176 Zenbakia 2002-07-19 / 2002-07-26

Gaiak

Euskara irudiberritzen

ARRIETA ELORZA, Asier

Euskara irudiberritzen Euskara irudiberritzen * Asier Arrieta Ez dago ukatzerik azken hogei urteotan sekulako aurrerakada egin dugula euskararen normalkuntza bidean. Eusko Jaurlaritzaren ahaleginak zerikusi zuzena duela horretan; Autonomia Elkarteko egoera eta beste Euskal Herrietakoa alderatzea aski da hori horrela dela ohartzeko. Hizkuntza politikak jarraipena izan duen esparruan, gazte gehienak dira gaur egun euskaraz hitz egin eta idazteko gai. Pozgarria da hori, baina hizkuntza errealitateak badu bere alde iluna ere: gai izanik ere ez dutela behar beste erabiltzen euskara. Esan liteke ez daudela euskaraz bizitzeko prest. Bada gazteen artean euskararekiko militantzia handia duenik, baina militantzia hori diskurtsuan agortzen da sarri; hitz egiteko orduan, berriz, erdarara jotzen dute behin eta berriz. Erabateko misterioa da hori niretzat, ez dut ulertzen nola litekeen txiki txikitandik euskaraz bizi izan den gazte batek egun bestetik bestera bere hizkuntzari uko egin, edo etxerako bakarrik gorde, eta kalerako erdara baliatzea. Ez dut ulertzen, baina hala da, zoritxarrez, eta hori ere ez dago ukatzerik. Bederatzi urte daramatzat EHUko euskal adarrean irakasle, eta oraindik ere onartezina iruditzen zait gertatzen dena, ikasketak euskaraz egitea aukeratu duten ikasleek erdaraz hitz egiten baitute beren artean. Zerbaitek huts egiten du, hori garbi dago. Nire ustez, euskararen irudiak egiten digu huts, baserri giroarekin identifikatzen baita, oraindik ere, euskara. Gutxiengo baten hizkuntza da euskara. Herri txikietan eta erabiltzen da, baina hiri handietan, egia esan, nekez entzun daiteke. Zoritxarrez, hiri giroa eta euskara ezkon ezinak dira, edo hala balira bezala gertatzen dira gauzak. Eta hor du euskarak arriskua. Gizartea aurrera doa, eta joera berriak sortzen ditu unero, ziztu bizian sortu ere. Martxa horretara egokitzen ez denak, etengabeko berritzearen trenera garaiz iristen ez denak, bazterrean geratzeko arriskua du. Eta gizarte honetako joera berriakhirietan sortzen direnez, ezinbestekoa da euskara hiri giroan ere txertatzea. Nola, ordea? Euskara modan jarrita, beste biderik ez dago. Aitortzen dut esaten errazagoa dela hori egiten baino. Hala ere, egin beharra dago, euskarak etorkizunik izango badu. Euskara hiritartu eta modernizatuko badugu, euskararen irudia berritu behar dugu. Bestelako neurriak ere hartu beharko dira, baina nik irudiaren kontuari helduko diot, hori da eta nire alorra. Galdera, beraz, zera da: zer irudi komeni zaigu ematea euskarari, euskara hiri giroan ere aintzat hartu eta erabilia izan dadin? Inola ere komeni ez zaigun irudia zein den behintzat garbi daukat nik: gaixo dagoen eskalearena. Nire ustez, sekula ez genuke esan behar euskara hizkuntza gutxitua dela. Gainera, hizkuntzalariek ere onartzen dute ez dagoela, berez, bigarren mailako hizkuntzarik. Hizkuntzak hizkuntza dira, izatez ez dago batetik bestera inolako alderik. Hizkuntzarik txikienak ere mundu ikuskera berezi bat eskaintzen digu, eta, alde horretatik, sekulako altxorra dira hizkuntza guztiak. Orduan, zertan gabiltza behin eta berriz lantua jotzen, "ai, gure euskara gaixoa!", beti negarrez eta beti eskean? Penagarria da beti penetan aritzea, horrela ez baitugu inoiz ere ezer onik lortuko. Aski da telebistako iragarkiei erreparatzea. Gauean, etxean lasai lasai gaudela, telebista piztu, eta hor agertuko zaizkigu banan bana produktuak: Frudesa patata frejituak, Loeweren Aire lurrina, Renault etxeko autoren bat. Nola iragartzen dira horiek guztiak? Bakoitzak bere bidea dauka, noski, baina inor ez da eskale moduan erruki eta limosna eske aritzen. Imajinatzen al duzue Renaulteko buruzagi bat agertzea iragarkietan, negarrez eta erreguka, arren eta arren eros dezagula Renault bat, bestela bere enpresak hondoa joko duela eta? Ez, ezta? Izan ere, estrategia horrekin alerik ere ez lukete salduko, inork ez baitu auto bat errukiz erosten. Erosten badu, auto horrek zerbait emango diola agindu zaiolako erosiko du. Hizkuntza eta autoa ezin direlakonparatu? Alde batetik ez, noski, diferenteak baitira oso. Baina, publizitatearen ikuspegitik, biak ere produktuak dira, eta produktu diren aldetik landu behar dira, "salduko" badira. Bai autoa, eta bai euskara, biak. Errukia eraginez ez da autorik saltzen. Ezta euskara ere. Eta, hala ere, errukiaren estrategia sarri erabili izan da euskararen aldeko kanpainetan. Bide okerra da hori, ordea, horrek ez baitio euskarari onik egingo. Zorionez, badirudi azken aspaldi honetan talde eta erakunde batzuk ohartu direla horretaz, eta estrategia baikorragoak erabiltzen hasi direla. Gehienek, ordea, betiko bidetik darraite, zoritxarrez. Zoritxarrez, bai, kanpaina negartiok euskarari ematen dioten irudia penagarria baita, tamalgarria. Hasieran esan dudan bezala, irudia ez da noski dena, baina irudi egoki bat gabe ez dago inora joaterik gaur egungo gizartean. Irekia eta askotarikoa da gaur egungo gizartea, eta euskarari ere irudi hori komeni zaio. Eta publizitateak, zerbaitetan lagundu badiezaioke euskarari, horretantxe lagundu diezaioke, hain zuzen: irudia aldatzen, irudia zaharberritzen, irudiberritzen. Horretarako, ordea, euskararen aldeko kanpainak egiten dituzten guztiek ildo eta norabide beretik joan beharko lukete, eta ez talde eta erakunde bakoitzak gogoa ematen dion bidetik. Publizitatearen legea da hori ere: produktu bakoitzak bere iragarlea du, bakarra, eta mezu guztiak estrategia bakar baten jiran antolatzen ditu iragarle horrek. Gainerakoan, bakoitzak nahi duena esaten badu, nahasmendua baino ez da sortzen, eta hori da, hain zuzen, euskararekin gertatzen ari dena. Modernizatu egin behar da euskara. Hitzetik hortzera dabilen kontua da hori, aukeran gehiegi ere entzuten dena, baina nire ustez ez dago beste biderik. Eta, modernizatuko badugu, irudia aldatu behar diogu euskarari. Irudiberritu egin behar dugu, beraz, euskara. Nola, ordea? Gizarteko joera berriekin lotuz, gizartean erreferente gustagarri izan dadin. Teknologia berrietan, publizitatean, musika joera berrietan,komunikabideetan txertatu behar dugu euskara, alor horietan guztietan normaltasun osoz dagoen elementu bat dela erakutsiz. Askotan badirudi euskaraz diharduten komunikabideek gizartearen atal txiki batentzat baino ez dihardutela, betiko topikoen jiran beti. Baina edukiak ez ezik, forma eta estiloa ere berritu egin behar dira, estetikak berealdiko garrantzia baitu gaur egun. Euskara ez daiteke bizi bere zilborrari begira. Ireki egin behar dugu, zabaldu, jende, alor eta estilo guztietara. Munduan dagoenez gero, mundurako behar du euskarak. Esaterako, Madonnak abestiren bat euskaraz grabatuko balu, horrek askoz mesede handiagoa egingo lioke euskarari, hamaika kanpaina negartik baino. Ez da erraza, baina denok bide beretik saiatzen bagara, seguru nago lortuko dugula euskarari merezi duen irudia ematea, euskara modako jartzea. Asier Arrieta, EHUko irakaslea Euskonews & Media 176.zbk (2002 / 7 / 19 26) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria