Euskal hiri sistemaren eraldakuntza: hausnarketa orokorra Euskal hiri sistemaren eraldakuntza: hausnarketa orokorra * Helena Franco Ibarzabal 1. Metropolien sustapena, garapen politiken ardatza Lurralde eta bereziki hirien arteko lehia areagotu egin da azkenaldion, nazioarteko metropoli handien arrakastak liluratuta eta denak ere status hori lortzeko ahaleginean . Metropolien sustapenerako politikak lehia horren isla izango lirateke. Nazioarteratzea helburu duten politika hauen zutabe nagusiak kanpoarekiko konexioak hobetu zein hiriaren biziberritzea bultzatuko duten azpiegituren eraikuntza (orotarikoak: komunikaziozkoak garraioak, telekomunikazioak , kulturalak, industrialak,...), hiriaren izena eta irudia ezagutarazteko marketin eta ekimenak, eta gisakoak izango lirateke. Metropoli internazionala bihurtzeko lehia horretan sektore publikoak baliabide franko utziko ditu arrakasta aldez aurretik ziurtatua ez badago ere , eraldakuntza sakona gertarazten da metropolian eta erregioan, eta onurak ez dira modu parekoan banatzen talde guztien artean ezta espazio osoan zehar. Azal ditzagun politika mota hauen inguruan sortzen zaizkigun zenbait hausnarketa: (I) Hiri baten etorkizuneko aukeren ikuspegitik nahitaezkoa da egungo egoeran hirien nazioarteko sareetan txertatzea eta bere lekua topatzea. Baina kasu askotan hiriak beste hiriekiko loturak indartzen ari den bitartean bere erregioarekikoak ahuldu egiten ditu. (II) Azaldutako ildoko politikak aplikatzeagatik, edozein metropolik ez du erraz lortuko nazioarteko metropoli aurreratuaren statusa lortzea: nazioarteko hiri hierarkia benetan zurruna da eta nazioarteko funtzioak hiri kopuru jakin eta txiki batean kontzentratzen ditu. (III) Proiektu eta estrategia horiek bultzatzen duten garapen ereduaren ondorio espazial eta sozialak ere aintzakotzat hartu beharko dira. Izan ere, garapen kontzentratuaren abantailak sustatu nahi dituzten planteamenduak izaki, guztiz zentzuzkoa da disparekotasunak eragin ditzaketela pentsatzea,bai aglomerazio metropolitarren barnean, eta bai erregioaren barnean ere. (IV) Badira ere beste arazo batzuk, proiektuaren bideragarritasuna bera kolokan jarri dezaketenak. Batetik, eremu metropolitar baten gain administrazio maila desberdinek dute, alor batean ez bada bestean, eskumenen bat eta ohikoa izaten da administrazio desberdinen artean gatazkak sortzea. Bestetik, hiritarren partehartzea bideratzeko mekanismoak ez dira inolaz ere eraginkorrak izaten. Bi arazo horiei behar bezala heltzea eta konponbidea ematea urrats garrantzitsua izan daiteke hiria eta erregioaren etorkizuna berma dezakeen estrategia baten arrakasta ziurtatzeko bidean. 2. Euskal Herriko hiri sistemaren gaineko jarduketa publikoa Euskal Herrian egun sustatzen ari diren hiri sistemaren gaineko jarduketak oro har Europan eta mundu mailan gailentzen ari diren joera eta lurralde ereduarekin bat datoz, bi hitzetan: lurraldearen lehiakortasuna bere hirien erakargarritasun eta nazioarteratze mailaren araberakoa omen denez, hirialdeen garapena bultzatu beharko da, ahaleginak espazio hauetan kontzentratuz; tamaina handieneko hiriak sustatuko dira, nazioarteko hiri sarean txerta daitezen, atzerriko inbertsioa zein bisitariak erakar ditzaten, azpiegituren ezarketan, hiriaren eraldakuntza fisikoan eta proiektu enblematikoetan oinarritzen diren estrategien bidez. Azken hamarkadako eskuhartze publikoaren beste ezaugarri orokor bat ere agertzen zaigu Euskal Herriko kasua aztertzean, hots: kapital pribatuaren parte hartzea ahalbidetzea funtsezko ardatza bihurtzen dela, planteatzen diren proiektuek izugarrizko baliabide kopuru handiak behar izaten ohi dituztelako, sektore publikoak bere kabuz (eta egungo aurrekontu baldintza murrizkorretan) ziurta ezingo lituzkeenak, baina bide batez ere inbertitzaile pribatuei negozio errentagarriak egiteko aukerak zabalduz. Ondoren, eta azterketa sakonetan sartu gabe, aurkeztuko ditugu euskal hiri sistemaren eraldakuntza bultzatu nahi duten hiru egitasmo nagusien ildo orokorrak.Euskal Autonomia Erkidegoan lurralde eredu orokorra jasotzen duen txostena Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) izenekoa da (Eusko Jaurlaritza, 1997). Ideia indartsu eta potentzialitate handikoa planteatzen da txostenean: bertoko hiru hiriburuek Hiri Sistema Guneanitza eratzen dutela, elkarrengandik hurbil, duten funtzioaren araberako tamaina izan eta leku estrategikoan kokatuak egotean. Eta horixe da LAAren bidez bultzatu nahi omen dena: hiriburuen artean azpiegituren bidez lotura sendoagoak egitea eta Europako hiri sisteman gehiago integratzea. Halere, eta Artezpideetan hiru hiriburuak maila berdinean katalogatzen badira ere nahiko nabarmen geratzen da Bilboren nagusitasuna aintzakotzat hartu eta beste bi hiriburuen aurrean maila altuagoko funtzioa esleitzen zaiola. Geure arreta merezi duen proiektu interesgarri bat Baiona Donostia euskal eurohiria mugaz gaindiko proiektua da . Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baiona Angelu Miarritze barrutiak aurrera daramaten lankidetza proiektu honen helburu nagusia ardatz horretan eta mugak zatiturik bizi ziren bi komunitateak (600.000 biztanle denetara) elkartu eta hiri bakar bat egitea da. Akordioa 1993an sinatu bazen ere aurrerapauso nabarmenena 2000ko ekainean eman dute, Baiona Donostia Eurohiriaren Liburu Zuria aurkeztean. Eztabaidarako txostena eta epe zehatzik gabekoa izan arren, proiektuaren sustatzaileek duten oinarrizko planteamenduaren berri ematen du, alegia: mugaz gaindiko metropoli bat sortzea, berezko nortasun sozial eta ekonomikoduna, eta Bordele eta Bilborekin lehiatzeko gai izango dena. Proposamenen artean garraio azpiegiturek dute protagonismo handiena (autobide berri bat, abiadura handiko trena edota garraio publikoko sarea, adibidez). Dena den, eta arestian azaldu dugun filosofia eta ereduaren arabera espero zitekeenez, jada hiri sistemaren barne posizio finkatuena duen gunea, hots Bilbo metropolitarra, izango da eraberritze eta nazioarteratze estrategia hauetan bultzada, arreta eta baliabidegehien jasotzen ari dena. Izan ere, Euskal Herriaren barne inon baldin badago hiriaren eraberritze eta susperketarako ekimen andana, zenbait gorabehera tarteko eskuarki norabide bertsuan jotzen dutenak, Bilbon da. Beren helburua: Bilbo munduko hiri sarean txertatutako hiri moderno, aurreratua bilakatzea, zerbitzuetan eta jarduera teknologikoki aurreratuetan espezializatutako nazioarteko metropoli bilakatzea. Bilbo metropolitarraren sustapenerako estrategia horretan honako ildoak lirateke aipagarrienak: (I) garraio azpiegiturak: kanpoarekiko komunikazio efizientea ahalbidetuko duten ahalmen handiko azpiegitura proiektuak (Bilboko aireportu eta portuaren zabaltzeak, euskal Ya, Eibar Gasteiz autobidea) eta Bilbon sartzeko bideen eta eremu metropolitarraren barneko komunikazio bideen hobekuntza nabarmenak; (II) hirigintza jarduketa handiak: hiriaren eraberritze eta lurzoruak berreskuratzeko programek, hirialdeko espazioak erabilera berrietarako egokitzeko helburuaz; Itsasadarraren inguruko lurren berreskurapen eta eraldakuntzak hartzen du lehentasun osoa; (III) proiektu enblematikoen garrantzia: eskala handiko ekimenak, prestigiozko arkitektura eta ondo zaindutako hiri diseinuko ezaugarriak dituztenak (Guggenheim Museoa, Euskalduna Jauregia, Bilboko Metroa Abandoibarra edota Bilboko aireportuaren terminal berria). 3. Hausnarketarako gaiak EAEri dagokionez, badirudi neurri batean kontraesankorrak diren proiektuekin topo egiten dugula, alegia, Lurralde Antolamendurako Artezpideek bultzatuko luketen filosofia kooperatzailea ez da oso ondo egokitzen Bilbo edota Baiona Donostia besteren gainetik sustatu nahi duten egitasmoekin. Izan ere, bertoko hiru hiriburuek osatu beharko luketen hiri sistema guneanitza ez dirudi oso bateragarri denik ondoko hiriburua lankide beharrean lehiakide gisa ikustearen planteamenduekin. Hala ere, hiri gune handienen arteko hurbiltasunak edota azpiegituren bidezko loturak ezartzeak besterik gabe ez du ziurtatzen hiri sistema guneanitz bat sortukodenik, eta are gutxiago lehiakorra izango denik. Teorian planteatutako asmoa aurrera atera dadin, lurraldean diharduten pertsonek, enpresek, erakundeek eta oro har eragile ekonomiko, politiko, eta sozialek kooperatzeko prest egon beharko dute, kooperazio horrek ekar ditzakeen abantailek konbentziturik eta horren arabera zehaztutako lehentasun eta ildo nagusiek zenbait espazioetan eta taldeengan aldaketa inportanteak sorrarazi dezakeenaz jabeturik, arazoak dauden kasuetan irtenbide eta erantzunak eman beharko baitira. Tamalez, egun EAEko erakundeen artean oso egoera politiko administratibo nahasia dago eta horrek izugarri zail egiten du adostasuna, lurralde ereduaren inguruan ere. Euskal Herriaren ikuspegitik, arazoa are konplikatuagoa agertzen zaigu azterketan Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere sartu behar ditugulako. Zatiketa administratiboak eta alderdi politikoen arteko ikuspegi desberdinek eta liskarrek zenbait ondorio kezkagarri dakartzate euskal lurraldearen egituratzeari dagokionez. Antzeko helburua duten proiektuak agertzen zaizkigu han eta hemen. Ikuspegi bateratua ez egoteak baliabide publikoen erabilera desegokiaz gain, ingurumenean ere eragin atzeraezinak ekar ditzake; eta berebat lurraldearen eta hortaz, haren gainean gertatzen diren harreman ekonomiko, sozial, kulturalen, desbertebrazioa. Dena den, Euskal Herriak beharko lukeen lurralde ereduari buruzko eztabaidan nazio ikuspegiaz gain beste hainbat kontu ere azaleratu beharko lirateke, orain bultzatzen ari den garapen eredua agian zalantzan jar dezaketenak. Batzuk aipatzearren: (I) hazkunde ekonomikoa hiriburuko metropolien inguruan kontzentratzeko joerak areagotu beharrean patroi sakabanatuagoak sustatzearen aukera, eskualdeetako hiri nagusiei protagonismo handiagoa eskainiz (kalitatezko ekipamendu sozial eta kulturalei dagokienez); eta produkzio guneak ere modu orekatuagoan banatuz lurraldean zehar; (II) nazioarteko sareetan txertatzeko bideak inolaz ere baztertu gabe (nahiz eta agian berraztertu beharkodiren), barne mailan sare egituratzaile trinkoagoa eratzearen aldeko apustua, honek ere lurralde eredu sakabanatuago horri mesede egin diezaiokeelakoan; (III) aurreko bien ildotik hiri sistema guneanitzaren aukera bere potentzialitate osoan aztertzea: EAEko esparrua gaindituz, lurralde osoa barneratu eta hiri sare osoa kontsideratuz; hiri hierarkian dauden mailak kontuan hartu beharko dira, jakina, baina horrekin batera, eta geurea bezalako herri txiki batean posible delarik, deskontzentrazio kontzentratuaren abantailak ere aprobetxatuz (dibertsitate eta kreatibitatea modu bateratuan eskaintzea, aldi berean kongestioak eta gehiegizko kontzentrazioak dakartzan gainkostuak saihestuz). BIBLIOGRAFIA: Batten D.F. (1995), "Network cities: Creative Urban Agglomerations for the 21st Century", Urban Studies, 32. Lbkia; 2. Zkia, orr. 313 327. Bilbao Metropoli 30 (1996), Bilbo Metropolitarra Berpizteko Plan Estrategikoa; Bilbo. Bonneville, M. (1994), "Internazionalization of Non capital Cities in Europe: Aspects, Processes and Prospects", European Planning Studies, 2. Lbkia, 3. Zkia, orr. 267 285. Borja, J. eta Castells, M. (1997), Local y Global. La gestión de las ciudades en la era de la información, Taurus, Madril. Dieleman F.M. eta Faludi, A. (1998), "Polynucleated Metropolitan Regions in Northwest Europe: Theme of the Special Issue", European Planning Studies, 6. Lbkia, 4. Zkia, orr. 365 377. Esteban, M. (1999), Luces y Sombras del Titanio: el proceso de regeneración del Bilbao Metropolitano, Argitalpen Zerbitzua, Euskal herriko Unibertsitatea EHU UPV. Eusko Jaurlaritza (1997), Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Artezpideak (CD ROM), Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Lambooy, J.G. (1998), "Polynucleation and Economic Development: The Ranstad", European Planning Studies, 6. Lbkia, 4. Zkia, orr. 457 466. Sassen, S. (1991), The Global City: New York, London, Tokyo, Princeton University Press, Princeton (New Jersey). Sassen, S. (1994), Citiesin a world economy, Pine Forge Press, Thousand Oaks (California). (1) Munduko metropoli eta hiri nagusien bilakaera eta berau bultzatu duten faktoreen inguruan, ikus: Sassen (1991, 1994), Bonneville (1994), Borja eta Castells (1997). (2) Hiri sistema guneanitzaz (edo oso antzeko kontzeptuak diren hiri erregio guneanitzaz edota sare hiriaz), ikus: Dieleman eta Faludi (1998), Batten (1995), Lambooy (1998). (3) Eremu eta proiektu honi buruzko informazioa Baiona Donostia Eurohiriaren Garapenarako Mugaz Gaindiko Agentziaren webgunean ( (4) Bilbo metropolitarra sustatzeko egitasmo orokorraz zein proiektu jakin batzuetaz sakontzeko, honakoetara jo daiteke: Bilbao Metropoli 30 (1996), Esteban (1999) edota Bilbao Metropoli 30 erakundearen webgunera ( Helena Franco Ibarzabal, EHU UPVko irakaslea Argazkiak: www.bm30.es, bayonne.fr Euskonews & Media 168.zbk (2002 / 5 / 24 31) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.