Tchaikovskyren Patetika sinfonia Tchaikovskyren Patetika Sinfonia * Gaizka Barandiaran Tchaikovskyren Seigarren Sinfonia RE bigunean. Tchaikovskyk bere bizialdiko azkeneko urtean sortu zuen Seigarren Sinfonia. Diotenez, bere arrats apaleko heriotzaren larrian barne muinetako sumakizunak jalkitzen omen ditu. Sinfoniarik gailenena eta jaukalena izenondorik gabe jaio zen. Tchaikovskyren anaiak ezarri zion Sinfoniari gerokoan onartuko zen izenondoa: "Patetika" (edota "Pathos Sinfonia"). Baina bere lau tenpoetako aiurri eta behera beharra hausnartu ezkero, hobe "Kontingentziaren Sinfonia" izena eman izan baliote. Fagota da lehenengo tempoan Izatearen mezua erakusten duena. Azpitik eta Leize ilunpetik entzuten da urruma isila. Hasieran bertan sumatzen da Izatearen ahuleria eta Kontingentzia. Ezerezaren ilunpetik igarri gabeko jauzian dator Izatea. Amilondoko urruma ahula da Izatearen agerkundea. Tchaikovsky Hurrengoan, berriz, biolak eginen du galdera, Izateak gorakadarik egin ahal dezaken. Lehenbizi bere oina lur gainean tinko ezartzen duenaren sumakizuna sortzen du, baina alferrikako ekitaldia izan da: Izatea, ageri deneko, berriro amilondora itzultzen da. Intziri eta urruma horietan arrabitek hartzen dute aldia eta Andante gozoroan zurubiaren goitik beherakoan Izatearen itxarona itxaron eza baino harago adierazten dute. Izatearen baietza ezagutarazten dute eta Kontingentziaren beherakadan mintzul galtzen da. Zurezko erestailuek hartzen diete aldia arrabitei eta Izatearen beherakadari eusteko pilo zaratatsuan ekiten diote. Orkestra osoa ere Izatearen gorakada indartzera dator eta Forte irrintzi batean berezko Ezerezari eustearren eginahalak eta bost egin arren, alperrik ari da, eta Pianissimo batean Izatearen jatorrizko Ezerezari iragartzen diote. Lehengo tempo honetan kontingentearen betiko leloa da nagusi, Izatearen eta Ezerezaren arteko eztabaida eta borroka ageri da. Honenbestez ageri da, noski, Sinfoniaren leitmotiva. Eta Kontingentziaren aldarteak gorakada etabeherakada horietan kokatzen dira, eta azkenik behera beharrez ezerezean murgiltzen da. Bigarren tempoan Izatearen eta Ezerezaren arteko elkar ezingoa entzungo da, aurrekoan bezala. Izatea uhinaren gorakada antzekoa bada, Ezereza uhinaren beherakada da. Uhinen harroaldia ez da beste ezertarako Izatearen beherakadan hondamendia nabariago adierazteko baino. Orekan ari da bigarren tempo honetan Izatea, beldurrez harroaldira igotzen bada, berehalakoan ahulaldira erortzeko da. Bigarren tempo hau ametsa antzekoa izanen litzateke. Izatea berez eta jatorriz hutsa izan arren, ametsak badelakoaren aldiko susmoa isuriko omen lioke. Bere Allegro con grazia idilio baten antza adierazteko omen litzateke. Idilio, ordea, bizitzako itxaroan da, eta Izateak ez du itxaronik bere aldarteetan eta Kontingentzian. Azkenik, bizitzako itxaronak baino Ezerezak sortarazten duen hondamendi isil eta zuloan, sortu zen bezalaxe, lekutzen da. Patetika Sinfoniaren partitura Hirugarren tempoa ere beti bateko lelo eta esaniko leitmotiv honetan, gorakadan eta beherakadan, azkenerako ezerezean murgiltzeko larriminetan ari da. Halako batean Izatearen ortzadarra bere koloreetan bizienik ageri da. Eta Allegro molto vivace ari denean, bere Kontingentziaz eta Ezerezaz zeharo ahantzi delakoa ematen du. Halaxe dirudi martxa urratsean gotorki giro indartsuan ikaratzeke hasten denean. Itxaronaren antza dakar bizitasun horrek eta une batzuetan Izatea Kontingentziaz ahantzi dela dirudi. Gutxirako izan da, ordea, Izatearen itxarona eta martxaren baiezkortasuna, laugarren tenpoak erakusten duenez. Tchaikovskyren Sinfonia hau "Izatearen Sinfonia" da, baina izate kontingentearen intziri eta etengabeko urruma. Izate Ezereza izurrean elkarturik eta loturik ari dira gainezka liskarrean, eta ezin jakinez noiz da Izatea, noiz den Ezereza. Biak elkar lotzen dira eta batean badelakorik usten bada, bestean ez delako harian ageri da. Delako Adagio lamentoso da laugarren tempo honen ikurratza eta Tchaikovskyren Sinfonia osoarenKadentzia Erorkera ederrenetarikoa da. Negarra da, eta azken negarra. Izatearen erraietan kokatzen den Kontingentzia eta Ezerezaren urruma. Adagio hori ere Izatearen beherakada da, zurubian behera datorrenean, hiltzera eta bere azkenera doala dirudi Izateak. Urruma eta intziria, isilean eta azkenetan bezala, dena amildegian suntsitzen da. Leizetik irten zen. Ezerezetik sortu zen, eta oinarri gabeko leizean eta ezerezean murgiltzen da. Laugarren tempo honetan, lehenengora itzultzean, Izatearen borrokaldia entzuten da, eta hondagarriagoa, noski, atzera ezina sumatzen da eta. Izatearen azkeneko borrokaldia da. Bukatu da Izatea, hustu da Izatearen oldarra, eta Ezereza ez izan da. Hori da "Pathos Sinfonia": Izatearen ahuleria, hondamendia, Ezereza, hots: Kontingentziaren sinfonia Gaizka Barandiaran, musikologoa Euskonews & Media 199. zbk (2003 / 02 / 14 21) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.