196 Zenbakia 2003-01-24 / 2003-01-31

Gaiak

Gazteak eta osasun mentala Euskadin

BARANDIARAN, Alexander

Gazteak eta osasun mentala Euskadin Gazteak eta osasun mentala Euskadin * Alexander Barandiaran G azteak osasun metalarekin lotzea zentzuzkoa iruditu ahal zaigu, gazte izate bera bizitza, indarra, osasun bikaina, energia eta horrelako bizipenekin ikusten dugulako. Eta orduan ze arazo dago ba?, esango du norbaitek. Eman diezaiogun buelta izenburuari eta "osasun mentalaren gabeziaz" hitz egin dezagun. Ematen al da ba gazteengan gabezia hau? Baiezkoan nago eta uste dugun baino maila handiagoan. Baina pentsatu dezagun momentu batez osasun mentalaren inguruan. Osasun mentala entzun, eta zer irudikatzen dugu? "Ongi" egotea, sentitzea? Eta zer da "ongi" hori? Ondo, ase, beteta sentitzea? Edo beste modu batetara esanda min gabe, sufrimendu gabe? Mina "fisikoa" bada, erreza zaigu daukagun edo ez konturatzea nahiz eta min fisikoaren zati handi bat subjektiboa izan , baina sufrimendua psikologikoa denean? Ikuspuntu ugaritatik begiratu ahal dugu errealitate hau eta ulertzeko modu ezberdinak ondorio ezberdinetara eramango gaituzte. "Usteak" alde batera utziz gero zientziak egin duen ekarpenari erreparatuko diot. Ikuspuntu patologikotik osasun mentalaren neurketa patologiaren gabeziaren arabera egiten da. Honek ez al nahi du esan patologia ez dutenek osasun mental egokia dutela? Non dago beraz muga? Osasun mentalari buruz egin diren ikerketa gehienek irizpide hau hartzen dute kontutan. Gazteen osasun mentala nolakoa den galderari erantzuna eman nahi izan diote, ematen den patologia posiblea irizpidetzat hartuz. Emaitzek agertzen dutenaren arabera %15 eta %30 bitartekoa litzateke patologikoa gazteen kasuan. Euskadin egin izan diren ikerketek ere tarte horretan zehazten dute ematen den prebalentzia. Baina eta gainontzeko gazteen egoera (%70 85 bitartekoak) zein da? "Gaixorik" ez daudenez osasun mental egokia al dute? Ba, nire tesirako egin nuen osasun mentala eta ikasleei buruzko ikerketaren arabera, gainontzeko gazteengan guztiengan ongizatea ez zela ematen ikusi nuen. Ikerketahura orokortu ezin badaiteke ere, hainbat argibide ematen zituen. Noski, nik ere patologia posiblea kontutan hartu nuen, baina osasun mentala modu zabalagoan irudikatzen dudanez, beste hainbat esparru izan nituen kontutan. Adibidez, osasunarekin zerikusia daukaten hainbat bizitza ohitura deitu nienak, alkohola eta beste hainbat droga kasu, bizitza kalitatea eta honen barruan euskarri sozialak, ongizate maila, estresa, e.a. Emaitzek erakutsi zidaten batez ere gazteek hainbat estres sintoma zituztela, nahiz eta beraien ustez bizitza kalitate altua dutela esan. Hau ikusita, eta estresaren aldagaia kontutan hartuta, osasun mentalaren balorazioa egiterako orduan, %50ak estres sintomak zituztenez, gazteen erdiak osasun mental desegokia zutela adierazi nuen. Ez dago esan beharrik, eta etorkizunean argiago ikusiko dugu, estresa osasun mentalaren gabeziarekin estuki lotuta doala. Nire ikuspuntutik osasun metala ez da bakarrik patologiaren gabezia. Ondorio honetara iristean norberari galdera asko etortzen zaizkio burura. Zerbait gaizki egiten ari garela ematen du. Suposa daiteke gure gizarte ereduaren helburuetariko bat, eta nagusia izan beharko litzatekeena nire ustez, pertsonaren gaitasun guztien garapena eta bere ongizatea bermatzea direla (eta hau talde baten barruan ematen da beti ere). Ongizate materialean ez dirudi gaizki gabiltzanik, orokorrean esanda, hau baita erabiltzen den eslogana, hots, ongizatearen gizartean bizi garela. Oso garbi dago "gaixotasuna" ongizate ezarekin lotzen dugula, baina ongizate mentala askoz labainkorragoa denez ez diogu kasu gehiegirik egiten. Halere bizi, jasan, sufrimendu subjektibo hori pertsona askok bizi dute. Horren eraginak ez dira argi ikusten, oso zehatz begiratu behar da, baina hor dago, gure egunerokoan txertatua. Batzuk, nire esperientzi psikoterapeutikoan ikusi izan dudanez, laguntza eskatzen dute. "Gaixorik" al daude? Ez noski, ez dute patologia bat, baina ez dira beteta sentitzen, edota gatazkan daude beraien barnearekin edo bestepertsona batzuekin, eta ez da kapritxoz. Gure gizarte ereduak badu eraginik beraien bizitzetan. Badakit gatazka bizitza beraren baitan dagoela, baina gatazkak badu bere alde sortzailea, positiboa eta badu bere alde negatiboa. Eta oso argi daukat alde negatibo horrek ez duela inola ere ez osasun mentala dagoenik adierazten. Gazteei dagokionez, gizartea eraikitzen ari garen bide honetatik, ongizate mentala mantentzea gero eta zailagoa izango zaigulakoan nago (begira ditzagun mundu mailan gazteen heriotza tasa handiena eragiten duten gertaerak eta norberaren buruaz beste egitea puntan ikusiko dugu), eta ez nago soilik gorputzean adierazpena duten kasu gehiago azalduko direla esaten, estresaren eraginez sortzen diren geroago eta kasu gehiago ere azalduko direla. Daramagun abiada honetan, bada garaia frenoa jarri eta non gauden eta nora goazen jakiteko, bada garaia pertsonarentzat zer den garrantzitsua eta zer den osasuntsua erabakitzeko, bada garaia pertsona bere osotasunean hartzeko, bada garaia denon osasun mentala jorratzeko, lantzeko. Eman diezaiogun aukera bat geure buruei. Alexander Barandiaran, Mondragon Unibertsitateko irakaslea Euskonews & Media 196. zbk (2003 / 01 / 24 31) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria