2003/10/17-24 San Mamesek, Katedralak, 90 urte bete ditu Asier Arrate
Traducción al español 1913ko abuztuaren 21ean jokatu zen San Mamesen lehenengo partida
XX. mendea hasi berritan zela, Athleticen ametsen helburua bere futbol-zelaia eraikitzea zen, eta Bilbon, gainera, zeren bai Lamiakokoa bai Jolasetakoa, ordura arte erabilitakoak, sano urrun baitzeuden Hiritik. Zelaia Bilbon bertan egitearen kontu hori behin eta berriro agertzen zen gaia zen; baina inork ez zion irtenbide errazik ikusten, lursail egokia aurkitzeak zeukan zailtasunagatik.
Hainbeste urtean gestioak eta gestioak egiten ibili ondoren, Zuzendaritzak, Alejandro de la Sota buru, behar zen orubea aurkitu zuen: Novia Salcedoren jaraunsleena zen lursail bat, Kale Nagusiaren luzapenean kokatuta eta San Mameseko babes-etxea jotzen. Arazorik handiena konpondurik, orain desafio ekonomikoari egin behar aurre. San Mamesen inaugurazioa iragarri zuen kartelaren zati bat. Aurelio Artetaren obra. Ez Ohiko Batzar Orokorra 1912an eta obrak hasi
Futbol-zelaia eraikitzeko 50.000 pezeta inguru beharko zirela jo zen; Athleticek ez zeukan diru hori, jakina, eta orduan zuzendaritzakoek Kluba bihotzean zeramaten pertsona ospetsu eta nabarmen zenbaitzuengana jo zuen, egitasmoa azaltzeko eta diru-laguntza eskatzeko. Lortu zelarik, 1912ko abenduaren 10ean bazkideei Ez Ohiko Batzar Orokor batera deitu zitzaien, zelai berria egitea onesteko helburuarekin, zein zuzendaritzak erraz lortu baitzuen. Eta hori ez ezik, bazkide-kopuru handi batek ere dirua ipini zuen bere nahiz herri-harpidetzaren bitartez: 1.000 pezeta eta beste kopuru txikiago batzuk bitartekoak harpidetu zituzten; guztira 40.770 pezeta batu ziren eta horren ondorioz lanak ere oso arin hasi.
1913ko urtarrilaren 20ko arratsaldeko lehenengo orduetan oso zale ugari bildu ziren San Mames eraikitzeko lanak hasten ikusteko. Manuel Ortuzarrek bedeinkapena eman ostean hasi ziren lanak, Manuel Maria Smith arkitektoaren zuzendaritzapean; arkitekto hori berori zen Athleticen zelai berriaren proiektua egin zuena.
Handik zazpi hilabetera futbol-zelai berria errealitate zoragarri bat zen. Obrak guztira sortu zuen kostua 80.961,92 pezetako izan zen eta emaitzak, ikusgarriak. Jose Arruek honela margota zuen lehenengo futbol zelaia San Mamesen. 1913ko San Mamesen deskribapena: Smithen obra
Futbol-zelaiaren edukiera zazpi milatik gora ikuslerentzakoa zen; horietatik 3.000 eroso-eroso jesarrita; ezpondan jarrita, tribuna, tonu argiko egurrezko tribuna bikaina, non baitzeuden instalaturik komunak-eta, ikusleentzat eta jokalarientzat. Andrek beste instalazio bat zuten, bereizita, eta tribunatik bertatik zuen sarbidea. Tribunaren alde banatan, soropilezko ezpondetan, lore-sorta mardulak zituztela han-hemenka, terraza bat hedatzen zen eta bertatik ezin hobeto ikusten zen jokaleku guztia, ikuspegi paregabea begiesten zela, «gauza bikaina eta sinestezina ke eta fabriken hiri honetan». Terraza horietako batek, gainera, ambigu eta taberna zerbitzu bat zeukan horrexetarako prestaturiko jendearen ardurapean; zerbitzu hori tribunaren goiko aldeko lokal itxi batera ere bazegoen hedatuta, eta hortik ere ikusi ahal zen partida.
Jokalekua belar fin eta sarriz zegoen ereinda eta alfonbra berde handi bat zirudien, inguruan hesi mehe eta xume bat zeukala, jendeari zelaian sartzea eragozteko. Berde leunez margotu zuten futbol-zelaia inguratzen zuen horma, ikusmenerako gozoagoa izateko. Athleticen lerrokadura San Mames futbol zelaiaren inaugurazio partiduan. Aurkaria Irungo Racing izan zen eta emaitza, Athletic 1- Irungo Racing 1. Argazkian, Ansoleaga (prestatzailea), Pinillos, Hurtado, Ibarreche, Iceta, José María Belauste, Solaun, Pichichi, Eguia, Aquilino Acedo, Zuazo, Cortadi. 1913ko abuztuak 21.
Zelaiaren buru, masta luze-luze bat Klubaren banderarekin, "Bilboko emakume nabarmen" zenbaitek ordaindua.
Jendeak sano pozik hartu zuen obra hura; hala islatzen dute inaugurazioaren biharamunean La Gaceta del Norten agertutako Mateosen hitzek: «zelai berria, bikaina?. Bikaina gutxi da. Zoragarria? Zoragarriak ez dirudi nahikoa, Guztiz ikaragarria? Izan liteke horixe izatea, atzo Athleticek inauguratu zuen foot-ball zelai berria iruditu zitzaiena loretoki liluragarri haren harmaila eta ibiltokietan barreiatu ziren milaka eta milaka pertsonei. Diogenes Orueta lorazain miragarriak artista handi bati dagokion lana egin du hemen eta aurkeztu digun zelaia polit-polita da. Smith arkitekto argiak ondo jakin izan du oso lerro politak trazatzen ez ezik, errealitatera eramaten ere». Antzekoak ziren Berraondoren hitzak, Real Sociedadeko jokalari eta San Mamesen jokatutako lehenengo partidako honetako arbitroak zera adierazi baitzuen: «suposatzen nuen tribuna bikaina zela, jarlekuak denak zirela erosoak, baina inoiz ez nuen imajinatuko jokalekua hain zoragarria izango zenik. Baloia hartu eta bera oinetan zelaian harat-honat korri egiteko gogoa nuen. Chelsearen zelaia bakarrik da honen parekoa, beste ezein ere ez». Iritzi berekoak ziren Sheperd´s Bush-eko osakideak; talde ingeles hori inaugurazioko partidetara gonbidaturik zegoen. «Inoiz ez dugu ikusi halako zelai politik. Jokalekuak tenis-zelai handi bat dirudi. Lautasunaren perfekzioa da» Ikasleek euren maisu britainiarrak gainditu zituzten.
D. Manuel Smith arkitekto ospetsua benetan gogobeterik egon zitekeen bere obrarekin. 1913ko abuztuaren 21a: San Mames inauguratu zen eguna
Prest zegoen dena egun handirako. Bilboko kale-kantoietan inauguraziorako programaturiko hiru partiden iragarkiak nonahi; partidak jokatuko zituztenak Athletic Club, Iruneko Racing Club eta Londreseko Sheperd´s Bush taldeak izango ziren. Hartarako iragarkia kartel bikaina izan zen, aitzindaria Estatuko futbolean, Artetak egindako artelan bat. Norgehiagoka bakoitza ikusteko prezioak sei jarlekudun palkoetako 18 pezetak eta harmailetako sarrerak kostatzen zuen pezeta bat bitartean zebiltzan. San Mames futbol zelaia inaugurazio egunean.
Osteguna zen 1913ko abuztuaren 13a, eta San Mameseko ateak 3:30etan ireki ziren lehenengo bider jendearentzat. Kale Nagusian zehar eta Miserikordiako Egoitzako ateraino alde banatan aparkaturiko automobilek eta zalgurdiek osatutako txit ilara luze bi ikus zitezkeen; horrek adierazten zuen, familia udatiar handikiak etorri zirela gertakari hau ikustera. Espaloietatik jendetza izugarria oinez barruti berrirantz. San Mames 20. hamarkadaren erdialdera. Tribuna Nagusia zabaldu da eta harmailak eraiki dira, hegoaldekoa eta orokorra.
5:15etan, partida hasteko gutxi falta zela, San Mames lehenengo bider bete zen: 7.000tik gora ikusle, eta horien artean Bilbo “dotore” guztia zegoen. Partidak ikusmin ezin handiagoa sortu zuen: Espainiako Txapelduna, Iruneko Racing Club, eta Athletic Club aurrez aurre. 5:20an Seve Zuazok egin zuen hasiera-sakea. Handik bost minutu eskasera Pitxitxik Katedraleko lehenengo gola sartu zuen: “Jose Mari Belaustek bere zelai-erditik Acedori erdiratu ostean, Acedok berak Zuazori eman, eta horrek, Morenori (Pitxitxi), zeinek urrunetik shoot ikaragarri bat jaurti baitzuen zeharretara eta sare barruan sartu pilota tarte batetik”. Handik hamar minutura Patriciok sartu zuen berdinketaren gola, eta emaitza horrexekin amaitu zen San Mamesen jokatutako lehenengo partida. San Mames. Tribuna. 20. hamarkada hasierako irudia.
Zelaiaren handitasuna eta dotorezia susmatu zitezkeen arren, gutxik aurreikusiko zuten zelai berria harrezkero hartzen joan zen handitasuna: San Mames, Katedrala. San Mames eta Olabeaga gaur egun. Futbol zelaia hiribarnean kokaturik dago eta ez dauka zabaltzeko lekurik.