211 Zenbakia 2003-05-23 / 2003-05-30

Gaiak

Komunikabideak eta zientzia elkarren beharrean

IRAZABALBEITIA, Iñaki

Komunikabideak eta zientzia elkarren beharrean Komunikabideak eta zientzia elkarren beharrean * Inaki Irazabalbeitia Kezka batekin hasiko ditut lerro hauek; hain zuzen ere duela urte batzuk, komunikabide honetan bertan Iruñeko planetarioko zuzendari Javier Armentiaren hitzak usatuaz : 'Nolabait ere, egoera paradoxiko baten aurrean gaude: batetik, egungo gizartean zientziak eta beratik eratorritako teknologiek duten garrantziaz (eta beharraz) adierazle asko bil ditzakegu, kasu, zientziaren gizarte komunikazioa izenekoaren pisuaz (kazetaritza, dibulgazioa, zientzi museoak...) hiritarren eta zientzialarien artean zubi lana egiten dutenak; eta bestetik, gizartean zientziak duen balorazioa edo onarpena ez dagokio horretan jokatzen duen paperari.' Hain zuzen ere, Armentiaren kezkaren oinarrian hauxe dago: gizartearen eta komunitate zientifikoaren artean lubaki modukoa dagoela. Lubaki hori, gainera, itxi ez eta zabaltzen ari dela zientziak eta teknologiak gure bizitzan duten pisua handitu ahala. Izan ere, gure gizarte moderno honek zientzia eta teknologia ditu oinarri, aldiro egiten dugu orok garapen zientifiko bat du atzetik, gosariko esnea berotzeko keinu sinple horretatik abiatuta. Alabaina, keinu sinple horren atzean zer dagoen ba al dakigu? Keinu horrek izan ditzakeen ondorioen berri ba al dugu? Keinu hori geure egin dugu, natural zaigu, ikuspegi etimologikotik naturaletik gutxi duenean. Azken finean, zientzia eta teknologia gure gizarte modernoaren kulturaren baztertu ezinezko osagai bihurtu dira. Kultura horren transmisio mekanismoetako bat dugu gaur solasgai. Azken ehun bat urteotako gizartean hezkuntza da balio kulturaren transmisio mekanismo behinena. Horren bidez, transmititu dira gizarte balioak zein jakintza edo ezagutza. Gaur egun, mekanismo hori indartsua eta behar beharrezkoa bada ere, beste transmisio mekanismo bat izugarri indartu da: masa komunikabideak. Ez dago gure gizartea izaten ari den aldaketa azkarra horien eragina barik entenditzea. Are gehiago,beharrezkoak ditugu. Nekez gizartera genezake itzelezko abiaduraz pilatzen ari den ezagutza zientifikoa masa komunikabideak gabe. Duela soilik hogeita bost urte, orain hitzetik hortzera darabiltzagun kontzeptu zientifiko asko guztiz ezezagunak ziren gizartean eta horietako batzuk baita komunitate zientifikoan ere: klonazio, HIES, transgeniko, RAM, genoma, txip, alzheimer, etab. Horiek guztiak masa komunikabideen bidez ezagutu eta konprenitu ditu gure gizartearen gehiengoak. Kazetari zientifiko moduan kontziente izan behar dugu jende gehienarentzat zientziaren errealitatea komunikabideek ematen diotena dela. Jendeak ez du zientziaren garapena bere eguneroko esperientziatik edo eskolatik jasotzen, kazetarien hizkera eta irudikeriaren iragazkietan zehar pasea baizik. Komunikabideak dira, hain zuzen, etengabe eboluzionatzen ari diren zientzia eta teknologiarekin duten zubi edo harreman bide bakarra eta, noski, baita bizitzaren beste alor askorekin ere. Beraz, kazetaritza lan egokiak jendeak zientziari buruzko irudi egokia izan dezan ekarriko du; erabakiak hartu behar dituenean baloratzeko elementuak izatea, halaber. Kazetaritza lan desegokiak, aldiz, informazio okerra emateaz gain, sineskerietarako bideak errazten ditu; pentsa bestela pseudozientzien garapena, osasun arazoen munduan batez ere. Jendeak egunero hartu behar ditu zientziak baldintzatutako erabakiak, hain justu, zientziaz zerbait jakitea behar duten erabakiak. Esate baterako, zer egin gure umeen eskolan HIESa duen ume bat dagonean? Utziko al dugu gure etxetik gertu zabortegi bat egiten? Zornotzako biztanlea banaiz, zein jarrera hartu behar dut Boroako energia plantaz. Antzeko galderaz plantea daitezke maila pertsonalean: transgenikoak dituzten elikagaiak jango al ditut? Zer egingo dut gene terapia eskaintzen badidate? Kazetari zientifikoak gizartearen eta zientzi komunitatearen arteko zubi lana egiten duenez, gizarteak zientziaz duen ikuspegiak kazetariak transmititzen diona da neurri handi batean; haren begizikusten du zientziaren errealitatea eta garapena. Horrek, noski, arriskuak ditu. Horietako bat ziurgabetasunaren kudeaketa da. Zientziak eta ikerketak ezezaguna ezagun bihurtzea dute helburu, ziurgabea ziur egitea alegia, baina aldi berean zientziaren emaitzak ziurgabetasun maila handia dute, zientzia prediktiboa izanik ere eta zientzialariak ziurgabetasun esparru horretan ari dira lanean. Esaterako, ingurugiro zientzialariek frogatu dute giza jardueraren ondorioz sortutako karbono(IV) oxidoaren pilaketa atmosferikoak aldaketa klimatikoa ekarriko duela. Hori da datua, baina aldaketa hori nolakoa izango den, tenperatura zenbat igoko den edo zein epetan jazoko den eztabaidagai dira, datu ziurgabeak hain zuzen ere. Kazetari zientifikoak datu horiek usatu behar ditu bere lanean eta zer neurriraino ziurrak diren transmititu behar dio irakurleari. Oro har, ziurgabetasunaren kudeaketa desegokia egiten da masa komunikabideetan. Zientzialarien artean ziurgabe dena, ziurtzat jotzeko joera dago zientzi dibulgazioan. Jeanne Fhanestock ek Science astekari ospetsuan eta dibulgazio aldizkarietan eta prentsa orokorrean zientzi gai berari buruz idatzitakoa konparatu zuen 1986an . Azterketak zera eman zuen aditzera: dibulgazio aldizkarietan eta prentsan, oro har, zientzialarien eginak exageratu egiten zirela. Ez dirudi egoera aldatu denik, gure inguruko prentsari erreparatuta bederen: minbizia sendatzeko zenbat erabateko terapia saldu dizkigute komunikabideek atzen bizpahiru urteotan? Arriskuetako beste bat, komunikabideek informazioaren agenda ezartzea da, alegia, irakurleari zein zientzi gai interesatzen zaion mugatzea. Esan nahi baita, alor batzuk jorratzea beste batzuen kaltean. Atzen urteotan, genetika (genoma), astronautika, astrofisika eta dinosauruak daude zientziaren hit paraderen goi aldean eta horretan komunikabideek eta, jatorrian, hainbat zientzi erakunderen prentsa kabineteak dira egoera horren erantzuleak. Rogers eta Chang ek aztertu dutenez, HIESari buruzko lehen kezkaklinikoak 1980ko hamarkadaren hasieran sortu ziren, baina jendeak ez zuen gaitzari buruzko kontzientzia zabalik izan hamarkada bereko erdi aldera arte. Hori gertatu izanaren errua komunikabideak gaia ez tratatzea izan ei zen . Auziari beste ikuspegi batetik begiratuta, zientzialariek beren lana gizarteratzearen beharra gero eta handiagoa dutela agerikoa da. Komunikabideak behar dituzte horretarako, baina ez dira kazetariez fio. Nire jardun profesionalean behin baino gehiagotan topo egin dut kazetariez honelako zerbait esan didan ikerlariarekin 'nik esandakoa eta berak argitaratutakoa ez dute elkarren antzik'. Hilgartner en hitzak erabiliz 'dibulgazioa zientzialari askorentzat, kasurik onenean sinplifikazioa esan nahi du eta kasurik okerrenean ezagutza zientifikoaren kutsadura'. Dena dela, kazetariak behar dituzte eta gero eta gehiago. Zientzialariek konprenitu behar dute, hala ere, zientziaren dibulgazioa egitea lan zientifikoa egiteko beste modu bat dela, laborategian egiten dena eta peer review prozesu bat jaso ondoren argitaratzen denaren duintasun berekoa. Hori jazotzen ez den bitartean, nekez aldatuko da hainbat zientzialarik komunikabideekiko duten mesfidantzako jarrera. Hala eta guztiz ere, atzen hamarkada honetan komunikabideak erakartzeko ahalegin handiak egin ditu komunitate zientifikoak eta zientzialarien kazetariekiko jarrera aldatzen hasia da. Egun, ikerketa erakunde handi gehienek berezko komunikazio kabinetea dute, erakunde horren irudia saltzeaz arduratzen dena. Erakunde horiek behar beharrezkoa dute gizarteak, politikariek eta zerga ordaintzaileek ezagutu ditzaten. Gero eta diru funts handiagoak behar dituzte beren lanak egiteko eta irudi publiko ona izatea ezinbesteko baldintza da hori lortzeko. Halaber, komunikazio kabinete hauek, noski, beren nagusien zerbitzura egoten dira eta, sarri, sortzen duten informazioa propaganda hutsa da eta kazetariak alea eta lastoa bereizten ikasi behar du, baina zientzialarien eta kazetarien arteko harremanakindartzeko balio dute. Bestetik, kazetariak zientzialarien hizkuntza kriptiko eta ulertezinaz kexatzeaz gain, iristezintasuna azpimarratzen dute, zientzialariek kazetarien berri ez dutela nahi, alegia. Gainera, zientzialariak argitaratutakoaz gehitxo kexatzen direla azpimarratzen duten zientzi kazetariek. Garbi ikusten da, beraz, komunitate zientifikoaren eta kazetarien artean komunikazio arazoak daudela. Ondorioz, zientzi jardunaren gizarteratze egokia egin nahi bada, zientzialarien eta zientzi komunikatzaileen artean topaguneak antolatu behar dira elkarren arteko ezagutza areagotzeko, batzuen eta besteen kezkak eztabaidatzeko, harreman egokiak sortzeko, sinergietan sakontzeko eta desberdintasunetan adostasunak lortzeko... Horrelako foro batzuk badira munduan. Esaterako, Max Planck Institut für Biophysikalische Chemie delakoak sustatutako EICOS programa edo MITek eskainitako 'Knight Science Journalism Fellowships' izenekoak . Gizarteak zientziaz informazio egokia izan dezan nahi bada, ezinbestean elkar hartu behar dute mezuaren sortzaileek eta mezulariek, zientzialariek eta zientzi komunikatzaileek hain justu. Komunikaziorako teknologiak berriek, bestalde, kazetarien eta zientzialarien harremanak hobetzeko eta errazteko erreminta oso egokiak dira. Amaraunak zientzialariak eta zientzi komunikatzaileak zuzenean harremanetan jartzen ditu erraztasun handiz; informazioa lortzeko, informazioa kontrastatzeko, zalantzak argitzeko, ... Aukera horren adibidea dira alphagalileo.org eta basqueresearch.com moduko bitartekaritza zerbitzuak. Horiek kazetariei notiziaren iturritik beretik datorren informazioa zehatza emateaz gain zientzialari eta teknologoekin zuzeneko harremana izateko manera ere eskaintzen dute. Zientzia komunitatearen eta gizartearen arteko komunikazioa azken hamarkadan asko hobetu delakoan nago, baita Euskal Herrian ere. Alabaina, bide asko dago egiteke eta, bide horrek badu berezko oztopoa, zubi lana egin behar duten zientzia komunikatzaileak trebatzeko egunerokolanak ematen duen eskarmentua baino ez dagoela Euskal Herrian. Zientzia komunikatzaile egokiak trebatu ezean, nekez lortuko dugu teknologikoki eta zientifikoki ongi hezitako gizartea eraikitzea. Horixe da hurrengo erronka! Armentia, J., Euskonews, 30, 1998 Fahnestock, J; Written Communication, 3, 275 296, 1986 Rogers, E. & Chang, S.; in Risky business: Communicaiting issues of science, riks and public policy (75 96 or.), Greenwood, New York 1991 Hilgartner, S.; Social Studies of Science, 20, 519 539, 1990 EICOS, MIT, web.mit.edu/knight science/ Elhuyar Fundazioan aspalditik izan dugu kezka hori. Horrexegatik, hain zuzen ere, Caf Elhuyar Dibulgazio sariak antolatzen ditugu edota zientzia dibulgatzaileak trebatzeko bekak ematen ditugu. Inaki Irazabalbeitia, Zientzia Dibulgatzailea eta Elhuyar Fundazioaren Zuzendari Nagusia Argazkiak: genoma.htm online.de/hintergrund/ gif/aids.jpg cclimatico/cmnucc.html syrma/ astronautica/shuttlemir/ Euskonews & Media 211. zbk (2003 / 05 / 23 30) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria