117 Zenbakia 2001-03-30 / 2001-04-06

Gaiak

Banco de Vizcaya, Bilbotik mundura zabaldu zen erakundea

EZKERRA, Estibalitz

Banco de Vizcaya, Bilbotik mundura zabaldu zen erakundea Banco de Vizcaya, Bilbotik mundura zabaldu zen erakundea * Estibalitz Ezkerra 1999ko urriaren 19an Banco Bilbao Vizcayak eta Argentariak bat egin zuten erakunde berri bat sortuz: BBVA. Urte batzuk lehenago, 1988an zehazki, BBV bera zen fusio baten ostean argia ikusten zuena. Orduko hartan, Estatuko bankaren eragile garrantzitsuetako bi izan ziren elkartzeko erabakia hartu zutenak: Banco de Vizcaya eta Banco de Bilbao. Lehenengoa sortu zenetik ehun urte igaro diren honetan, Banco de Vizcayak industri bankuen erreferente izaten jarraitzen du. XX. mendearen atarian, ekonomiaren egoera baikorrak kreditu erakunde berriak sortzea ahalbidetu zuen. Urte haietan sortu ziren, besteak beste, Banco del Comercio (1891), Banco Gipuzcoano (1900), Banco de Vitoria (1900), Banco de Crédito Unión Minera (1901), eta Banco de Vizcaya bera. Azken hau, zehazki, 1901eko martxoaren 26an sortu zuten 15 milioi pezetako kapitalarekin. Garai hartako beste erakunde askok bezala, Banco de Vizcayak hasieratik bitariko banku sistema bultzatu zuen. Hau da, aldi berean kudeatu zituen epe laburreko eta luzeko gordailuak eta operazioak. Horrek industria jardueretan inbertitzea ahalbidetu zion, eta urte haietako industriaren garapenean rol erabakigarria bete zuen. Zabalkundea helburu Zerbitzu lehiakorra eskaintzea eta bezeroarengandik ahalik eta hurbilen egotea. Horiek izan ziren jaio zenetik Banco de Vizcayaren maximak. Erakunde indartsu bat eratu asmoz, hastapeneko urteetan bulegoak ireki ez ezik, beste erakunde batzuk erosi zituen. Modu horretan, 1903an Banco Vascongado bere egin zuen. Urte hartan bertan, bere bulegoak Bilboko Gran Viara eraman zituen. 1915ean Bilboko Casa de Banca C. Jacquet e Hijos bereganatu zuen, eta, hiru urte beranduago, probintzia mugak zeharkatu eta Banca Rey Sobrino bereganatuz lehen sukurtsala ireki zuen Madrilen. Banco de Vizcayaren hedapen asmoak gorenera heldu ziren 20. hamarkadan. Erakundeak 1921ean Donostianlehen sukurtsala zabaldu zuen, eta ondoren Bartzelona, Valentzia eta Estatu osoan zehar hedatu zen. 1922an Espainiako bankak guztira zituen erretserben erdia euskal erakundeen esku zegoen, eta, ordurako, Banco de Vizcayak sare zabala eraturik zeukan Bizkaia, Gipuzkoa, Levante eta Katalunia artean. Urtebete beranduago, Banco de Vizcayak lehen hiri agentziak zabaldu zituen Bilbon, eta modu horretan sistema haren aitzindari bihurtu zen. 1935. urterako 200 bulego zituen. Hamarkada bukaeran zenbait operazio burutu zituen nazioartean, eta Parisen Banque Française eta Espagnoleren eraketan parte hartu zuen. Baina 1940an gobernuak bulego berriak eratzearen inguruan ezarritako mugek, Banco de Vizcayaren zabalkunde saioak geldiarazi zituen. Erabaki hark fusio politika bat hartzera bultzatu zuen, eta horren ildotik 1958an Banca de Palacio (Logroñon zuen egoitza nagusia) eta hamar urte beranduago Banca Villela (Katalunian sare zabala hedaturik zuen) bere egin zituen. 1962an Kreditu eta Bankuen Ordenaziorako Legearen babesean, Banco de Vizcayak bere banku industriala sortu zuen, Induban. 60. hamarkadaren bigarren erdialdera eta 70. hamarkadan zehar, nazioarteko mailan zuen presentzia indartuz zihoan heinean, Banco de Vizcaya, finantza talde esanguratsua eratuz joan zen. Garai hartan sortu zituen Finsa mobleria inbertsio elkartea (1965), Gesbancaya ondare kudeaketarako elkartea (1970), Liscaya leasing konpainia (1972), eta taldearen aseguru konpainia. Bestalde, Mexikon, New Yorken, Amsterdamen eta Londresen bulegoak ireki zituen. 1974an banku merkatuaren liberalizazioari esker, zabalkunde geografiko berri batean murgildu zen Banco de Vizcaya. Hamarkada hartarako, Banco de Vizcaya, 305 bulegotik 904 izatera igaro zen. Gainera, bulego operatiboak ezarri zituen Parisen eta San Frantziskon, eta ordezkaritzak Frankfurt, Tokio eta Rio de Janeiron. 70. hamarkadako krisi bankarioak kalte handiak eragin zien hainbat erakundeei. Banco de Vizcayari, ordea, krisiak bere negozioa handitzen lagunduzion. Izan ere, arazo finantzieroak zituzten hainbat banku erosi zituen: Banco de Crédito Comercial (1980), Banco Meridional (1981), Banco de Préstamo y Ahorro (1982), Banco Occidental (1982), eta Banca Catalana (1984). Horri esker, errentabilitate eta erabaki handiko erakunde zabala eta dibertsifikatua eratu zuen Banco de Vizcayak. Partikularren banka zerbitzuan eta ordainketa sisteman ere Banco de Vizcaya aitzindaria izan zen. 1970ean Eurocarden gehiengoa erosita kreditu txartelen erabilera bultzatu zuen, eta Estatuan kutxazain automatikoak eta gasolina txekeak ezarri zituen. 80. hamarkadaren amaiera aldera, Banco de Vizcayak urrats garrantzitsu bat eman zuen. Izan ere, 1988ko urtarrilaren 27an, Banco de Vizcayak Banco de Bilbaorekin bat egiteko protokoloa sinatu zuen. Hilabete batzuk beranduago, urriaren 1ean, Bizkaiko Merkataritza Erregistroan banku biak juridikoki elkartu egin ziren erakunde berri bat sortuz: Banco Bilbao Vizcaya. Ordurako, Banco de Vizcayak 3,2 bilioi pezeta aktibo zituen, eta Banco de Bilbaok, berriz, 5,2 bilioi pezeta. Banco de Bilbaok urtetan Estatuko bankaren lehen postua bete zuen. Merkataritza Juntan zeuden Bilboko industriari eta merkatari batzuen ekimenez jaio zen, 1856an. 1999ko urriaren 19an Banco Bilbao Vizcayak eta Argentariak bat egin zuten. Estatuko bankaren historian operaziorik garrantzitsuena izan zen hura. Hidroeléctrica Ibérica, Banco de Vizcayak gertutik zaindutako egitasmoa Lehenago aipatu bezala, hasieratik Banco de Vizcayak industria bankuaren eitea mantendu zuen. Epe luzeko gordailuek eskaintzen zioten irabaziei esker, erakundeak Estatuko industrian inbertitzeko aukera izan zuen. Banco de Vizcayak sektore elektrikora bideratu zuen inbertsio kopuru handiena. Gauzak horrela, une batean arlo horretako 14 enpresen partaide izatera heldu zen: Hidroeléctrica Ibérica, Aguas y Saltos del Zadorra, Bizkaiko Labe Garaiak, Babcock & Wilcox, General Eléctrica Española, Naviera Bilbaína, Naviera Vizcaína, Sociedad General Azucarera deEspaña... Era berean, Banco de Vizcayak rol garrantzitsua bete zuen Estatuko trenbide sistemaren nazionalizazioan, zeina hein handi batean atzerritarren esku zegoen. Estatuko zonalde garrantzitsuetako elektrizitate beharra ase asmoz, 1901eko uztailaren 19an Juan Urrutia ingeniari arabarrak Hidroeléctrica Ibérica sortu zuen Bilbon. Horretarako, Banco de Vizcayaren laguntza eta 20 milioi pezetako kapitala izan zuen. Hidroeléctricaren lehen betebeharra Euskal Herriko merkatua asetzea izan zen, eta, horretarako, Ebro gaineko Quintana ur jauzia martxan jarri zuen. 1904an, lehenengoz, Hidroeléctrica Bilbo hiriari energia elektrikoa igortzen hasi zen. Urte hartan energia ekoizpena hiru milioi KWHkoa zen, eta 1908an 30 milioikoa. Bestalde, Quintana eta Bilbo arteko energia garraiobidea (70 km ingurukoa zen) denbora batez Europako luzeena eta tentsio handienekoa izan zen. Quintana eta Leizarango ur jauziak martxan jarrita, hurrengo proiektua Cinca Arara zuzendu zuen Hidroeléctricak. Bertan, Lafortunadako zentrala zerbitzuan jarri zuen 1923ko urtarrilaren 1ean. 30 40. hamarkadak bereziki gogorrak izan ziren enpresa hidroelektrikoentzat. Gerra Zibila hastearekin batera, garapen hidroelektrikoa bertan behera geratu zen. Baina hurrengo urteetan egoera hark okerrera egin zuen. Lehen Mundu Gerrak lehenik, eta Espainiak nazioartean zuen isolamendua bestetik, energia hidroelektrikoa baliabiderik gabe utzi zuten. Baina 1944ko irailaren 30ean Hidroélectrica Ibericak eta Saltos del Duerok bat egin zuten, eta handik Iberduero jaio zen. Modu hartan, Hidroeléctricak Estatuan zuen nagusigoa mantentzea lortu zuen. Saltos del Duero. Duero eta bere ibaiadarrak (Esla eta Tormes) ustiatzeko helburuarekin, Saltos del Duerok 1918ko uztailaren 3an ikusi zuen argia. Proiektu haren atzean, Jose Orbegozo ingeniari donostiarra zegoen, eta proiektua aurrera ateratzeko Banco de Bilbaoren laguntza eta 150 milioi pezetako kapitala zuen. Erakundearen lehen zuzendaria Orbegozo bera izan zen. Baina erakundeakhasiera gorabeheratsua izan zuen, Portugal Dueroko obren kontra agertu baitzen. Hainbat negoziazio saioren ostean, 1927ko abuztuaren 11an Espainiako eta Portugalgo gobernuek hitzarmen bat sinatu zuten. Horri esker, Saltos del Duerok obrekin hasteko baimena lortu zuen eta Eslako urtegiko lanak 1929ko maiatzean abian jarri zituen. 1935eko urtarrilerako urtegia martxan zegoen. Ekoizturiko energia Bizkaira eta Madrilera bidaltzen zuen Esla Valladolid Madril eta Esla Valladolid Bilbo sareen bitartez. 50. hamarkadan eta hurrengo hamarkadan batez ere, Estatuko ibaien indarra ahalik eta gehien aprobetxatzeari ekin zioten enpresa hidroelektrikoek. Haien artean, rolik erabakigarriena Iberduerok eta Hidroélectrica Españolak bete zuten. Hidroeléctrica Española 1907ko maiatzaren 13an sortu zuen Lucas de Urquijok Juan Urrutiaren eta Banco de Vizcayaren babesarekin. Bere helburua Madril eta Valentziako merkatuak asetzea zen Tajo, Jucar eta Mijares ibaien ustiaketaren bitartez. Gerra ostean, teknologia inportatzeko zituzten arazoak konpondurik, Hidroélectrica Españolak eta Iberduerok zentral termiko handiak eraikitzeari ekin zioten. 1957an Iberduerok Santurtziko zentrala egiten hasi zen eta 1969rako martxan zegoen. Iberduero sortu zenean, 1.000 langile eta 530 milioi pezetako kapitala zeukan. 1970erako, erakundeak Estatuan kontsumituriko energia elektrikoaren %20 ekoizten zuen, eta %27 filialei zegokienez. Urte hartan bertan, energia elektrikoaren ekoizpena eta garraioa koordinatu asmoz, Estatuko enpresa elektrikoek Unesa sortu zuten. Energia nuklearraren hedapen eztabaidatua 50. hamarkada bukaeran eta 60. hasieran, petrolio prezioaren hazkundeak eta horrek eragin zuen energia krisi gogorrak, energia nuklearraren sarrera ahalbidetu zuten. 1971an Garoñako zentrala lanean hasi zen, eta Iberduerok %50eko parte hartzea zuen bertan. Baina energia nuklearraren aldeko apustu hura anbizotsua bezain polemikoa izan zen, gizarte eragile asko erabaki haren kontrakoak baitziren. 1982an alderdisozialista gobernura heldu eta Energia Plan nazionalaren berrikusketa eskatu zuen. Horren arabera, zenbait zentral nuklearren obrak bertan behera geratu ziren. Erabaki hark eragin zuzena eduki zuen Hidroeléctrica Españolan eta Iberdueron, lehena Valdecaballerosko zentralaren partaide baitzen eta bigarrena Lemoizkoaren jabe. Lemoizko zentrala, hain zuzen, martxan jarri baino lehenago itxi zuten. 1985ean Industria eta Energiako Ministeritzaren oniritziarekin, sektore elektrikoaren ekoizpena orekatzeko eta enpresen egoera ekonomikoa eta finantzieroa hobetzearren, aktiboen elkartrukatzea bultzatu zuten. Handik urte batzuetara, 1991ko apirilaren 30ean, Hidroeléctrica Españolak eta Iberduerok bateratze prozesua martxan jarri zuten, eta 1992ko azaroaren 1ean elkarte bakarra eratu zuten. Modu horretan jaio zen Iberdrola, Estatuko enpresa elektriko pribaturik handiena. Estibalitz Ezkerra, kazetaria Euskonews & Media 117.zbk (2001 / 3 30 4 6) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria s