Euskararen kalitatea mintzagai Euskararen kalitatea mintzagai * Luis M. Larringan 1. Sarrera Kalitatearen gaia gure gizartean aspaldion luze eta zabal dabilen gaia da. Kalitatearen txanda omen da; baieztapen horren lekuko ditugu, besteak beste, gai horren inguruko mahainguruak, jardunaldiak, publizitate kanpainak, eta abar. Ia egunero ematen da argitara kalitatearekin loturik duen berririk edo iragarkirik. Gauzak horrela, eta ezinbestean edo, hizkuntzaren eremura ere euskararenera, hain zuzen sartu zaigu kalitatea hitza. Halaz ere, oraindik luzeena falta zaigu. Izan ere, hizkuntzaren zer errealitate eta alderdiri egokitzen zaio nozio hori? Zertarako erabili ohi dugu? Zein da hitz horren balio epistemologikoa? Nahikoa da kalitatezko euskarari buruz esan eta idatzi direnei errepaso bat egitea, nozio horrek ordena eta maila bat baino gehiago dituela ohartzeko. Kalitate bai, baina kalitatea zer eredu eta parametroren arabera gauzatu eta erabaki behar den jakitea ez da gauza erraza. Kalitatea nozioak, hainbestetan errepikatu eta mintzagai izanagatik ere, baditu alderdi lauso ugari. Kontu honetaz berri duen batek esan lezake izena dugula berria; izana, ostera, ez dela izena adina. Izan ere, ezin uka daiteke "Euskara plazara", "Euskararen berri onak", "Euskara hobean hobe", "Euskararen ajeak", "Euskararen osasuna", "Euskararen sendabelarrak", ... bezalako gogoetak kalitatearen gaineko auzi arazoak direla. Eta ez zaio, beraz, arrazoirik falta. Alderdi horretatik, bada "más de lo mismo" zurrunbiloan erortzeko benetako arriskua, baina, halaz ere, ez nuke lakio horretan erortzerik gura. 2. Gure artean esandakoak gogoratzen Gai honen inguruan gure artean esandakoak egituratze aldera, bi aplikazio ardatz egin daitezke. Lehenbiziko ardatzean "euskararen beraren" kalitatearen gainean esan eta idatzitakoak sartu ahal dira. Hor ditugu, hain zuzen, euskarari hizkuntza den aldetik egozten zaizkion akats, falta eta gabeziak: hizkuntza "gutxitua" dugu, euskarak ez bide du beharadinako maila, ez da kultur hizkuntza izatera iritsi, lurjota eta burua altxatu ezinik dabilen hizkuntza dugu, behar gorrien pean dagoen horietakoa hain zuzen, eta abar. Euskara hizkuntza heldu gabea bide da. Ez omen du balio komertzialik. Lortu, lortu du ofizialtasun maila, baina auzi arazo larriak azaldu zaizkio hiztegi kontuetan, testu moldeekin, ... Euskara oinarritzat duten hizkera zenbait gazteak dira, jaio berriak; baten batek uste lezake hori ere eufemismoa dela, zenbaitetan jaio gabeak baitira. Hor dugu, orobat, euskararen normalizazio falta: euskara batuak ez bide du oraindik erdi alderik gainditu. Beste jende molde batek, ostera, kalitatezko oskarbia aldarrikatzen du euskararen zeruetan. Euskarak, azken urte hauetan egindako bidea laburra bezain trinkoa dela esango dizu. Urrats garrantzitsuak eman direla euskara osoko hizkuntza izatera iristeko: abiada bizian hazi eta hedatzen ari zaigula. Azkarregi beharbada. Oraindik ere bide luzea gelditzen bazaio ere, urte gutxiren buruan ezer ez izatetik zerbait izatera iritsi dela. Eta abar. Gatozen orain bigarren aplikazio ardatzera: eguneroko erabilerarenera, hain zuzen. Eremu honek zerikusi estua du kalitatearekin, aurrekoak baino estuagoa, seguruenik. Iritzia da euskara degeneratu bat sortzen ari garela: ez aditzik, ez joskerarik, ez azenturik, ez lexikorik; miraritzat jo beharko genuke esaten da esaldi minimoki luze eta konplexuak zuzen amaitzea; oro har, euskara maxkala, mordoiloa, traketsa, interferentzia ikustezinez beteriko hizkuntza sortzen ari garela. Euskal senarik eza nabaritzen dela. Euskara komunikakorrago ezezik, askotan hizkuntzaren erabilera "gramatikal zuzen" era ere ez bide garela iristen. Honako edo halako idazmoldeak eta hitz ebakerek euskal senaren kontrakoak dagoeneko behin eta berriz ateratzen direla eguneroko erabileran. Hutsen, hankasartzeen, akatsen zerrenda nahi adina luza liteke datuez, diskurtsoa ezagutu ahala. Ezin uka diskurtso "katastrofista" baten aurrean gaudela. Eta hori ez daahoberokeria, guk puztua. Erdal euskara moduko pidgin baterantz bideratzeko benetako arriskuan omen gaude, "Euskañol" atzeko zerbait sortzeko arriskuan. Alderdi honetatik, argi gorri guztiak piztuta daude, eta alarmak joka ari dira. Bada bestelakorik uste duenik ere. Aurrerapen handiak egin direla esango dizu azkeneko honek; ez dakit zenbat mila euskaldunberri egin dugula, euskaldun zaharrak alfabetatzen ari garela, euskaldun osoak egiten. Euskal Herria euskaltegi bihurtu(ko) dugula, ez dakit zenbatek lortu duela euskara ziurtagiria. Eta hola. 3. Gogoetarako marko teoriko baten premia atzera ezina Gehiegi luzatu naiz, akaso, kalitatearen gaineko diskurtsoko kontu hauetan, baina argudioaren nondik norakoak sustrai hauetatik adar haietara narama. Kalitatea nozioa, ulertu izanaren ziurtasunak besterik badirudi ere, nahiko korapilotsua eta konplexua da. Gorago esandakoa da horren lekuko argiena. Izan ere, guztiak ez datoz bat kalitatearen iturriak seinalatzerakoan. Batzuen ardurak linguistikoak izaki, gramatika zuzentasunaren arabera erabakiko dute kalitatea, horixe baita gutxienezko alderdia ("saniors pars"); beste batzuek, alderdi estilistikoei egingo die arreta (idazkuntzari, idatz tankerari, erabilitako adierazpideei, ...); beste batzuek, estandarizazioari begira epaituko dute kalitatea. Kalitatearen giltzarriak zuzentasuna eta egokitasuna direla esatea, arazoa luzatzea baino ez da. Horrenbestez, aztertzaile adina kalitate dugu. Ordena eta maila ezberdinetako auzi arazoak biltzen dira nozio honen inguruan. Iturri askotako urak. Eta irin hain nahasietatik nekez atera daiteke opil onik. Gauzak horrela, kalitatea nozioak nolabaiteko teorizazio eskatzen digu, hitz horrekin aipatu gura dena erreflexio bidean sartu beharra daukagu. Erreflexio teorikoa eta, era berean, metodologikoa ere bai. Ezinbesteko da "ideia eta gogoeta sistema" bat da asmatzea, beti ere deskripzioak, irizpideak, erabakiak, metahizkuntza... modu esplizituan jartzeko balioko duena, hau da, erabaki esplizituaeta autonomoa garantizatuko dituena. Gogoeta horrek, era berean, kalitate alorrean, ahalegin, saio, esfortzu zehatzak konkretatzeko balioko luke. Zentzu horretan, ongi etorri, kalitatea, garai egokian zatoz eta, razionaltasun berri bat ekartzera!. Erreflexio teorikorako zenbait zutabe gogoratuko ditut ondoren. Hona, argitu beharreko zenbait ikerketa alderdi: 1) Kalitatearen nolakotasunari buruzko ikerketa. Kalitatea, zer da? Hitz horrekin zer ezagutzen da, zer adierazi gura da? Emaitzaz ala prozesuaz ari gara? Zerbait "ideala eta egonkorra" da ala erlatiboa eta dinamikoa, hots, graduala, eskalarra? Zer erlazio eta lotura dago kalitatearen eta aldez aurretik jarritako helburuen artean? 2) Kalitatea neurtzeko printzipio orokorren eta irizpideen formulazioa. Baliatuko diren parametroen formulazioa. Kalitatea neurtzeko erreferentzia puntuak eta berorien arteko hierarkia. Kalitatea, hizkuntza eta erabilera arauak. Kalitatezko hizkera eta testu motak, testu ereduak. 3) Kalitatea eragin ohi duten faktoreen deskribapena. Kodea eta komunikazioa. Alderdi linguistikoak, testualak eta diskurtsiboak. Zertarakoaren eta bezeroaren eragin maila. 4) Kalitatea neurtzeko edo erabakitzeko erabiliko den metodo eta baliabideen eztabaida. Kontrol tresnak. Erabakiak agertzeko modua edo metahizkuntza. 5) Auzi arazo espezifiko zenbait. Euskararen egoera. Etorkinak. Hizkuntza aldaketa. Erreflexio teoriko hau derrigorrezkoa da enpirismoa, kasuistika, mistizismoa, dogmatismoa, ... gisako jokabideak gainditzeko. Ezinbestekoa da baita metodologia pesimismoa gainditzeko ere. Balioko du, azkenik, zenbait dilema edo oposizio antzuren haustura egiteko, hala nola: kantitatea vs kalitatea, eskuzabal jokatzea vs zorrotza izatea, zuzentasun gramatikala vs zuzentasun funtzionala edo komunikatiboa, ... Luis M. Larringan, UPV EHU * Artikulu hau Eusko Jaurlaritzaren HU 128 1998 laguntzari esker burututako ikerketa proiektuaren barruan egin da. Euskonews & Media 150.zbk (2002/1/11 18) Eusko IkaskuntzarenWeb Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.