Elkarrizketa: Francisco Igartua Rovira Francisco Igartua Rovira "Oso bizitza astindua izan dut eta inoiz ez naiz inon integratu" * Josemari Vélez de Mendizabal Peruko Andeetako Aija herrixkan jaio zenetik(1923 09 05) Francisco Igartua Roviraren bizitza arras mugitua izan da, borondatez eta askotan uneko baldintza politikoek behartuta. Azken mende erdiko Peruko azpikeria politiko guztien salaketa egin du berak zuzendutako aldizkarietan. Oñatiar jatorriko amerikar honek, bere aita munduratu zuten "Berotegi" baserrian hartu nau, Oñatiko Goribar auzoan, Euskal Herrira egindako enegarren bisitaldian. Hiztun atsegin eta joria, benetako plazera izan dut euskal emigrante baten seme honekin izandako lehen buruz burukoa, bere obren erreferentziaz lehenagotik ezagutzen banuen ere. Zerk eragin zuen zugan Euskal Herrirako grina? Ustekabeak, hain zuzen. Aita euskalduna zela bagenekien arren, hura hil ondoren zeharo galdu genuen sendiaren arrastoa. Aitaren heriotzaren ostean, 1931n, amak gutun batzuk gurutzatu zituen haren arreba batekin. Baina espainiar gerrak arras eten zuen harremana. Nire arreba Italian bizi zen eta 1951ean Bartzelonara joan zen, amaren aldeko familia bisitatu eta zeramika ikastera. Bartzelonan zegoela, Donostian lan egiten zuen osaba batengana hurbiltzea otu zitzaion. Osaba, Ramon Rovira, Banco Santander eko zuzendaria zen eta honen bitartez jakin zuen arrebak, amari idazten zion Juanita Igartua izeba Donostian Churruca sendiaren giltzazaina zela. Ama ordurako hila zen, eta guk hartu genuen sendiaren lotura estutzeko ardura. Eta horrela gaur egunera arte. Nola eta noiz aldatu zen zure aita Perura? Soldadutza amaituta berehala, 1908 inguruan. El Callao n zuen osaba batek deitu bide zuen, bere alaba batekin ezkonarazteko. Itxura denez, hilabete batzuk eman zituen zorigaiztoko bidaia batean eta hara iritsi orduko osaba erotuta aurkitu zuen, alaba perutar batekin ihes eginda baitzen. Beraz, aitak batere laguntzarik gabe ekin behar izan zion hango bizimoduari,eta espainieraz ezer gutxi jakinda, gainera. Beste euskaldun batzuekin batera, Andeetako San Damian lurraldera joan zen, fruta arbolak landatzeko asmoarekin. Gogor aritu ziren baina porrot egin zuten, bertaraino gobernuak agindutako errepidea egin ez zelako eta garraio gastuak oso altuak ziren explotazioari behar bezala aurre egiteko. Zoritxarrez, aita handik gutxira hil zen, ni artean umea nintzela. Ordurako El Callaon bizi ginen, ama eta hiru anaia arrebok. Eta aitaren desagerpenarekin, amak Txileko Santiagora aldatu zuen egoitza, etorkizun hobeagoaren bila. Beraz, ezer gutxi gogoratuko duzu aita zenaz... Ia ia ezer ez. Horrek esan nahi du, nik oso urrundik nuela euskaldun izatearen sentimendua; oso azalekoa. Bitxikeria gisa, diodan, Txileko Santiagora aldatzean, bertako maristen ikastetxean baliozkotu behar izan nituen El Callaon buruturiko oinarrizko ikasketak. Eta, dirudienez, azterketa frogetan ziharduen fraidea euskalduna zen, matematika gaian egin zizkidan bi galderak honako hauek izan baitziren: Bizkaiko Golkoa non zegoen eta euskal probintziak zeintzuk ziren zehaztea! Noiz itzuli zinen Perura? Unibertsitatean hasteko unea zen, 1940an, eta Limako Universidad Católica ra joatea otu zitzaidan, zuzenbide ikasketak egiteko. Baina ekin bezain laster ezabatu zitzaidan legegizon izateko gogoa eta letren bidetik jarraitu nuen... Dena den, hura ere utzi eta benetako bokazioa nuen kazetaritzari heltzea erabaki nuen. Horrela, "Jornada" egunkarian hasi nintzen, hiriburuko gau kronikak egiten. Gero "La Prensa" n ere jardun nuen. Dakigunez, aurki zeure bideari berezko zeinuaz heldu zenion... Bai, horrela da. 1950ean "Oiga" aldizkaria sortu nuen. Informazio orokorra