntzaren erabilera ziurtatzeko, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu AEDk. Zerbitzuen artean bereizketa egin behar da: noizbehinkako zerbitzuak eta finkoak. Unean uneko zerbitzuei dagokienez, udalekuak, edota Gabonetan antolatzen den Txikilandiaz gozatzeko aukera dute etxeko txikienek, esaterako. Zerbitzu finkoen barruan, ludotekak daude. Urtero 2000 gaztetxo aritzen dira 60 begiraleren ardurapean. Gainera, haur horien begirale izateko prestakuntza-ikastaroa antolatzen du euskara elkarteak.

Hamasei urtetik gorakoek autonomia maila handiagoa dutenez, beraien gaiak jorratzeko auto-antolakuntza bultzatzen da. Gazteen arteko harremanak edozein lekutan euskaraz izatea dute AED elkartekoek helburu, eta horretarako, herriko beste taldeekin lankidetzan, kirol ekintzak, irteerak, jaialdiak eta abar bultzatzen dituzte. Arrasateko auzo desberdinetan dauden gazte-txokoetan biltzeko aukera dute gazteek.

Baina nahiz eta gaztaroan euskara sustatu, eta euskara eguneroko tresna bihurtu, lan mundura igarotzean sarri hizkuntza aitzindariaren presentzia ez da behar bezain handia. Horregatik, Euskalan taldea enpresatan sartu zuen AEDk, eta zuzendaritzak eta langileak sentsibilizatu, motibatu eta euskara batzordeak sustatzen ahalegindu dira.

AEDk, ez ditu emakumeak ahaztu. Ekin Emakumeak taldea sortu eta emakumeei zuzendutako mahainguru, tailer, ikastaro, hitzaldi... antolatu dira 1995az geroztik. Ekimen guztiak euskaraz eta emakumeen gustukoak eta beraien formakuntzarako interesgarriak izaten saiatu dira.

Horretaz guztiaz gain, euskara normalizatzeko oso garrantzitsuak dira hedabideak. Horrela ikusi zuten AEDkoek hasiera hartan, eta ARKO (Arrasateko Komunikabideak) egikaritzea erabaki zuten. Arrasate Press sortu zuten duela hamabost urte, 1988an, eta bi urte beranduago Arrasate Telebista (gaurko GOITB). Ondoren, Arrasate Irratia ere hartu zuen bere baitan.

Bere lanagatik, AEDri euskara elkarteen aitzindaritza aitortu zioten 1997.urtean, Anton Abbadia sarien bidez. Baina hala ere elkarte honen lana ez da amaitu, eta gaur eguneko erronka nagusia Arrasateko Plan Estrategikoa da. Arrasaten euskararekin lanean 14 erakunde ari ziren, eta bakoitzak bere esparruan lan handia eginda ere, herri mailan hainbat hutsune geratzen zirela ohartu ziren. Horri irtenbidea emateko, 2001eko urtarrilean AEDk eginiko dei bati jarraiki, elkartzen hasi ziren guztiak. 2002-2006 bitarteko Plan Estrategikoaren inguruan elkarrekin lan egiteko beste 13 entitate bildu ziren. Euskalgintza sendo eta koordinatu batek eragin handiagoa du herritarren artean. Arrasaten, duela 14 urte hamarretik batek erabiltzen zuen euskara kalean, eta harro esan dezakete kopuru hori hirukoiztu egin dela. Hala ere, esan bezala, oraindik asko dago egiteko. JOXE MARI MUXIKA, AEDko lehendakari ohia Nola ikusten duzu herriko hedabideen bilakaera? ARKO sortu genuenean ez geneukan horrelako garapen emango zenaren espektatibarik. Beharrezkoa ikusten genuen herritarrei euskarazko informazioa jasotzeko aukera ematea. Hasieran Arrasate Press jaio zen, eta bi urtetara Arrasate Telebista. Lehendabizi, bizi irautea genuen gogoan, eta zerbait espero. Prentsa idatziari dagokionez, zer esanik ez. Bailara osoan irakurgai dago egindako lan handiari esker. Eta telebistaren kasuan ere, berdin. Nahiz eta multimediaren kasuan orain arte badirudien ez dela aurrera pauso handirik egin, poliki-poliki aurrera doaz.

Tokiko hedabideen etorkizuna, orokorrean, oso baikor ikusten dut. Garatu eta sendotu egingo dira. Euskal Herriko tokiko komunikabide gehienak federatuta daude, eta handitzen doa. Etorkizuna beraien esku dago, eta federazioa tresna egokia da hedabide horientzat, eurentzako zerbitzu anitz eskura daude eta. AEDk euskara normalizatzea izan du helburu. Lortu al du? Arrasate Euskaldun Dezagun sortu zenean prozesu bat jarri zen martxan. Elkarteak lehenengo urratsa eman zuen: gizarteko arlo desberdinak ahal zen neurrian euskaldundu eta pixkanaka garatu. Hala ere, hizkuntzaren normalizazioa euskaltzale ororen esku dago. Gizarte euskalduna nahi izanez gero, guk jarriko ditugu legeak, eta gizartea aldatzeko aukera handiagoa izango da. Baina horretarako, eguneroko lana oso garrantzitsua dela deritzot, eta aldarrikapen soilarekin ez goaz inora. Hasierako helburua, beraz, maila handi batean beteta dagoela uste dudan arren, oraindik gauza ugari dago egiteko, eta jende guztia animatu nahiko nuke lan horretan murgiltzera. Lotutako artikuluak