Arestiren poesiaz Arestiren poesiaz * Jon Kortazar Uda honetan eta Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bilboko Udalak hala eskaturik, "Miguel Unamuno, Blas de Otero, Gabriel Aresti" uda ikastaroa atontzeko zoria izan nuen, Bilbo herriko hiru poeta nagusi bilduz eta haren poesien artean elkarrizketa sortuz eta entzuteko beta emanez. Argazkia: http://oria.org/kultura/km/euskara/literae/gida/aresti/aresti.htm Gaia oso ondo tratatu zuten jakintsuen artean, nire hitzaldiak helburu finkoa eta xumea zuen: Arestiren poetikaz, autopoetikaz ikerketa txikia egitea, eta Jurgi Oteizari eskainitako, Harri eta Herri n agertzen den "Q) Profeta bati" poemaren azterketa aurkeztea. Poesiarentzako egiaren traza nahi du Gabriel Arestik. Egiaren traza, egiaren eta gezurraren arteko borroka baita gaur egunekoa: "Orain artean, diot, bai, orain artean prestuek egia esaten dute beti, eta doilorrek gezurra. Baina orain egia esatea ez da naikoa, orain arrazoia defenditu behar da, eta orain harmak dira gezurra eta egia". Gezurra eta egia maite dituen gizarte batean mugitzen da poeta, eta beraz bien arteko muga egiteko orduan, bere izaera erakutsi behar du egiaren alde. Iñaki Aldekoak poetari buruz egin zuen tesian, hain zuzen ere, horixe hartzen zen kontuan, eta Arestik bere buruaz zuen irudi nagusi hori azpimarratu zuen kritikoak: Aresti bera zen munduaren neurria, eta munduaren neurri hori hartzeko orduan, Arestik bere burua hartzen du profetaren itxuran. Profeta eta poeta. Ez da dudarik agerpen hori egiteko orduan, eragin bi direla nabarmenenak bere teoria poetikoa osatzeko unean. Alde batetik Bibliaren eta Ebanjelioaren oihartzuna dago, poeman bertan geroago agertuko dugunez, nabaria dena, eta beste aldetik Nietzscheren eragina garbia... "Jurgi Oteitza ezpaita gizon bat, Jurgi Oteitza gizonago baita; azken bolada honetan pentsamendura ekarri naute hura profeta bat dela". Aipu horretan alde biak geratzen dira garbian, Biblia eta Nietzsche. Horregatik bere irakurketak, batez ere, kontrajarpenakagertzen ditu: Bilbao cromlecharen aurrean. Lurra eta Bilbao, izadia eta gizadia, estetizismoa eta konpromisoa... kontrajarpen bortitzegiak testuan kontuan ez hartzeko esanahiaren aldetik testuak konpontzen duen tonu grisa ez marrazteko. Egia esateko, beste elementu bat ere badu izenburuak Q) letra hain zuzen ere. Gertatu dena beste zerbait da... liburuaren sisteman sartu den elementua dela. Jakina denez, Harri eta Herri liburuko poema guztiak orden alfabetiko batez emanak daude, orden bat baino gehiago, mundu bat adierazi nahiz. Orain arte, uste dut, letra horiek beste barik orden bat jartzeko sistema bateko forma gisa hartu dira, beste barik, adierazpen kariari kasurik egin gabe. Baina garbi dago zentzuren bat bazutela letrok. Har dezagun adibidez Harri eta Herriren lehen saila. M) letraraino heltzen da, eta hain zuzen ere "Munduaren neurria" poema metapoetikoa, poetika baten adierazpena, mundu baten ikuskizuna azaltzen da bertan. Bigarren zatiak, ordea, alfabeto osoa korritzen du, eta dena osatu arte agertu du Arestiren forma. Q) honekin bukatu zuen hirugarrena Arestik. Eta "Q" letraz ari garelarik, nola ez ekarri gogora haren "Quosque tandem" liburu entzutetsua? Beraz, titulua aurretik agertzen den zeinu txiki horrek zentzu semantikoa agertuko luke, eta zentzu horretan "Quosque tandem" liburuaren aurrean Arestik hartzen duen jarrera izango litzateke gai nagusia. Mitoaren aurrean historia... Poemaren barrenean bide desberdinak darabiltza Arestik, eta mitoa eta historiaren aurrean gertatzen den kontrajarpena bada ere berea, hainbat gai desberdin darabiltzala esan dezakegu. Poemaren gai nagusia artistaren tokia da. Artistaren tokia mundu zail batean, artistaren tokia mundu kapitalistan, artistaren tokia bere munduarekiko eta bere sentipenekiko. Egia da kontrajarpenak daudela, baina kontrajarpenarekin batera mundu bera sofritzen ari direla ere adierazten du poemak, nahiz eta askotan aipatzen den bien arteko, Oteizaren eta Arestiren arteko kontrajarpena aipatzen den,eta azkenean egia esan dio Arestik. Jon Kortazar, idazlea eta Euskal Literaturan Katedraduna Euskonews & Media 185.zbk (2002 / 10 25 / 11 1) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.