eta, batez ere, kritika politikoa egiten genuen. Kartzelako saria eman zidaten, eta deportazioa. Panamara bidali ninduten, baina Txilen buruturiko idazleen kongresu batera joan nintzen eta bertan Curcio Malaparte eta Camilo José Cela tarteko perutar gobernuari nire itzulera eskatu zitzaion. Bi idazleklagundu zidaten Limaraino eta "El Comercio" egunkarian errefuxiatu nintzen, Perun geratzeko baimena eman zidaten arte. Orduan, Doris Gibson bazkidearekin batera, "Caretas" aldizkaria gorpuztu nuen, baina 1963an "Oiga" ostera kaleratzea erabaki nuen, eta baita horrela egin ere. Bost urte iraun zuen aldi berriaren aurreneko etapak, 1968an itxi egin baitzidan gobernuak, zenbait hilabetez. Baina 1974an jazarpena larriagoa izan zen eta Mexikora aldegin behar izan nuen. Mexikoko "Euskal Etxea" ko García Urtiagaren bitartez, Echeverria mexikar lehendakariaren aholkularia zen Vicente Laskuraini esker "El Sol" egunkarian hasi ahal izan nuen lanean, kultura gehigarriaren zuzendari gisa. Lau urtez aritu nintzen Mexikon. 1978an Perura itzuli nintzen eta "Oiga" rekin jarraitu ahal izan nuen. Hirurogeita hamar langile izatera ailegatu ginen. Benetako esfortzua izan zen, baina merezi izan zuen. Fujimorirekin hasi ziren larrialdiak eta presio ikaragarria jasan behar izan nuelako, 1995ean itxi nuen aldizkaria, betiko . Ezagutu al zenuen Fujimori? Ez; azken mende erdiko Peruko lehendakari guztietatik ezagutu ez dudan bakarra da Alberto Fujimori. Montesinosekin, ordea, aspaldikoa zen gure harremana, 1969an ezagutu bai genuen elkar. Dena den, Fujimoriren gobernuan egon zen bitartean inoiz ez nintzen Vladimiro Montesinosekin bildu, hainbatetan bere deia jaso nuen arren. "Oiga" aldizkariaren bidez ustelkeria eta zikinkeriaren berri ematen ari nintzelako, nire kontra jo zuten, eta baita aldizkariaren ateak itxi ere. Esan didatenez, kristau aurrerakoitzat daukazu zeure burua, eta joera hori nabarmen islatu da, zuk zuzendutako argitarapenetan... Txileko Santiagon maristekin aritu nintzen eta baita nobiziagoko sarrera ere gainditu nuen. Oso hurbila zait askapeneko teologiaren teoria eta sakon hausnartu dut. Beraz, ez da zaila horren izpirituaren islapena nire obran antzematea. Dena den, kazetaritzaren bitartez duintasunez jokatu nahi izan dut beti, inoren interesen gainetik. Horregatik ateraninduten ofiziotik, nire ibilbide askea inoren menpe jarri nahi izan ez nuelako. Egia al da 1951etik urtero agertzen zarela Euskal Herritik? Gehiago ere bai. Urte askotan birritan etorri naiz. Kazetaritza lanetan sarritan gonbidatzen ninduten Europara. Mosku, Berlin, Praga... maiz bisitatu ditut eta bidaia horietan beti egiten nuen geldiune bat Oñatiko "Berotegi" baserrian. Niretzat, sustraietara itzultzeko aukera paregabea zen. Gaur egun ere, ohitura horrekin jarraitzen dut. Lagun asko ditut Euskal Herrian. Eta dakidanez, Peruko adiskideak ere ekarri izan dituzu maiz Euskal Herrira... Bai! Orain hurrengoan, adiskide talde oso bat etorri ginen, eta "Berotegi"raino ekarri nituen, arrautzak txorizo prejituarekin jatera... Zure bisitaldi horietako batean, anaia bat ezagutu zenuen, ezta? Bai, horrela da. Aita zenak, Perurako bideari ekin aurretik, Bidasoako Berako neska bat haurdun utzi zuen. Urte batzuk geroago, El Callao ko kontsulatuaren bidez seme hura errekonozitu egin zuen. Baina gu ez ginen enteratu. Mutil haren ama hiltzean, semeak paperen artean gure aitaren aitorpena aurkitu zuen eta bilaketa lanetan hasi zen, Perun familiarik ote zuen jakiteko. Nirekin jarri ziren harremanetan El Callao ko kontsulatukoak eta orduantxe ezagutu nuen istorioa. Donostiara eginiko bisita batean, 1980 aldean, elkar ezagutu genuen. Hunkigarria izan zen... Aurreneko buruz burukoan anaiak euskaraz hitz egin zidan... nik ere jakingo nuelakoan. Behin eguneroko lanaren ardura utzita, zein da oraingo zure ekarpen literarioa? Begira; 1995ean, "Oiga" itxi ondoren, nire memoriak idazteari ekin nion eta bi tomotan publikatu nituen. Aurrenekoa "Siempre un extraño" titulatu nuen, nire bizitza oso astindua izan baita eta inoiz ez naiz inon integratu. Liburu hori Deustuko Unibertsitatean aurkeztu ahal izan nuen. Bigarrenari "Huellas de un destierro" jarri nion, eta batez ere Mexikoko egonaldiko esperientzia azaldu nuen. Geroxeago, 1999an, "Reflexiones sobre molinos de viento" izenekoa argitaratunuen, urtetako artikuluen hautaketa batekin, saiakera modura. Azkenik, orain dela bi urte, "La Tina y otros cuentos" ipuin bilduma bat kaleratu nuen. Bestalde, astero artikulu bat argitaratzen didate Limako "El Correo" egunkarian, batik bat gai politikoak jorratzen ditudalarik. Alfredo Bryce Echenique zure koinatuaren literatura ekarpenarekin aldera genezake zurea ... Ez, inolaz ere. Alfredo, Clementina nire emaztearen anaia da eta harreman onak ditugu. Dakizunez, exeniketarren jatorria Baztanen dago. Alfredo inoiz Donostiara etorri denean, berak dioen bezala "izeba Juanita" ren etxean geratu da, hau da nire aitaren arrebarenean. Baina gu bion literatura ildoak desberdinak izan dira... Zure lanbideak mingostasuna ekarri dizu sarri, ezta? Bai, baina disgustuak atsegintasun bilakatu dira beti. Nik nire buruarekin eta inguratzen ninduen giroarekin zintzo jokatu nuelako zigortu naute. Eta horrek, nola ez!, ohorea adierazten du. Nire ibilbidean oker ez ibiltzeak errekonozimenduak ere ahalbidetu dizkit. Adibidez, Limako Udalak "Limako Urrezko Domina" eman zidan. Eta Chileko Gobernuak, "Gabriela Mistral Ordena" rekin sariztatu ninduen. Azken hori, 1991ean egokitu zidaten, baina emate ekitaldia ez zen Fujimoriren erorketara arte gauzatu ahal izan, eta Limako Chileko enbaxadan burutu zen ekitaldia. Nolakoa da Euskal Herrirako Liman egun duzun lotura? Euskal Etxea ren bitartez, batez ere. Astean birritan biltzen gara, astearte eta ostegunetan. Astearteetan, gainera, oso bilera interesgarriak izaten dira, euskaldun ez diren Peruko eta atzerriko politiko ugarirekin elkartzen bai gara. Ohitura honek dimentsio berri bat eskaini dio Euskal Etxea ren jardunari. Zure esperientziarekin nola epaituko zenuke euskal arazoa? Oso egoera zaila da. Elementurik kaltegarriena ETA ren bortizkeria dugu. Erakundea aspalditik ezagutzen dut, azaletik bederen. Mexikon nengoela, "El Sol" ek erreportaia batzuk egitera bidali ninduen Espainiara, Franco hiltzear zegoen eta. Frantziatik zehar sartunintzen eta, adiskide batzuen bitartez, ETA ko arduradun batzuengana iritsi nintzen, eta baita euren aitorpenak jaso ere. Txundituta geratu nintzen. Nire inozotasunean, Franco hil ondoren erokeria hura desagertuko zela pentsatu nuen. Okertu egin nintzen. ETA rik gabe, Euskal Herria gai izango litzateke espainiar ohiko erasoari aurre egiteko, eta gure herri honen eskubideak mundu osoan errekonozituko lirateke. ETA rekin, aitzitik, munduko iritziak gure kontra jotzen du. Etakideak euren bortizkeriaren aurreneko biktimak direla uste dut. Eta hori oso grabea da, irteerarik gabeko zirkulu batean egon bai gintezke. Eta Hego Amerikako egoerari buruz, zer diozu? Zeharo lazgarria da egoera. Katastrofikoa. Eta arrazoiek ihes egiten didate. Garai batean, arazoaren muina hezkuntzarik ezean aurki zitekeela pentsatu nuen. Garbi dago, Bolivia, Ecuador, Peru,... Venezuela bera ere, oso pobreak direla giza formakuntzari dagokionez. Baina, orain, zurrunbilo degradatzailearen begian Argentina dago eta argentinarrek, ideia bat egiteko, Nobel Sari gehiago dituzte Espainiak berak baino. Beraz? Hezkuntzarik eza ez bada, zein dugu prozesu desintegratzailearen zioa? Lapurretak, ustelkeria..., neurri batean edo bestean, mundu osoko pekatuak dira. Zer gertatzen ari da, orduan, Hego Amerikan? Hiritarren desmoralizazioa nagusitu da eta egiazko aberrazioak ematen ari dira. Adibidez, Perun Fujimoriren balizko itzuleraz mintzatzen ari da; dirudienez, populazioaren %30k botoa emango lioke. Burutik al gaude? Edo Argentinan... Entzun dudanez, Maradona futbolista buru liteke, gobernurako koalizio batean. Bolivian, bestalde, indigenen alderdiak osa lezake hurrengo gobernua. Erokeria! Oraingoz salbatzen ari den bakarra Chile bide da... Chileko egoera desberdina da. Txiletarrek hezkuntza iraultza sakona egin zuten XIX mendean, Andres Belloren bitartez. Txiletarrek sustraietaraino dute sartuta nazio izpiritua eta horri eusten zioten beste ezeren gainetik. Areago, diktadurak eurak ere desberdinak ditugu,kasu, Chile eta Argentinaren artean. Pinochet ek, gehiegikeria guztiekin, Chile zuen helburu. Videlak eta besteek, aldiz, euren interesak defendatzen zituzten. Nik uste, Valdivia ibaitik behera, hau da Arauco entzutetsua, Espainiak konkistatu ahal ez izateak txiletar kontzientziaren agerpena adierazi zuen, benetako mestizaia ahalbidetuz, eta horrek luzarora sendotasuna ekarri dio txiletar herriari. Kontuan izan, gezurra dirudien arren, Chile da mestizaiarik gehien duen estatua. Baina, kontuz, domino efektuaren eraginak ere harrapa lezake Chile. Eta zein da etorkizunaren kolorea Hego Amerikarako? Beltza, arras beltza. Jose Carlos Mariategi latinamerikar sozialismoko aitzindariaren "Siete ensayos sobre la realidad peruana" saiakeran irakur daitekeen bezala, latinamerikarren batasunean legoke irtenbidea. Baina, nazioarteko merkatal korporazioek ez diote asmo horri aukerarik txikiena ere emango. Francisco Igartua Rovira Francisco Igartua Rovira. Aija n (Peru) jaio zen, 1923ko irailaren 5ean. Lehen ikasketak El Callaon burutu ondoren, Txileko Santiagora aldegin zuen ama alarguntsarekin eta han egin zituen, Unibertsitatera arteko ikasketak. Limako Universidad Catolica n ekin zion goi mailako formakuntzari baina amaitu aurretik utzi zuen Unibertsitatea eta bere pasioa zen kazetaritzari lotu zitzaion, "Jornada" egunkarian. 1950ean "Oiga" astekaria sortu zuen eta aldizkariaren edukiek lehen deportazioa adierazi zioten, Panamara. Berriro Perura itzulita, "Caretas" aldizkaria fundatu zuen, baina 1963an "Oiga" berkaleratzeari heldu zion. 1974an ostera itxi zioten astekaria eta Mexikora ihes egin behar izan zuen. "El Sol" mexikar egunkariko gehigarri kulturalaren zuzendari gisa aritu zen lau urtez, hain justu Perura itzuli ahal izan zuen arte. 1995ean Fujimoriren gobernuaren eragin zuzenarengatik "Oiga" aldizkaria betiko itxi zuen. Gaur egun "Correo" Limako egunkarian azaltzen ditu larunbatero bere artikuluak, gai politiko zein sozialen inguruan. 1995ean bere memoriak publikatzeariekin zion, eta bi tomo argitaratu zituen: Siempre un extraño eta Huellas de un destino. 1999an, Reflexiones sobre molinos de viento saiakera liburua argitaratu zuen, urtetako artikuluen hautaketa bat eginda, eta urtebete beranduago La Tina y otros cuentos ipuin bilduma kaleratu zuen. Bizitzan zehar jasotako golardoen artean, Limako Domina eta txiletar gobernuaren Gabriela Mistral Ordena aipatu behar dira. Clementina Bryce Echenique, idazle ospetsuaren arrebarekin dago ezkonduta eta seme alaba biren aita da. Liman bizi da eta1951etik, gutxienez, urtero etorri ohi da Euskal Herrira, bere aita zenaren Oñatiko Berotegi baserrira. Argazkiak: Josemari Vélez de Mendizábal Euskonews & Media 187.zbk (2002 / 11 / 8 15) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.