188 Zenbakia 2002-11-15 / 2002-11-22

KOSMOpolita

Québec-eko Salaberry!

HARLUXET, Xabier

Québec-eko Salaberry! * Traduction au français de l'original en basque Xabier Harluxet Québec Ipar Amerikako ekialdeko 7,4 milioi biztanle dituen herria da! Hizkuntzaz eta historiaz Frantziarekin asko harreman baditu ere, Euskal Herriarekin loturak laster egiten ahal dira eskualde huntan! Euskal Herria eta Québec-en arteko harremanen lekuko euskal arrantzaleak ditugu lehen lehenik, gero la "Région des Basques" lurraldearen izena, baita ere asko gunetan agertzen den Salaberry izena. Egia erran, Québec-en gaindi eta bereziki Montréalgo hirian, Salaberry izena irakurtzeko diren molde diferenteak harrituko ditu edozoin euskaldun! Hara nola, ez da zaila izanen, Montréalen, frantses hizkuntza ofiziala duen munduko bigarren hiri haundienean, euskal izen horrekin topatzea: karrika haundi baten izena denez, komertzio, ostatu, taberna, liburutegi, etab... luze batek beren izenean sartu dute Salaberry! Hori ez balitz aski, hara non Montréaldik hurbil Salaberry-de-Valleyfield hiria agertzen den! Orduan bai dela hasten ahozkatzeko moldeari buruz nahas mahasa! Salaberry izena hemengo frantses, ingles edo indio izen tipikoetarik ezberdina bazen ere orain Ingles aire duen Valleyfield batekin lotuz geroz laister "Zalabeui" bihurtu da ahozkoan! Goazen beraz hobekio ulertzera nor zen delako Salberry famatu hori eta zer diren gaur egun Salaberry-de-Valleyfield hiriaren ezaugarriak! Charles Michel d'Irumberry de Salaberry Salaberry familia, historia zaleen arabera, IX garren mendetik geroz nobleziaren partaide zen. Garai hartako Nafarroako erregeen ondorengo baten belaunekoak ziren. XVII eta XVIII garren mendeetan Salaberry-tarrak Frantziako erregearen serbitsuan ospea bildu zuten. Haietarik bat, Louis-Charles-Victoire-Vincent de Salaberry Estatuko aholkulari izan zen ere 1758an. Beste bat, aldiz, Charles-Victor-Vincent de Salaberry Frantziako Iraultzaren ondorioz, 1794an hil zen. 1546 urtean, Salaberry familia bi adarretan zatitu zen eta adar gazteena zen Québec-erat joan bi mende berantago. Salaberry-tarren Québec-tar adarra Michel de Salaberry-k zuen hasi. Hura itsasontzi kapitaina zen eta burasoak Baiona diozesiko nobleak zituen. Lana eta bidaiak zirela medio 1735an lehen aldikotz Québec ezagutu zuen. 1750ko uztailaren 30an, Beauport hirian (Québec hiritik hurbil), Madeleine Louise Juchereau Duchesnay de Saint-Denis-rekin ezkondu zen. Michel de Salaberry-ren anderea ere aitoren seme zen: Beauport-eko Jaunaren alaba zen. 1752ko uztailaren 5an, Beauport-eko de Salaberry-tarren Ignace Michel Louis Antoine d'Irumberry de Salaberry semea sortu zen. Ignace Michel-ek, bere ikasketak Québec hirian hasi zituen eta Frantzian sakondu. 22 urterekin berriz itzuli zen Québec-era armadako kapitain bilakatuz eta amerikanoen lehen inbasioen kontra eta Québec hiriaren defentsan 1775an parte hartuz. 1778an ezkondu zen eta Beauport hirian finkatu ere. Ondorioz, diputuatu eta legegile aholkulari karguak hogoitahamar bat urtez jarraitu zituen. 1778an, Beauport-en, Charles Michel d'Irumberry de Salaberry, Michel de Salaberry-ren ilobasoa, sortu zen. Harek militar ofizio eta bizia 14 urtetan hasi zituen. Ikusi dugun bezala jatorriz de Salaberry familia Canadiar-Frantses aristokratikoa bada ere, 1760tik goiti (orduan Inglesen eskuetan erori zen Nouvelle-France edo oraiko Québec-herrialdea) Ignace Michel de Salaberry eta ondorengoak Inglaterrako erregeen serbitsuko ezarri ziren. Charles Michel-ek, 1813ko urriko amerikarren aurkako defentsa historikoaren parte hartze harrigarria ukan zuenez, hura zen bilakatu familiaren ezaugarri nagusia orain arte goraipatua dena! De Salaberry-ren garaipena Châteauguay-ko Guduan (1813ko urriaren 26an) Data hori erreferentzia historiko bilakatu da zeren hor zuten amerikarrek azken aldikotz entseatu militarki Iparraldeko mugen atzera araztea! Erresistentzia hori bikainki antolatu zuen heroia Charles-Michel d'Irumberry de Salaberry Québec-tarra da. Dena hasi zen Amerikarrek Montréal hartzeko igorri zuten armadarekin, 