160 Zenbakia 2002-03-22 / 2002-04-05

Gaiak

Historian zehar euskarazko testu administratiboak sortu dituzten eskolek izan dituzten ezaugarri komunen berri

TREBIÑO, Imanol

Historian zehar euskarazko testu administratiboak sortu dituzten eskolek izan dituzten ezaugarri komunen berri Historian zehar euskarazko testu administratiboak sortu dituzten eskolek izan dituzten ezaugarri komunen berri * Imanol Trebiño Mila bederatzi ehun eta laurogeigarrenaren hamarkadan, Francoren diktaduraren eta Espainiako konstituzio eta autonomi estatutuen ostean, erakunde berriak sortzean eta zaharrak berritzean, batez ere bere osagai pertsonaletan, Hego Euskal Herriko administrazioek bere idazkiak, gutxienez inportanteenak, aldizkari ofizialak, aktak..., erdaraz gain euskaraz ere idazteari ekin zioten. Halako testuetan baziren, gaur egun diren moduan: a) sortzez, ahoz eta idatziz, agintariek erdaraz sortu zituztenak, eta halakoetan, dudarik ez dago, euskaraz izateko teknikariaren, itzultzailearen partehartzea ezinbestekoa zen; b) sortzez ahoz euskaraz jaio zirenak, eta halakoetan eman zezakeen bere idatzizko bertsioak ez lukeela problemarik izan behar, baina kontutan izan behar dugu bertsio idatzia jasotzen duena erakundeko idazkaria dela, eta hau, kasu gehienetan, administrazioan eta administraziotik kanpo ziharduten langileen eta pertsonen gehiengoari gertatzen zitzaion moduan, ez zela gai euskarazko testu bat idazteko, eta horregatik, kasu honetan ere, euskarazko teknikariak ere parte hartu behar; eta c) sortzez idatziz eta euskaraz jaio ziren testuak, agintariek eurek eginak, hauek bai ez zutela problemarik ematen, baina halako kasuak oso oso gutxi ziren, agintariak eurak erregular ez zirelako kapaz euskaraz testu tekniko bat idazteko. Ikusten denez ez zen erraza euskarazko testu administratiboak eta juridikoak euskaraz ateratzea, teknikariaren, bitartekari baten laguntzaz ez bazen. Baina hauentzat ere ez zen lan erraza, eurentzat ere lan berria zelako eta behar horretan ia inoren ezta ezeren laguntzarik ez zutelako. Espainiako Konstituzioak berak 1978an bere euskarazko bertsioa izan zuen, Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofizialak 1978an ereeuskarazko testuak zituen, Gernikako Estatutuak 1979an ere bere euskarazko bertsioa zeukan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 1980an jaio zenean elebidun jaio zen eta urte berean hasitako Eusko Legebiltzarrarena ere berdin. Artikulu honetan sasoi horretan suertatu zena, gure ustez jazo zena, ikusi, eta historian zehar gertatutakoarekin konparatzen ahalegindu gara, aspaldiko garai horiek aztertu baititugu gure azkeneko urteetako lana izan den eta oraintsu argitaratu berria den "Administrazio zibilaren testu historikoak" liburuan (IVAP HAEE, 2001), non 1936ko Eusko Jaurlaritza sortzearen bezperaraino historian zehar izandako testuen bilduma exhaustiboa eskaintzen dugun. "Administrazio zibileko testu historiakoak" liburuan argitaraturik dagoen testuetariko bat (Ikusteko egin klik argazkiaren gainean) Gure bilakaera historikoak utzi digun bilduma ikusita, testu solte mordotxoa egoteaz gain, bost bat eskola nabarmendu daitezke. Ez gara horretan luzatuko, beste nonbait eta sakonago landu nahi baitugu gai hori, baina azkar aipatuz, hauexek dira: 1. Fazeria kontuak direla eta, ganaduarentzako larre komunen kontura, Pirinio partean XVIII eta XIX. mendeetan auzapezen artean izandako gutun trukaketa; 2. Iraultza Frantsesaren sasoia; 3. Bizkaiko Batzar Nagusietako jarduera bi gerra karlisten artean, 1846tik 1872ra bitartean; 4. Ospakizun ofizialen programak euskaraz agertzeko ohitura, hau ere XIX. mendearen erdian hasita; eta 5. Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioen jarduna 1917 eta 1920 bitartean eta ondorengo urteetan. Seigarren bat aipa genezakeen, lehen Eusko Jaurlaritzarena, 1936/37koa, eta horrelaxe da, nahiz eta gure liburuan ez garen horretan sartu. Ondo, ba ikusi dezagun Gernikako Estatutuaren garaian euskarazko testu administratiboak sortzean izan ziren ezaugarri batzuk eta nola berdin berdin ikusten ditugun aurreko lerrootan aipatutako eskola historiko horietan ere. 1. Halako testuen produkzioa bat batean hasten da. Gernikako Estatutuaren sasoiaren aurrekourteetan ez zegoen ezer, bazegoen literatura politikoa, aldizkarietako artikuluetan eta, baina literatura juridikorik, teknikorik, ez. Antzera gertatzen da beste eskoletan, nabarmen batez ere Iraultza Frantsesean eta 1917/20ko Diputazioen sasoian, eta salbuespen bat esanez gero fazeriena aipatu behar, non, nolabait, gutunak trukatzeko ohiturarekin lotzen den eta pixkaka pixkaka sortzen den. 2. Horretan dihardutenak hasi berriak dira halako lanetan, abiatu ordurako ez dute halako testu teknikoekin jarduteko aukerarik izan. Aurreko puntuaren ondorioa da. 3. Lehenago egon ziren euskarazko testu legalen berri eskasa dute: Iraultza Frantsesaren idazleen artean seguruenean ez zuten lehenagoko bat ere ezagutuko, eta bestetan berdin, nahiz eta baliteke Bizkaiko Batzar Nagusietan bi gerra karlisten tartean zebiltzanek euren garai berean euskaratzen ziren ospakizunetako programa ofizialen berri izan, edo agian 1917/20an ibili zirenek jakin berrogeita hamar urte lehenago antzeko zereginetan ibili zirela Batzar Nagusietan. Azkenean, Gernikako Estatutuaren sasoian ibili zirenek "zorte" izan zutela esan behar, jatorrizko aldizkari ofizialean kontsultatu ahal izateaz gain 1977rako 1936/7 bitarteko Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoaren edizio faksimilea argitaratuta dagoelako eta gaien araberako aurkibidez lagundurik (Durango: Leopoldo Zugaza); edozein modutan, aurreko eredu horren laguntza erlatiboa da, besteak beste garaiak nahiko diferenteak direlako, XX. mendearen lehen erdiko horren garbizaletasuna ez da orduan hain estimatua, ezaguna da orduan gerra bizian zihardutela eta horiek ez direla kondiziorik onenak sakon hausnartutako testuak ateratzeko, eta gainera garai berriek sortzen duten dokumentazio kopuruak laster gainditzen du, luzez, garai zaharrek utzitakoa; horrez gain, jakina, historian zehar izan diren beste testu juridiko administratiboen berri are eskasagorik zeukaten. 4. Material lagungarri gutxi. Aurreko sasoietan ibili zirenek ez zuten izan halako lan teknikobaterako behar den tresneri intelektual lagungarririk, asko botata, hiztegi jeneral bat, Larramendirena esate baterako. 1980koek ere antzera ibili ziren, zeren lehen aipatutako 1936/7ko argitalpen horrez gain ia ez zegoen ezer, pentsa egin behar da "Administrazio, zirkulazio hiztegia" 1983koa dela (Donostia: Elkar), eta "Zuzenbidea hiztegia" 1987koa (Donostia: Elkar), beraz, hasi zirenean hiztegi tekniko landurik ez zeukaten. Iraultza frantzesa. Euskaltzaindiako Azkue bibliotekaren alearen irudia. 5. Aurreko guztiaren ondorioz horretan dihardutenak halabeharrez izan behar eurak erabiltzen duten hizkera teknikoaren sortzaileak, batez ere landuagoak ziren dokumentuetan: Iraultza Frantsesaren garaiko hainbat dokumentutan, hala nola 1789ko abenduaren 14ko Décret relatif á la constitution des municipalites euskarazko bertsio zoragarri biak, historian zehar euskaraz sortu diren dokumentu juridikoen artean inportanteenetakoak eta ia erabat ezezagunak; edo XIX. mendeko Bizkaiko Batzar Nagusietakoak, maila apalagoan bada ere; edo XX. mendeko eskoletakoak. 6. Hauek dokumentu euskaldunok, elebidunak jeneralean, gehienetan, nahiz eta ez izan beti horrela, bultzakada politiko eta indar sozialen korrelazio berri baten ondorioa dira, azken batean, normala den moduan, bere garai sozialaren fruitua. Nabarmena da Iraultza Frantsesaren sasoikoetan, sistema berria zabaldu nahi zen eta; XIX. mendeko Bizkaiko Juntetxekoetan, non bere krisirik gorenean desagertu arte euskarak garbiegi ulertzen ez dugun paper bat jokatu zuen; edo, nola ez, XX. mendeko eskoletan (hots, 1917/20ko Diputazioetakoak, Lehen Eusko Jaurlaritzarena eta Francoren diktaduraren ostekoarena), erakunde hauetan euskarazko dokumentazioa etengabe sortu eta galdu egiten baita boterean indar abertzaleak eta demokratikoak egotearen arabera. Bizkaiko Juntetxetan korrejidoreak botatako berbaldia (1858). (Ikusteko egin klik argazkiaren gainean) Dena dela, beste kasu batzuetan dokumentuak euskaraz egotearena ez doa egoerapolitikoarekin loturik, hala nola fazerien kasuan, non gehienbat sortzen da euskarak inguru horretan, euskaldun frantses eta espainolen arteko harremanetarako, dohain komunikatibo apartak dituelako, besteen erdara ez baita hain ondo ezagutzen; edo XIX. mendearen erditik aurrera sortutako ospakizun ofizialetako programena, zeintzuk batez ere kulturan interesatutako mezenas baten eskutik, Anton Abbadiaren poltsikotik, sortzen den. Badirudi ere sortze diferente horren arabera datorrela gero bere bizimodua: bultzakada politikoarengatik ernatzen direnak indartsuago sortzen dira baina gero berehala bukatzen dira, beste joerako indarrek kontrako erabakia hartzen dutenean; eta erabaki politikotik kanpo jaiotakoek ez dute horrenbesteko produkziorik bat batean, baina luzeago bizi dira, agian horregatik, gorabehera politikotik aparte ibiltzeagatik. Ospakizun ofizialak, Hendaia 1901. (Ikusteko egin klik argazkiaren gainean) 7. Euskarazko bertsioak komunikazio funtzioa betetzeaz gain, eta suposatzen dugu gehienetan, gaur egun gertatzen den moduan, euskaldunek erdarazko bertsioa irakurriko zutela; eta funtzio sinbolikoa betetzeaz gain, batez ere euskarari prestigioa emanez, eta identitate ikur moduan; horrez gain, eredu funtzioa bete zuen, imitazio efektua sortuz eta nahiko azkar testuak aurkezteko modu hori beste erakundeetara jauzi eginez: fazerien kasuan arrunta bihurtu zen hainbat udaletxetan euren artean euskaraz idaztea; Iraultza Frantsesean antzera, goi agintariek horrela zihardutela ikusita Ahetzeko idazkariak berdin jokatzea erabaki zuen; eta XIX. mendeko ospakizunetako programekin ere berdin, Abbadiak bultzatutako horietatik beste erakunde antolatzaile batzuetara pasa baitzen ohitura hori. 1980tik aurreragoko eskolan berdin, goi erakundeetatik hasitakoa azkenean erdiko eta beheko erakunde guztietara zabaldu zen eta. Bizkaiko Diputazioaren zirkularrak, 1917. (Ikusteko egin klik argazkiaren gainean) 8. Bada bururatzen zaigun beste ezaugarri bat: eskola historikoguzti horiek, agian ospakizunetako programetakoa kenduta, denak hil ziren momentu batean. Espainiako 1978ko konstituzioarekin eta ondorengo autonomi estatutuekin hasitako bidea dudarik ez dago historian izandako emankorrena dela eta ez du ematen agortzeko moduan dagoenik, baina, adi, egon ziren oraindik bolada honek baino luzeago iraun zutenak, eta azkenean bertan behera geratu ziren. Imanol Trebiño, bibliotekaria Euskonews & Media 160.zbk (2002 / 3 22 / 4 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria