180 Zenbakia 2002-09-20 / 2002-09-27

Elkarrizketa

Elías Querejeta: "Jendearengana ahalik eta begiradarik zabalenarekin hurbiltzeak norberaren burua ezagutzen laguntzen du"

QUEREJETA, Elisa

Elkarrizketa: Elías Querejeta Elías Querejeta, zine ekoizlea "Jendearengana ahalik eta begiradarik zabalenarekin hurbiltzeak norberaren burua ezagutzen laguntzen du" * Traducción al español del original en euskera Elisa Querejeta Casares Ekoizpen zinematografikoa arte bihurtzea. Hitz gutxitan, horrelaxe defini dezakegu Elías Querejeta ekoizlearen egitekoa. Bere izenak kalitatez janzten ditu ekoizten dituen film espainiarrak. Elías Querejeta 60ko hamarkadaz geroztik dabil zinemaren munduan, eta Zinemaldiak 50 urte beteko dituen edizio honetan Fernando León de Aranoa-k zuzendutako "Los lunes al sol" filma aurkeztuko du. Horrekin batera, "El ojo de la cámara" dokumentalen bilduma prestatzen ari da Vía Digital-erako, bertan, besteak beste, Javier Corcuera, Gracia Querejeta, Joan Ubeda, Eterio Ortega, Manuel Gutiérrez Aragón eta Jaime Chávarri zuzendariek hartzen dutela parte. -Elías, zer da "El ojo de la cámara"? Dziga Vertov-ek begiaren zinema asmatu zuen. Kamerarekin, inguruan gertatzen zen guztia jasotzen zuen. Eta ez dugu ahaztu behar Lumiére anaiek fabrika batetik irteten ari ziren langileak filmatzerakoan sortu zutela zinema. Beti interesatu zaizkit horrelako gaiak. -1990ean sei dokumental ekoiztu zenituen, "El hombre y la industria" izenburupean. Zein lotura dago lan horren eta "El ojo de la cámara"-ren artean? Aiputakoez gain, ez ditugu ahaztu behar "Los primeros metros" eta "Siete huellas". Ni beti saiatu naiz zinema eskolak sortzeko moduetara hurbiltzen, irakasleak eta gauza berriak ezagutu nahi dituen jendea batera aritzen direlako lanean. -"Euskadi en clave de futuro" eta "A través de Euskadi" bezalako lanetan, kamerak parte hartu ere ez duela egiten ematen du, euskal herritarrei Euskal Herriaren egungo egoerari buruz dituzten kezkak edo iritzia ematen uzten dien bitartean begira egon baino ez duela egiten. Hala al da? Ildo hau zure aurreko filmografian konstantea izan dela esango zenuke, eta beraz ez dela zure aurreko luzemetraiekiko hain desberdina? Kamera oso lekuko inpertsonala da errealitatearen aurrean. Ez zaizkit batere gustatzen protagonismoa kamerek hartzen duten erreportajeak. Nire ustez, kamerak ez du protagonista izan behar, baizik eta inpresioa eta espresioa transmititzeko bide bat. -Dokumentalen izenburuetan erreparatuz gero, collage edo patchwork moduko zerbait direla dirudi (dokumental bakoitzak zuzendari desberdin baten zigilua baitarama), baina, beren osotasunean, gaur egungo unearen ikuspegi orokor eta osatu bat ematen dute. Ados al zaude horrekin? Eta nola lortu duzu hain zuzendari desberdinak bildu eta elkarrekin lanean jartzea? Batasunerako asmoren bat daukazu? Nik ez dakit estilo bat nola sortzen den... Dena den, nire ustez denak saiatzen dira estilo bat sortzen edo errealitatea modu berezi batean azaltzen. Batasunerako asmoren bat ote dudan ala ez galdetzen didazu. Ba ez, inolaz ere ez. -"Los lunes al sol", aurtengo Donostiako Zinemaldira aurkeztuko duzun filmak, langabezian dauden lagun batzuren istorioa kontatzen du. Oso izenburu iradokitzailea darama: aisialdiarekin eta zereginik ez izatearekin dago lotuta... Zer esan diezagukezu horren inguruan? Ez al da egia gero eta jende gehiago dagoela langabezian? Bibliak dioenaren arabera, gizakia lana egitera kondenatuta dago, baina niretzako lana justu kontrakoa da, ez da inolaz ere kondena bat. Zereginik ez izatea, hori bai dela ikaragarria. Eta filma, hain zuzen ere, zereginik ez daukatenengana hurbiltzen da. Astelehenetan izaten duten gauza bakarra eguzkia da. "Los lunes al sol". Argazkia: Donostiako Zinemaldiko webgunea http://www.sansebastianfestival.ya.com Elías Querejeta zinemarako gidoiak idazten hasi zen, eta 1963an bere ekoizpen etxea sortu zuen. Hain zuzen ere ekoizpenaren bidez bultzatu eta babestu ditu zinema espainiarrean funtsezko diren hainbat eta hainbat proiektu, hala nola, eta bakar batzuk aipatzearren, Carlos Saura-ren"La caza" eta "Cría Cuervos", Ricardo Franco-ren "Pascual Duarte", Víctor Erice-ren "El Espíritu de la colmena" eta "El Sur", Montxo Armendariz-en "Tasio" eta "Historias del Kronen", Gracia Querejeta-ren "Cuando vuelvas a mi lado", León de Aranoa-ren "Barrio" eta Javier Corcuera-ren "La espalda del mundo". -Elías, zergatik zinema? Nolatan hain tresna konplexua? Beharbada horrexegatik, konplexua delako. Beharbada, gauza asko hartu behar direlako kontuan. Beharbada, gaztetan beti gidoiak besapean hartuta ibili behar izaten nuelako, egun batean nire buruari zera esan nion arte: "hemendik aurrera, nik neuk onartuko ditut gidoiak. Nik neuk erabakiko dut nola lana nola egin". -60ko hamarkadan, Paris erreferentzia artistiko moduko bat zen hasiberrientzat. Inoiz pentsatu al zenuen bertan gelditzea? Jakina, bai horixe. Behin eta berriro pentsatu nuen, baina nire errealitatetik ihes egitea edo desertatzea zela iruditzen zitzaidan. Paris eta New York ziren nire aukerak, baina sekula ez nuen joateko erabakia hartu. -Zure filmek gizakiarekiko eta gizakiak inguruarekin dituen harremanekiko kezka islatu dute beti. Hasieran, 80ko hamarkadara bitartean ekoiztutako lanetan, modu intimistago batean, eta gero, trantsizioarekin eta aldaketa politikoekin, esparru desberdinak lantzen hasi zinen. Film asko eta asko ekoiztu dituzu. Nola lortzen duzu hori? Zure ibilbidean inflexio punturik ikusten al duzu? Carlos Saura-ren "Deprisa, Deprisa", Montxo Armendariz-en "Historias del Kronen", Javier Corcuera-ren"La espalda del Mundo" bezalako filmetan akaso? Ni beti arduratu naiz nire inguruan daudenez, txikitandik. Orain bertan ere, batzuetan zera esaten diot nire buruari: baina, zertan zabiltza, Elías? Jendearengana ahalik eta begiradarik zabalenarekin hurbiltzeak norberaren burua ezagutzen laguntzen du, eta niri horrelako gauzak erakusten dituzten filmak gustatzen zaizkit. -Zinemak taldeko lana izaten jarraitzen al du, garai batean artisautza tailerretan bakoitzak gauza bat egiten zuenean bezala? Ala hori ikuspegi erromantiko bat baino ez da? Zer pentsatzen duzu? Nik beti pentsatu dut artisauek bezala egin beharko genukeela lana, beti, eta orain ere bai. Beste garai batekoa naizela emango du, baina filmak egiteko modua torlojuak egitea bezalakoa izatea... Film bakoitza historia bat da, hazi egin nahi duen izaki bizidun bat, eta hori ezin da egin industrian ikusten dugun errepikapenarekin. -Zenbateko lekua izaten du intuizioak proiektu bat aukeratzeko orduan? Nik inoiz ez dut intuizioa neurtzen jakin. Gainera, kezkatzeko modukoa iruditzen zait pertsona batzuk bizitzan intuizioari jarraitzen ibiltzen direla entzutea. Intuizioa hor egongo da, baina ez dakit zer den. Nik, erabakiak hartu baino lehen, hausnartu egiten dut, eta tartean intuiziorik egon bada, ba egon dadila. -Zure ustez, zein film gordetzen ditu jendeak oroimenean? Zer da film bat gogoratzekoa izatera eramaten duena? Pentsatzen dut hunkitu egin dituzten edota pentsarazi egin dieten filmak gogoratzen dituela jendeak. Eta film horiek beren buruarengan edo ingurukoengan pentsatzen lagundu badiete, askoz hobeto. Nik "Capitanes intrépidos" gogoratzen dut, Spencer Tracy eta Lionel Barrymore-rekin. Beti hunkitu nau... Abestia ere kantatuko nizuke... -Eta, ikusleei dagokienez, herrialde batetik bestera asko aldatzen al da jendearen erantzuna? Zer esan diezagukezu horren inguruan? Niri ez zait gustatzen jendea nire lanetik erabat aldentzea... 60ko hamarkadan, spaguetti western-ak egiten ziren urteetan, Erromako batek esan zidan: "Aizu, egizue kaka zahar hori, berehala salduko duzue-eta!". Ni ikusleak errespetuz tratatzen saiatzen naiz, neure burua errespetatzen saiatzen naizen bezala. Nolanahi ere, jendeak uste baino film gehiago ikusten ditu, eta gehiago ere ikus ditzake. -Asko aldatu al da zinema egiteko eta kontsumitzeko modua? Ez al zaizu iruditzen irudiak gure bizitzan presenteegi daudela? Ez al duzu uste irudiak horrela galdu egiten duela transmititzeko duen gaitasuna? Irudiak ez daude hain presente gure bizitzetan. Bakoitzaren esku dago ezetz esatea. Duela urte batzuk, batek galdetu zidan: zenbat denbora ematen duzu egunean telebistaren aurrean? Eta nik erantzun nion ez neukala telebistarik. Nola liteke? esan zidan. Telebista eta liburuak ez dira garrantzitsuak; hemen garrantzitsuena bizitzea da, ez? -Bukatzeko, abuztuaren 19an Eduardo Chillida hil zitzaigun. Dena esana dago bere inguruan, ez dakit ezer gehitu nahi duzun: berari buruzko zerbait, futbolari buruz, Hernaniz, Donostiaz, eskulturaz, filosofiaz... elkarrizketaren bat, oroitzapen eta omenaldi gisa beharbada... Oso lagun onak ginen... Oraindik ere busti egiten zaizkit begiak... Inoiz ezagutu dudan pertsonarik zoragarrienetarikoa da. Elías Querejeta Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen. Kimika eta Zuzenbide ikasketak egin zituen. Gidoigile eta dokumentalista lanak egin ditu. 1963tik bere ekoiztetxea sortzen du. Ordutik, 50 film baino gehiago ekoizten ditu. Cannes, Berlín, Donostia, Chicago, San Francisco, Venecia, Viena, Brusela, Valladolid, Manila, Sao Paulo, Biarritz, Bordeaux, Cartagena de Indias, Bilbo, Colonia...bezalako festibaletan sariak jasoz. Honako sariak eta merezimenduak jaso ditu: - 1968 Bucintoro saria, Venecia. - 1976 Marathon saria, Radio España. - 1981 Guía del Ocio saria. - 1984 Dédalo saria, Diario 16. - 1985 Bruselan omenaldia. Europalia. - 1985 Londresen omenaldia. British Film Institute. - 1986 Lecce-n omenaldia, Italia. - 1986 Murcia-n omenaldia. - 1986 Caracas-en omenaldia, Venezuela. - 1986 Premio Nacional de Cinematografía. - 1987 Europa Cinema 87, Italia. - 1989 Txalaparta, Hernani. - 1992 atzerabegirako emanaldia Chicagon, "Hugo de Oro" saria. Chicagoko festibala. - 1991 Atzerabegirakoa: Miamiko festibala. - 1992 Cannesen omenaldia, Canneseko Festibala. - 1994 Montpellier-en omenaldia, Montpelliereko festibala. - 1995 El Cairon omenaldia, El Cairo-ko festibala. - 1995 Varsovian omenaldia, Varsoviako festibala. - 1996 Gasteizen omenaldia. - 1997 Huelvan omenaldia. - 1998 Urrezko danborra. - 1998 Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako Urrezko Domina. Bere ekoizpenen artean hauek nabarmentzen dira: - "La caza", Carlos Saura. - "Peppermint Frappe", Carlos Saura. - 'Los desafíos" Víctor Erice, José Luis Egea, Claudio Guerin. - "La madriguera", Carlos Saura. - "El jardín de las delicias", Carlos Saura. - "Ana y los lobos", Carlos Saura. - "El espíritu de la colmena", Víctor Erice. - "Habla mudita", Manuel Gutiérrez Aragón. - "La prima Angélica", Carlos Saura. - "Cría cuervos", Carlos Saura. - "Pascual Duarte", Ricardo Franco. - "El desencanto", Jaime Chávarri. - "Elisa vida mía", Carlos Saura. - "A un dios desconocido", Jaime Chávarri. - "Las palabras de Max", Emilio Martínez Lázaro. - "Los ojos vendados", Carlos Saura. - "Mama cumple 100 años", Carlos Saura. - "Dedicatoria", Jaime Chávarri. - "Deprisa, deprisa", Carlos Saura. - "Los primeros metros", Carlos Saura Jr, Pablo Pérez de Guzmán, Javier Anastasio, Iñigo Ortiz, Fernando Argüelles, Ana Mampaso, Fabian Montero, Santiago Pozo. - "Dulces horas", Carlos Saura. - "El sur", Víctor Erice. - "Feroz", Manuel Gutierrez Aragón. - "Tasio" Montxo Armendáriz. - "7 huellas", Gracia Querejeta, Juan Manuel Chumilla, Jesús Ruiz, Jaime Botella, Nacho Pérez de la Paz, Julio Médem, José Luis Acosta. - "Las cartas, de Alou'' Montxo Armendáriz. - "El viaje del agua" Nacho Pérez de la Paz, Gracia Querejeta, Jesús Ruiz. - "El hombre y la industria" José Luis Acosta, Chumilla Carbajosa, Jaime Botella, Gracia Querejeta, Jesús Ruiz, Nacho Pérez de la Paz. - "Una estación de paso", Gracia Querejeta. - "El aliento del diablo", Paco Lucio. - "Historias del Kronen" Montxo Armendáriz. - "El último viaje de Robert Raylands", Gracia Querejeta. - "Familia", Fernando León de Aranoa. - "Barrio", Fernando León de Aranoa. - "El ojo de la cámara", Gracia Querejeta, Fernando León de Aranoa, Azucena Rodríguez, Eterio Ortega, Javier Corcuera, Nacho Pérez de la Paz, Jesús Ruiz, Daniel Martín, Sergio Oksman. - "El partido del siglo", Gracia Querejeta, Roberto Saura, Luis Barrios, Manel Iglesias, Sergio Oksman. - "Cuando vuelvas a mi lado" Gracia Querejeta. - "La espalda del mundo" Javier Corcuera Argazkiak: Elías Querejeta