1813ko irailean: 6 500 bat gizon zohazen Iparralderuntz. Châteaguay erreka ertzean (Montréaletik 56 kilometrotara hego mendebaleruntz) Charles-Michel de Salaberry, "voltigeur" edo puntako soldadu talde mugikorraren lotinant-kolonela, bere 300 bat gizonen antolatzen hasi zen: bide nagusia trabez (trunko moztuz, etab...) josi zuten eta zelata moduan inguruetan sakabanaturik etsaia itxoiten hasi ziren. Amerikar Wade Hampton jeneralak bere taldetik 1500 gizon igorri zituen "voltigeurs" horiek bazterretik inguratzeko. Baina, amerikarrek ilunabarrean galdurik geldi aldi bat egin zuten taldearen beste partea itxoiteko eta indarren berreskuratzeko. Atzerritar armadaren duda eta nahaste egoera argi geratu zen de Salaberry-rentzat. Haren taldearen zati batek barrikadetan amerikar armadaren parte haundiena zaintzen zutelarik beste zatiak 1500 Yankee herratuei erasoa bota zien. Amerikarren harridura eta nekeziaren laguntzaz de Salaberry-ren soldaduek atzera arazi zituzten Hampton-en gizonak! Ber denboran, barrikadak altxatzen hasi ziren amerikarrei, de Salaberry-ren soldaduak tiroka eta orru errabiatuka hasi ziren, horretarako Kahnawake, Montréal ondoko tribuko mohawks indioak lagun zituztela! Iskanbila eta nahasketa haundi hortan, 1500 aintzindariak atzeratzean amerikarrek erasotzailetzat hartu zituzten eta etsaiak balira bezala tirokatu. Ber denboran, de Salaberry-ren gizonek barrikaden ondoan erabili zituzten klarin soinuek eta eraso bizkorrek Hampton jeneralari sinets arazi zioten sekulako tropak ari zirela hurbiltzen Montréalen defenditzeko! Nekea eta beldurra lagun, jeneral izutuaren aginduak segituz, atzerako bidea hartu zuten Amerikar tropek! Hara nola de Salaberry-k, garaipen harrigarria lortu zuen eta Montréal salbatu. Horren ondorioz, de Salaberry Canada Frantsesaren heroia bilakatu zen. Diputatu aulkia lortu zuen Bas-Canada (garai hartan Québec-ek zuen izena) ordezkatuz eta 1829an hil zen. Salaberry-de-Valleyfield hiria Gaur egun, garai hortako ekintzak eta balentriak orroitarazten dizkigun erreferentziarik hoberena Salaberry-de-Valleyfield hiria da! Hasiera batean Irokois-tar indioen lurraldea kolonoek gutti okupatuko zuten XVIII garren mendearen bukaera arte. Orduan ziren hasi lehen luberritzeak eta kolonizazioa.Urbideen kanalizazioek XIX garren mendearen erditik goiti hango bizia animatu zuten. 1854an, paper fabrika bat eta segategi mekaniko bat jarri ziren hiri inguruan. Urte batzuren buruan, Alexander Buntin-en sozietateak erosi zuen paper fabrika eta aurrera arazi zuen. Industria horri esker zen Salaberry-de-Valleyfield Canada gaindi famatua bilakatu: Canadako egunkari haundienen nagusiek beren bezero zituzten eta. 1874an Salaberry-de-Valleyfield izena hautatua izan zen ordu arte Sainte-Cécile izena zuen 3000 biztanleko parropia ofizialki hiri bilakarazteko. Izen bikoitzaren hautua garai hartan frantses eta ingles komunitateen arteko tira-biren lekuko da. Salaberry izena orduko alkate zen Dépocas jaunaren proposamena izan zen Kolonel Charles-Michel de Salaberry, herriaren salbatzailearen omenez emana. Hala ere Alexander Buntin jaunak nahiago zuen Valleyfield izena zeren horrela Eskoziako eihera famatu baten oroitzapena ekartzen zuen (Valleyfield Mills, Midlothian eskualdeko Penicuik hirian). Ainitz elgarrizketa animatu sortu ziren herriko kontseiluko gela ttipian bai eta indartu hiriko kaleetan. Azken finean, hitz-hartze batekin amaitu zen eztabaida eta bi hitzen uztartzea erabaki zen. Hara nola sortu berria zen hiriak bere izena ofizialki hautatu zuen: Salaberry-de-Valleyfield! XX garren mendean, Salaberry-de-Valleyfield-eko portuak eta urkirol jokoek hiriaren fama eta historia aberastu zuten! Gaur egun, Montréal-dik hurbil den 27 mila biztanledun hiri orekatua dugu Salaberry-de-Valleyfield: dituen industria eta komertzio dinamikoek inguruko herrialdea erakartzen du bai eta ere historia eta geografiari esker atxiki dituen monumento eta parkeek. Helbide elektroniko zonbait argazki eta mapa batzuren biltzeko: Salaverry de Valleyfield hiria [2] eta kartak [3] . ----------- Xabier Harluxet