Estatu txikiak eta Europaren eraketa Estatu txikiak eta Europaren eraketa * José Manuel Castells Arteche Europar Batasuna, agerikoa denez, Estatu tradizionalen betebeharren bidez ari da aurrera egiten. Hala eta guztiz ere, ardatzik funtsezkoena franko alemana den arren, Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo bezalako Estatu txikiak dira Europar Batasunaren eraketako benetako protagonistak. Ikusi besterik ez dago erakunde publiko komunitario gehienak Europar Batasunaren sortzaile izandako hiru Estatutxo horietan daudela lekututa. Egungo mundu modernoan, Estatu bat potentzia dela esateko, ez zaio bere botere militar edo estrategikoari begiratzen; aitzitik, beste batzuk dira kontuan hartzen diren kualitateak, hala nola eskura dauzkan baliabideak modu inteligentean erabiltzea, goi teknologiarekin lotuta egotea edota giza faktorea ahalik eta ondoen prestatuta izatea. Arlo orotako filosofo, politikari eta analistek, bideragarritasun ekonomikoa eta errealismo politikoa argudiatuz Europa hegoaldeko bi Estatu nazional handienen artean hirugarren bat sortzeko aukerari muzin egiten dioten bitartean, gutxienez aipatzeko modukoa da Gipuzkoak adina biztanle dituzten lurralde txiki batzuek, Luxenburgok kasu, daukaten garrantzia. Estatu txiki hauek elkarbizitza hobetzeko faktore gisa betetzen duten papera aldarrikatzeko orduan, Bartzelonako Unibertsitate autonomoan duela gutxi Judithe GIFREUk aurkeztutako doktore tesia aipatu beharra dago, sortzen ari den Europan eskualdeen eta Estatu txikien kasuan sortzen diren kontraesanak lantzera bideratua. Irakasle honen aburuz, Estatu txiki hauek dira, hain zuzen ere, beren ezaugarri intrintsekoak direla eta, modernitatearen exigentzia eta eskakizunei behar bezalako erantzuna emateko egoerarik onenean daudenak, besteak beste honako arrazoi hauengatik: desmilitarizatuak daude, eta, ondorioz, nazioartean harreman onak izateko mekanismo diplomatikoak erabiltzeko joera daukate; adostasunera iristeko estrategiei esker, oso aurreratuta daukate negoziazioareneta konpromisoaren kultura; erraztasun handia daukate aldaketetara eta egoera ekonomiko sozial berrietara egokitzeko; esperimentatzeko eta berritzeko gogoz azaltzen dira belaunaldi honetako asmakizunik aipagarrienen egileak nahiko nazio txikietan aritu dira lanean , eta esperimentazioaren arloan aitzindari bihurtu dira; kanpora atzeratzeko gaitasuna daukate; etab., etab. Globalizazioari egokitzeko jarraitzen diren irizpideen aurrean, Estatu handiek eta beren burokrazia indartsuek iraganeko inertzian errotuta darraite: paternalismoan, kontserbadurismoan, hiritarrarengandik urrun, harropuzkerian eta dinamika modernoen bazterrean. Estatu Batuak alde batera utzita, gainerako Estatu nagusi guztiak gainbehera egiten ari dira, modernitatearen exigentzien aurrean nola edo hala birlekutu nahian. Testuingurua aipatutakoa izanik, bitxia da autore batek esandakoa; alegia, "gerraoste hotzaren garai honetan, txikia, inteligentearen sinonimo bihur daitekeela". Beste hainbeste esan liteke, nahiz eta beste neurri batean, Estatu europar deszentralizatuei buruz. Nolanahi ere, badirudi hau dela, eta hau baino ez, modernitate eta globalizaziorako bide zuzena, politikariek beste gauza hoberik pentsatu ezean, jakina. José Manuel Castells Arteche, Administrazio Zuzenbideko Katedraduna Euskonews & Media 139.zbk (2001/10/11 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.